255. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ANTSOAIN

Xedapena, arautzen dituena gehienbat 60 urtetik gorako adinekoei eta/edo dibertsitate funtzionala dutenei zuzendutako ikastaroak, jarduerak edo lantegiak eskaintzeko zerbitzua eta haren prezio publikoa

Antsoaingo Udalak, 2022ko azaroaren 30ean egindako bilkuran, xedapen bat onetsi zuen, xede duena arautzea gehienbat 60 urtetik gorako adinekoei eta/edo dibertsitate funtzionala dutenei zuzendutako ikastaroak, jarduerak edo lantegiak eskaintzeko zerbitzua eta haren prezio publikoa. Orobat, onetsi zuen xedapena argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan. Hona hemen, bada, xedapenaren testua.

Antsoainen, 2022ko abenduaren 1ean.–Alkatea, Ander Andoni Oroz Casimiro.

XEDAPENA, ARAUTZEN DITUENA GEHIENBAT 60 URTETIK GORAKO ADINEKOEI ETA/EDO DIBERTSITATE FUNTZIONALA DUTENEI ZUZENDUTAKO IKASTAROAK, JARDUERAK EDO LANTEGIAK ESKAINTZEKO ZERBITZUA ETA HAREN PREZIO PUBLIKOA

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 18. artikuluko c) apartatuan, 25. artikuluko 2. paragrafoko l) apartatuan eta 69. artikuluko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera, toki-korporazioek eskumenak dituzte, besteak beste, aisialdiaren arloan. Antsoaingo Udalarentzat, zerbitzu horiek eskaintzea funtsezkoa da herritar komunitatearen ongizaterako eta herritarren bizikidetza sustatzeko. Izan ere, herritar guztiek dute bizikidetzarako eskubidea. Ildo horretan, Eguneko Zentro Komunitariok topaleku bat izan nahi du, non parte-hartzea eta bizikidetza bultzatuko baitiren eta non garatuko baitiren autonomia eta aisialdia sustatzeko eta osasuna hobetzeko jarduerak. Hori guztia, ikuspegi ireki eta berritzaile batetik.

I. TITULUA

Zerbitzua

1. KAPITULUA

Zerbitzuaren deskribapena

1. artikulua. Xedea.

1. Xedapen honen xedea da Antsoaingo Udalak adinekoentzat eta dibertsitate funtzionala dutenentzat eskaintzen dituen jardueren alderdi oinarrizkoak arautzea, bai eta horien prezio publikoen arau orokorrak ematea ere.

2. Kultura, kirol edo aisialdiaren arloko jarduera bakoitzaren berariazko ezaugarriak, arau honetan xedatutako esparruaren barnean, Udaleko Gizarte Gaietako, Bizikidetzarako eta Aniztasunerako Batzordeko buruak eskatuta erabakiko dira, eta, ondoren, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsiko ditu.

2. artikulua. Jardueraren edukiak.

1. Antsoaingo Udalak urteko eskaintza bat eginen du ikastaro, jarduera edo lantegiekin.

2. Jardueren eskaintzak xedapen honen I. eranskineko arauak bete beharko ditu.

3. Ordutegiak aldatu eginen dira eskainitako jardueraren eta eskura dauden kultura-espazioen arabera.

4. Jarduera bakoitza parte-hartzaileen gehieneko ratio baten eta gutxieneko ratio baten arabera programatuko da. Ratio horiek irizpidetzat hartuko dira, bermatze aldera emandako zerbitzuen kalitatea eta bideragarritasun ekonomikoa.

3. artikulua. Zerbitzuaren helburuak.

–Lan kognitiboa, fisikoa edo harremanetakoa sustatzea.

–Nahi ez den bakardadearen prebentzioa.

–Independentzia eta autonomia sustatzea.

–Jolas- eta hezkuntza-jardueren eskaintza handitzea.

–Udal instalazioen erabilera optimizatzea.

–Senitartekoek eta lagunek atseden hartzeko aukera izatea.

Antolatutako jarduerak antolatzean eta ematean, uneoro bilatuko da zerbitzuaren kalitatea, bai eta inklusioa, berdintasuna eta parte-hartzea ere.

2. KAPITULUA

Zerbitzua kudeatzeko arauak

4. artikulua. Eremu subjektiboa.

1. Ikastaro, jarduera edo lantegien zerbitzua gehienbat izanen da Antsoaingo 60 urtetik gorako adinekoentzat eta/edo dibertsitate funtzionala dutenentzat. Dena den, beste herri batzuetakoek ere parte hartzen ahalko dute.

2. Izena emateko epea amaitu ondoren egiten diren eskaerak aintzat hartuko dira, baldin eta jarduera bakoitza antolatzeko baldintzek horretarako bide ematen badute, jarraikiz aldez aurretik ezarritako ratioei (Udaleko Arlo Kultural eta Soziokomunitarioaren irizpideekin bat) eta kontuan hartuta arau honen 2. artikuluaren 4. apartatuan ezarritakoa.

3. Antsoainen erroldaturik ez daudenen inskripzioen kasuan, erreserba zerrenda bat osatuko da, aurreko zerrendaren ondoren kontuan hartuko dena.

4. Eskaria jarduera batean eskainitako plaza kopurua baino handiagoa bada, plaza horiek zozketaren/izen-emate ordenaren arabera esleituko dira.

5. artikulua. Kontratazioa.

Jardueren kontratazioak Kontratu Publikoei buruzko Foru Legearen xedapenak beteko ditu.

II. TITULUA

Prezio publikoa

1. KAPITULUA

Ordainarazpenaren kudeaketa

6. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenengo tituluko III. kapituluaren 2. apartatuko 2. azpiapartatuan xedatutakoari jarraikiz ezarri da, eta haren 28. artikuluaren baimenaren babesean.

7. artikulua. Zenbatekoa.

Tokiko Gobernu Batzarrari ematen zaio kasu bakoitzeko prezio publikoaren tarifak ezartzeko eskumena. Dena den, horren aurretik, xedapen honen 1. artikuluaren 2. apartatuan araututako prozedura izapidetu beharko da.

8. artikulua. Ordaintzera behartuta daudenak.

1. Arau honetako prezio publikoa ordaintzeko betebeharra sortzen da jarduera eskaintzen hasten denetik. Hala ere, jarduera hasi aurretik zenbateko guztia edo haren zati bat ordaintzeko eskatzen ahalko da, jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 34. artikuluari.

2. Prezio publikoa ordaintzera behartuta daude jardueraren onuradunak,i kastaroa edo jarduera antolatzeko oinarrietan kasu bakoitzerako ezarritako moduan eta lekuan.

3. Prezioa ordaintzera behartuta dagoenari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ikastaroa edo jarduera egiten ez bada, dagokion zenbatekoa itzuliko zaio.

4. Aipatutako epeetan ordaintzen ez diren zorrak premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko dira, bat etorriz uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuarekin.

2. KAPITULUA

Organo eskudunak

9. artikulua. Osoko bilkuraren eskumenak.

Udalbatzaren osoko bilkurari dagokio eskumen hau: gehienbat 60 urtetik gorako adinekoei eta/edo dibertsitate funtzionala dutenei zuzendutako ikastaroak, jarduerak edo lantegiak eskaintzeko zerbitzuren prezio publikoaren funtsezko elementuak edo elementu konfiguratzaileak zehaztekoa, alegia.

10. artikulua. Tokiko Gobernu Batzarraren eskumenak.

Hemendik aurrera eskainiko diren jardueretako bakoitzaren ezaugarriak eta zerbitzuaren ondoriozko prezio publikoak aldez aurretik zehaztea ezinezkoa denez, Tokiko Gobernu Batzarrari eskuordetu zaio zerbitzua gauzatzeko eta arau hau garatzeko behar diren agindu guztiak onesteko eskumena, bereziki prestazioaren zenbatekoa zehazteari dagokionez, bai eta ordainketa-metodoei eta prezioetan egon daitezkeen hobariei eta salbuespenei dagokienez ere; hori guztia, TAOLaren 23. artikuluaren 2. apartatuko b letran eta TOFLaren 35. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2022-2023 ikasturteko prezio publikoak arau hau indarrean jartzean ordaindu beharko dira.

AZKEN XEDAPENA

Arau honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

1.–Jarduera motak eta kopurua.

Urtero aztertuko da zer jarduera mota eskaini eta zenbatean.

2.–Gehieneko plaza kopurua.

Eskainitako jarduera bakoitzean egonen da gehieneko plaza kopurua.

3.–Gutxieneko plaza kopurua.

Behin betiko taldeak izena emateko epea amaitu ondoren ezarriko dira, baldin eta zerbitzua eskaintzeko gutxieneko inskripzio kopuru bat baldin badago. Aurrekontuaren eta zerbitzuaren kostu osoaren arabera zehaztuko da kopuru hori.

4.–Izen emateak.

Izena emateko bete beharreko baldintza izanen da Antsoainen erroldatuta egotea. Erroldatuta ez daudenak erreserba zerrenda batean sartuko dira. Zerrenda hori taldeak osatzeko erabiliko da, premien arabera, eta Arlo Kultural eta Soziokomunitarioak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz, halaxe xedatuta baitago arau honen 4. artikuluan.

Prezio publikoaren zenbatekoa inskripzioa formalizatzeko unean ordainduko da, bat etorriz arau honen 8. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoarekin.

II. ERANSKINA

Jarduera bakoitzerako ordaindu beharreko prezioak Tokiko Gobernu Batzarrak erabakiko ditu, honako hauen arabera: urtero onetsiko den aurrekontuko partida, zerbitzuaren kostu osoa eta arau honen 2. artikuluaren 4. apartatuan adierazitako parte-hartze ratioak.

Iragarkiaren kodea: L2216514