253. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 19a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

FALTZES

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez bete dadin turismoko gidariaren lanpostu huts bat, enplegua egonkortzeko prozesu bereziaren barnean

Faltzesko Udalak, Alkatetzaren 2022ko azaroaren 21eko ebazpen baten bidez, deialdi bat onetsi zuen, bai eta haren oinarriak eta eranskinak ere, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko turismoko gidariaren lanpostu huts bat (D maila), Faltzesko Udalean. Lanpostu hori sartzen da aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan), eta jarraikiz lege horrekin bat datozen arauei, bai eta honako oinarri hauei ere:

OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea turismoko gidariaren lanpostu huts bat (D maila), Faltzesko Udalean (oinarri honen 1.2 puntuan adierazten dira lanpostuaren ezaugarriak), betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, honako arau hauen babesean: abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legea (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen xedeko lanpostu hutsaren ezaugarriak.

1.2.a) Faltzesko Udaleko plantilla organikoan 4-01 zenbakia duen lanpostua. D mailako ordainsariak izanen ditu, jarraikiz Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari, maila horretako eginkizunak baititu, eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere izanen ditu: lanpostuko %6,6ko osagarria, eta %12ko berariazko osagarria.

1.2.b) Lanaldiaren araubidea, eginkizunak, zereginak eta ordutegia izanen dira Faltzesko Udalak lanpostu horretarako ezarritakoak; zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beteko dituzte turismoko gidariaren lanpostuari esleitu zaizkion eginkizunak eta zereginak, funtzionario-araubidean, eta izanen dituzte egoki diren eskubideak eta betebeharrak, hots, ezarrita daudenak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta sailkatuta geldituko da D mailan.

1.4. Eskainitako lanpostua txanda irekiaren bidez beteko da, eta ez da izanen igoera txandarik, ez eta lanpostuen erreserbarik ere desgaitasuna dutenentzat edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

1.5. Deialdia eginen da jarraikiz aplikatu beharreko araudiari eta oinarri hauetan ezartzen denari.

2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3. oinarria.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Edukitzea Eskola Graduatuaren titulua, Lanbide Heziketako lehen mailako titulua edo horien baliokidea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4. oinarria.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, erregistro elektronikoaren bidez, Faltzesko Udalaren webgunean sarturik: www.falces.org.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabidea nahitaez aurkeztu beharko dute I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera (Faltzesko Udalaren webgunean dago eskura).

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 7,25 euroko tasa ordaindu beharko da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko: Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Salbuespen hori honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, aurkeztu beharko da behar den enplegu bulegoak emandako agiria. Bertan, agertu behar da lan eskatzaile gisa inskribatu zen data, eta, orobat, ez diola uko egin inolako lan egokiri inskribaturik egon diren bitartean eta, orobat, ez diola uko egin parte hartzeari lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Frogatzeko ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik, hilean zenbatuta, interesdunak aurkeztu beharko du erantzukizunpeko adierazpen bat, I. eranskineko eskabidea betez.

Tasa banku-transferentziaz ordainduko da, kontu honetan: ES30 3008 0008 3207 0320 9718. Transferentziaren frogagiria aurkeztuko da eskabidea egiten denean. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Eskaerak aurkezteko epean azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean (I. eranskina, www.falces.org webgunean eskuragarri), izangaiek aurkeztu beharko dute honako dokumentazio hau , eskaneaturik, Faltzesko Udalaren erregistro elektronikoan:

1.–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

2.–Behar den tasa ordaindu izana frogatzen duen gordekina.

4.3.b) apartatuko kasuarengatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek aurkeztu beharko dute enplegu bulegoak emandako ziurtagiria eta errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, soilik ez badute dagokion atala bete I. eranskineko eskabidean.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori Faltzesko Udalaren webgunean argitaratuko da: www.falces.org.

5.2. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute izan beharrik lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo bereko titulurik, ez eta ikasketa maila bereko titulurik edo goragokorik ere.

5.3. Baldin eta langileen ordezkariek ez badute dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo, behar denean, haien ordezkoek.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Faltzesko Udalaren webgunean: www.falces.org.

Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpenean berean argitaratuko da epaimahaiaren osaera.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Faltzesko Udalaren webgunean: www.falces.org.

6.2. Behin-behineko zerrenda webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak aurkeztuko dira Faltzesko Udalaren erregistro elektronikoan, udal webgunean: www.falces.org.

6.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondotik, onetsiko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Udalaren webgunean: www.falces.org.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen xedeko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez, deialdi honetan adierazten den gai-zerrendaren arabera.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 30 puntu eskuratu beharko dira gutxienez.

7.2.2. Test motako proba bakarra eginen da, eta haren edukia izanen da deialdi honetan jasotako gai-zerrendari buruzkoa. Proba hasi aurretik ezarriko dira galdera kopurua, erantzuteko aukerak, eta erantzun egoki eta okerren puntuazioa.

7.2.3. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua.

7.2.4. Deialdi bakarra eginen da oposizioaldiko probetarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egunetan, orduetan eta tokietan agertzen ez diren izangaiak edo behar diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.5. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2.6. Oposizioaldiko probaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitaratuko du lortutako kalifikazioen zerrenda, pliken zenbakiekin, Faltzesko Udalaren webgunean: www.falces.org.

Emaitzak argitaratzen diren egunean berean iragarriko dira, aipaturiko webgunean, plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.

Behin plikak jendaurreko egintzan irekita, kalifikazio epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, Faltzesko Udalaren webgunean, behin-behineko kalifikazioekin, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia (erregistro elektronikoaren bidez). Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.7. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzean, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten II. eranskinaren araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 20 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 20 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Faltzesko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 12 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Faltzesko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 6 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 3 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 20 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira, eta bertan jaso beharko dira zerbitzuaren iraupena, bete den lanbide-kategoria, eta lanpostuari dagokion maila. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Halaber, lan bizitzaren txostena erantsiko da.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 20 puntu:

b.1) Deialdian eskatzen den maila baino goragoko titulu bat frogatzeagatik, 10 puntu titulu bakoitzeko, eta 10 puntu gehienez ere.

b.2) Deialdiaren aurreko azken hiru urtean lanpostuarekin lotutako prestakuntza jaso izana frogatzeagatik: 0,25 ordu bakoitzeko; 10 puntu gehienez.

7.3.2. Merezimenduak ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, baldin 7.2.7 oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean ez badaude zerrendatuta, alegatuta eta frogatuta; betiere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala frogatuta.

Epaimahaiak ez du behin ere onartuko alegatu ez den merezimendurik, edo agiri bidez frogatu ez denik. Orobat, ezin izanen du eman 7.3 atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaien behin-behineko puntuazioak, Faltzesko Udalaren webgunean (www.falces.org), eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.4. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Faltzesko Udalaren webgunean.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken puntuazioa izanen da oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen batura.

7.4.2. Berdinketarik gertatuz gero parte-hartzaileen puntuazioetan, oposizio-lehiaketaren prozedura berezi honetan, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da. Hala ere berdinketak bere horretan segitzen badu, honako hauetan puntuazio handiena lortu duenaren alde joko da, hurrenkera honetan: merezimendu profesionalen a.1), a.2) y a.3) atalak. Lehenik, a.1) atalean puntuazio handiena lortzen duenaren alde; berdinketak badirau, a.2) atalean puntuazio handiena lortzen duenaren alde; eta, azkenik, a.3) atalean puntuazio handiena lortzen duenaren alde.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiek eginen duten berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak Faltzesko Udalaren webgunean argitaratuko du gainditu dutenen zerrenda, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta organo eskudunari igorriko dio, behar diren izapideak egin ditzan baldintzak frogatzeko.

8. oinarria.–Baldintzak frogatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 eguneko epea irekiko du, lehen postuan hautaturik gelditu eta lanpostua eskuratu duen izangaiak aurkez dezan behar den dokumentazioa, titulazioa (3.1 oinarria) frogatzeko, hots, eskatzen den tituluaren kopia edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinaren kopia, edo eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Deialdi honetan ez dago lanpostu hutsak hautatzeko egintzarik, lanpostu bakarra baitago.

9. oinarria–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamenean jasoko da deialdiko lanpostu bakarrean sartuko den izangaia, puntuazio handiena izateagatik.

Izendapen proposamen hori Faltzesko Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Proposaturiko izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 10 egun balioduneko epean, izendapen proposamena Faltzesko Udalaren webgunean argitaratzen denetik zenbatzen hasita:

a) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez duela eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik administrari-ofizial karguaren eginkizunak betetzea.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta administrari-ofizial karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, baja beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada bere eskudantziak betetzeko, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark aurkeztu beharko du deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaia izendatuko da Faltzesko Udaleko funtzionario, turismoko gidariaren lanpostuan jardun dezan.

10.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nominako eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean hartuko du lanpostuen jabetza hautatuko izangaiak.

10.5. Izendatuak ez badu jabetza hartzen emaniko epearen barnean, ezinbesteko kasuetan salbu, Faltzesko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.6. Funtzionario bihurtzen den izangaiari, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta ematen bazaio borondatezko eszedentzia, jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian aurreikusitako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira (araubide administratiboan), aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda hori subsidiarioki aplikatuko da, lehentasuna izanen baitu funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dagoen kontrataziorako izangaien zerrendak, halakorik baldin badago.

11.2. Kalifikazio epaimahaiaren proposamenaren arabera, Faltzesko Udalaren webgunean argitara emanen da deialdi honen ondorioz sortzen den aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

12. oinarria–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez ofizialki argitaratu beharreko tramiteak, www.falces.org webgunean argitaratuko dira proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere.

13. oinarria.–Datuen babesa.

Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Faltzesko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea) eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin (egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa); orobat, helburua da langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua: tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion legezko betebehar bat betetzeko.
  • DBEOren 6.1.b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte denean, edo berak eskatutako tratamendua, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez aurreikusitako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, Faltzesko Udalaren www.falces.org webguneko egoitza elektronikoaren bidez (datuen babeserako izapideak) edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@falces.org).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

14. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

15. oinarria.–Gai-zerrenda.

1. gaia. Nafarroako Foru Komunitateko baliabide turistikoak. Nafarroako mendialdea. Iruña eta Iruñerria. Erdialdea eta Lizarraldea. Nafarroako Erribera.

2. gaia.–Turismo arloaren antolaketa Nafarroan. Eratzen duten entitateak. Estatuko erakunde eta entitate turistikoak.

3. gaia.–7/2003 Foru Legea, otsailaren 14koa, Nafarroako Turismoari buruzkoa. Abuztuaren 25eko 520/2003 Foru Dekretua, arautzen duena Nafarroako Turismo Erregistroaren antolamendua eta funtzionamendua.

4. gaia.–Araudia: 146/2005 Foru Dekretua, abenduaren 26koa, onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko hotel-establezimenduak antolatzeko Erregelamendua. 230/2011 Foru Dekretua, urriaren 16koa, onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko apartamentu turistikoen antolamenduari buruzko erregelamendua.

5. gaia.–243/1999 Foru Dekretua, ekainaren 28koa, Landa-etxeetan Ostatatzea arautzen duena. 44/2014 Foru Dekretua, maiatzaren 28koa, nekazaritza-turismoari buruzkoa. 140/2005 Foru Dekretua, abenduaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako turismoko aterpetxeak antolatzeko Erregelamendua.

6. gaia.–288/2004 Foru Dekretua, abuztuaren 23koa, onesten duena turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jardueren Erregelamendua.

7. gaia.–24/2009 Foru Dekretua, martxoaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua.

8. gaia.–Faltzes udalerria. Kale-izendegia. Datu interesgarriak. Pertsona ospetsuak. Baliabide turistikoak, historikoak eta naturalak Faltzesen. (Eskura dago informazioa Udalaren www.falces.org webgunean).

9. gaia.–Udalaren ordenantza eta erregelamenduetatik, honako hauek: Udal Ordenantza, arautzen duena autokarabanak eta bizitegi-ibilgailuak aparkatzea eta gaua ematea Faltzesko autokarabanen eremuan. Pedro Iturralde zentro zibikoaren erregelamendu orokorra. Erregelamendu berezia, emateko Faltzesko Udalaren tituluak, ohoreak, kondekorazioak eta goraipamen ofizialak. Faltzesko Udaleko erregelamendu organikoa. (Eskura daude Udalaren www.falces.org webgunean).

I. ERANSKINA

Eskabide eredua, honako deialdi honetan parte hartzeko: deialdia, turismoko gidariaren lanpostua bete dadin oposizio-lehiaketa bidez (D maila), aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean

https://www.falces.org/2020/wp-content/uploads/2022/11/Anexo-I-Concurso-oposicion.docx

II. ERANSKINA

Autobalorazio agiria, turismoko gidariaren lanpostua (D maila) betetzeko oposizio-lehiaketako merezimenduetarako, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesuaren barnean

https://www.falces.org/2020/wp-content/uploads/2022/11/Anexo-II-Concurso-oposicion.docx

Faltzesen, 2022ko azaroaren 28an.–Alkate udalburua, Sara Fernández Allo.

Iragarkiaren kodea: L2216110