107. ALDIZKARIA - 2025eko maiatzaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

56E/2025 FORU AGINDUA, maiatzaren 13koa, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak emana, zeinaren bidez laguntza-deialdi bat onesten baita "Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen duten hizkuntza planak eta ekintza puntualak prestatzeko eta/edo ezartzeko eta eduki digitalak egokitzeko 2025ean". Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren identifikazioa: 832290.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoak premiatzen ditu euskararen presentzia sustatzera gizarteko eremu guztietan, euskara jakiteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko, baita eskubide hori benetako bihurtzeko tresnak zehaztera ere.

Legezko betebehar hori betetzeko, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak eginkizun hauek ditu esleituta: gizarte bizitzaren eremu guztietan euskarari eta haren erabilerari buruz sentsibilizatzeko programak egitea, helburu bera duten erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan, bat etorriz erakunde autonomo horren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 240/2023 Foru Dekretuan xedatutakoarekin.

Horregatik, egoki jo da laguntzak ematea, norgehiagokako araubidearen prozedurari jarraikiz, Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzen duten hizkuntza planak eta ekintza puntualak prestatzeko eta/edo ezartzeko eta eduki digitalak egokitzeko 2025ean.

Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 239/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko entitateei laguntzak emateko deialdi bat, euskararen erabilera eta presentzia sustatzen dituzten hizkuntza planak eta ekintza solteak prestatu/ezarri eta eduki digitalak egokitu ditzaten 2025ean.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontu-kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002/B3200/4819/334113: Laguntzak euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamenduan

2025

85.000

B30002/B3200/7819/334103: Laguntzak, euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko irabazi-asmorik gabeko erakundeendako

2025

9.000

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Gai Administratiboak, Langileria eta Azpiegiturak Kudeatzeko Atalera, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko maiatzaren 13an.–Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA.–NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DAUDEN
IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATEETAN EUSKARAREN ERABILERA ETA PRESENTZIA SUSTATZEN DUTEN HIZKUNTZA PLANAK ETA EKINTZA PUNTUALAK PRESTATZEKO ETA/EDO EZARTZEKO ETA EDUKI DIGITALAK EGOKITZEKO LAGUNTZEN DEIALDIA. OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da arautzea nola emanen diren Nafarroako Foru Komunitatean dauden irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak, horien bidez euskara planak prestatu edo ezar ditzaten eta neurri puntualak hartu eta inbertsioak egin ditzaten hizkuntza horrek haien webguneetan eta software aplikazioetan duen presentzia eta erabilera areagotzeko.

2.–Entitate onuradunak.

Laguntza hauek jaso ahal izanen dituzte indarreko legeriaren arabera legez eratuta dauden eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden irabazi-asmorik gabeko entitate guztiek.

Kanpoan geldituko dira:

a) Beren kapital sozialean administrazio publiko batek edo batzuek %50eko partaidetza baino handiagoa duten entitateak.

b) Honako arlo hauetan aritzen diren entitateak: helduen euskarazko irakaskuntza; euskararen arloko aholkularitza edo normalizazio lanak; eta beste enpresa batzuei euskara itzulpenak egitea edo euskarazko laguntza linguistikoa ematea.

c) Euskara sustatzea jarduera nagusitzat duen beste edozein entitate.

d) Hedabideak.

e) Erakunde sindikalak.

f) Entitate batek azken bi deialdietan laguntza jaso badu 3. modalitateko ekintza puntualak soilik egiteko, deialdi honetan lehen eta bigarren modalitatean baino ezin izanen da aurkeztu. Hots, euskara planik ez duten lantokiek jarduera solteetarako dirulaguntza jaso badute azken bi urteetan, eta deialdi honetan parte hartu nahi badute, euskara plana aurrera eramateko ardura edo haren ezarpena nahitaez beren gain hartu beharko dute (1. eta 2. modalitateak).

g) 10 langile baino gutxiagoko entitateetan, f) puntuko murrizketek ez dute eraginik izanen, horiek 3. modalitatean aurkez baitaitezke lau urtez. Epe hori amaituta, deialdira aurkezten badira, 1. eta 2. modalitateetara aurkeztu beharko dira.

h) 4. modalitatera aurkezten diren entitateei ez zaizkie f) eta g) puntuetako murriztapenak aplikatuko.

i) Entitateek lehenengo modalitateko laguntza (lantokian euskararen egoerari buruzko diagnostikoa egiteko laguntza) jasotzen badute deialdi honetan, berriz ere eskatu ahal izateko baldintza izanen da amaitu izana deialdi honetako laguntzari esker eginiko diagnostikoan oinarritutako euskara planaren ezarpena.

3.–Betebeharrak.

Onuradun izateko, betebehar hauek bete beharko dira eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko da diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

a) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

b) Legez eratuta egotea, Nafarroako Gobernuaren kasuan kasuko erregistroan inskribatuta egotea eta irabazi-asmorik gabekoa izatea.

c) Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

d) Fundazioek, laguntzak jaso ahal izateko, dagokien Babesletzari aurkeztu beharko dizkiote kontuak, Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Legearen 49. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

e) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. apartatuan eta, bereziki, 3. apartatuan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

Frogatzeko b), c), d) eta e) letretan eskatzen diren baldintzak betetzen direla, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du entitateko ordezkaritzak, eskaera inprimakian eta deialdiaren eranskinetan dagoena betez (II. eranskina).

4.–Aurrekontu-baliabideak.

Deialdi honetara bideratuko den gehieneko aurrekontua 94.000 euro da, honako partida hauen kargura: 85.000 euro "Laguntzak, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko irabazi-asmorik gabeko entitateen funtzionamenduan" izeneko B30002-B3200-4819-334113 partidaren kargura –1., 2. eta 3. modalitateetara aurkezten diren irabazi-asmorik gabeko entitateentzat–, eta 9.000 euro "Laguntzak irabazi-asmorik gabeko entitateentzat, euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioak garatzeko" izeneko B30002-B3200-7819-334103 partidaren kargura –4. modalitatera aurkezten diren irabazi-asmorik gabeko entitateentzat–. Bi partida horiek 2025eko gastu-aurrekontukoak dira.

5.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetan kontuan hartuko dira, batez ere, irabazi-asmorik gabeko entitatearen komunikazioarekin eta haren irudi korporatiboarekin lotutako gaiak, eta entitatearen barne eta kanpo harremanekin lotutakoak, denak ere Erreferentziazko Marko Estandarra izenekoan jasoak (aurrerantzean, EMEa; IV. eranskina), barne delarik entitatearen jarduerarako hizkuntza-prestakuntza. Erreferentziazko marko hori erabiliko da erakundean euskarak duen egoera definitzeko.

Gastu diruz lagungarriak dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat datozenak inongo zalantzarik gabe, behar-beharrezkoak direnak eta deialdian ezarritako epean egiten direnak.

Kanpoan utziko dira koordinazioari eta administrazio kudeaketari lotutako lanak.

Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira erakunde horren ohiko gastuak. Gastu horiek berariaz zehaztuta egon beharko dute erakunde onuradunek aurkeztutako fakturetan.

Gastuak onartuko dira soilik baldin eta ordainketa diruzkoa bada eta dagokien fakturarekin eta ordainagiriekin behar bezala justifikatuta badaude.

Entitateak material elebiduna sortzeko eta inprimatzeko egindako gastuak lehenengo aldian bakarrik lagunduko dira diruz. Ez dira diruz lagunduko material hori bera inprimatzeko geroago egindako gastuak.

Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZa) gastua ez da konputatuko, zerga berreskuratu ezin duten entitateetan izan ezik.

5.1. Proiektu edo jarduera diruz lagungarriak:

MODALITATEAK

EGIN BEHARREKOA

1. modalitatea

Euskararen egoerari buruzko diagnostikoa egitea edo euskara plana diseinatzea, EMEan oinarrituta (IV. eranskina)

2. modalitatea

Aldez aurretik EMEan oinarritutako (IV. eranskina) euskara plana egin bada, diruz lagunduko dira bertan jasotako ekintzak eta plana gauzatzeko kudeaketa gastuak

3. modalitatea

Entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko beharrezkotzat jotzen diren ekintza puntualak eta horiek garatzeko kudeaketa-gastuak, betiere EMEan (IV. eranskina) proposatutakoen artetik

4. modalitatea

Lantokian euskararen erabilera sustatzeko eta zabaltzeko euskarazko eduki digitalak (webguneak eta software aplikazioak) sortzeko inbertsioak. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko

Kanpoan gelditzen dira:

–Euskarabidearen beste laguntza-deialdi batean eta epealdi bererako diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak.

–Euskararen kalitatea bermatzen ez duten proiektuak, hots, Euskaltzaindiak emandako arauak eta gomendioak betetzen ez dituztenak.

5.2. Modalitateak eta bateragarritasuna.

Urte berean euskara plana prestatu eta ezarriko duten irabazi-asmorik gabeko entitateek lehenengo bi modalitateetan aurkeztu beharko dute.

Modalitate bati dagokion dokumentazio zehaztua aurkeztu beharko da alde batetik, eta beste modalitateari dagokiona bestetik.

5.2.1. Lehenengo modalitatea: euskarak lantokian duen egoerari buruzko diagnostikoa egitea edo euskara plana diseinatzea. Diru zenbatekoa: 10.000 euro.

Lehen euskara plana egitera bideratutako proiektuak, eta/edo euskara plan bat ezartzen amaitu ondoren beste bat egiteko asmoa duten entitateei zuzendutakoak.

Proiektuek helburu izanen dute euskarari pixkanaka tokia ematea erakundearen jardunean, eta fase hauek izan beharko dituzte:

a) Egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnostikoa, bai barne antolakuntzari dagokionez, bai ematen dituen zerbitzuei dagokienez.

b) Euskara plan bat diseinatzea, bai barne antolakuntzari, bai zerbitzuak emateari dagokienez.

c) Jarduerak ezartzeko kronograma.

d) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza entitatean; motibazioa eta sentsibilizazioa; entitateko langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak, eta/edo hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana prestatzeko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Kontratatutako gastuaren %100era arte laguntzen ahalko da diruz. Kontratatuz gero, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako esperientzia duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

b) Enpresako langileen gastuak, laguntza teknikoarekin batera diagnostikoa edo plana egiten badute. Halakoetan, adierazi beharko da nork eginen duen proiektua, lanaldiaren zer ehuneko emanen duen zeregin horretan eta zer ekintza eginen dituen. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan ezarri beharreko plana prestatzeko behar duten lanaldiaren zatia. (III. B eranskina).

c) Diagnostikoa edo plana egiteko kanpoko inor kontratatu ezean, egiaztatu beharko da proiektua eginen duen langileak akreditatutako esperientzia duela; hain zuzen ere, hori frogatzeko, entitate eskatzaileko arduradunak adierazpen bat egin beharko du (III. C eranskina). Halaber, langile horrek proiektua prestatzeko erabiliko duen lanaldiaren ehunekoa eta eginen dituen ekintzak zehaztuko dira. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan ezarri beharreko plana prestatzen ematen duten lanaldiaren zatia.

5.2.2. Bigarren modalitatea: euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jarduerak, entitatearen euskara planean eta urteko kudeaketa planean oinarritutakoak. Diru zenbatekoa: 70.000 euro.

Datu hauek osatu beharko ditu:

a) Planean adierazitako epean euskararen erabileraren eta presentziaren helburuak lortzeko garatuko diren ekintzak (EME, IV. eranskina), arduradunak, parte-hartzaileak, kostu ekonomikoa eta epeak.

b) Batetik, komunikazio estrategiak, zeinen bidez planaren berri jakinaraziko baitzaie entitateko gainerako kideei, eta, bestetik, motibazio estrategiak eta entitatean euskararekiko jarrera hobetzeko estrategiak.

c) Plana ebaluatzeko ezarritako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza entitatean; motibazioa eta sentsibilizazioa; entitateko langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak, eta/edo hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana ezartzeko egindako ekintzak.

b) Plana ezartzeko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Baldin enpresa bat edo profesionalak kontratatzen badira plana edo haren faseren bat egiteko, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako esperientzia duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

c) Enpresako langileen gastuak, laguntza teknikoarekin batera plana ezartzen badute. Halakoetan, adierazi beharko da nork eginen duen proiektua, lanaldiaren zer ehuneko emanen duen zeregin horretan eta zer ekintza eginen dituen. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan plana ezartzen ematen duen lanaldiaren ehunekoa (III. B eranskina).

d) Plana ezartzeko kanpoko inor kontratatzen bada, egiaztatu beharko da proiektua eginen duen langileak eskarmentu egiaztatua duela. Horretarako entitate eskatzaileko arduradunak adierazpena egin beharko du (III. C eranskina). Halaber, langile horrek lana egiteko erabiliko duen lanaldiaren ehunekoa eta eginen dituen ekintzak zehaztuko dira. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan plana ezartzen ematen duen lanaldiaren zatia.

e) Hizkuntza-prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere lanbide-jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta lantokiak antolatzen badu. Helburu nagusitzat euskararen irakaskuntza duten entitateek eman beharko dute prestakuntza hori, baldin eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kudeatzen duen eta helduei euskara irakasteko zentroak biltzen dituen "Euskaltegis y Gau-eskolas / Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategian izena emanda badaude.

5.2.3. Hirugarren modalitatea: EMEtik (IV. eranskina) hautatutako ekintza puntualak edo neurri zehatzak, aldez aurreko planik gabe. Diru zenbatekoa: 5.000 euro.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Egindako ekintzen ondoriozko gastuak.

b) Ekintza horiek gauzatzeko laguntza teknikoa (enpresak edo profesionalak kontratatzea). Kasu horretan, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako esperientzia duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

Laguntza horri dagokion gastuak ez du onartutako aurrekontuaren %30 gaindituko.

c) Barneko langileen gastuak. Ekintza zehatz horiek eginen dituen entitateko langilearen arduraldia baino ez da diruz lagunduko. Gastu horrek ez du inola ere gaindituko onartutako aurrekontuaren %30. Zehaztu beharko da nork eginen dituen ekintza zehatz horiek, lanaldiaren zer ehuneko emanen duen zeregin horretan eta zer ekintza eginen dituen (III. B eranskina).

d) Hizkuntza-prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere lanbide-jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta lantokiak antolatzen badu. Prestakuntza hori gaitutako entitateek eman beharko dute. Entitate horien helburu nagusien artean euskararen irakaskuntza egonen da, eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kudeatzen duen eta helduei euskara irakasteko zentroak biltzen dituen "Euskaltegis y Gau-eskolas / Euskaltegiak eta Gau-eskolak" izeneko fitxategian izena emanda egon beharko dute.

5.2.4. 4. modalitatea: webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortzeko inbertsioak, xedea dutenak euskara lantokian sustatu eta zabaltzea. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko. Diru zenbatekoa: 9.000 euro.

a) Entitatearen funtzionamenduarekin zuzeneko lotura duten webguneak eta software aplikazioak sortzea.

b) Entitatearen funtzionamendurako lehendik dauden webgune eta aplikazioen eboluzioa, aldaketak, hobekuntzak eta aldakuntzak: zerbitzu, funtzionaltasun eta eduki berriak gehitzea; diseinua, irisgarritasuna edo egokitzapena hobetzea gailu mugikorretan erabiltzeko.

c) Webguneak eta software aplikazioak euskarara itzultzeko lanak.

Gailu mugikorretarako software aplikazioen kasuan, gutxienez Androiden eta iOSen funtzionatzeko diseinatu beharko dira.

Ezinbestekoa izanen da produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea proiektuaren barrenean.

Laugarren modalitatean, honako hauek ez dira diruz lagunduko:

a) Entitatean euskara erabiltzea eta sustatzea helburu ez duten eskaerak.

b) Alderdi politikoen, hauteskunde-koalizioen eta sindikatuen proiektuak.

c) Norbanakoen atariak eta webguneak.

d) Atari eta webgune puntualak (jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

e) Demoak eta prototipoak.

f) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten proiektuak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo itxuraz indarkeria justifikatzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak.

g) Generoen arteko tratu berdintasuna errespetatzen ez duten proiektuak.

h) Material didaktiko inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo elektronikoak garatzeko proiektuak.

i) Helduei euskara irakasteko proiektuak, edo euskara planen gaineko aholkularitza eginkizunak betetzen dituztenak.

j) Herritar guztiei zuzenduta ez dauden proiektuak.

k) Euskara ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere edukiak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten webguneetan edo software aplikazioetan, gastuaren zati bat baino ez da egotziko, hau da, laguntza ekonomikoa euskarazko edukiei soilik egotziko zaie.

l) Bestalde, dirulaguntza eskatzen bada lehendik zegoen edukiren bat sarean jartzeko, egokitzapen eta itzulpen lana baizik ez da aintzat hartuko.

m) Eskatzailearen ohiko jardueretarako berezko gastuak.

6.–Diruz laguntzen ahal diren jarduerak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako epea 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitartekoa da, bi egunak barne.

7.– Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta telematika bidez aurkeztu beharko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko tramiteen fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-elkarteetan-euskararen-erabilera-eta-presentzia-sustatzeko-euskara-planak-egin-edo-eta-ezartzeko-neurri-puntualak-hartzeko-edo-eduki-digitalak-egokitzeko-laguntzak.

Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

7.2. Dokumentazioa fitxategi bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

7.3. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

8.–Dokumentazioa.

Behin berariazko eskaera telematikoan datuak osatutakoan eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa han adierazitakoan, dokumentu hauek atxikiko dira:

8.1. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Horrez gain, adierazpen horretan adierazi behar du betetzen dituela 3. oinarriko baldintzak (II. eranskina).

8.2. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoaren frogagiriak:

a) Nafarroako Gobernuaren Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, baita entitatearen estatutu legeztatuak ere.

b) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen frogagiria, notario eta erregistro bidez egina.

c) Identifikazio fiskaleko kodea (IFKa).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga-betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan aurkeztu zen eta noiz aurkeztu zen edo, kasua bada, administrazioak noiz eman zuen.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

8.3. Laguntza teknikoaren arduraduna den enpresaren edo profesionalaren identifikazioa, atxikita duela proiektua egiteko aukeratutako pertsonek eta profesionalek azkeneko bi urteotan hizkuntza-plangintzaren arloan izan duten esperientziari edo prestakuntzari buruzko adierazpena (III. eranskina).

8.4. Entitate eskatzailea Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidezko Ordainketa Sisteman alta emanda ez badago edo datu horiek aldatu nahi baditu, esteka honen bitartez egin beharko du: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

8.5. Ekipo-ondasunen horniduren kasuan eta aholkularitza- edo laguntza-enpresek emandako zerbitzuen kasuan, dirulaguntzaren xede den gastuaren zenbatekoa 12.000 eurotik goitikoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, dirulaguntzaren xede diren gastuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko.

8.6. Proiektu zehatz bat, honako hauek jasotzen dituena:

a) 1. modalitatea: lantokian euskararen egoeraren diagnostikoa egiteko proposamena, edo entitateko euskara plana egiteko proposamena. Horrekin batera, eginen diren zereginen deskribapen laburra jasoko da. Gida gisa VIII. eranskina erabil daiteke, edo plan propio bat egin, betiere eranskin horretan jasotako alderdiak jasotzen badira. Nahitaezkoa da hartan jasotako atal guztiei erantzutea. Gainera, EME taula eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria (IV. eranskina) bete behar dira.

b) 2. modalitatea: aldez aurretik euskara planik baldin badago, planaren beraren kopiaz gain, ezarpen plana ere aurkeztu beharko da, 5.2.2 oinarrian jasotzen diren atalekin. Halaber, EME taula bete eta aurkeztu behar da, proposatutako neurriak eta haien gastua adierazita, bai eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria ere (IV. eranskina). Horrez gain, 2024ra arte egindako ekintza nagusiak jasotzen dituen lauki bat erantsiko da, ekintza horiek urtez urte zerrendatuta.

c) 3. modalitatea: baldin eta neurri zehatzak aplikatu behar badira entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, behar bezala betetako EME taula, aurreikusitako gastuak adierazita, eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria (IV. eranskina). Horrez gain, dokumentu bat jasoko da garatuko diren ekintzen xedearekin eta deskribapen xehatuarekin.

1., 2. eta 3. modalitateetan, eskaeran zehaztu beharko da entitateko zer langile ariko den proiektua gauzatzen, eta lanaldiaren zer ehuneko emanen duen horretan.

d) 4. modalitatea: proiektuak alderdi hauek jaso beharko ditu:

–Proiektuaren deskribapen teknikoa (VI. eranskina).

–Aurrekontu xehatua. Hartan jasoko dira gastuak, diru-sarrerak eta, halakorik bada, inbertsioak (hots, ekitaldi batean baino gehiagotan amortizagarriak diren gastuak). Proiektuaren aurrekontu hori laburturik emanen da laguntza eskatzeko fitxan, eta xehaturik (VII. eranskina).

–Langileria gastuak (VII. eranskina, A1etik A11rako atalak), barne direla proiektua egiteko behar diren giza baliabideen gastuak, bai barneko gastuak (soldata gordina, zergarik gabe, eta legeak ezarritako kotizazioak), bai kanpokoak (kanpoko zerbitzuak kontratatzea).

–Proiektuaren kudeaketari lotutako langileria gastuei dagokienez, langileria gastuen gainerako zenbatekoaren %20 hartuko da kontuan, gehienez ere (VII. eranskineko A11 atala).

Horretaz gain entitatea beste modalitateren batean parte hartzeko aurkezten bada, modalitate bakoitzerako dokumentazioa zein bere aldetik aurkeztu beharko da.

Modalitate guztietan, eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den beste edozein dokumentazio osagarri.

9.–Instrukzioa.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak instruituko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.

10.–Balorazioa. Batzorde teknikoa.

10.1. Balorazio Batzorde Teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertzeaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da eta kide hauek izanen ditu:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak izendatutako pertsona bat, 4. modalitateko eskaerak baloratzeko.

–Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzuko teknikari bat, 1., 2. eta 3. modalitateetako eskaerak baloratzeko.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena.

10.2. Balorazio Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

11.–Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

11.1. Balorazio irizpideak.

Balorazio Batzorde Teknikoak jarraian adierazten diren irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak, eta bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera esleituko ditu laguntzak, 5. oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraituz.

Aplikatutako irizpideak: 100 puntu gehienez.

–1. modalitatea:

Irabazi-asmorik gabeko entitateetan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko, gehienez ere 100 puntu emanen dira. Horretarako, kontuan hartuko dira EMEaren hiru ardatzetan, deialdi honen 5.2.1 oinarrian eta VIII. eranskinean jasotako alderdiak.

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 35 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 25 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 20 puntu gehienez.
  • Proiektuaren koherentzia orokorra, planteatutako helburuei eta eskura dauden baliabideei dagokienez, eta proposamenen originaltasuna: 20 puntu gehienez.

–2. modalitatea:

a) Entitateetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz, 20 puntu emanen dira gehienez ere, eta EMEaren hiru ardatzetan jasotako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 8 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 6 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 6 puntu gehienez.

b) Baloratuko da zer-nolako ibilbidea egin duen entitateak euskara plana ezartzeko. Ibilbidea eta planaren egonkortasuna urteen arabera puntuatuko dira, 30 puntu gehienez.

Urte bakoitzeko aldia honela puntuatuko da. Urte bat: 5 puntu; bi urte: 10 puntu; hiru urte: 20 puntu; lau urte edo gehiago: 30 puntu.

c) Gehienez ere 10 punturekin baloratuko da memoria, kontuan izanik plana aplikatzeak zer eragin izan duen honako alderdi hauetan: euskararekiko sentsibilizazioa, haren erabilera eta ezagutza erakundean, eta haren ikusgaitasuna erakundearen barruan zein kanpoan.

d) Entitateko kideen hizkuntza-prestakuntza egokia bermatzeko, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago jarduerako lan hizkuntza: 40 puntu gehienez.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsonen kopurua hartuko da kontuan, baita zein den haien kopurua (ehunekotan) prestakuntzan parte hartzen duten erakundeko kide guztien aldean.

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

  • 15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %40k edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza ikastaroetan.
  • 15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %30ek edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza ikastaroetan.
  • 50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %20k edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza ikastaroetan.
  • 250 pertsona baino gehiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %10ek edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza ikastaroetan.

Prestakuntza ikastaroetarako ezarritako gutxieneko ehuneko hori lortzen ez bada eta, horrenbestez, 40 puntu jasotzerik ez badago, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den entitatea, tamainaren arabera.

–3. modalitatea:

a) Entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz, 60 puntu emanen dira gehienez, eta EMEaren hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 25 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 20 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 15 puntu gehienez.

b) Plantillaren edo langileen hizkuntza-prestakuntza egokia bermatzeko, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago jarduerako lan hizkuntza: 40 puntu gehienez.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsonen kopurua hartuko da kontuan, baita zein den haien kopurua (ehunekotan) prestakuntzan parte hartzen duten erakundeko kide guztien aldean.

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

–15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %40k edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza ikastaroetan.

  • 15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %30ek edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza ikastaroetan.
  • 50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %20k edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza ikastaroetan.
  • 250 pertsona edo gehiago dituzten erakundeen eskaerak, baldin eta haietako kideen %10ek edo gehiagok parte hartzen badu prestakuntza-ikastaroetan.

Prestakuntza ikastaroetarako ezarritako gutxieneko ehuneko hori lortzen ez bada eta, horrenbestez, 40 puntu jasotzerik ez badago, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den entitatea, tamainaren arabera.

–4. modalitatea:

a) Euskararen ikusgaitasuna IKTen ingurunean: 55 puntu gehienez. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan:

  • Euskararen tratamendu teknikoa: proiektuaren arduradunen prestakuntza eta gaitasuna: 10 puntu.
  • Proiektuaren hizkuntza-kalitatea zaintzeko neurriak: 15 puntu.
  • Izaera berritzailea antzeko proiektuen aldean: 15 puntu.
  • Proiektuak zenbateko eragina daukan euskara pizteko entitatean eta kanpo-harremanetan: 15 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta egokitasun teknikoa: gehienez 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

  • Proiektua planifikatzeko proposamena: 15 puntu.
  • Diseinuaren eta irisgarritasunerako neurrien proposamena: 5 puntu.
  • Aplikazioaren multiplataforma exekutatzeko neurriak: 10 puntu.
  • Hedapen-neurriak: produktuan egindako gaurkotze-lanak jakinarazteko eta egoki zabaltzeko proposamena: 5 puntu.

c) Kode irekia erabiltzea: 10 puntu.

Proiektuak diruz lagungarriak ez diren ekintzak jasotzen baditu, diruz lagungarriak direnak soilik hartuko dira kontuan.

11.2. Zenbatekoen kalkulua.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Balorazio Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak euroetan duen balioa.

c) Lehenbiziko hiru modalitateetan soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten 2. modalitateko eskatzaileen artean banatuko da lehenik, proportzionalki. Bigarren banaketa egin ondoren soberakinik geratuko balitz, 1. modalitateko eskatzaileen artean banatuko da proportzionalki, eta, azkenik, dirulaguntza marjina duten 3. modalitateko eskatzaileen artean.

d) Laugarren modalitatean soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten modalitate horretako eskatzaileen artean banatuko da.

12.–Ebazpena.

12.1. Ikusirik Balorazio Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere hiru hilabetean eman ere, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

12.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.

12.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan ere, laguntza honi dagokion fitxan.

12.4. Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

13.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta epeak.

Entitate onuradunek, behin dirulaguntzaren xedeko jarduerak eginda, 2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egindako eta fakturatutako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak aurkeztu behar dituzte.

Aldi horretan (2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era) egindako eta fakturatutako jardueren frogagiriak Euskarabideari aurkezteko epea 2025eko urriaren 14an bukatuko da, eta, beraz, egun hori arte ordaindutako fakturak onartuko dira.

Ez da beharrezkoa izanen finantza eta zerga gastuak eta Gizarte Segurantzako gastuak egun horretarako ordainduak izatea, baldin eta ezinezkoa bada horiek lehenago ordaintzea borondatezko likidazio-aldia hasi ez delako.

14.–Dirulaguntzaren frogagiriak.

Entitate onuradunek deialdi honen tramiteen fitxaren bidez aurkeztu beharko dute dokumentazioa: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-elkarteetan-euskararen-erabilera-eta-presentzia-sustatzeko-euskara-planak-egin-edo-eta-ezartzeko-neurri-puntualak-hartzeko-edo-eduki-digitalak-egokitzeko-laguntzak.

Honako hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastuak justifikatzeko, modalitate guztietan, V. eranskina beteta aurkeztuko da (Gastuak eta Dirulaguntzak). Halaber, gastuen eta banku-ordainketen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte (BEZik gabe), laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren arabera. Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak noiznahi eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; eta egiazkoak ez badira, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahalko ditu.

Zerrendako gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote. Era berean, ahaleginak eginen dira gastuen kontzeptuek eta dagozkien frogagiriek izen bera izan dezaten, kontzeptu bakoitzari lotutako fakturak argi eta garbi identifikatu ahal izateko.

V. eranskina (Gastuak eta dirulaguntzak) Excel formatuan beteko da, deialdi honetan onetsitako ereduaren arabera.

b) Kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera behar bezala betetako fakturak aurkeztuko dira.

Lanak entitateko barne-langileek beren gain hartzen badituzte, entitateak egiaztagiri bat aurkeztu beharko du, arduradunak sinatuta. Bertan, proiektuko jardueretan emandako egunak eta orduak agertu beharko dira, eta horiei dagokien zenbatekoa, zereginen arabera xehakatuta (IX. eranskina). Horrez gain, nominak eta Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak ere aurkeztuko dira, eta horiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere bai.

Euskarabideak beretako gordeko du egoki iruditzen zaizkion agiri osagarriak pertsona edo entitate interesdunei noiznahi eskatzeko eskubidea, haien egiazkotasuna egiaztatzeko; eta egiazkoak ez badira, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahalko ditu.

c) Plantilla edo langileen hizkuntza-prestakuntza justifikatzeko, prestakuntzan parte hartu eta hura baliatu izana egiaztatzen duten agiriak.

d) Memoria:

–Lehenengo modalitatea: diagnostikoa edo euskara plana jasoko duen memoria, deialdi honen 8.6 oinarrian ezarritakoaren arabera.

–Bigarren modalitatea: zer jarduera egin diren, jarduera horiek zer neurritan hobetzen dituzten EMEko adierazleak, kronograma eta ebaluazioa, EMEko adierazleak erabiliz.

Horrez gain, plana hasi zenetik diruz lagunduko den aldia bukatu arte egindako jarduerak zerrendatuko dira, urtez urte.

Gutxienez 2 urtez euskara plan bat martxan jarri duten entitateek honako hauen balorazio kualitatiboa eta kuantitatiboa ere jasoko dute memorian: euskararekiko sentsibilizazioa, haren erabilera eta ezagutza entitatean eta hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan zein barnean.

Memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da.

Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 18. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: webguneak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

–Hirugarren modalitatea: egindako jardueren memoria.

Memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da.

Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 18. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: webguneak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

–Laugarren modalitatea: proiektuaren memoria (VI. eranskina) eta aurrekontu xehatua (VII. eranskina).

Gainera, memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da. Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 18. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: web-orriak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

15.–Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza epe bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, jardueren memoria eta 14. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.

Gerta daiteke diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onetsitako aurrekontua baino. Horrelakoetan, proportzioan gutxituko da eman den zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta, erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Gainfinantzaketa gertatzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxituko da behar den gehieneko diru-mugaraino.

16.–Jardueren kontrola.

16.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

16.2. Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

Laguntza hauen pertsona onuradunek planean programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

16.3. Pertsona edo entitate onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan. Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzukidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

17.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

17.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ez da ordainketa partzialik eginen, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

17.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

18.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduera hedatzen den denbora guztian mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

19.–Gardentasun betebeharrak.

19.1. Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko atalean ezarritako muga kuantitatiboak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

19.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute telematika bidez hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasita, deialdiaren tramitearen fitxaren bidez:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

19.3. Entitate onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko du informazio hori, deialdiaren tramiteen fitxaren web-orrian: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-elkarteetan-euskararen-erabilera-eta-presentzia-sustatzeko-euskara-planak-egin-edo-eta-ezartzeko-neurri-puntualak-hartzeko-edo-eduki-digitalak-egokitzeko-laguntzak.

19.4. Entitateak ez badu gardentasun-betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

19.5. Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen baditu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, erakundeak adierazi beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

19.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituta.

19.7. Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun-betebeharrak.

19.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen-isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

20.–Datuen tratamendua.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak aipatutako legerian oinarriturik erabiliko dira, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuan.

21.–Baliabide elektronikoen bidezko komunikazioak.

21.1. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEB).

21.2. Ezinbestekoa da gaitutako helbide elektroniko bat (GHEB) izatea, zeina Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren helbide honetan eskura baitaiteke: https://dehu.redsara.es/. Horretarako, beharrezkoa da ziurtagiri digitala izatea.

22.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

22.1. Deialdi honek oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari jarraituko dio. Oinarri hauetan berariaz aurreikusirik ez dauden alderdiak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko ditu, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

22.2. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

22.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/irabazi-asmorik-gabeko-elkarteetan-euskararen-erabilera-eta-presentzia-sustatzeko-euskara-planak-egin-edo-eta-ezartzeko-neurri-puntualak-hartzeko-edo-eduki-digitalak-egokitzeko-laguntzak

Iragarkiaren kodea: F2506982