250. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

917/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, aldatzen duena Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 796/2022 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baita, 2023ko kanpainarako, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan aurreikusitako malgutasunen araubide iragankorra Nafarroako Foru Komunitatean, klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko borondatezko araubideetarako (eko araubideak) laguntzei dagokienez. Sega-lanerako aldia eta abeltzaintzako karga. Artzaintzaren Eko araubidea.

2022ko abuztuaren 31n, Europako Batzordeak Espainiako NPEren Plan Estrategikoa (NPEPE) onetsi zuen eta gaur egun araudi nazionala izapidetzen ari da. Araudi horren bidez arautuko da, 2023tik aurrera, zuzeneko ordainketa gisa egindako esku-hartzeen aplikazioa eta NPEPEren esparruan baldintza komunak ezartzea". Araudi horretan, klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko borondatezko araubideetarako (eko araubideak) laguntzak arautuko dira, aurreikusita daudenak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 31. artikuluan. Erregelamendu horren bidez arauak ezarri ziren Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak) egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzaz (Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen dena) eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) Erregelamenduak indargabetzen dira.

NPEPEn aurreikusitakoarekin bat, eta Europako araudiaren garapenean, aipatu laguntzak zenbait jarduketari lotuko zaizkie, hala nola laboreak txandakatzeari eta labore lurretan zuzenean ereiteari; landare estaldurei eta geldoei, zurezko laboreen kasuan; sega-lana jasangarriari; biodibertsitate uharteak eta ertzak ezartzeari; larreetan larratze estentsiboa egiteari; eta laborantza lurretan eta labore iraunkorretan biodibertsitate espazioak ezartzeari.

Aipatu plana aplikatuz, etorkizuneko araudiak zenbait malgutasun jasotzen ditu, eta, horiei esker, agintaritza eskudunek, kasu jakin batzuetan, salbuespenak ezartzen ahalko dituzte, eta, beraz, eskakizunak malgutasunez betetzen ahalko dira, inguruabar jakin batzuen arabera hala egitea beharrezkoa denean. Zehazki, malgutasun horiek Errege Dekretuaren proiektuan jasotzen dira, hots, 2023tik aurrera zuzeneko ordainketa gisa egindako esku-hartzeak aplikatzeari eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan baldintza komunak ezartzeari buruzko Errege Dekretuaren proiektuan, eta kudeaketa eta kontrol sistema integratuaren eskaera bakarraren arauketan, zeina 2022ko uztailaren 21etik abuztuaren 11ra entzunaldian eta jendaurrean jarri baitzen.

Nolanahi ere, aipatu arau esparrua indarrean sartu arte (urte amaierarako aurreikusten da), eko araubideei zuzendutako laguntzekin lortu nahi diren helburuak erabat lortu ahal izateko eta haien berehalako aplikazioaren eraginkortasuna prestatzeko, NBEFek beharrezkotzat jo du autonomia erkidegoetako agintaritza eskudunek, lehenbailehen, zenbait malgutasun hartu ahal izatea aipatu laguntzen onuradun potentzialei eskatu beharreko betekizunetan, horretarako, dagozkien eskualdeen berezko beharrak eta errealitateak aintzat hartuta.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 2022ko urriaren 5eko Ebazpenaren bidez malgutasunen araubide iragankorra ezartzen da, autonomia erkidegoetako agintaritza eskudunek onetsi beharko dutena, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko borondatezko araubideetarako (eko araubideak) aurreikusitako laguntzei dagokienez.

Nafarroako Foru Komunitatean, ohiko plubiometriak baino askoz txikiagoak izatearen ondorioz aurtengo apiriletik izaten ari den muturreko lehorteak larre falta, labore batzuk ereiteko zailtasunak, beste batzuk ez ernetzea eta abar eragiten ditu nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorean. Egoera berezi hori dela-eta, beharrezkoa da sektoreak malgutasuna izatea laguntza jakin batzuk, hala nola eko araubideak, eskuratu ahal izateko bete beharreko baldintzetan.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 796/2022 Ebazpenaren bidez, ebazpen horren I. eranskinean jasotako malgutasun batzuk ezarri ziren.

Argitaratu eta sektorearen erreakzioa ikusi ondoren, beharrezkotzat jo da hura aldatzea karbono-nekazaritzako eta agroekologiako eko araubideei dagokienez: larratze estentsiboa, sega-lana eta biodibertsitatea larre-azaleretan.

Zehazki, biodibertsitate uharteak ezartzen direnean larreetan edo uztaren sega-lan jasangarrian uztaren sega-lan jasangarriari loturiko laguntza jasotzeko, eta, batetik, lepidopteroen bizi zikloa eta, bestetik, larreen ziklo begetatiboa bultzatzeko, urriaren 13ko 796/2022 Ebazpenaren bidez ezarri zen horietan ez dela jarduerarik egiten ahalko ekainaren 15etik abuztuaren 15era bitartean.

Sektorearen erantzunak ikusi eta aztertu ondoren, eta azaleren eta larreen ziklo begetatiboaren eta praktika tradizionalen ondorioz, badirudi egokiagoa dela aldi hori uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartekoa izatea.

Bestalde, larratze estentsiboari dagokionez, beharrezkotzat jo du Nafarroak Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 2022ko urriaren 5eko Ebazpenean jasotako malgutasuna baliatzea. Ebazpen horiek urteko batez besteko gutxieneko abeltzaintza karga eta gehieneko abeltzaintza karga egokitzeari buruzkoak dira, aldaketa klimatiko larrien ondoriozkoak, larre-eskuragarritasuna arriskuan jartzen dutenean.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari atxikitako INTIA sozietate publikoari kontsulta egin zitzaion. Sozietate horren egitekoa nekazaritzako elikagaien sektorean transferentzia eta berrikuntza egitea da, bideragarritasuna eta jasangarritasuna hobetzen laguntzeko. Ebazpenarekin batera doan txostenean adierazten denez, 2022ko kanpainan bizi izandako lehorte apartekoa dela-eta, komenigarria litzateke bi eko araubideetarako eskatutako parametroak ahalik eta gehien malgutzea (artzaintza eta sega-lan jasangarria), eta gutxieneko abeltzaintza karga 0,2 AzLU/ha-koa eta gehienekoa 2 ALU/ha-koa izatea.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan.

Adierazitakoarekin bat, Nekazaritza Zerbitzuaren proposamena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Urriaren 13ko 796/2022 Ebazpenaren I. eranskina aldatzea, honela:

a) 1.1 b) atala aldatzea, eta testu hau izatea: "Biodibertsitate uharteak ezartzen direnean larre-azaleretan edo uztaren sega-lan jasangarrian uztaren sega-lan jasangarriari loturiko laguntza jasotzeko, eta, batetik, lepidopteroen bizi zikloa eta, bestetik, larreen ziklo begetatiboa bultzatzeko, horietan ez da jarduerarik egiten ahalko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean."

b) 1.1 a) atalean honako hau gehitzea: Urteko batez besteko gutxieneko abeltzaintza karga 0,2 AzLU/ha-ra eta gehienekoa 2 AzLU/ha-ra egokitzeko baimena ematea larre hezeetan nahiz larre mediterraneoetan, larre iraunkorren edo larratze estentsiboari atxikitako aldi baterako larre-azaleren gainean.

2. Zehazten diren malgutasunek behin-behineko izaera izanen dute eta 2023ko martxoan berretsi beharko dira, aipatu eko araubideak arautzen dituen errege dekretuan jasotzen diren epe eta betebeharren arabera.

3. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko azaroaren 24an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2215954