251. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

231E/2022 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Abaurregain aldean nekazaritzako azpiegituretako jarduketak hastea onesten duena.

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak ezartzen du lurzatiak biltzea funtsezko elementua izanen dela azpiegituren arloko jarduketetarako, eta hori ingurumen arloko tramiteekin koordinatu behar dela juridikoki, eta aldi berean tramitatu, baita ureztalur bihurtzeko, ureztalurrak modernizatzeko eta bide eta saneamendu sareak egiteko obrekin ere. Lurzati bilketaren oinarrizko helburua izanen da ustiategiak eta, hala bada, ureztaketa unitateak eratzea, ingurumenaren, agronomiaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntuetatik bideragarriak.

Foru lege horretan xedatutakoaren arabera, nekazaritzako azpiegituretako jarduketa bat hasiko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu baten bidez; jarduketa hori balizko onuradunek egindako eskaera arrazoituaren ondorioz abiatu daiteke, betiere baldintza zehatz batzuk betetzen badira.

2022ko apirilaren 1ean, Abaurregaineko Udalaren eskaera bat jaso zen, Abaurregaineko landa-lurzati partikularrak baloratzeko eta berriz elkartzeko proiektuan sartutako masen lurzatiak bateratzeko. Ustiategien 12 titularrek jarduketaren alde sinatu dute. Titular horiek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren menpeko Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan izena emana duten jarduketa eremu horretako nekazaritza ustiategien %85,71 dira; hortaz, eskatzen den gutxieneko portzentajea (%70) gainditzen da. Abaurregaineko Udalak ere lurzatiak bateratzeko prozesuaren aldeko erabakia hartu du, 2022ko martxoaren 23an egindako osoko bilkuran hartua.

Ikusirik eskualde horretako inguruabar sozial eta ekonomikoak, beharrezkoa da nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea, lurzatiak bilduz.

Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak Abaurregain aldeko nekazaritza azpiegituretan jarduketak hastea proposatu du, 400 ha inguruko eremu batean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Hasiera ematea Abaurregain aldean nekazaritza azpiegituretan esku hartzeko prozesuari, lurzatiak biltzeko berezko tresnen bidez.

2. Hasiera batean, Abaurregaineko udal mugarteko 400 hektarea inguruko eremu bat ezartzea jarduketaren xede gisa, muga hauek dituena:

Iparraldean: Abaurrepeko udal mugartea.

Hegoaldean: Abaurregaineko 3. katastro-poligonoa.

Ekialdean: Jaurrietako udal mugartea.

Mendebaldean: Abaurrepeko udal mugartea.

3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak espresuki baimena eman beharko du landaketa berriak egiteko, alor iraunkorrak sortzeko, bertan eraikitzeko edo eskualdeko geroko egituretan eragina izan dezakeen beste edozein ekintza egiteko.

4. Jabeei eta nekazariei adieraztea Nafarroako ohiko nekazaritzako jardunbide egokien arabera landu beharko dituztela lurrak. Horretaz gain, ezin izanen dituzte obrak hondatu, zuhaitzak eta zuhaixkak moztu, bota edo erre, ez eta landaketak edo labore iraunkorrak errotik atera edo kendu, lurra elkortu, edo lurzatien balioa murrizten ahal duen ekintzarik egin ere.

5. Interesdunek lurzatien egoera juridikoa zehazteko eta lurrak sailkatzeko dituzten edo behar diren datu guztiak aurkeztu beharko dituzte Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.

6. Hasiera ematea lurrak sailkatzeko eta lurzatien egoera juridikoa zehazteko lan teknikoei eta Aholku Batzordea eratzeko tramiteei.

7. Baimena ematea eskualde horretan garatu nahi den oinarrizko proiektua erredaktatzeko.

8. Foru agindu hau igortzea Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzura eta Sociedad Tecnologías y Servicios Agrarios SA (TRAGSATEC) entitate instrumentalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Foru agindu hau Abaurregaineko Udalari jakinaraztea, eta ohartaraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

10. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2022ko urriaren 20an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2215262