251. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IBEROKO KONTZEJUA

Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Iberoko Kontzejuko Batzarrak, 2022ko abuztuaren 31n egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Iberoko Kontzejuko herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Erabaki hori argitaratu zen 2022ko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 29an.

Jendaurrean egon den bitartean erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, hasierako onespena behin betiko bilakatzen da, eta argitara dadila agintzen da, dagozkion ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (foru lege hori aldatu zuen maiatzaren 31ko 15/2022 Foru Legeak).

Argitara ematen da, eta ohartarazten, erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkezten ahal direla:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraituta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Iberon, 2022ko azaroaren 16an.–Kontzejuko burua, Miguel Antonio Ascunce Díez de Ulzurrun.

ORDENANTZA, IBEROKO KONTZEJUAREN (OLTZA ZENDEA) HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Iberoko Kontzejuaren mugarteko herri-ondasunak administratzeko, erabiltzeko, zaintzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko.

2. artikulua.

Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua.

Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua.

Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren puntuan ezarritakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua.

Iberoko Kontzejuari dagozkio herri-lurretako ondasunak xedatzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Iberoko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Herri-ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua.

Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Iberoko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoan beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, erabiliko dena baldin desagertzen badira edo betetzen ez badira egintza horien helburuak edo baldintzak.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Iberoko Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua.

Iberoko Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua.

Iberoko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahal du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariak txostena eginda eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua.

Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Iberoko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartu beharko du komunikazio horiei buruzko erabakia.

10. artikulua.

Iberoko Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua.

Iberoko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du, beti, iraungi daitezen herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, hain zuzen ere sortu direnak baimen, kontzesio edo beste ezein tituluren kariaz, betiere horretarako baliatuz ahalmen hertsatzaileak. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua.

Iberoko Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua.

Iberoko Kontzejuak bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean herri-lurretako ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarrek ekitea, zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Iberoko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua.

Honako aprobetxamendu hauek arautzen ditu ordenantzak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Etxeetarako egur-aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.

Iberoko Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori guztia bateragarri eginen du haien izaera sozialarekin.

16. artikulua.

1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Oltza zendeako Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 4 urte lehenagotik.

c) Iberon urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

Oltza zendeako Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea, udal hori baitagokio Iberori.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, baldin, familiakoekin bizi arren, haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Iberoko Kontzejuak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

1. ATALA

Herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua.

Iberoko laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua enkante publikoaren bitartez adjudikatuko da.

18. artikulua.

Aprobetxamendua ez da 4 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

19. artikulua.

Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu mota honetan:

–Lehorreko lurrak: 20 euro erreguko eta urteko.

–Ureztalurrak: 50 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko horiek dagozkio 2022. urterako proposatutako kanonari, eta urtero eguneratuko dira, KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Nolanahi ere, kanonak Iberoko Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutxienez ere.

20. artikulua.

Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen badira eta kide guztiek 16. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

21. artikulua.

Ordenantza honi doakionean, zuzeneko laborantza pertsonala izateko, adjudikazio-hartzaileak edo haren familia unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izango dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek horretara behartzen.

Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Iberoko Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurrak norberak zuzenean ezin baditu landu, 25. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

22. artikulua.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Kontzejuak adjudikatu eginen ditu beste enkante publiko baten bidez.

Iberoko Kontzejuak eskumena du erabakitzeko ea noiz dagoen ezintasun fisikorik edo bestelakorik, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Gisa honetara, lurzatirik gabe gelditu diren onuradunek partzuergoa edo lagapena egin zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuaren diruzaintzan.

23. artikulua.

Iberoko Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Erabakiko da honako kasu hauetan ez dutela egiten zuzeneko laborantza pertsonalik:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko.

b) Baldin Landazaintza Zerbitzuaren edo Herri-lurren Batzordearen ustez norberak zuzenean lantzen ez baditu adjudikatutako lurzatiak, ordenantza honen 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatzen den bezala.

c) Beren kabuz egindako lanen egiaztagiriak (lurra lantzearenak, lehengaiak erostearenak eta produktuen salmentarenak) aurkezteko eskatu zaienak.

d) Nekazaritzako etekinik aitortzen ez bada pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikaturiko lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez dutenak.

f) Laborantzako lurrak jabetzan izanik, horiek errentan ematen bazaizkie hirugarren batzuei.

2. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

24. artikulua.

Iberoko Kontzejuak osoko bilkuran aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki oholean ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen esleipena eska dezaten.

25. artikulua.

Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Iberoko biztanleak izatea, gutxienez 4 urteko antzinatasunez, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Oltza zendeako Udalarekin zerga arloko beharkizunak betetzea.

26. artikulua.

Herri-lurren Batzordeak proposatuta, Iberoko Kontzejuak osoko bilkuran onartuen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

27. artikulua.

Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da aprobetxamendu mota bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda, 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

28. artikulua.

Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

29. artikulua.

Titular diren herritarren behin betiko zerrenda ikusita, loteak adjudikatzeari ekinen diogu; horretarako, enkante publikoa eginen da. Loteen ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 19. artikuluan ezarritakoaren araberakoak.

Lurzatien esleipena burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Kontzeju honen iragarki oholean. Zerrendak Kontzejuak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

30. artikulua.

Behin ebatzita argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

31. artikulua.

Iberoko Kontzejuko herri-larreek beste finka partikular batzuekin batera, antzinako usadioari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz, baterako ustiapen unitate hau osatzen dute:

32. artikulua.

Iberoko Kontzejuko herri-larreen aprobetxamendua adjudikazio bidez eginen da, enkante publikoan.

33. artikulua.

Herrilarreen aprobetxamendua zuzenean eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egin edo bertze batzuei lagatzeko. Ondorio horietarako, Iberoko Kontzejuak uste izanen du ez direla larreak zuzenean aprobetxatzen onuradunek haien azienda kentzen dutenean Aziendaburuen Erregistrotik.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

34. artikulua.

Mendian aski izanik eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Iberoko Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

35. artikulua.

Iberoko Kontzejuak urtero finkatuko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

36. artikulua.

Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

37. artikulua.

Egurra banatzerakoan, Iberoko Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die diru aldetik familia-unitate apalenei, halakorik balego. Nolanahi ere, dagoen egur kopurua zozketa bidez banatuko da, zati berdinetan, eskatzen duten familia guztien artean.

38. artikulua.

Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Kontzejuak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

39. artikulua.

Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, horietako ehizaren aprobetxamendua eginen da gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraituz, eta inguruko ehiza-barrutiaren arauen arabera.

40. artikulua.

Iberoko Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

41. artikulua.

1. Iberoko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen adjudikazioak, xedea herri-lurra hobetzea baldin bada.

Iragarkiaren kodea: L2215331