254. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 19a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TAFALLA

Tokiko Gobernu Batzarraren Erabakia, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita, arkitekto teknikoaren lanpostu hutsa betetzeko oposizio-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan) eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legeari

Tokiko Gobernu Batzarraren 2022ko maiatzaren 17ko Erabakiaren bidez onetsi da 2022rako lan publikoaren eskaintza, ezartzen dituena enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi bereziak, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko). Aipatutako ebazpena argitaratu zen 2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 24koan.

Tafallako Udalak 2022ko azaroaren 29an osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, toki erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Ondorioz, Tafallako alkateak uztailaren 8ko 6/2020 Dekretuaren bidez eskuordetutako eskumenak baliatuz, honako hau

ERABAKITZEN DA:

Lehenengoa.–Onestea arkitekto teknikoaren lanpostu hutsa oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdiaren oinarriak, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraituz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien Legea) eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legeari. Lanpostuaren ezaugarriak I. eranskinean zehazten dira.

Bigarrena.–Oinarri horiek eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

Tafallan, 2022ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Jesús Arrizubieta Astiz.

OINARRIAK

Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudiari eta ondotik ematen diren oinarrietan ezartzen denari jarraikiz.

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsa, aipatutako eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, honako arau hauen babesean: abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legea (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek edo halakoen gisan kontratatzen direnek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko dira.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxaren bidez.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa honako hau izanen da, bat etorriz Tafallako Udalaren agiriak egin eta izapidetzeagatiko tasak arautzen dituen 4. Ordenantza Fiskalari dagokion tarifen eranskineko VI. epigrafean ("Langileen plazen deialdiak izapidetzea") ezarritakoarekin:

A eta B mailetako edo taldeetako plazetarako: 18,30 euro.

Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taulan zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak izan beharko du sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen langileria batzordeak ez badu epaimahaiari dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan (deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztua).

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan, toki erakundearen atarian.

6.2. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, ezaugarrien taulan zehazten den Interneteko helbidean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, eta deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko da.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 30 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. Oposizioaldian, deialdiaren ezaugarrien taulan adierazitako probak egin beharko dira. Gerta liteke proba guztiak egun berean egin behar izatea.

7.2.3. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proba guztiak.

Halakorik bada, hurrengo probetarako deialdiak ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko ditu epaimahaiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

7.2.4. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2.6. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutako proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.7. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten III. ERANSKINAREN araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 28 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 1,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 12 puntu.

Arkitekto teknikoaren lanpostuko eginkizunei lotutako prestakuntza ikastaroak, erakunde eta zentro ofizialek emanak baldin badira, eta Administrazio Publikoetako Etengabeko Prestakuntzarako Hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzarako ekintzak, baldin eta kreditu bat gutxienez esleitua badute: 0,10 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 12 puntu. Ikasturte akademiko bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituren balorazioa emanen zaie.

Prestakuntzak zenbat ordu iraun duen agertzen ez duten ikastaroak ez dira baloratuko.

7.3.2. Merezimenduak ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, baldin ez badira zerrendatzen, alegatzen eta frogatzen 7.2.7. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunerako; nolanahi ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia.

7.3.4. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.b) apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.1.a) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, apartatu horren barnean azpiapartatu bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiapartatu horiek duten hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, hala badagokio, txanden arabera banatuta eta, horien barnean, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran emanda. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko du zerrenda, eta organo eskudunari helaraziko dio, betebeharrak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egiteko.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen den tituluaren kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Halakorik bada, indarkeriaren biktima diren emakumeen izaera baliarazi duten izangaiek hauetakoren bat aurkeztu beharko dute: kondena-epai bat genero-indarkeriako delitu batengatik, babes-agindu bat edo genero-indarkeriaren biktimaren aldeko kautelazko neurri bat erabakitzen duen beste edozein ebazpen judizial. Halaber, izaera hori egiazta dezakete gizarte zerbitzuen, zerbitzu espezializatuen edo genero-indarkeriaren biktimentzako Administrazio Publiko eskudunaren harrera-zerbitzuen txostenaren bidez.

8.2. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsa aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitekeen lanpostu hutsa eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsa hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren web fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

8.3. Lanpostu hutsa hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik, kontuan hartu gabe zein txandaren bidez hartu duten parte.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, aipatutako desgaitasuna duen izangairik badago, aldez aurretik horri buruzko txostena eskatu beharko zaio balorazio eta orientazio talde eskudunari eta hark eman egin beharko du.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

9.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da kontratatu agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsaren adjudikazioa eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko da, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta lanpostu hutsa esleituko zaio.

10.2. Kontratatzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona bihurtzea nominako eta plantillako lan-kontratudun finkoa, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaia izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko da lanpostuaz.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez duenak, toki erakundeko lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.6. Baldin lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangaiari ematen bazaio, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia, lanpostuan batere aritu gabe, jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan.

10.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsarenhautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostua zuzenean esleituko zaio lan-kontratudun finko berriari.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Deialdi honen ondoriozko hautapen-prozesuaren ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, eta toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da (ezaugarrien taulan zehazten da).

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Honako deialdi honen ezaugarrien taula: deialdia, arkitekto teknikoaren lanpostu hutsa bete dadin oposizio-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

TAFALLAKO UDALA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUA

BESTE BETEKIZUN BATZUK

03.0.3

Arkitekto teknikoa

B

Lan-kontratuduna

Osoa

Arkitekto teknikoaren lanbidean jarduteko gaitzen duen unibertsitateko gradudun titulua edo Arkitektura Teknikoko unibertsitate titulua edo horien baliokidetzat hartutako beste bat

2.–Betekizunak.

2.1. Espainiako nazionalitatea, nahitaezkoa: Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

2.2. Sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik, epai irmo baten bidez, kondenatua ez izateko betebeharra (lanpostuak adierazi).

3.–Tasa:

3.1. Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa izanen da lortu nahi den plazaren mailaren araberakoa, bat etorriz Tafallako Udalaren agiriak egin eta izapidetzeagatiko tasak arautzen dituen 4. Ordenantza Fiskalari dagokion tarifen eranskineko VI. epigrafean ("Langileen plazen deialdiak izapidetzea") ezarritakoarekin:

–A eta B mailetako edo taldeetako plazetarako: 18,30 euro.

3.2. Ordaintzeko modua: Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, Tafallako Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

4.–Oposizioko probak.

Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 30 puntu lortu beharko dira.

LANPOSTUA

LEHENENGO PROBA

BIGARREN PROBA

Arkitekto teknikoa

Test motako 100 galderari –gehienez ere– erantzun beharko zaie idatziz, eranskin honen 5. puntuan agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena. Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik. Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba egiteko. Proba honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira. Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira gai guztiak.

5. puntuan jasotako gaiei buruzko kasu praktiko bat edo batzuk ebatzi beharko dira. Probak egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik. Epaimahaiak esanen du, hasi baino lehen, zenbat denbora dagoen proba egiteko. Proba honetan gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

5.–Gai-zerrenda.

Lehenengo proba eta bigarren proba:

–Zati orokorra:

1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa III. titulua: Nafarroako toki entitateen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrendako informazioa eta haien partaidetza. I. kapitulua: "Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua". II. kapitulua: Herritarrendako informazioa eta haien parte-hartzea". V. titulua: "Jarduerak, zerbitzuak eta obrak". I. kapitulua: "Administrazioaren esku-hartzea jarduera pribatuan". VI. titulua: "Kontratazioa".

2. gaia.–Administrazio Publikoa eta sektore publikoa: kontzeptuak. Xedapen orokorrak, jarduteko printzipioak eta sektore publikoaren funtzionamendua urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio publikoetako organoak. Hitzarmenak. Administrazioen arteko harremanak. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean. Administrazio Elektronikoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan.

3. gaia.–Administrazio egintzak: administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio bidean berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak. Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.

4. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa: atariko titulua. Kontratistak. Kontratuen tipologia eta araubide juridikoa. Publizitate arauak eta adjudikazio prozedurak.

5. gaia.–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa: xedapen orokorrak eta emateko eta kontrolatzeko prozedura. Dirulaguntzak itzuli beharra.

6. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. Gardentasuna: gardentasuna jarduera publikoan eta publizitate aktiboa. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea: arau orokorrak, hura gauzatzeko prozedura eta aurkaratzeko araubidea. Nafarroako Gardentasunaren Kontseilua.

7. gaia.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa. Xedapen orokorrak. Datu babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak.

8. gaia.–Genero berdintasuna: 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

–Zati berezia.

Lehenbiziko zatia:

9. gaia–38/1999 Legea, azaroaren 5ekoa, Eraikingintzaren Antolamenduari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Eraikinaren betebehar tekniko eta administratiboak. Eraikuntzaren agenteak. Erantzukizunak eta bermeak.

10. gaia–280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen Erregelamendua onesten duena. I. titulua. Betebeharrak orokorrean. II. kapitulua. Kalifikazio juridikoa. Aldakuntza. Atxikipena. III. kapitulua. Ondasunak eskuratzea. IV. kapitulua. Defendatzea, begiratzea eta berreskuratzea. V. kapitulua. Ondasunak erabiltzea eta aprobetxatzea. VI. kapitulua. Ondasunen besterentzea eta karga.

11. gaia.–14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Ondasunen sailkapena. Ondasun higiezinen babesa.

12. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena. I. titulua. Administrazio publikoen eskumenak. I. kapitulua. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumenak. III. kapitulua. Administrazioen arteko harremanak. IV. kapitulua. Hirigintza-hitzarmenak. II. titulua. III. kapitulua. Udalen hirigintzako plangintza. III. titulua. Lurzoruaren hirigintza-araubidea. IV. titulua. Plangintzaren exekuzioa. V. titulua. Administrazioaren esku-hartzea eraikuntzan eta lurzoruaren erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina. VI. titulua. Lurzoruaren merkatuan esku hartzeko tresnak. I. kapitulua. 1. atala. Udalaren lurzoru ondareak.

13. gaia.–10/2010 Foru Legea, maiatzaren 10ekoa, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzkoa (I): etxebizitza babestuaren kontzeptua, ezaugarriak eta tipologia, eta etxebizitza arloa sustatzeko jarduera publikoa. Etxebizitza babestuen sustapenetan parte hartu ahal izateko betebeharrak. Etxebizitzak eraiki, zaindu eta mantentzeko baldintzak. Mugapenak etxebizitza babestuak erabiltzeko, gozatzeko eta xedatzeko.

14. gaia.–142/2004 Foru Dekretua, martxoaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituena.

15. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Urbanizazio kuotak. Lurraren kontribuzioa. Hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga.

16. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta Katastroei buruzkoa.

17. gaia.–38/2009 Foru Dekretua, apirilaren 20koa, kirol instalazio eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak eta segurtasun neurriak arautzen dituena. Xedapen orokorrak: xedea eta esparrua. Kirol instalazioen eta ekipamenduen oinarrizko betebeharrak: kirolguneak, kirol ekipamenduak, mantentze-lanak eta informazioa. Nafarroako Kirol Instalazioen eta Ekipamenduen Segurtasunerako Batzordea: izaera, helburuak eta eginkizunak, araubide juridikoa eta funtzionamendua, osaera eta baliabideak.

18. gaia.–1954ko abenduaren 16ko Legea, Nahitaezko Desjabetzeari buruzkoa: II. titulua. Prozedura orokorra: Balio justua zehaztea. Ordainketa eta jabetza hartzea. Berandutzagatiko erantzukizuna.

19. gaia.–ECO/805/2003 Agindua, martxoaren 27koa, ondasun higiezinak eta eskubide jakin batzuk baloratzeko arauei buruzkoa, zenbait finantza-helburutarako: I. titulua. Xedapen orokorrak. I. kapitulua. Eremua, printzipioak eta definizioak. II. titulua. Tasazioaren balioa nola kalkulatu. 7/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duena. V. titulua. Balorazioak. 35. artikulua. Higiezinak baloratzeko irizpide orokorrak.

20. gaia.–513/2017 Errege Dekretua, maiatzaren 22koa, suteen kontra babesteko instalazioen Erregelamendua onesten duena: xedapen orokorrak. Suteen kontra babesteko produktuak. Enpresa instalatzaileak eta mantentze-lanetakoak. Instalatzea, zerbitzuan jartzea eta mantentze-lanak egitea. Aldizkako ikuskapenak. I. eranskina. Suteen kontrako ekipamendu eta sistemen ezaugarriak eta instalazioa.

21. gaia.–Eraikuntzaren Kode Teknikoa. Energia aurrezteko oinarrizko dokumentua (DB-HE); zarataren aurkako babeserako oinarrizko dokumentua (DB-HR); suteetarako segurtasunerako oinarrizko dokumentua (DB-SI); erabileraren segurtasunerako eta irisgarritasunerako oinarrizko dokumentua (DB-SUA).

22. gaia.–1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa, Eraikuntza Lanetako Segurtasunari eta Osasunari buruzkoa: Xedapen orokorrak. Segurtasunari eta osasunari buruzko azterketak. Laneko segurtasun eta osasun plana. Obra gauzatzen den bitartean, segurtasun eta osasun arloko koordinatzailearen betebeharrak. Gorabeheren liburua. Lanak etetea. Langileen eskubideak.

23. gaia.–172/2010 Ebazpena, otsailaren 22koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko parametro orokorrak onesten dituena. II., III., eta IV. kapituluak. 517/2013 Ebazpena, ekainaren 20koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko parametro orokorrak aldatzen dituena.

24. gaia.– 20/2010 Foru Agindua, otsailaren 20koa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroan inskribatu beharreko ondasun higiezinak baloratzeko arau tekniko orokorrak onesten dituena. 131/2016 Foru Agindua, urriaren 28koa, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak emana.

25. gaia.–390/2021 Errege Dekretua, ekainaren 1ekoa, eraikinen energia-efizientziaren ziurtapenaren oinarrizko prozedura onesten duena. 199/2013 Foru agindua, maiatzaren 30ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, eraikinen efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien erregistroa aldatzen duena. Eraikinen ziurtagiri energetikoa: eraikinen itxiturak, isolatzaileak, zubi termikoak, kondentsazio motak. Airearekiko iragazkortasuna eta infiltrazioak. Energia eskaria mugatzea eraikinetan. Energia-kalifikazioa. Aplikazioko programa informatikoak. Etiketa energetikoa. Aplikatu beharreko araudia.

26. gaia.–Abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena eta martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretua, abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena, garatzeko erregelamendua.

27. gaia.–Urei, abeltzaintzari, memoria historikoari, errepideei, trenbideei, hilerriei eta hilotzen sanitateari buruzko legeriak lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan duen eragina.

28. gaia.– 135/1989 Foru Dekretua, ekainaren 8koa, ezartzen duena zer baldintza bete behar dituzten zaratak edo bibrazioak sortzen dituzten jarduerek.

29. gaia.–393/2007 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, Larrialdi egoerak sortzen ahal dituzten jardueretan aritzen diren zentro, establezimendu eta egoitzen autobabesari buruzko Oinarrizko Araua onesten duena. Norbera babesteko plana eta haren prestaketa. Norbera babesteko planaren gutxieneko edukia.

30. gaia.–Uztailaren 23ko TMA/851/2021 Agindua, zeinaren bidez garatzen baita irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezeko baldintza oinarrizkoen agiri teknikoa, espazio publiko urbanizatuak eskuragarri eta erabilgarri egon daitezen.

31. gaia.–Tafallako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) (1994ko 157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 30ekoa). 4. dokumentua. 4. kapitulua. Gutxieneko bizigarritasun baldintzak.

32. gaia.–Tafallako hirigune historikoaren Barne Erreformako Plan Berezia (2011ko 138. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 12koa).

33. gaia.–Tafallako Trafikori buruzko Udal Ordenantza (2010eko 100. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 18koa) eta haren aldaketa (2010eko 108. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 6koa).

34. gaia.–Terrazei buruzko Udal Ordenantza (2008ko 105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 27koa) eta haren aldaketak (2015eko 34. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 19koa, eta 2016ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 26koa).

Bigarren zatia:

35. gaia.–Eraikinetako mantentze lanak: kontzeptu orokorrak. Eraikin bateko mantentze lanak programatzeko jarraibideak. Eraikin bateko mantentze lanen programa aplikatzeko jarraibideak. Mantentze lanen programa prestatzeko orduan kontuan hartu beharreko oinarrizko baldintzak.

36. gaia.–Eraikinetan mantentze lanak ez egitearen eta gaizki erabiltzearen ondorioak. Gaizki erabiltzeak eta mantentzen lanik ez egiteak ezbehar guztien kopuruarekin duten zerikusia. Kalterik ohikoenak zein eta non izaten diren. Gaizki erabiltzeagatik eta mantentze lanik ez egiteagatik sortutako kalteak sailkatzeko irizpideak.

37. gaia.–Barnealdeetako instalazio elektrikoak: aginte-taula orokorra eta babesa. Oinarrizko zirkuitu elektrikoak barnealdeetan. Kanalizazioak eta eroanbideak. Hargailuak eta mekanismoak. Lur hargunea. Gaintentsioen eta gainintentsitateen aurkako babesak. Zeharkako kontaktuen aurkako babesak. Bertze ekipamendu eta osagai batzuk. Barnealdeetako instalazio elektrikoak muntatu, lanean jarri eta jarduteko eta haien mantentze-lanetarako teknika eta eragiketak. Instalazioen dokumentazioa. Behe tentsioko erregelamendu elektroteknikoa eta jarraibide tekniko osagarriak, barnealdeetako instalazioei aplikatuak.

38. gaia.–Barnealdeko argiteria-sistemak: motak eta ezaugarriak. Zuzeneko eta zeharkako argiteria. Argiztapen instalazioen energia efizientzia (VEEI). Errendimendua. Argiztapena kontrolatu eta erregulatzeko sistemak. Sentsoreak eta erregulagailuak. Argi naturala aprobetxatzea. Mantentze eta zaintze lanak. Mantentzeak errendimenduan duen eragina. Segurtasuna argiztapen desegokiak eragindako arriskuaren aurrean. Motak eta ezaugarriak. Instalazio sistemak. Eraikingintzaren Kode Teknikoa (HE-3, SU-1 eta SU-4 oinarrizko eskakizunak).

39. gaia.–Kanpoaldea argiztatzeko instalazioak: kale-argiak, apaindurako argiak, gaueko segurtasun eta zaintzarakoak, seinaleetarakoak, argizko iragarkiak eta beste argi batzuk. Kanpoko argiak egiaztatu, ikuskatu eta haien mantentze lanak egitea eta dokumentu-erregistroa. Kanpoaldea argiztatzeko instalazioen eragimena eta kalifikazio energetikoa. Gutxieneko betebeharrak. Kalkulua. Erreferentziako balioak. Etiketa energetikoa. 1890/2008 E.D.

40. gaia.–Jasogailuak. Jasogailuen motak eta eskemak. Prest jartzea. Zerbitzu-probak. Instalatzeko baimena, zerbitzuan jartzea eta funtzionatzen hastea. Eragiketa- eta mantentze-lanak. Aldiroko ikuskapena. ITC-BT-32. Eraikingintzaren Kode Teknikoa (SU-2 oinarrizko eskakizuna). Segurtasuna harrapatzeak eragindako arriskuaren aurrean. Jasogailuen araudia. Aplikazio-eremua. Jarraibide tekniko osagarriak.

41. gaia.–Berokuntza eta ur beroa. Sortzeko bideak: galdarak eta erregai motak. Ur beroaren bidezko berokuntza: erradiadoreak, konbektoreak, zoru bero-emailea. Operazio tenperaturak, mugak. Hodi bakarreko sareak eta bi hodiko sareak. Erregulazio sistemak. Mantentze lanetarako irizpide orokorrak. Makina gelak. Tximiniak, ke-hodiak. Energia aurreztu eta optimizatzeko sistemak. Eraikingintzaren Kode Teknikoa (HE-2 eskakizuna). Instalazio termikoen errendimendua.

42. gaia.–Klimatizazio instalazioak: klimatizazio instalazio baten oinarrizko eskema. Klimatizazioa: hotza bakarrik, eta beroa bakarrik. Berokuntza punpak. Hotz zikloa. Beroa sortzea. Klimatizazio zentralizatua. Hozteko makina hezeak eta idorrak. Instalazio zentralizatu bateko klimatizagailu baten deskribapena: iragazkiak, bero eta hotz bateriak, hezetzea. Energia berreskuragailuak: motak. Hozteko makinak: motak. Airearen tratamendua eremu kritikoetan. Airea banatzeko ekipamendu autonomoak.

43. gaia.–Esparruak egurastea. Motak eta erabilerak. Naturala eta bortxatua. Banakakoa eta zentralizatua. Abantailak eta desabantailak. Lokal berezien aireberritzea (komunak, ordenagailu gelak, bulegoak eta abar).

44. gaia.–Berokuntza, klimatizazio eta ur bero sanitarioen instalazioetarako erregelamenduzko betebeharrak: mantentze lanen kontzeptua. Legezko betebeharrak. Aldizkako gutieneko egiaztapenak. Mantentze lanen liburua. Titularra eta mantentzaile-konpontzailea. Eraikinetako instalazio termikoei buruzko Erregelamendua (RITE) eta jarraibide teknikoak.

6.–Deialdiaren web fitxa, toki erakundearen atarian.

(Helbide elektronikoa).

7.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen erabakia eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Tokiko Gobernu Batzarraren 2022ko maiatzaren 17ko Erabakia, zeinaren bidez onesten baita 2022rako lan publikoaren eskaintza, ezartzen dituena enplegua egonkortzeko prozesuak eta deialdi bereziak, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko). 2022ko 100. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 24koan, argitaratua.

Iragarkia.–Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://sedeelectronica.tafalla.es/wp-content/uploads/2022/12/ANEXO_II_SOLICITUD_C_OPOSICION-1.pdf

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

https://sedeelectronica.tafalla.es/wp-content/uploads/2022/12/ANEXO_III_AUTOVALORACION_C_OPOSICION-1.doc

Iragarkiaren kodea: L2216519