253. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 19a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CINTRUÉNIGO

Deialdia, lanpostu huts batzuk bete daitezen oposizio-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan)

San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzarraren 2022ko azaroaren 24ko Erabakia, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita lanpostu hutsak betetzeko oposizio-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko).

San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzarraren 2022ko maiatzaren 18ko Erabakiaren eta alkatearen 2022ko maiatzaren 19ko 2022-0173 Ebazpenaren bidez (2022ko 103. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 26koa) egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintza partziala onetsi zen, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoaren arabera; ondoren, alkateak 2022ko uztailaren 15ean emandako 2022-0314 Ebazpenaren bidez zuzendu zen eskaintza hori (akats zuzenketa 2022ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 4koan).

San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzarraren 2022ko urriaren 20ko Erabakiaren eta Cintruenigoko Udaleko osoko bilkurak 2022ko azaroaren 2an hartutako Erabakiaren bidez, erakunde hau partez atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

Kontuan harturik sindikatuetan izandako negoziazioa Negoziazio Mahai Orokorrean.

Kontu-hartzailetzari fiskalizazio-txostena eskatu zaio, eta hark 2022ko azaroaren 22an emandako txostenean adierazi du nahikoa kreditu dagoela.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak ematen dizkioten eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearekin bat,

ERABAKITZEN DA:

1. Deialdia eta haren oinarriak onestea I. eranskinean zehazten diren lanpostu hutsetarako, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera.

2. Deialdi hau eta haren oinarri eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Erabaki honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Cintruenigon, 2022ko abenduaren 5ean.–Alkatea, Óscar Bea Trincado.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatutako eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, zeina egiten baita abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, hizpide dituena neurri batzuk, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Lanpostu huts horiek honako txanda hauetan banatuko dira, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera:

Txanda irekia: Eskaintzan sartutako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira.

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek edo halakoen gisan kontratatzen direnek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko dira.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak eskabide orokorra baliatuta egin beharko dira, San Francisco de Asís Udal Patronatuko Erregistro Nagusian.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Ez da tasarik ordaindu behar azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik, halakorik ez baitago jasota udal araudian; inguruabar hori ezaugarrien taulan ere zehaztu da.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Patronatuko Erregistro Nagusian, kasuaren arabera:

–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila erakundearen atariko deialdiaren web fitxan (deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztua).

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan, erakundearen atarian.

6.2. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak San Francisco de Asís Udal Patronatuko Erregistro Nagusian aurkeztu beharko dira.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, eta deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko da.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 30 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. C, D eta E mailetarako, oposizioaldiak proba bakarra izanen du, test motakoa.

7.2.3. A eta B mailetarako, oposizioaldian gehienez bi proba eginen dira. Bi proba egitea aurreikusten bada, biak egun bakarrean egiten ahalko dira.

7.2.4. Proben kopurua, ezaugarriak eta edukia deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztuko dira.

7.2.5. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proba guztiak.

Halakorik bada, hurrengo probetarako deialdiak ezaugarrien taulan zehazten den eta erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko ditu epaimahaiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

7.2.6. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2.8. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutako proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, erakundearen atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Horretarako, eskabide orokorra aurkeztu beharko dute San Francisco de Asís Udal Patronatuko Erregistro Nagusian. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.9. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten III. ERANSKINAREN araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta. Hori guztia Patronatuko Erregistro Nagusian aurkeztu beharko da.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 28 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen erakundean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 1,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, emanen da kasu bakoitzean handiena den puntuazioa.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 12 puntu.

b.1) Deialdia egiten duen erakundean eta haren erakunde autonomoetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 3,2 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Prestakuntza: Hobekuntzako eta espezializazioko ikastaroak eta prestakuntza ekintzak egin izana, bete beharreko lanpostuari dagozkion gaietan: 0,003 puntu, ikastaroko eskola-ordu bakoitzeko.

Deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baizik ez dira baloratuko. Ordu osoak baino ez dira baloratuko.

Ziurtagiriek ez badute eskola-orduen kopurua adierazten, ikastaro oso bakoitzari 0,015 puntuko balorazioa emanen zaio.

7.3.2 Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.9. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3 Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia.

7.3.4. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.a) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, apartatu horren barnean azpiapartatu bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiapartatu horiek duten hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, hala badagokio, txanden arabera banatuta eta, horien barnean, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran emanda. Zerrenda argitara emanen da erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan (deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten da), eta organo eskudunari helaraziko dio, baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak egiteko.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren web fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

8.3. Lanpostu hutsak hautatzerakoan, %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten izangaiek lehentasuna izanen dute gainerako izangaien aurretik.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Kontratazio proposamen hori erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

9.2. Erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko funtzionario izendatuko dira edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, kasuan kasuko lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

10.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaiek izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean sinatuko dute kontratua.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, kontratua sinatzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Udal Patronatuaren lan-kontratudun finko izateko. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.6. Lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esleituko zaizkie lan-kontratudun finko berriei.

11.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

Aldi baterako kontratazioetarako izangaien ondoko zerrenda hauek eratuko dira hautapen-prozesuan parte hartu eta lanposturik eskuratzen ez dutenekin:

1) Hautapen prozesua gainditu arren, lanpostua lortu ez duten izangaien zerrenda.

2) Hautapen prozesua gainditu ez duten izangaien zerrenda, honako hauek osatuko dutena: oposizio fasean ezarritako gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaiak, hots, 18 puntu edo gehiago.

11.2. Deialdi honen ondoriozko hautapen-prozesuen ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, eta erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

Gainditu arren lanposturik lortu ez dutenen zerrendan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera erabakiko da izangaien ordena. Berdinketarik gertatuz gero, deialdi honetan berdinketak hausteko ezarri diren irizpideen arabera ebatziko da (oposizio fasearen eta lehiaketa fasearen puntuaziorako irizpideak, eta zozketa).

Hautapen prozesua gainditzen ez duten izangaien zerrendako ordena finkatuko da oposizio fasean lortutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera. Berdinketarik gertatuz gero, deialdi honetan zozketari buruz ezarritakoaren arabera ebatziko da.

Goian aipatutako zozketa egin ez bada, hautapen prozesuaren momentu horretan eginen da.

11.3. Izangaiei lanerako deitu eta, bidezkoa denean, haiek kontratatzerakoan, honako hauetan xedatutakoari jarraikiz jokatuko da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

11.4. Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten ziurtagiriak, kontratua formalizatzen denean ekarri ere, kopiak aurkeztuta.

Sarrera-prozedurarako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira eskatzen diren baldintzak, eta, orobat, hautaprobak egin bitartean eta kontratazio aldiak iraun bitartean.

11.5. Eskatzen diren agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak galduko dituzte, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek oinarri honetan adierazten den moduan frogatu beharko dituzte.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da (ezaugarrien taulan zehazten da).

13.–Datuen babesa.

Izangaiei honako hauek komunikatzen zaizkie, jarraikiz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluari (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO):

–Cintruenigoko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea) eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin (egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa), eta langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Hona hemen tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.
  • DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez aurreikusitako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan, egoitza elektronikoaren bidez edo datuak babesteko ordezkariaren helbidera joz (dpd@cintruenigo.com).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarri espezifikoen taula

DEIALDIA EGITEN DUEN ERAKUNDE AUTONOMOA

CINTRUENIGOKO SAN FRANCISCO DE ASIS UDAL PATRONATUA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

BESTE BETEKIZUN BATZUK

R04.

Sukaldaria

D

Lan-kontratudun finkoa

%100

Zahar etxea

Ez

R31

Gerokultorea

D

Lan-kontratudun finkoa

%100

Zahar etxea

Gizarte erakundeetan mendekotasuna duten pertsonei laguntza soziosanitarioa emateko profesionaltasun ziurtagiria edo Erizaintzako laguntzailearena

Ez

R45

Aisialdiko monitorea

D

Lan-kontratudun finkoa

%50

Zahar etxea

Aisialdiko monitorearen titulua

Ez

2.–Txandak.

Eskainitako lanpostuak txanda irekiaren bidez beteko dira.

3.–Baldintzak.

3.1. Lanpostu guztietarako eskatuko da: Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahalko dute, orobat, Espainiako edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea duten pertsonen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

3.2. Sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik, epai irmo baten bidez, kondenatua ez izateko betebeharra duten lanpostuak (plaza zenbakiak adierazi): Nahitaezkoa da A68, A69, A70 eta A71 lanpostuetan.

3.3. Horrez gain, oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek deialdiaren 3. oinarrian eskatutako gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

4.–Tasa:

Ez dago tasarik.

5.–Oposizioko probak:

Lanpostua: Sukaldaria.

Proba teoriko-praktiko bakarra eginen da; deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko test motako galdera sorta erantzun beharko da, idatziz. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrek ez dute punturik emanen ez kenduko. Probari gehienez 60 puntuko balioa emanen zaio. Bazterturik geldituko dira proban 30 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia. Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

Epaimahaiak zehaztuko du zein den proba egiteko gehieneko denbora.

Ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

Lanpostua: Gerokultorea.

Proba teoriko-praktiko bakarra eginen da; deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko test motako galdera sorta erantzun beharko da, idatziz. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrek ez dute punturik emanen ez kenduko. Probari gehienez 60 puntuko balioa emanen zaio. Bazterturik geldituko dira proban 30 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia. Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

Epaimahaiak zehaztuko du zein den proba egiteko gehieneko denbora.

Ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

Lanpostua: Aisialdiko monitorea.

Proba teoriko-praktiko bakarra eginen da; deialdi honen I. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko test motako galdera sorta erantzun beharko da, idatziz. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrek ez dute punturik emanen ez kenduko. Probari gehienez 60 puntuko balioa emanen zaio. Bazterturik geldituko dira proban 30 puntu, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak; hau da, gehieneko puntuazioaren erdia. Proba hau egiteko ezin da inolako testurik kontsultatu, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik erabili ere, ez bada bolaluma urdina edo beltza.

Epaimahaiak zehaztuko du zein den proba egiteko gehieneko denbora.

Ariketa plika sistemaren bidez eginen da.

6.–Gai-zerrenda.

Lanpostua: Sukaldaria.

1.–Elikadurari buruzko kontzeptu orokorrak. Dietetikaren oinarriak. Gertuko printzipioak, gomendio dietetikoak.

2.–Profesionalaren eginkizunak. Trebetasun irizpideak elikagaiak prestatzean. Egitea eta prestatzea. Egosketa eta sukaldaritzako beste eragiketa batzuk. Elikagai-modalitateak.

2.–Elikadura zahartzaroan.

3.–Menuen plangintza. Menuen ezaugarriak. Dieten kodea. Dieta motak: basala, likidoa, biguna, astringente diabetikoa, hipokalorikoa, proteikoa, behazuna... Barietatea. Txandakatzea.

5.–Sukaldaritzako teknikak. Azterketa eta aukeraketa, egin beharreko prozesuen arabera. Lanabesak, erremintak eta lan egiteko ekipamenduak.

6.–Plateren fitxa teknikoak, gramajeak.

7.–Lehengaiak. Sailkapena, ezaugarri fisikoak, tasun organoleptikoak.

8.–Etxeko ekonomia.

9.–Garbiketa plan orokorra. Desinfekzioa, intsektu kentzea, arratoi garbiketa. Puntu kritikoak, ebaluazioa eta arriskuak. Prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak.

10.–Elikagaiak jaso, biltegiratu, kontserbatu eta manipulatzea: kudeaketa. Elikagaiak lehengoratzea: birberotzea, desizoztea. Elikagaien gaineko segurtasuna. Salgai moten tratamendua, ezagutza eta kontrola: elikagai galkorrak, izoztuak eta kontserbak.

11.–Elikadura-intoxikazioak. Motak, arrazoiak eta haiei lotutako prebentzioa.

12.–Elikagaien manipulazioa.

13.–Lan eremuak. Ganberak, biltegiak, garbi-zikin zirkuitua. Elikagaien prestakuntza. Ekoizpena, akabera, garbiketa eta hondakinak. Elikagaien iraungipena. Biltegia.

14.–Kategoriak berezko dituen laneko arriskuen prebentzioa. Banakako nahiz taldeendako babes neurriak. Sute arriskuetako larrialdi plana. Oinarrizko kontzeptuak, aurreneurriak eta egin beharrekoak. Lehen esku-hartzeko taldeak, haien eginkizunak. Jarduketak.

Lanpostua: Gerokultorea.

1.–Pertsonarengan oinarritutako arreta integralaren eredua, zaintzaren humanizazioa.

2.–Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubide eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.

3.–Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa. Laguntza emozionala ematea egoiliarrari, zaintzaile nagusiari eta familiari.

4.–Mugitzeko arazoak dituen egoiliarrari laguntzea: mugikortasun eta mugiezintasun fisikoa; mugikortasunean eragiten duten faktoreak. Oinez ibiltzen laguntzeko teknikak. Posizio anatomikoa eta gorputz lerrokadura. Ultzerak presioagatik: kontzeptua, arrisku-faktoreak, kokapena, etiologia eta prebentzio-neurriak. Mobilizazioa eta gorputz-jarrerak aldatzea. Erortzeko arriskua, prebentzio neurriak. Laguntzeko gailuen erabilera egokia. Gurpildun aulkien, ohatilen eta garabi elektrikoen erabilera zuzena.

5.–Egoiliarra laguntzea eta zaintzea higiene-beharretan. Higienearen kontzeptu orokorra eta partziala, azalaren eta ilearen higienea, bainu lagunduaren teknika, ohean dagoen egoiliarraren higienea. Aho osasuna eta higienea.

6.–Egoiliarra lagundu eta zaintzea, kanporatze lanei dagokienez. Diuresia eta libratzea, enema motak, enemen administrazioa. Ezagutzak eta laguntzeko jarduerak, gernu, digestio eta ondeste aparatuetako zundaketak egiteko.

7.–Egoiliarra lagundu eta zaintzea elikaduran eta nutrizioan. Elikaduraren eta nutrizioaren kontzeptua, elikagaiak eta haien sailkapena, dietak eta dieta terapeutikoen motak. Elikagaien manipulazioa.

8.–Egoiliarra akuilatzea, alderdi fisiko, psikiko eta sozialean.

9.–Egoitzako langilearen tasunak: autoestimua, konfidentzialtasuna.

10.–Medikamentuak emateko arau orokorrak, emateko bideak, neurriak aldez aurretik, bitartean eta eman ondotik. Medikamentuak biltegiratu eta kontserbatzea.

11.–Osasun mentaleko pazientea zaintzea eta laguntzea honako hauetan: komunitate terapeutikoan, errehabilitazio psikosozialaren esparruan eta arreta komunitarioan.

12.–Laguntza eta zainketak zaharrari: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zainketak, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen egoiliarra laguntzea.

13.–Laguntza eta zainketak hil hurren den egoiliarrari, zainketa aringarriak: Gaixotasun terminalaren kontzeptua, arazo nagusiak. Dolua, motak eta adierazpenak, laguntza ematea zaintzaile nagusiari eta familiari. Hil ondoko zainketak.

Lanpostua: Aisialdiko monitorea.

1.–Animazio geriatrikoaren oinarriak.

1.1. Animazio geriatrikoa. Animatzaile geriatrikoa 1.2 Zahartzaroa: hurbilketa teorikoa 1.3 Zahartze prozesuaren ezaugarriak 1.4 Zahartzaroa, erretiroa eta aisialdia 1.5 Genero-ikuspegia zahartzaroan 1.6 Zaharrentzako animazio jarduerak planifikatzea eta programatzea.

2.–Adinekoen sustapen fisikorako jarduerak.

2.1. Zahartze aktiboa eta osasuntsua sustatzea: nutrizioa eta ariketa fisikoa 2.2 Animatzaile geriatrikoa osasun fisikoaren sustatzaile gisa 2.3 Animazioko eta sustapen fisikoko jarduerak: gogoetak, tipologiak, adibideak eta laguntza elementuak 2.4 Arriskuen prebentzioa jarduera fisikoetan 2.5 Baldintzen balorazioa animazio jarduerak egin aurretik.

3.–Adinekoen sustapen psikosozialerako jarduerak.

3.1. Zahartze aktiboa eta osasuntsua sustatzea: jarduera mentala eta parte-hartze soziala 3.2 Familiaren rola zahartze aktiboan 3.3 Zahartzeari buruzko estereotipoak eta auto estereotipoak 3.4 Gomendio orokorrak adinekoak tratatzeko 3.5 IKTak adinekoen garapen kognitibo eta sozialean 3.6 Adinekoen garapen kognitibo eta sozialerako jarduerak.

7.–Deialdiaren web fitxa, erakundearen atarian: (Helbide elektronikoa).

http://patronatosanfranciscodeasis.com/concursooposicion.html

8.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

San Francisco de Asís Udal Patronatuko Batzarraren 2022ko maiatzaren 18ko Erabakia eta alkatearen 2022ko maiatzaren 19ko 2022-0173 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baita egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintza partziala, abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera (Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien legea), eta haren akats zuzenketa egiten duen alkatearen 2022-0314 Ebazpena, 2022ko uztailaren 15ekoa (2022ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 4koan, argitaratua).

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/103/28

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/155/20

9.–Deialdia onesten duen ebazpena.

San Francisco de Asis Udal Patronatuko Batzarraren erabakia, 2022ko azaroaren 24ko bilkuran hartutakoa.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

http://patronatosanfranciscodeasis.com/documentos/OPOSICION_ANEXO_2.pdf

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

http://patronatosanfranciscodeasis.com/documentos/OPOSICION_ANEXO_3.pdf

Iragarkiaren kodea: L2216517