250. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

87E/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 24koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten duena, horien bidez sustatzeko erantzun hobea eman diezaieten Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonek, aldi baterako babes araubidearen onuradun direnek, dituzten oinarrizko beharrei, pertsona horiek baliabide ekonomiko nahikorik ez badute. DDBN identifikazioa: 659853.

Ukrainako gerraren ondorioz, herrialde horretako bizilagun ugari mugitu dira Europako inguruko herrialdeetara. Migrazioen Nazioarteko Erakundearen azken datuen arabera, lekualdatutako pertsonen kopurua 7 milioitik gorakoa bide da. Pertsona horiek gehienak Europako inguruko herrialdeetan gelditu dira. Egoera horri aurre egiteko, 2022ko martxoaren 4an Kontseiluaren 2022/382 (EB) Betearazpen Erabakia onetsi zen, zeinetan adierazten baita Ukrainatik alde egin eta lekualdatutako pertsona ugari daudela, 2001/55/EE Zuzentarauaren 5. artikuluan jasota dagoen moduan ulertuta, horrek aldi baterako babesaren araubidea ezartzeko ondorioa ekar dezan.

Lekualdatutako pertsona ugari dagoenean aplikatu beharreko aldi baterako babes araubideari buruzko Erregelamenduak, urriaren 24ko 1325/2003 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoak, 20. artikuluan ezartzen duenez, aldi baterako babesaren onuradunek, baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenek, gizarte eta osasun zerbitzuak jasotzen ahalko dituzte asiloaren gaineko araudiarekin bat. Horrez gain, Asilo eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituen urriaren 30eko 12/2009 Legearen 30. artikuluak xedatzen duenez, nazioarteko babesaren eskatzaileei emanen zaizkie, baliabide ekonomikorik ez badute, beren oinarrizko beharrak duintasunez asetzea ziurtatzeko behar diren gizarte eta harrera zerbitzuak.

Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak, abuztuaren 1eko 672/2022 Errege Dekretuaren bidez, xedatu du dirulaguntza zuzenak ematea autonomia erkidegoei, horien bidez sustatzeko erantzun hobea eman diezaieten Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonek, aldi baterako babes araubidearen onuradun direnek, dituzten beharrei, pertsona horiek baliabide ekonomiko nahikorik ez badute.

Errege dekretu horren esparruan, hortaz, dirulaguntza honen xedea da Nafarroako toki erakundeen gastuak finantzatzea, baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonen oinarrizko beharrei erantzuteko jarduketekin lotutakoak, harrera sistemaren hartzaile diren pertsonen eskubideak direnean, edo harrera ibilbidearen faseetako bateko jarduketekin, harrera sistema arautzen duen erregelamenduak, martxoaren 29ko 220/2022 Errege Dekretuaren bidez onetsitakoak, aurreikusitakoaren arabera.

Horrenbestez, dagozkidan eskudantziak erabiliz, hala ematen baitizkidate abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoak, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Dirulaguntzei buruzkoak, eta urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretuak, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdi bat, horien bidez sustatzeko erantzun hobea eman diezaieten Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonek, aldi baterako babes araubidearen onuradun direnek, dituzten oinarrizko beharrei, pertsona horiek baliabide ekonomiko nahikorik ez badute.

2. 430.000 euroko zenbatekoa erreserbatzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren 2023ko gastu-aurrekontuko "Toki erakundeentzako dirulaguntza, arreta emateko Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babesa duten pertsonei, baliabide ekonomikorik gabekoei" izeneko F10001 F1100 4609 231900 [PEP elementua: E-22/000532-02 "Ukrainako gatazka" (F10)] partidaren kargura edo 2023ko aurrekontuan gaitzen den pareko partidaren kargura, kreditu nahikoa eta egokia baldin badago.

3. 430.000 euroko gastua baimentzea Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren 2023ko gastu-aurrekontuko "Toki erakundeentzako dirulaguntza, arreta emateko Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babesa duten pertsonei, baliabide ekonomikorik gabekoei" izeneko F10001 F1100 4609 231900 [PEP elementua: E-22/000532-02 "Ukrainako gatazka" (F10)] partidaren kargura edo 2023ko aurrekontuan gaitzen den pareko partidaren kargura, kreditu nahikoa eta egokia baldin badago.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen kontra, ez baitu administrazio bidea amaitzen, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, bai eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatura eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) ere.

Iruñean, 2022ko azaroaren 24an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

I. ERANSKINA

Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko deialdia, horien bidez sustatzeko erantzun hobea eman diezaieten Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonek, aldi baterako babes araubidearen onuradun direnek, dituzten oinarrizko beharrei, pertsona horiek baliabide ekonomiko nahikorik ez badute. Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak emateko prozedura arautzea, horien bidez sustatzeko erantzun hobea eman diezaieten Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonek, aldi baterako babes araubidearen onuradun direnek, dituzten oinarrizko beharrei, pertsona horiek baliabide ekonomiko nahikorik ez badute.

2.–Aplikatzekoa den araubide juridikoa.

Foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak zuzenduko ditu deialdian berean eta haren oinarri arautzaileetan, abuztuaren 1eko 672/2022 Errege Dekretuan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak. 672/2022 Errege Dekretuaren bidez arautzen da dirulaguntza zuzenak ematea autonomia erkidegoei, horien bidez sustatzeko erantzun hobea eman diezaieten Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonek, aldi baterako babes araubidearen onuradun direnek, dituzten beharrei, pertsona horiek baliabide ekonomiko nahikorik ez badute.

3.–Aurrekontu egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Deialdi honen dirulaguntzak finantzatzeko zenbatekoa, gehienez ere, 430.000 eurokoa da. Finantzaketa eginen da Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren 2023ko gastu-aurrekontuko "Toki erakundeentzako dirulaguntza, arreta emateko Ukrainako gatazka dela-eta aldi baterako babesa duten pertsonei, baliabide ekonomikorik gabekoei" izeneko F10001 F1100 4609 231900 [PEP elementua: E-22/000532-02 "Ukrainako gatazka" (F10)] partidaren kargura edo 2023ko aurrekontuan gaitzen den pareko partidaren kargura, kreditu nahikoa eta egokia baldin badago.

3.2. Gehieneko dirulaguntza hau izanen da:

a) Informazio eta orientazio zerbitzua indartu edo sortzen denean, 3.574 euro hilean gehienez, kontratatutako profesional bakoitzeko. Dirulaguntzaren kargura 6 hilabeteko kontratazioa finantzatuko da gehienez profesional bakoitzeko.

b) Ostatu edo mantenu zerbitzuetarako, gehieneko zenbatekoa 2.000 eurokoa izanen da artatzen den familia unitate bakoitzeko.

c) Laguntza ekonomiko zuzenak nahiz zeharkakoak ematen badira, gehieneko zenbatekoa 2.000 eurokoa izanen da familia unitate hartzaile bakoitzeko.

d) Kontziliazio, aisialdi eta denbora libreko zerbitzuen kasuan, edo gaztelania edo beste hizkuntza ofizial batzuk ikasteko zerbitzuen kasuan, gehieneko zenbatekoa 1.000 eurokoa izanen da zerbitzuak erabiltzen dituen pertsona bakoitzeko.

3.3. Gastu diruz lagungarri guztien batura, erakunde onuradun guztiak kontuan harturik, deialdi honetan baimendutako kreditua baino handiagoa bada, hainbanaketa eginen da dirulaguntzetarako gehieneko zenbateko orokorraren onuradun diren erakundeen artean.

4.–Gauzatzeko epea.

Dirulaguntzaren xede diren jarduketek 2022ko otsailaren 24tik 2022ko abenduaren 31ra bitarte eginak izan beharko dute. Ondorio horietarako, ulertuko da gauzatu direla gastua epe horren barrenean sortu eta 2023ko otsailaren 6a baino lehenago ordaindu bada.

5.–Jarduketa diruz lagungarriak.

5.1. Jarduketa finantzagarriak dira gastu arrunten eta langileria gastuen igoerak, toki erakundeek prestazio eta jarduerak gauzatzeak sortu dituenak, prestazio eta jarduera horien xedea izan bada ziurtatzea betetzen direla Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonek, aldi baterako babes araubidearen onuradun direnek, dituzten oinarrizko beharrak, pertsona horiek baliabide ekonomiko nahikorik ez badute. Hauek dira prestazioak eta jarduerak:

a) Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonei, aldi baterako babes araubidearen onuradun direnei, informazioa eta orientazioa emateko zerbitzuak indartzea, gizarte baliabideak eta zerbitzu publikoak ekitatez jasotzen laguntzeko, edo, hala badagokio, horretarako bitarteko berriak sortzea.

b) Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonei, baliabide ekonomiko nahikorik izan ez eta aldi baterako babes araubidearen onuradun direnei, ostatu eta mantenu zerbitzu zuzenak nahiz zeharkakoak ematea krisi pertsonal edo familiarren egoeretarako dauden bizitoki alternatiboetan; zerbitzu horiek aldi baterako edo mugagabeak izaten ahalko dira, inguruabarren arabera.

c) Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonei, baliabide ekonomiko nahikorik izan ez eta aldi baterako babes araubidearen onuradun direnei, laguntza ekonomiko zuzenak nahiz zeharkakoak ematea, ostatu eta mantenurako oinarrizko prestazioen osagarri gisa.

Prestazio hori ez da finantzagarria izanen jasotzaileak zuzeneko laguntza ekonomikoa jasotzen duen bitartean, laguntza horretarako eskubidea baldin badu pertsona hauen oinarrizko beharrak asetzen direla bermatzeko onetsi den araudian ezarritako baldintzak betetzeagatik. Nazioarteko babesaren arloko harrera sistema arautzen duen erregelamenduak jasotzen du, harrera ibilbideko jarduketen artean, oinarrizko prestazioen osagarri diren jarduketen eta zerbitzuen prestazioa.

d) Kontziliazio, aisialdi eta denbora libreko zerbitzuak zuzenean nahiz zeharka ematea.

e) Gaztelania edo beste hizkuntza ofizial batzuk ikasteko zerbitzuak zuzenean nahiz zeharka ematea.

5.2. Oinarri honetan aurreikusitako jarduketak finantzagarritzat joko dira soilik dirulaguntza eskatzen duen udalerrian erroldaturik dauden pertsonentzat direnean, baldin eta aldi baterako babesaren estatutuaren onuradun badira, lekualdatutako pertsona ugari dagoenean aplikatu beharreko aldi baterako babes araubideari buruzko erregelamenduarekin bat (urriaren 24ko 1325/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsia), eta ministroen kontseiluak 2022ko martxoaren 8an hartutako Erabakiaren esparruan (2022ko martxoaren 9ko PCM/170/2022 Aginduaren bidez argitaratua); erabaki horren bidez luzatu zen aldi baterako babesa, Kontseiluaren 2022ko martxoaren 4ko 2022/382 (EB) Betearazpen Erabakiaren bidez Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonei, aterpea Espainian hartzen dutenei eman zitzaiena, pertsona horiek baliabide ekonomiko nahikorik ez badute.

6.–Gastu diruz lagungarriak.

6.1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, oinarri hauetan ezarritako epean egiten badira. Gastu horien kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

6.2. Berariaz, eta den-denak aipatzeko asmorik gabe, gastu diruz lagungarriak dira 5. oinarrian aipatzen diren jarduketak betetzeko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak, hala nola:

6.2.1) Higiezinen alokairuak eta haiek erabiltzeak ekartzen dituen gastu arruntak.

6.2.2) Jarduera egiteko zuzenean behar diren materialak eta hornidurak.

6.2.3) Langileria gastuak, haien barnean egonda soldatak, erakundearen kargura diren gizarte aseguruak eta, jarduketak gauzatzeko, erakunde onuradunak kontratatutako langileen bestelako lan zamak. Kontratatutako langileen gastuak ez du gaindituko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileei dagokien lanpostu baliokideak dituen oinarrizko ordainsarien zenbatekoa.

6.2.4) Bidaiak eta dietak. Jarduerak egitearekin lotura zuzena duten langileen mugigarritasunari lotutako gastuak dira, betiere gainditu gabe Gobernuak 2012ko azaroaren 28an hartutako Erabakian kostu errealaren gainean ezarritako muga. Erabaki horren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek joan-etorriengatik egiten dituzten gastuak (2012ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 17koa).

6.2.5) Zerbitzu teknikoak eta profesionalak. Erakundeaz kanpoko profesionalen kontratazioari dagozkion gastuak dira, diruz lagundutako proiektuan jasotzen den jarduera jakin bat egiteko kontratatzen den kasuetan.

6.3. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

–5. oinarrian aurreikusitako prestazioak eta jarduerak betetzeko beharrezkoak ez diren gastuak.

–Balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) edo zeharkako beste edozein zerga, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

–Ondasun inbentariagarriak eskuratu, birgaitu eta hobetzea.

–Amortizazioak.

–Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

–Zenbatekoa modu fidagarrian zehaztuta ez duten gastu-kontzeptuak.

6.4. Edonola ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

7.–Erakunde onuradunek bete beharrekoak.

7.1. Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.

b) Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuagatiko edo generoagatiko diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira baldintza guztiak. Orobat, diruz laguntzen den jarduerak irauten duen bitartean bete beharko dira, justifikazio epea bukatu arte.

8.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta modua.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8.2. Eskaerak aurkezteko modua.

Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazio guztia modu telematikoan aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa

Horretarako, nahitaez eduki behar da ziurtagiri digitala.

Eskaera Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio.

8.3. Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera Nafarroako Gobernuaren eskabide orokorrean aurkeztuko da. Helbide honetan dago eskuragai:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/instantzia-orokorra-deskargatu

Behar bezala betetako eskabide ofizialarekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztuko da, eskaneatuta eta agiriak bereizita eta behar bezala identifikatuta:

A.–Erakunde eskatzailearen gaineko dokumentazioa:

a) Onuradun izateko baldintzak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazio ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Zerga-betebeharretan egunean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria, Nafarroako Zerga Ogasunak eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziak gehienez ere aurkeztu baino hilabete lehenago emana. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan eta Zerga Administrazioko Estatu Agentzian (IV. eranskina).

d) Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak egindako ziurtagiria, gehienez ere aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egina, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean daudela. Ez da dokumentazio hori aurkeztu beharko baldin eta baimena ematen bada Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak egiaztapen hori zuzenean egiteko (IV. eranskina).

e) Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo emateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, V. eranskineko ereduari egokitua.

f) Hala badagokio, dirulaguntzaren xede diren jarduerei dagokienez BEZaren edo zeharkako beste edozein zergaren aitorpenak egin beharrik ez izateari edo horietatik salbuetsita egoteari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, VI. eranskineko ereduari jarraikiz.

Erantzukizunpeko adierazpen hori aurkezten ez bada, ulertuko da erakundeak, dirulaguntzaren xede diren jarduerei dagokienez, BEZaren edo zeharkako beste edozein zergaren aitorpenak egin behar dituela eta ez dagoela salbuetsita, eta, beraz, gastu-kontzeptu horiek ez dira diruz lagungarriak izanen, berreskura edo konpentsa daitezkeelako, deialdi honen 6.3 oinarrian aurreikusitako baldintzetan.

g) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren webguneko Diruzaintza Inprimakien atalean egonen da eskuragarri (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm).

B.–Eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduketari buruzko dokumentazioa, balorazioa egiteko:

a) Eskaera tekniko eta ekonomikoko ereduak, euskarri informatikoan eta inprimaki ofizialaren arabera aurkeztuak. Interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webguneko Zerbitzuen Katalogoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak).

Eskaera teknikoek ezin izanen dute 10 orrialde baino gehiago eduki (edo 5 orri bi aldeetatik), Arial 11 letran eginda. Eskaera tekniko luzeagoak atxikiz gero, baloraziorako lehen 10 orrialdeak baizik ez dira aintzat hartuko.

b) Agiri grafiko, tekniko eta ekonomikoak (proformako fakturak, aurrekontu profesionalak eta abar), eta proiektua behar bezala ulertzeko beharrezkotzat jotzen diren bestelako agiriak. Dokumentazio hori guztia memoriaren eranskintzat hartuko da.

9.–Dirulaguntza emateko prozedura eta instrukzioa.

9.1. Prozeduraren instrukzioa Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak eginen du eta, horretarako, dirulaguntzak jasotzeko behar diren baldintzak betetzen diren egiaztatuko du.

9.2. Eskaerak ez baditu adierazitako baldintzak betetzen, gehienez 10 egun balioduneko epean zuzentzeko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, espedientea artxibatzeko ebazpena eman ondoren, zeina Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera emanen baita.

9.3. Gastu diruz lagungarri guztien batura, erakunde onuradun guztiak kontuan harturik, deialdi honetan baimendutako kreditua baino handiagoa bada, hainbanaketa eginen da dirulaguntzetarako gehieneko zenbateko orokorraren onuradun diren erakundeen artean.

9.4. Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak, eskaeren balorazioa egin ondoren, ebazpen proposamena eginen dio Migrazio Politiketako zuzendari nagusiari, dirulaguntza jasotzeko derrigorrezko gisa ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakunde onuradunak adierazita, eta, hala badagokio, gainerako eskaerei uko egiteko arrazoiak ere.

10.–Prozeduraren ebazpena.

10.1. Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez ebatziko dira eskaerak, Karibu-Migratzaileei Harrera eta Lagun Egiteko Zerbitzuak proposamena eginik.

10.2. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea bi hilabetekoa izanen da gehienez, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe hori igaro baina berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

10.3. Deialdiaren ebazpena erakunde interesdunari jakinaraziko zaio administrazio prozedura arautzen duen legedian ezarri bezala, eta Nafarroako Atarian argitaratuko da (www.navarra.es/AyudasyBecas).

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

11.1. Erakunde onuradun guztiek gastu eta ordainketen frogagiriak eta justifikaziorako txostena aurkeztuko dituzte dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik 15 egun balioduneko epean.

11.2. Erakunde onuradunek honako agiri ekonomiko eta tekniko hauek aurkeztu beharko dituzte diruz lagundutako jarduerak gauzatu dituztela justifikatzeko:

a) Justifikazio txostena, euskarri informatikoan, erakundeko idazkariak edo haren fede publikoa bere gain duenak sinatua, diruz lagundutako jarduketak bete direla eta kasu bakoitzean egindako gastu finantzagarrien zenbatekoa adierazita. Txostenean beti jasoko da honako hau:

  • a. Deialdi honen 5.1 oinarrian aurreikusitako jarduketa finantzagarrietako bakoitzean erabili diren zenbatekoak, banakatuta.
  • b. Jarduketa finantzagarri bakoitzean arreta jaso duten pertsonen kopurua.

b) Emandako dirulaguntzaren xedea denean Ukrainako gatazkak ukitutako pertsonei, baliabide ekonomiko nahikorik izan ez eta aldi baterako babes araubidearen onuradun direnei, zuzeneko nahiz zeharkako prestazioak finantzatzea, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, erakundeko idazkariak edo haren fede publikoa bere gain duenak sinatua, gutxienik ere alderdi hauek egiaztatzen dituena:

  • a. Prestazio horiek emateko prozedurak betetzen dituela betebehar hauek: publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibitatea, berdintasuna, eraginkortasuna, efizientzia, diskriminaziorik eza eta kontrola.
  • b. Arreta jaso duten pertsonen kopurua eta haietako bakoitzak jasotako zenbatekoa.
  • c. Arreta jaso duten pertsonak erroldaturik daudela udalerrian, aldi baterako babes araubidearen pean daudela eta baliabide ekonomiko nahikorik ez dutela.
  • d. Pertsona bakoitzari emandako prestazioaren zenbatekoa, beste laguntza batzuekin batera, ez dela bete behar diren premien kostu erreala baino handiagoa.

c) Emandako dirulaguntza toki erakundeko bertako langileria gastuak finantzatzeko erabiltzen denean, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • a. Dirulaguntzaren bitartez finantzatutako langileen lan kontratuak, digitalizatuta.
  • b. Dirulaguntzaren bidez finantzatutako langileen hileko nominen zerrenda, transferentzia bidezko ordainketen ziurtagiriekin batera.
  • c. Gizarte Segurantzako kotizazioen likidazio ordainagiria eta transferentzia bidezko ordainketaren ziurtagiria, dirulaguntzaren bidez finantzatutako langileei dagokiena.
  • d. "Zenbait jarduera enpresarial eta profesionalen lan atxikipenak eta sarienak" aitortzeko eredua, eta Nafarroako Ogasun Publikorako transferentzia bidezko ordainketaren ziurtagiria, dirulaguntzaren bidez finantzatutako langileei dagokienez.

d) Emandako dirulaguntza erabiltzen bada toki erakundeak beste batzuekin kontratatutako jarduerak finantzatzeko, gastu eta ordainketen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, horiek egin direla frogatzea ahalbidetzen dutenak.

2022ko otsailaren 24tik aurrera jaulkitako ordainagiriak eta fakturak baino ez dira onartuko gastuen frogagiri gisa. Agiri horietan honako hauek jaso beharko dira: agiri-zenbakia, jaulkipen data eta ordainketaren data efektiboa, jaulkitzailearen eta hartzailearen datuak, kontzeptua, zenbatekoa eta ordaintzeko formula, bat etorriz fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedatutakoarekin. Kanpoan geratzen dira berariaz albaranak, aurrekontuak eta hartze-agiriak. Fakturak ez dira onartuko baldin eta fakturatutako ondasuna edo zerbitzua ez bada argi eta bereiz ezartzen kontzeptuan.

200 eurotik gorako gastu guztien ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri.

e) Zergapetuak eta salbuetsi gabeak badira, BEZ konpentsatuaren aitorpena.

f) Diruz lagundutako jarduera gauzatu dela frogatzeko balio duen beste edozein dokumentazio, komenigarria iritziz gero.

11.3. Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

11.4. Instrukzio-organoak zehazten duenean zuzendu daitezkeen akatsak daudela erakunde onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzan.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa bakarra eginen da, diruz lagundutako jarduera deialdi honen 11. oinarrian aurreikusitako baldintzetan gauzatu dela justifikatu ondoren. Ordainketaren ebazpena hilabeteko epean emanen da gehienez, justifikazioa egiteko epea bukatzen denetik hasita.

13.–Erakunde onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Justifikatzea dirulaguntza emateko oinarri diren jarduerak gauzatu direla deialdi honen oinarri arautzaileekin, baldintzekin eta betebehar formal eta materialekin bat.

b) Oinarri arautzaile hauetan aipatzen diren frogagiriak aurkeztea.

c) Organo kudeatzaileak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelako organoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari.

e) Erakundearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izan daitezkeen bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ezarritako gainerako eginbeharrak.

14.–Azpikontratazioa.

Erakunde onuradunak azpikontratatzen ahalko du, osorik nahiz hein batean, diruz lagundutako jarduera, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako muga eta baldintzak betez betiere.

15.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

15.1. Dirulaguntza hauek bateragarriak dira helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, Espainiako, Europar Batasuneko edo nazioarteko edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandakoekin.

15.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da inola ere izan diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, dela bakarrik, dela beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera.

16.–Baldintzak ez betetzea.

16.1. Oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aurreikusitako gainerako kausak gertatzen badira, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da, edo, hala badagokio, dagokion zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da, 35. artikulu horretan ezarritakoaren arabera.

16.2. Aurreko apartatuetan xedatutakoa gorabehera, arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan araututakoari jarraikiko zaio, edo, bestela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean bildutako aurreikuspenei.

17.–Administrazio errekurtsoak.

Oinarri arautzaile hauen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Oinarri arautzaile hauek aplikatuz Migrazio Politiketako zuzendari nagusiak ematen dituen ebazpenen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraikiz. Errekurritutako egintza berariazkoa ez bada, edozein unetan jartzen ahalko da gora jotzeko errekurtsoa, isiltasun administratiboaren ondorioak hasi eta biharamunetik aurrera.

18.–Datuen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin ekarriko du Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuak erakunde parte-hartzaileen datuen tratamendua egitea, eta tratamenduaren arduraduna Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusia izanen da.

Datuen tratamendua justifikatuta dago deialdiaren parte-hartzea kudeatu behar delako, eta dirulaguntza ematen denean, alderdien artean sortzen den harreman juridikoa kontrolatu eta gauzatu behar delako. Helburu hori interes publikoko edo ahal publikoko legitimazioa da, Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluan zehazten den moduan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea da oinarri juridikoa.

Dirulaguntzen onuradun den erakundearen datuak, tratamenduaren helburukoak, mota honetakoak dira: identifikaziokoak, harremanetarakoak, bankukoak, profesionalak eta ekonomiko-finantzarioak, edo helburu horretarako behar den beste edozein.

Erakunde parte-hartzaileen datuak zein xedetarako bildu diren, halako xedea lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta xede horren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Zehazki, Nafarroako Gobernuaren agiri kontserbazioaren indarreko egutegian aurreikusita dagoen denboraz gorde beharko dira.

dpd@navarra.es helbidera joaz erabil dezakete interesdunek datu pertsonaletan sartzeko eskubidea, bai eta haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramatekoak ere. Konforme ez egonez gero, jo dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegora: https://www.aepd.es/.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

III. eranskina.–Sexuagatiko edo generoagatiko diskriminaziorik ezari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

IV. eranskina.–Baimena.

V. eranskina.–Beste dirulaguntza batzuk eskatu eta/edo jaso izanari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

VI. eranskina.–Dirulaguntzaren xede diren jarduerei dagokienez BEZaren edo zeharkako beste edozein zergaren aitorpenak egin beharrik ez izateari edo horietatik salbuetsita egoteari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu II. eranskinetik VI.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2215913