250. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

32/2022 FORU LEGEA, azaroaren 28koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GIZARTE KONTSEILUARI BURUZKO UZTAILAREN 2KO 15/2008 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

HITZAURREA

I

Ekonomia soziala, bai eta horrek gizartean eta jarduera ekonomiko orokorrean nahiz Nafarroakoan betetzen duen eginkizuna ere, bereziki garrantzitsuak dira.

2011n Ekonomia Sozialari buruzko 5/2011 Legea onetsi zen, ekonomia soziala osatzen duten entitateendako esparru juridiko komun bat ezarri eta haien sorrera sustatzeko helburuarekin.

Ekonomia sozialari buruzko legeei dagokienez, Europan lehenbizikoa da ekonomia soziala sustatzea interes orokorreko zeregintzat hartu eta botere publikoak premiatzen dituena –bakoitzaren eskumenen esparruan– ekonomia soziala sustatzeko politikak ezar ditzaten.

Lege honek honela definitzen du ekonomia soziala: 4. artikuluan jasotako printzipioei jarraikiz beren kideen interes kolektiboa edo interes ekonomiko edo sozial orokorra edo bi horiek bilatzen dituzten entitateek esparru pribatuan egiten dituzten jarduera ekonomiko eta enpresarialen multzoa.

Besteak beste, honako printzipio hauek definitzen dute ekonomia soziala:

–Pertsonek eta helburu sozialak nagusitasuna izatea kapitalaren gainetik, eta hori gauzatzen da kudeaketa autonomo eta garden, demokratiko eta parte-hartzaile batean, zeinak ekarriko baitu erabaki-hartzean lehentasuna ematea pertsonei eta haiek entitateari eginiko lan- eta zerbitzu-ekarpenei, edo xede sozialari, ezen ez kapital sozialari egiten dizkioten ekarpenei.

–Jarduera ekonomikotik lortutako emaitzak aplikatzea enpresako bazkideek edo kideek eskainitako lanaren edo egindako zerbitzu edo jardueraren arabera nagusiki, eta, kasua bada, entitatearen xede sozialari begira.

–Barneko eta gizartearekiko elkartasuna sustatzea, horren bidez honako hauekiko konpromisoa erraztuz: tokiko garapena; gizonen eta emakumeen aukera-berdintasuna; kohesio soziala; gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea; kalitatezko enplegu egonkorraren sorkuntza; bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa bateragarri egitea, eta jasangarritasuna.

–Botere publikoekiko independentzia.

Besteak beste, honako hauek osatzen dute ekonomia soziala: jarduera ekonomikoa duten kooperatiba, mutualitate, fundazio eta elkarteek, lan-sozietateek, laneratze enpresek, enplegu-zentro bereziek eta eraldaketarako nekazaritza-sozietateek.

II

Europan, ekonomia sozialaren sektoreak ekonomia sozialeko 2,8 milioi entitate biltzen ditu, 13,6 milioi laguni enplegua ematen dietenak eta irtenbide zehatzak eta berritzaileak ematen dituztenak aurre egin behar diegun erronka nagusietarako: kalitate oneko lanpostuak sortu eta mantentzen dituzte, lagundu egiten dute talde behartsuak gizarteratu eta lan-merkatuan integra daitezen eta guztiendako aukera-berdintasuna egon dadin, garapen ekonomiko eta industrial jasangarria bultzatzen dute, herritarrek gure gizarteetan parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatzen dute, garrantzi handia dute Europako gizarte-babeseko sistemetan, eta Europako landa-eremuak eta eremu despopulatuak suspertzen dituzte.

Europako Batzordearen ustez, ekonomia sozialak lagundu dezake eskubide sozialen Europako zutabearen printzipioak ezartzen eta 2021eko Ekintza Plana eta EBk 2030erako dituen helburu nagusiak betetzen; adibidez, enplegu-tasa handitzea eta pobreziaren eta gizarte-bazterketaren arriskua duten pertsonen kopurua murriztea. Horretarako, Europako Batzordeak 2021eko abenduan onetsi zuen Europako Ekonomia Sozialeko Ekintza Plana, helburutzat duena ekonomia sozialaren garapena sustatzea eta gizarteaz nahiz ekonomiaz denaz bezainbatean duen indar eraldatzailea bultzatzea.

Estatuan, ekonomia sozialaren sektoreak 43.000 enpresa eta entitate baino gehiago biltzen ditu, 2,2 milioi langile dituztenak jarduera-sektore guztietan.

Politika horiek garatzeko, Espainiako Gobernuak Ekonomia Sozialeko Espainiako Estrategia onetsi du, ekonomia sozialeko entitateen enpresa-eredua eta balioak finkatzeko eta hazkunde ekonomiko jasangarri eta solidario baterako eredu bat sustatzeko, Espainia lehiakorrago eta modernoago batean.

Azkenik, Nafarroako Foru Komunitatean, ekonomia sozialaren sektoreak 1.250 enpresa eta entitate baino gehiago biltzen ditu, zuzeneko enplegua ematen dietenak, jarduera-sektore guztietan, 25.000tik gora pertsonari, kooperatiba, lan-sozietate, laneratze enpresa, enplegu-zentro berezi, fundazio eta ekonomia solidarioko entitateetan. Halaber, ekonomia soziala Nafarroako Gobernuaren politiken parte da, sektore hori ordezkatzen duten erakundeek Nafarroako hainbat kontseilu eta erakundetan parte hartzen baitute, hala nola honako hauetan: Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, Merkataritzaren Kontseilua, Lanbide Heziketaren Kontseilua, Lan Osasunaren Kontseilua, Kontseilu Kooperatiboa, eta abar.

Ekonomia soziala esanbidez sartuta dago 2030erako Nafarroako S4 Estrategian (Nafarroako Espezializazio Adimentsu eta Jasangarriaren Estrategia), 2020-2023 aldirako Nafarroa Suspertu planean eta 2021-2023 aldirako Nafarroako Enplegu Politika Aktiboen Planean.

Nafarroako Gobernuak, sektorea ordezkatzen duten erakundeekin elkarlanean, ekonomia sozialeko berariazko estrategia bat diseinatu du, 2021-2024 aldirako Nafarroako Ekonomia Sozialaren II. Plan Integralean gauzatua (Gobernuaren erabaki baten bidez onetsia 2021eko irailaren 22an). Planaren helburua da ekonomia soziala baliatuta kohesio soziala eta lurralde arlokoa handitzen laguntzea, horretarako 2030 Agendaren, Europako politiken eta suspertze-funtsen erronkak txertatuz.

III

Ekonomia Sozialaren Legearen 7. artikuluak xedatzen du ekonomia sozialeko entitateek zilegi izanen dutela beren interesak ordezkatu eta defendatzeko elkarteak eratzea, zeinak elkarren artean taldekatu ahalko baitira.

Estatu-eremuan ordezkaritza duten sektorearteko konfederazioek ordezkaritza izanen dute haien interes ekonomiko eta sozialei eragiten dieten gaiak jorratzen dituzten Estatuko Administrazio Orokorraren partaidetza instituzionaleko organoetan. Era berean, Estatuko Administrazio Orokorraren organoetan ordezkaritza izanen dute ekonomia sozialeko entitate gehienak biltzen dituzten estatu-mailako erakundeek, beren izaera juridikoagatik eta jardueragatik berezkoak zaizkien ordezkaritza-jarduera guztietan.

7. artikuluaren laugarren apartatuan xedatzen da autonomia-erkidego bakoitzeko erakunde, federazio edo konfederazio ordezkaritzadunek ordezkariak izanen dituztela beren interes ekonomiko eta sozialei eragiten dieten gaietan diharduten autonomia-erkidegoetako administrazioen partaidetza instituzionaleko organoetan, autonomia-erkidegoek aurreikusten duten moduan.

CEPES, Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresa Konfederazioa, estatu-eremuan ekonomia sozialaren enpresa-erakunde ordezkagarri eta erreferentziazkoa da Espainian, eta solaskide ere bada pertsonak ardatz dituen Ekonomia sozialeko enpresa-eredua bultzatzeko politika publikoak eta sozialak eraikitze aldera.

Honako hauek biltzen dira CEPESen: estatuko konfederazioak; autonomietako konfederazioak; kooperatiba, lan-sozietate, mutualitate, laneratze enpresa eta enplegu zentro berezien interesak ordezkatzen dituzten enpresa-talde berariazkoak. Azken horiek 200 laguntza-azpiegitura baino gehiago dituzte autonomietan, eta CEPES Nafarroa da horietako bat, Nafarroan ekonomia soziala ordezkatzen duen eskualde-erakundea.

CEPES Nafarroak (Ekonomia Sozialaren Enpresa Konfederazioa) Nafarroako ekonomia sozialaren familien erakunde ordezkariak biltzen ditu, eta indar-batuketaren erakusle da, bultzatzekoa ekonomia sozialaren garapena eta haren presentzia enpresa-eredu hori sustatzen eta ikusgarriago egiten laguntzen duten erabakitze-foro, -erakunde eta -guneetan.

IV

Ekonomia Sozialaren Legearen 8.2 artikuluak berariaz premiatzen ditu botere publikoak ekonomia soziala txerta dezaten prestakuntza-etapa desberdinetako ikasketa-planetan; hain zuzen, hala jasota dator Espainiako Estrategian, zeinak berariaz jasotzen baitu ekonomia sozialeko enpresen eta unibertsitatearen artean ezagutza-transmisioa bultzatzea.

Bestalde, Nafarroako Ekonomia Sozialaren II. Plan Integralean berariaz jasota datoz gazteak unibertsitate-eremuko ekintzailetza kooperatiboan sentsibilizatu eta gaitzeko jarduketak, eta gauzatzen ditu 1.3.2 ekintzan –ekonomia solidarioa ikastetxeetara hurbiltzeko programa– eta 1.3.3 ekintzan –Campus kooperatiboa– ["b. Unibertsitate-eremua: prestakuntza ematea Kooperatibismoaren eta Ekonomia Sozial enpresarialaren inguruan eta Nafarroan dauden gazte unibertsitarioei zuzendutako Ekintzailetza Kooperatiboa]".

V

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 14. artikuluak xedatzen du unibertsitate publikoen gizarte-kontseilua dela gizarteak unibertsitatean duen partaidetza-organoa, eta gizartearen eta unibertsitatearen arteko harreman-elementu gisa taxutzen da. Artikulu horretan jasota dator autonomia-erkidegoetako arauei dagokiela gizarte-kontseiluaren osaera eta eginkizunak arautzea eta haren kideak hautatzea.

Nafarroako Foru Komunitatean, uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legeak arautzen ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren izaera, helburuak, eskumenak, antolaketa, funtzionamendua eta osaera.

Lege horren 9. artikuluarekin bat, hemeretzi kidek osatzen dute Gizarte Kontseilua. Sei kidek unibertsitate-erkidegoa ordezkatzen dute; eta gainerako hamahiruek, Nafarroako interes sozialak, honela banaturik:

a) Bost kide, Nafarroako Parlamentuak gehiengo osoz hautatuak.

b) Bi kide, izendapenaren aurretik Nafarroako Foru Komunitatean egindako azken hauteskunde sindikaletan emaitza ofizialen arabera ordezkari gehien lortu dituzten bi sindikatuek proposaturik hautaturikoak.

c) Bi kide, Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritasun handienekotzat jotzen diren enpresaburuen elkarteek proposaturik araudi indardunaren arabera hautatuak.

d) Lau kide, Hezkuntza Departamentuko titularrak proposaturik hautatuak.

Ildo berean doa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onesten duen otsailaren 8ko 7/2010 Foru Dekretuaren 4. artikulua.

Foru legearen hitzaurreak azaltzen duenez, gizarte-kontseilua gizarteak unibertsitatean parte hartzeko organo kideaniztuna da, eta erakundeen eta gizartearen arteko harremanetarako elementua da; beste hainbat eginkizunen artean, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin elkarlanean aritzearena du, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparru berria eraikitzen, eta unibertsitatearen eta haren ingurune kultural, profesional, ekonomiko eta sozialaren arteko harremanak sustatzearena, unibertsitate-kalitatearen mesedetan.

Horregatik guztiagatik, erabat justifikatutzat jotzen da NUPeko Gizarte Kontseiluaren osaeran ekonomia sozialaren ordezkaritza bat txertatzearen beharra eta egokitasuna, era horretan ekonomia soziala unibertsitate-eremuan sar dadin eta ekarpena egin diezaien ekonomia sozialaren eta unibertsitatearen arteko harremanei. Horretarako, beharrezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legearen 9. artikulua aldatzea.

Hori horrela, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legea aldatzea proposatzen da, honelaxe:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legearen 9. artikulua aldatzen da. Honako testua izanen du:

"9. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak hogeita bat kide izanen ditu.

2. Sei kidek unibertsitate-komunitatea ordezkatuko dute, honela banatuak:

a) Berezko hiru kide: errektorea, idazkari nagusia eta kudeatzailea.

b) Gobernu Kontseiluak bere kideen artean hautatutako hiru kide, unibertsitate-komunitatea ordezkatuko dutenak: irakasle bat, ikasle bat eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

3. Hamabost kidek Nafarroako interes sozialak ordezkatuko dituzte, honela banatuak:

a) Bost kide, Nafarroako Parlamentuak gehiengo osoz hautatuak.

b) Bi kide, izendapenaren aurretik Nafarroako Foru Komunitatean egindako azken hauteskunde sindikaletan emaitza ofizialen arabera ordezkari gehien lortu dituzten sindikatuek proposaturik hautatuak.

c) Bi kide, araudi indardunaren arabera Nafarroako Foru Komunitatean ordezkaritasun handienekotzat jotzen diren enpresaburuen elkarteek proposaturik hautatuak.

d) Bi kide, Nafarroako ekonomia sozialaren ordezkaritasun handienekotzat jotzen den edo diren erakundeak edo erakundeek proposaturik hautatuak.

e) Lau kide, unibertsitatearen arloko eskumena duen departamentuko titularrak proposaturik hautatuak".

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak otsailaren 8ko 7/2010 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseiluaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren egokitzapena egin beharko du, haren osaerari dagokionez foru lege honen 1. artikuluaren bidez egiten den aldaketara doitzearren.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2022ko azaroaren 28an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2216044