257. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

78E/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 23koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "SEM Dirulaguntza azpiegitura eszenikoetan eta musikaletan inbertitzeko proiektuetarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren kontura". DDBN identifikazioa: 660595.

Kontseilu Europarrak Next Generation EU programa sortzea onetsi zuen 2020ko ekainaren 21ean. Programa hori Europar Batasunak inoiz finantzatu duen pizgarri ekonomikorako tresnarik handiena da, helburu duena koronabirusak eragin duen aurrekaririk gabeko krisiari erantzutea.

Next Generation EU ekimenaren esparruan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021/241 (EB) Erregelamendua eman zuten, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa, Next Generation EU funts berriarekin finantzatuko den Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzeko.

Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari heldu ahal izateko, estatu kideek suspertze eta erresilientzia plan nazionalak aurkeztu behar izan zituzten, jarduera-programak zehaztuta. Espainiako Gobernuak, 2021eko apirilaren 27ko Ministro Kontseiluaren bilkuran, Espainiako ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana onetsi du. Plan hori hainbat osagaitan banatzen da, jarduketa-ardatz desberdinen arabera, helburua izanik hazkundea, enpleguaren sorrera eta erresilientzia ekonomiko eta soziala sustatzea, bai eta trantsizio ekologikoak eta digitalak bizkortzea ere.

Neurri-multzo horretan, 24. osagaia dago, "Kultura industriaren balioa handitzea" izenekoa, bideratuta dagoena Espainiako kultura industrien balio-katea indartzera, hiru ardatz estrategiko sustatuz: kultura-zerbitzu handien lehiakortasuna, dinamizazioa eta digitalizazioa eta jasangarritasuna.

Azpiegitura eszeniko eta musikalen modernizazio eta kudeaketa jasangarrirako proiektua 24. osagaiaren barnean sartzen da (Kultura industriaren balioa handitzea), zehazki, 2. inbertsioaren barnean (Kulturaren dinamizazioa lurraldean zehar), zeinak lurralde arteko hedapen-zirkuituak garatzea eta sustatzea ere aurreikusten baitu.

Arte eszenikoetako eta musikako azpiegitura publiko nahiz pribatuen modernizaziorako eta kudeaketa jasangarrirako proiektuak helburu du lurralde nazionalean gutxienez 200 azpiegitura eraldatzea eta modernizatzea. Horretarako, baliabideak transferitu dira 2021ean, eta 2022an eginen dira, autonomia erkidego bakoitzean laguntzen deialdi publikoa egiteko.

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentua da SEM proiektuaren organo arduraduna, norgehiagokako laguntzen deialdia eginen duena 2021. eta 2022. urteetan arte eszenikoen eta musikaren azpiegituren modernizazio eta kudeaketa jasangarrirako laguntzak arautzeko.

Lehenengo deialdia Kultura eta Kiroleko kontseilariaren abenduaren 22ko 72E/2021 Foru Aginduaren bidez tramitatu zen.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "SEM Dirulaguntza azpiegitura eszenikoetan eta musikaletan inbertitzeko proiektuetarako, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren kontura" izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, zeinak jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-7816-335103 [PEP: E-21/000407-01 ]: SEM dirulaguntzak arte eszenikoetako eta musikako azpiegituretako inbertsioetarako

2023

440.171.18

4. Baimendutako kredituari 100.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, partida beraren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin, baldin aurrekontuan krediturik badago.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

7. Foru agindu honen kontra administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko azaroaren 23an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

SUSPERTZE, ERALDATZE ETA ERRESILIENTZIA PLANA

Oinarri arautzaileak, Nafarroako azpiegitura eszenikoen eta musikalen modernizaziorako eta kudeaketa jasangarrirako inbertsio proiektuak finantzatzeko dirulaguntzen 2023ko deialdiarenak, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren esparruan

1.–Dirulaguntzen xedea eta aplikazio eremua.

1.1. Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen xedea Nafarroako arte eszenikoetako eta musikako azpiegitura publiko nahiz pribatuen modernizaziorako eta kudeaketa jasangarrirako inbertsio proiektuak finantzatzea da. Laguntzek modernizazio digitalari, trantsizio berdeari eta espazio eszenikoen eta musikalen eraldaketari eskainitako inbertsio proposamena beteko dute, kudeaketa adimenduna eta jasangarria sustatuz.

1.2. Azpiegituretarako laguntzak honako hauetara mugatuko dira: antzokiak, auditoriumak, zirkuko karpak, zuzeneko musika aretoak, entsegu-aretoak; antzerki, dantza, musika eta zirku konpainietako gune eszeniko eta musikalak, eta diziplina anitzeko beste batzuk. Kanpoan gelditzen dira musikako edo ikus-entzunezko grabazio-aretoak/estudioak.

1.3. Oinarriei buruzko foru agindu honen babesean finantzatuko diren laguntzak Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planari dagozkio eta honako hauetan kokatzen dira: 24. osagaia ("Kultura industriaren berrikuntza"), 2. inbertsio neurria ("Kulturaren dinamizazioa lurraldean zehar") 2. proiektua ("Arte eszenikoetako eta musikako azpiegituren modernizaziorako eta kudeaketa jasangarrirako neurriak") (C24.I2.P02).

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak koherenteak dira inbertsio horren bidez lortu nahi diren helburuekin. Inbertsioaren xedea da azpiegitura eszenikoen eta musikalen modernizazioa eta kudeaketa jasangarria bultzatzea, autonomia erkidegoen dinamizazio kulturala eta lurralde kohesioa sustatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko 2023ko deialdi honetan jasotako laguntzek aipatutako neurriaren helburua lortzen laguntzen dute bi jardueraren bidez (neurri horren helburuari dagokion kopuru osoa: 200 jarduera 17 autonomia erkidegoetan, 2023ko laugarren hiruhilekoan). Jarraipena eginen zaion adierazlea izanen da 2023ko azken hiruhilekoan gutxienez 4 jarduera egitearen xedea lortzea.

1.4. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 53. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, laguntza kategoria batzuk barne merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, EBFTren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

1.5. Araudi hau aplikatuko da:

–Kontseiluaren 2020/2094 (EB) Erregelamendua, 2020ko abenduaren 14koa, Europar Batasunaren Suspertzerako Tresna bat ezartzen duena COVID-19aren krisiaren ondorengo suspertzea laguntzeko (aurrerantzean, Kontseiluaren 2020/2094 (EB) Erregelamendua, abenduaren 14koa).

–Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena, bai eta gaiari buruzko Europar Batasuneko gainerako arauak eta horiek garatzeko edo transposiziorako estatu mailako arauak ere.

–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

–4/2021 Foru Lege-dekretua, apirilaren 14koa, zeinaren bidez premiazko neurriak onesten baitira Suspertzerako Europako Bitartekoaren funtsen bidez finantzatzen ahal diren jarduketak kudeatzeko eta gauzatzeko.

1.6. Ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa betetzea (DNSH printzipioa - Do No Significant Harm).

Egiten diren jarduketek "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" errespetatuko dute (Do No Significant Harm-DNSH printzipioa), honako hauetan xedatutakoa betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen baita, eta hura garatzeko araudia; bereziki, 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa, eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa, bai eta Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian eta haren eranskinean eskatutakoa ere.

Nolanahi ere, deialdi honetatik kanpo geldituko dira honako jarduera hauek: i) erregai fosilekin zerikusia duten jarduerak, horien geroko erabilera barne; ii) EBko isurketa eskubideen salerosketa araubideko (RCDE) jarduerak, aurreikusten bada sortuko dituzten berotegi efektuko gasen isuriak ez direla egonen dagokien erreferentziako parametroetatik behera; iii) hondakinen zabortegiekin, erraustegiekin eta tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioekin lotutako jarduerak; eta iv) hondakinak epe luzera ezabatzeak ingurumenari kalte egin diezaiokeen jarduerak. Ingurumen arloko legeria nazionala eta EBkoa betetzen dituzten jarduerak soilik hautatzen ahalko dira.

1.7. Inbertsio horiek ingurumen arloko irizpide hauek bete behar dituzte:

–Eraikinen modernizazioari dagokionez, kontuan hartuko dira eraikinen efizientzia energetikoari buruzko 2018/844 (EB) Zuzentarauan jasotako jarraibideak, ia energia-kontsumorik ez duten eraikinak izan daitezen, energia primario berriztaezinaren kontsumoa nabarmen murrizteko aukera emanez.

–Modernizazio neurriak lagungarriak izanen dira eraikinak klima-aldaketara egokitzeko, eta, horretarako, ahal diren egokitze-irtenbideak hartuko dira, betiere lehendik dauden eraikinek ematen dituzten aukeren barruan, eta eraikin babestuak izanez gero horiek babestuko dira, landare-estalkiak, toldoak, itzaleztatze-eremuak, etab. erabiliz. Ur-aparatuak instalatzen direnean, horiek Europar Batasunean dagoen produktu-etiketa bat izanen dute.

Obraren inpaktua saihesteko, uraren kalitatea zaintzearekin eta estres hidrikoa prebenitzearekin lotutako ingurumen degradazioaren arriskuak identifikatu eta aztertuko dira, uraren erabilera eta babesa kudeatzeko plan baten arabera.

–Neurriak Europako honako helburu honi lagunduko dio: azpiegitura proiektuetan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinen %70 gutxienez (pisuan) –alde batera utzita EHZ 17 05 04 kodea duten hondakinak– beste material batzuk berrerabiltzeko, birziklatzeko eta birbalorizatzeko prestatzea, betelanak barne, hondakinak beste material batzuk ordezkatzeko erabil daitezen.

–Modernizazioaz arduratzen diren eragileek hondakinen hierarkia printzipioari jarraituko diote, eta lehentasuna emanen diete prebentzioari, berrerabiltzeko prestaketari, birziklapenari, balorizazio energetikoari eta, azkenik, ezabatzeari, baldin eta ingurumenaren ikuspuntutik posible bada.

–EBko hondakinak kudeatzeko protokoloan proposatutako neurriak gauzatuko dira, modernizazioan hondakinen sorrera mugatzeko. Eraikinen diseinuek eta eraikuntza teknikek zirkulartasunaren alde eginen dute, eta, zehazki, ISO 20887 arauari edo eraikinak desmuntatzeko edo egokitzeko gaitasuna ebaluatzeko beste arau batzuei erreferentzia eginez, erakutsiko dute nola diseinatuta dauden baliabideen erabilerari dagokionez eraginkorragoak izateko, moldagarriagoak, malguagoak eta desmuntagarriak, gerora berrerabili eta birziklatu ahal izateko.

–Modernizazioan erabilitako eraikuntzako osagaiek eta materialek ez dute amiantorik izanen, ez eta honako zerrenda hau kontuan harturik identifikatutako substantzia oso kezkagarririk ere: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1907/2006 (EE) Erregelamenduaren XIV. eranskinean agertzen den baimenaren mendeko substantzien zerrenda. Modernizazioan erabiltzen diren eta erabiltzaileekin kontaktuan jar daitezkeen eraikuntzako osagai eta materialen formaldehido isuria 0,06 mg-koa baino txikiagoa izanen da materialaren edo osagaiaren m³ bakoitzeko, eta 1A eta 1B kategorietako konposatu organiko lurrunkor kantzerigenoen isuria, berriz, 0,001 mg-koa baino txikiagoa izanen da material edo osagaiaren m³ bakoitzeko, aldez aurretik proba egin ondoren bat etorriz CEN/TS 16516 eta ISO 16000-3rekin edo proba estandarizatuen beste baldintza batzuekin eta antzeko determinazio-metodoekin.

–Azpiegitura kutsatuta egon daitekeen leku batean dagoenean (brownfield gunea), gune horri kutsatzaile potentzialei buruzko ikerketa bat eginen zaio, ISO 18400 araua erabiliz.

–Gainera, obraren fasean neurriak hartuko dira zarata, hautsa eta emisio kutsatzaileak murrizteko, eta neurri horiekin lotutako jarduerak gauzatuko dira, betiere indarreko araudi aplikagarria betez, lurzoruak eta ura kutsatzeari dagokionez.

–Jarduketak ez dira ekosistemen baldintza onen eta erresilientziaren kalterako izanen, ez eta habitaten eta espezieen kontserbazio egoeraren kalterako ere. Birgaitzeko jarduketak egiten direnean biodibertsitatearekiko sentikorrak diren eremuetan (barne direla gune babestuen Natura 2000 sarea, UNESCOren Munduko Ondareko lekuak, biodibertsitaterako funtsezkoak diren eremuak eta babestutako beste eremu batzuk) edo hurbileko eremuetan, bete beharko dira Habitatei buruzko Zuzentarauaren 6 (3) eta 12. artikuluak eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauaren 5. artikulua. Gainera, nahitaezkoa denean, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eginen da, IEE Zuzentarauaren arabera.

2.–Entitate onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Laguntza hauen onuradun izaten ahal dira erakunde publiko eta pribatuak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo Nafarroako toki erakundeen edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko fundazio pribatu edo publikoak, baldin eta inbertsioa egin nahi den arte eszenikoen eta musikalen azpiegituren titularrak badira. Ezin izanen dira inola ere onuradun izan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa bera, baina bai haren mendeko fundazio edo erakunde publikoak, baldin eta nortasun juridiko propioa badute.

2.2. Aurreko oinarrian aipatutako erakunde publiko eta pribatuak ere izaten ahal dira laguntza hauen onuradun, baldin eta azpiegituren kudeatzaileak badira (titularrak eskuordetuta) eta jabeen baimena badute horietan inbertsioak egiteko. Erakunde kudeatzailea arduratuko da dirulaguntza eskatzeaz eta inbertsioa gauzatzeaz eta justifikatzeaz. Azpiegituraren erabilera eta xedearekiko betebeharrak onuradunak hartuko ditu bere gain, eta, subsidiarioki, haren jabe den titularrak, oinarri hauetan xedatutakoaren arabera.

2.3. Entitate eskatzaileek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintza orokorrak betetzea.

b) Egunean izatea zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Administrazio ebazpen irmoz edo kondena-epai irmoz zehapena edo zigorra jaso ez izana sexu- edo genero-diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

d) Deialdi honetan, inbertsio proiektuak barne hartzen dituzten eskabideak baizik ez dira onartuko, baldin eta proiektu horien aurrekontua 15.000,00 eurokoa edo gehiagokoa bada, BEZik gabe, oinarri arautzaile hauen 3. oinarrian aurreikusitakoaren arabera.

2.4. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan helburu berarekin partida izenduna duten entitateak.

3.–Aurrekontu-egozpena, zenbatekoa eta dirulaguntzen muga.

3.1. Laguntza horiek finantzatuko dira Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2023rako gastu-aurrekontuaren kargura, 440.171,18 euroko gehieneko zenbatekoarekin, Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorretako "SEM dirulaguntzak azpiegitura eszenikoetan eta musikaletan inbertitzeko" izeneko A20002 A2500 7816 335103 partidaren kargura, baldin eta aurrekontu horretan kreditu egokia eta nahikoa badago.

Baimendutako kredituari 100.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez ere, partida beraren kargura, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3 artikuluko a) letran ezarritako baldintzekin. Zenbateko gehigarri hori erabili ahal izateko, kreditu gehigarria baimendu beharko da foru lege horren 31.3.a) artikuluan adierazten diren gorabeheretako bat gertatzen delako.

3.2. Proiektuek lortzen duten puntuazioaren arabera emanen dira dirulaguntzak, 9. oinarrian jasotako balorazio irizpideak aplikatuz.

Honela eginen da:

–Puntuazioaren ordenaren arabera, onartutako aurrekontuaren %80 emanen zaie proiektuei, gehienez ere 120.000 euro proiektuko, partidaren zuzkidura bukatu arte.

–Onartutako aurrekontua izanen da aurkeztutako aurrekontua ken deialdiaren arabera diruz lagungarriak ez diren gastuak.

3.3. Behin proiektuak aurkeztu eta aurrekontuak onartutakoan, unitate kudeatzaileak dirulaguntza banatuko du proiektuen artean, puntuazioaren araberako lehentasun hurrenkerari jarraikiz, dirulaguntzen zenbatekoa agortu arte.

3.4. Gerakinik badago, baina puntuazioan hurrengo proiekturako eskatutako dirulaguntza baino txikiagoa bada, eska daiteke hasiera batez aurkeztutako proiektua berregiteko.

Nolanahi ere, proiektua berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeretarako ezarritako balorazio irizpideak ere.

Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:

a) Ezin izanen da murriztu hasierako aurrekontuan sartuta dagoen eta entitatearen beraren baliabideekin (jarduera diruz lagungarriak sortzen ez dituztenekin) finantzatzen den kopurua.

b) Proiektua berregitearen ondorioz lortzen den azken dirulaguntzak errespetatu beharko ditu ezarritako gehieneko ehunekoak.

Berregindako proiektuak instrukzio organoaren adostasuna beharko du, laguntza ematea proposatu aurretik.

3.5. Baldin eta, laguntzak eman ondoren, onuradunen batek laguntzari uko egiten badio, eta, horregatik, kreditu nahikoa askatzen bada, beste eskaerei erantzuteko bideratzeko ahalko da. Lehenik eta behin, erabilgarri geratutako kreditua esleituta deialdiaren oinarriak aplikatuz legokieekeen laguntza baino txikiagoa eman zaien eskaerei erantzuteko erabiliko da. Bigarrenik, eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortuta ere kreditu erabilgarririk ez egoteagatik hasiera batean dirulaguntzarik eskuratuko ez luketen eskaerei erantzuteko erabiliko da. Kasu horretan, deialdiaren ebazpenean ezarritako puntuazio ordenari jarraikiko zaio.

4.–Laguntzen helburua.

4.1. Inbertsio proiektuak honako jarduera hauetara bideratu beharko dira:

–Sareko audio- eta komunikazio-sistema digitalak modernizatzea.

–Argiztapen digitaleko sistemak modernizatzea.

–Bideo digitaleko sistemak modernizatzea.

–Eszenako makineriaren kudeaketa digitaleko sistemak modernizatzea.

–Artea kudeatzeko eta ikuskizunak ekoizteko tresna eta sistema digitalak modernizatzea.

–Energia kontsumoa murrizteko neurriak.

Diruz lagungarriak diren jarduerei buruzko informazio zehatza 2. eranskinean dago.

4.2. Bazter utziko dira oinarri hauetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzea behar bezala egiaztatzen ez duten inbertsio proiektuen eskaerak.

4.3. Ez dira onartuko azpiegitura eszeniko eta musikaletan inbertsio hauek egiteko dirulaguntza eskaerak:

–Azpiegitura eszenikoei eta musikalei buruzkoak direla egiaztatuta ez dagoen inbertsio proiektuak, 1. oinarrian definituta dauden bezala.

–Aurreikusitako erabilerak espazio eszeniko eta musikalen berezko behar eta erabilerak gainditzen dituen ekipamendua.

–Zinema areto komertzialei buruzko inbertsio proiektuak.

–2022an xede berarekin ebatzi zen antzeko deialdian jada finantzatutako jarduketak.

5.–Gastu diruz lagungarria.

5.1. Gastu diruz lagungarritzat ulertuko da deialdi honetan araututako datetan egiten dena, baldin 4. oinarrian eta 2. eranskinean adierazitako inbertsio proiektu bat egiteko baldin bada inolako zalantzarik gabe.

5.2. Diruz lagundutako gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

5.3. Inbertsioaren aurrekontua honako hauek osatzen ahalko dute: obrak gauzatzeko kostuak, 4. oinarrian jasotako ekipamendu- eta makineria-hornidurak, bai eta obrak gauzatzeko beharrezko gastuak, lizentzien eta baimenen kostuak eta ordainsari teknikoak ere. Azterlan teknikoak, proiektuak eta obra zuzendaritzak diruz laguntzen ahalko dira; muga onartutako aurrekontu osoaren %10 izanen da.

5.4. Erabilitako makinak eta ekipamenduak ez dira gastu diruz lagungarritzat joko.

5.5. BEZa ez da inola ere gastu diruz lagungarritzat hartuko.

6.–Gauzatzeko epeak.

Deialdi honen xede diren jarduketak egin beharko dira 2021eko apirilaren 27tik (Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana onartu zen eguna) 2023ko urriaren 3ra, biak barne.

7.–Eskaerak aurkezteko epea eta dokumentazioa.

7.1. Entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat aurkezten ahalko du.

7.2. Eskabideak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Prozedurako edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie entitate eskatzaileei.

7.4. Pertsona juridikoek baliabide telematikoen bitartez aurkeztu beharreko laguntza eskaerak eta gainerako dokumentazio guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztu behar dituzte, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak pertsona juridiko eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen dira.

Ogasun Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskuratu daiteke gaitutako helbide elektronikoa. Horretarako, ziurtagiri digitala eduki behar da. Halaber, Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen prozeduretarako harpidetza egin beharko da, gaitutako helbide elektronikoa lortzen den helbide berean.

7.5. Laguntzak eskatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.–Laguntza eskaera:

Entitate eskatzaileek eskaera (1.1 eranskina) behar bezala beteta eta titularrak edo baimendutako pertsonak sinatuta aurkeztu beharko dute, eta 1. eranskin horretan adierazitako dokumentazioa erantsi beharko dute:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaera egunean onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena (1.2 eranskina).

b) Erantzukizunpeko adierazpena, eskaeraren egunean inbertsio bererako lortutako beste dirulaguntzei buruzkoa (1.2 eranskina).

c) Dirulaguntza eskaera aurkeztearekin batera eskatzaileak baimena ematen dio dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri telematikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez du egiaztagiri hori aurkeztu beharko. Dena dela, eskatzaileak berariaz uko egiten ahal dio baimen hori emateari, eta, kasu horretan, aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak:

–Ziurtagiri bat, Nafarroako Ogasunarekiko ordainketak egunean dituela dioena.

–Ziurtagiri bat, Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela dioena.

2.–Dokumentazio administratiboa:

–Entitate eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, inbertsioak eginen diren azpiegituraren titulartasunari buruzkoa. Eskatzailea azpiegituraren kudeatzailea bada, azpiegituraren titularraren baimena aurkeztu beharko du deialdi honen xede diren inbertsioak egiteko, bai eta titulartasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere.

–Azpiegitura eszeniko eta musikalari buruzko datuak (1.3 eranskina).

–Azpiegitura eszeniko eta musikaleko kultura jarduerari buruzko datuak, zeinek barne hartuko baitute 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetako informazioa (1.3 eranskina).

3.–Dokumentazio teknikoa:

–Inbertsio proiektuaren memoria tekniko zehatza, 3. eranskinean adierazitako ereduaren araberakoa.

–Memoria ekonomikoa, 4. eranskinean adierazitako ereduaren araberakoa.

8.–Prozedura izapidetzeko eta ebazteko faseak.

8.1. Aurretiazko ebaluazioa eta zuzenketa.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak izapidetuko ditu eskaerak. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko teknikariek aldez aurretik ebaluatuko dituzte aurkeztutako eskaerak, 7.5 oinarrian adierazitakoaren arabera.

Dirulaguntzarako eskabideak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala. Onartzen diren eskaerak balorazio fasera pasatuko dira.

Prozesuan zehar, noiznahi ere eskatzen ahalko zaie informazio osagarria eskatzaileei.

8.2. Balorazioa.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da instrukzio organoa, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritako balorazio irizpideen arabera.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, txosten baten bidez, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena eginen dio Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

Instrukzio organoak, proiektuak hobeki baloratzeko eta ebazpen proposamena eman aurretik, beharrezkotzat jotzen dituen aholkularitza eta txosten teknikoak eskatzen ahalko ditu. Entitate eskatzaileekin loturarik ez duten aditu independenteek egin beharko dituzte txosten horiek.

8.3. Interes-gatazkak.

Prozedura honetan parte hartzen duten pertsonek berariaz adieraziko dute ez dutela interes-gatazkarik, bat etorriz irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduarekin (horren bidez eratzen da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziarako Planaren kudeaketa sistema) eta Nafarroako Gobernuaren 2021eko urriaren 13ko Erabakiarekin (horren bidez onartzen dira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuen kudeaketa- eta jarraipen-arauak).

Administrazioaren zerbitzuko agintariak edo langileak abstenitzen ez badira aurreko apartatuan adierazitako egoeraren batean edo batzuetan daudenean, interesdunak errekusatzen ahalko ditu, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hala, errekusazioa idatziz zuzentzen ahalko zaio kontratazio organoari, mahaiburuari edota, kasuaren arabera, baita koordinazio eta jarraipen unitateari ere, errekusazioaren arrazoiak adierazita, prozeduraren izapidetzearen edozein unetan. Errekusatuak biharamunean adieraziko dio bere nagusi hurrenari alegatutako arrazoia beragan betetzen den ala ez. Lehenengo kasuan, nagusiak ikusten badu errekusatzeko arrazoia betetzen dela, ordezkoa jartzea erabakiko du berehala. Errekusatuak errekusatze arrazoia ukatzen badu, nagusiak hiru eguneko epean ebatziko du, bidezko deritzen txostenen eta egiaztapenen ondoren.

Salaketarako berariazko kanala. Lizitazio prozedura honetan interes-gatazkarik dagoela jakiten duten pertsonek edo erakundeek organo kontratatzaileari jakinarazi beharko diote, Iruzurraren Aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalaren bitartez, bitarteko elektronikoen bidez, zerbitzu horrek berariaz gaitu duen kanalaren bitartez, web helbide honetan:

https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/es-ES/paginas/denan.aspx

8.4. SEMaren Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan aurreikusitakoa betetze aldera, honako hauen berri ematen zaie eskatzaileei:

Dirulaguntzaren erregistroa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

Foru Komunitateko Administrazioak eta SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organo guztiek aukera izatea Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzakeen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko.

Informazioa trukatzea sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta Estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.

9.–Balorazio irizpideak.

Onartzen diren inbertsio gastuetarako laguntza eskaerak 100 puntuz baloratuko dira gehienez, irizpide hauei jarraikiz:

a) Proposatutako irtenbidearen egokitzapen teknikoa planteatutako arazoak eta beharrak ebazteko. Gehienez ere, 60 puntu.

Puntuazio hori aplikatzeko, honako hau hartuko da kontuan:

1. Proposatutako irtenbidearen kalitatea eta iraunkortasuna (gehienez 10 puntu):

–EE marka duten ekipoak (gehienez 2,5 puntu).

–Instalatzaileak eta hornitzaileak emandako bermeak (gehienez 2,5 puntu).

–Aplikatutako teknologiaren aurretiazko erreferentziak egotea (gehienez 2,5 puntu).

–Instalazioa erabiltzeko eta kudeatzeko erraztasuna eta sinpletasuna (gehienez 2,5 puntu).

2. Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa (gehienez 10 puntu). Irizpide horrek baloratuko du zer-nola egokitzen den proposatutako konponbidea planteatutako aurrekontura.

3. Proposatutako proiektua garatzen diren jardueretara egokitzea (gehienez 5 puntu). Irizpide horrek baloratuko ditu instalazioaren hobekuntzak instalazioen erabilerari berari begira, bai eta instalazioari ematen zaizkion irabazi eta ekarpen positiboak ere.

4. Proposatutako proiektua bat etortzea espazio eszenikoarekin (gehienez 5 puntu). Irizpide horrek baloratuko du proiektuaren eta espazio eszenikoaren artean lotura zuzena egotea. Proiektu egokia eta espazio eszenikoarekin bat datorrena izanen da espazio horretarako behar bezala dimentsionatuta dagoena, materiala bertan egin beharreko jarduerekin bat datorrena eta xede den publikoarentzat egokia dena.

5. Proiektuaren memoria (gehienez 30 puntu).

–Metodologia eta taldea (gehienez 10 puntu). Baloratuko da proiektua gauzatzen duen metodologia, bai eta proposatutako inbertsio-proiektua ahalik eta hobekien lortzeko zereginen banaketa egokia dutenak ere; era berean, baloratuko da lantaldeek deialdiko iraunkortasunari eta berdintasunari buruzko jarraibideei jarraitzea.

–Antolaketa eta kronologia ( gehienez 10 puntu). Baloratuko dira egin beharreko lanen aurreikuspen ona eta lan horien denbora-antolaketa inbertsio proiektuaren aurrean.

–Memoriaren deskribapena (gehienez 10 puntu). Baloratuko dira memoriako puntu bakoitzaren deskribapena eta bertan agertzen den dokumentazioaren kalitatea, entregatu beharreko dokumentazio teknikoan deskribatutako puntuen arabera (3. eranskina):

  • Helburuak.
  • Hobekuntzen zerrenda.
  • Instalazio bakoitzaren garapena.
  • Organigrama.
  • Plangintza.
  • Aurrekontua.

Dirulaguntza jasotzeko, eskaerek gutxienez 30 puntu lortu beharko dituzte 9.a apartatuan.

b) Inbertsio proiektua dirulaguntzaren helburura egokitzea. Kontzeptu horrengatik gehienez 24 puntu ematen ahalko dira, banaketa honen arabera:

–Sareko komunikazio- eta audio-sistema digitalak modernizatzea (4 puntu gehienez).

–Argiztapen digitaleko sistemak modernizatzea (4 puntu gehienez).

–Bideo digitaleko sistemak modernizatzea (4 puntu gehienez).

–Eszenako makineriaren kudeaketa digitaleko sistemak modernizatzea (4 puntu gehienez).

–Artea kudeatzeko eta ikuskizunak ekoizteko tresna eta sistema digitalak modernizatzea (4 puntu gehienez).

–Energia kontsumoa murrizteko neurriak (4 puntu gehienez).

c) Finantzaketaren portzentajea. Gehienez 10 puntu, proiektuaren bideragarritasunaren arabera, bat etorriz finantzaketa iturriekin. Horrela, zenbat eta handiagoa izan eskatzailearen finantzaketa propioa (edo deialdi honetatik kanpoko beste bide batzuetatik datorrena), orduan eta puntuazio handiagoa emanen zaio, baremo honen arabera:

FINANTZAKETA PROPIOA

PUNTUAK

%20 arte

0

%20,01etik %30,00 arte

1

%30,01etik %40,00 arte

2

%40,01etik %50,00 arte

3

%50,01etik %55,00 arte

4

%55,01etik %60,00 arte

5

%60,01etik %65,00 arte

6

%65,01etik %70,00 arte

7

%70,01etik %75,00 arte

8

%75,01etik %80,00 arte

9

%70,01etik %80,00 arte

10

d) Proiektuan planteatutako hobekuntzen eragina (gehienez 6 puntu). Honako hauek baloratuko dira:

–Instalatutako potentzia aurrezteagatik (2 puntu).

–Kontsumitutako energia murrizteagatik (2 puntu).

–Higiezinaren energia-ziurtagiria hobetzeagatik (2 puntu).

10.–Laguntza emateko ebazpena.

10.1. Laguntzak emanen dira Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.

10.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduraren barruan ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/.

Halaber, eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, bere gaitutako helbide elektronikoaren bidez.

Deialdiaren ebazpena Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da (Navarrería kalea 39, Iruña).

10.3. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jo dezakete interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: iniciativacultural@navarra.es.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

11.1. Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa ere bai, Gardentasunari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Dekretuaren 3. eta 12.4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek arautzen baititu Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpenaren eredua hemen deskargatzen ahalko da:

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.

Toki erakundeak salbuetsita daude tramite hori betetzetik.

11.2. Dirulaguntza ematen dela jakinarazi eta hilabeteko epean, honako eranskin hauek aurkeztu beharko dira:

–5. eranskina. Interes-gatazkarik ezaren adierazpena.

–6. eranskina. Inplikatutako administrazio publikoen arteko datuen komunikazioaren onarpena, aplikatzekoa den Europako araudian aurreikusitakoa betetzeko eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorriz.

–7. eranskina. Erantzukizunpeko adierazpena, kudeatu beharreko eremuari eragiten ahal dioten SEEPean ezarritako zeharkako printzipioak betetzeko konpromisoa, ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzearekin eta ingurumenean inpaktu negatibo esanguratsuak saihestearekin loturikoa.

–8. eranskina. Beharrezko sarbideak eta eskubideak emateko konpromisoa.

11.3. Laguntza emateko baldintza izanen da idatziz konpromisoa hartzea (8. eranskinaren arabera) beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak emateko Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin.

11.4. Gainera, entitate onuradunak honako hauek egin beharko ditu:

–Deialdi honetan diruz lagundutako proiektua egiteko erabiltzea laguntza, ez beste edozertarako.

–Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren.

–Xede bererako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortu bada, aipatu atalari horien berri ematea. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

–Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinaraztea proiektuaren garapenean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu. Proiektuan edozein aldaketa egiteko, instrukzio organoaren adostasuna beharko da aurretik; organo horrek baimena emanen du baldin eta, kudeaketa organoaren ustean, ez badakar onetsitako proiektua funtsean aldatzea edo hirugarrenen babestu beharreko eskubideak kaltetzea.

–Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak proiektua gauzatzen ari dela ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

11.5. Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoari eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari lotutako betebeharrak.

1.–Dagokien laguntza onartutakoan, entitate onuradunek Kultura eta Kirol Departamentuarengandik zein bestelako organo edo agintari eskudunengandik jasotako jarraibideei men egiteko konpromisoa hartzen dute, berariaz, jarraibide horiek zerikusia dutenean hala Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa nola Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatu edo kudeatzeko onets litekeen edozein araurekin, izan Europar Batasunekoa edo Estatukoa. Horretarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22.2.d) artikulua betetzeko eskatzen zaizkien datuak eta informazioa eman beharko dituzte.

2.–Mekanismoak ezarri beharko dituzte bermatzeko garatu beharreko jarduketak lagungarriak direla Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren helburu eta konpromisoak lortzeari begira, eta kasuan-kasuan beharrezkoa den informazioa emanen dute, plan horren adierazle, mugarri eta helburuen balioa zehazteko.

3.–Irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 6. eta 7. artikuluekin bat etorrita, neurriak hartu beharko dituzte iruzurra eta ustelkeria prebenitu, atzeman eta zuzentzeko, bai eta interes-gatazkak eta finantzaketa bikoitza (proiektuak gauzatzeko prozeduretan) ekiditeko ere.

4.–Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatutako dirulaguntzaren dokumentazioa gorde eta zaindu beharko dute, Europar Batasunaren aurrekontu orokorrari aplika dakizkiokeen finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 (EB, Euratom) Erregelamenduaren 132. artikuluari jarraikiz. Bere gain hartuko dute auditoretzako arrasto egokia mantentzeko ardura eta euskarri den dokumentazioa gordetzeko betebeharra.

Gorde beharko dituzte egindako jarduketaren eta jasotako funtsen erabilerari buruzko jatorrizko frogagiriak, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren neurrian. Betebehar hori, kontabilitateko agiriak, erregistroak eta dirulaguntzaren baldintzak betetzearekin zerikusia duten gainerako agiriak gordetzekoa, hamar urtez konplituko da, laguntza ematen denetik aurrera.

5.–Entitate onuradunek men egin beharko diete Kultura eta Kirol Departamentuak, Europako Funtsen Idazkaritza Nagusiak, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak, Kontuen Auzitegiak eta Europako Batzordeko kontrol- eta fiskalizazio-organoek egin ditzaketen bestelako egiaztapen-jarduketei eta finantza-kontrolekoei, edo Estatuko zein Europar Batasuneko kontrol-organo zein -agintari eskudunek egin ditzaketenei, betiere bat etorriz Europako funtsekin kofinantzatutako laguntzen kudeaketari aplikatu beharreko arauetan ezarritakoarekin; horretarako, eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute, eta ahalegin guztiaz jardunen dira, elkarlanean, hala Estatuko nola Europar Batasuneko finantza-interesak babestearen alde, eta aipatu organo eta agintari horiei informazioaren gaineko eskubidea eta sarbidea emanen diete.

6.–Entitate onuradunek bete beharko dituzte agintari eskudunek Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzaketari loturik ezartzen dizkieten informazio- eta publikotasun-betebeharrak, eta, zehazki, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 34.2 artikuluan ezarritako informazio-, komunikazio- eta publikotasun-betebeharrak, eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoak. Zehazki:

–Europar Batasunaren enblema.

–Batasunaren enblemarekin batera, testu hau ere jasoko da: "Europar Batasunak finantzatuta - NextGenerationEU".

–Honako logo hauek ere erabiliko dira: kontuan hartuko dira Batasunaren enblemaren arau grafikoak eta 821/2014 Betearazpen Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako kolore normalizatuak. Web-orri hau ere kontsulta daiteke: http://publications.europa.eu/code/es/es-5000100.htm eta hemen deskargatu enblemaren zenbait adibide: https://europa.eu/european-union/about-eu/symbols/flag_es#download. Informazio-kartel eta plaka guztiak ongi ikusteko moduko eta jendearentzat irekitako leku batean jarri beharko dira.

–"Ekosistema Kultura Lurraldea" identitate grafikoa aplikatzea, erakunde onuradunei formatu elektronikoan emanen zaiena.

7.–Erakunde onuradunek aurreikusiko dituzte, alde batetik, "kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" ("do no significant harm" printzipioa, DNSH) betetzen dela egiaztatzeko tresnak, eta, bestetik, printzipio hori ezartzen dela bermatzeko neurri zuzentzaileak, eta horren berri jasota utziko dute dirulaguntzaren justifikazio memorian.

8.–Funtsen erabilerari lotutako auditoretza- eta kontrol-ondorioetarako, eta Suspertze eta Erresilientzia Planaren esparruan eraberritze-jarduketetara eta inbertsio-proiektuetara bideratutako neurriei loturik, entitate onuradunek Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalaren esku jarri beharko dute funtsen amaierako hartzailearen datuen informazioa, onuraduna bera ez denean, eta kontratisten gaineko informazioa, amaierako hartzailea adjudikazio-boterea denean, hori guztia betetzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. apartatuan eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 8 artikuluan xedatutakoa. Informazio horrek irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 10. artikuluarekin bat etorrita egon beharko du eskuragarri.

11.6. Entitate onuradunak egiten dituen jarduerei buruzko informazioa emanen dio Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari, behar den aurrerapenarekin, Nafarroako Gobernuaren webgunean eta beste baliabide batzuetan aldizka zabal dadin.

12.–Justifikatzeko epea eta modua.

12.1. Egiaztapena eta dagokion ordainketa une bakar batean eginen da jarduera amaitzean, jarraian ezartzen diren baldintzetan eta betekizunekin. Egindako gastutzat joko da hurrengo oinarrian adierazitako justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.

12.2. Laguntza ordainduko da diruz lagundutako proiektua gauzatu dela justifikatu ondoren. Horretarako, entitateak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2023ko azaroaren 15era arte, egun hori barne.

a) Eskabidea, azken likidazioa eta eskatutako zenbatekoa adierazita.

b) Diruz lagundutako jarduera dela-eta izandako gastuen fakturen edo, bestela, merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten frogagirien zerrenda zenbakitu eta zehaztua, baita egindako ordainketen frogagiriena ere, honako hauek adierazita: hornitzailearen/jaulkitzailearen izena, IFK, kontzeptua, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa (BEZarena, PFEZarena eta guztirakoa) eta ordainketaren data; zerrenda hori Excel formatuan igorriko da.

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

d) Diruz lagundutako proiektuari aplikatutako diru-sarreren egiaztapena.

e) Amaierako memoria bat, egindako jardueren deskribapenarekin eta jarduera bakoitzaren argazkiekin.

f) Egindako jarduketaren edo jarduketen ziurtagiri teknikoak.

g) 9. eranskina: Egindako jarduketei buruzko erantzukizunpeko adierazpena (O-1 eta O-2 egiaztapen mekanismoak).

12.3. Laguntza ematea onartzen den unean jarduera egina duten proiektuen kasuan, laguntza eman zaiela jakinarazi eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dute dokumentazio hori.

12.4. Kultur Ekintza Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

12.5. Diruz lagundutako proiektuaren gastu guztia justifikatu beharko da.

12.6. Justifikazioa ezarritako epean edo zuzenketak egiteko ematen den epean aurkeztu ezean, galduko da justifikatzen ez diren gastuetarako dirulaguntzak kobratzeko eskubidea.

12.7. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Onartutako aurrekontua osorik justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzen arteko portzentaje bera.

12.8. Dokumentazio hori jaso eta aztertu ondoren, organo kudeatzaileak espedientea ixteko txostena eginen du. Eginbehar hori betetzen ez bada, jasotako dirulaguntza itzultzeko espedientea irekiko da.

12.9. Dokumentazioa kapituluka edo kontzeptuka bereizita aurkeztuko da pdf formatuko fitxategietan, fakturak eta ordainagiriak modu korrelatiboan multzokatuta (adibidez: 1. zenbakiko faktura/1. zenbakiko ordainagiria, etab.).

13.–Dirua itzultzea.

Onuradunak dirulaguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14.–Hornitzaileak kontratatzea.

Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoak 30.000 euro gainditzen baditu obra exekuzioaren kostuaren kasuetan, edo 12.000 euro aholkularitzako edo laguntza enpresek ekipamendu ondasunen hornidura edo zerbitzu emate bat egiten duten kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela.

Baldintza hori betetzat joko da baldin eta hiru eskaintza edo gehiago eskatu bada, eta jasotako proposamenetatik onena hautatu bada, salbu eta gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziengatik ez badago merkatuan hornidura hori egiten edo zerbitzu hori ematen duten entitate aski, edo gastua dirulaguntza eskatu aurretik egina bada.

15.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

15.1. Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea.

Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako inbertsio-proiektuek Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jaso dezakete, baldin eta laguntza horrek ez badu estaltzen programa honen dirulaguntzak artikulu honetan zehaztutakoaren arabera finantzatzen duenaren kostu bera.

15.2. Dirulaguntza hauen eskatzaileak edo onuradunak inbertsioa finantzatzeko beste diru-sarrera, laguntza edo dirulaguntza batzuk baditu, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Dirulaguntzak eman aurreko fasean. Inbertsioaren aurrekontu diruz lagungarria proiektatutako inbertsioaren gauzatze materialari dagokiona izanen da, eskatzaileak lortu eta aitortutako beste laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuen zenbatekoa kenduta.

b) Beste laguntza eta dirulaguntza batzuk dagokion deialdia ebatzi ondoren ematen badira, bi ekarpenek inbertsioaren gauzatze materialaren kostua gainditzen dutenean soilik murriztuko da dirulaguntza.

15.3. Dirulaguntza hauen onuradunek jasotako beste laguntza, dirulaguntza edo diru-sarrera batzuei buruzko informaziorik ez badago, dirulaguntza galtzen ahalko da edo hura itzuli beharko da.

15.4. Oinarri hauetan eskatzen diren diru-sarrerei eta bestelako dirulaguntzei buruzko informazioan sartu beharko dira aseguru-etxeek eskatzaileei ordaindutako edo aitortutako kalte-ordainak ere, baldin eta eraikinean sortutako kalteei buruzkoak badira eta horiek konpondu behar badira dirulaguntza hauen eskabidearekin batera aurkezten den proiektu teknikoaren arabera.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

16.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedaturikoa aplikatuko da.

16.2. Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan ezarritakoa izanen da.

17.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

18.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

ERANSKINAK

Eskabide eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta tramiteen katalogoan egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

1. eranskina. Eskabidea: erakundearen eta ordezkariaren identifikazioa, 1. oinarrikoekin bat datozen erabilerak dituen azpiegitura bat kudeatzen duela egiaztatzen duen dokumentua.

A 1.1. Eskabidea.

A 1.2. Baldintzak betetzeari eta beste dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

A 1.3. Azpiegitura eszeniko eta musikalari buruzko datuak.

2. eranskina. Diruz lagungarriak diren jardueren irismen zehatza deialdi honetan: deialdia azpiegitura eszenikoen eta musikalen modernizaziorako eta kudeaketa jasangarrirako inbertsioak egiteko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Planaren kontura (kodea: C24.I2.P02).

3. eranskina. Aurkeztu beharreko dokumentazio teknikoa (memoria teknikoa).

4. eranskina. Aurkeztutako proiektuari lotutako diru-sarreren eta gastuen aurrekontua (memoria ekonomikoa).

5. eranskina. Interes-gatazkarik ezari buruzko adierazpena (IGEA).

6. eranskina. Datuen lagapenaren eta tratamenduaren adierazpena.

7. eranskina. Jarduerak gauzatzeko konpromisoaren adierazpena.

8. eranskina. Beharrezko eskubideak eta sarbideak ematea.

9. eranskina. Egindako jarduketei buruzko erantzukizunpeko adierazpena (O-1 eta O-2 egiaztapen mekanismoak).

Iragarkiaren kodea: F2215922