25. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

5E/2022 EBAZPENA, urtarrilaren 4koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez “Jurramendiko Paisaia Berezia” multzoko planaren ingurumen adierazpen estrategikoa egiten baita. Sustatzailea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko martxoaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, eta haien ingurumen adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onetsi baino lehen edo onestearekin batera.

2021eko abuztuaren 10ean, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, organo eskuduna denez gero, “Jurramendiko Paisaia Berezia” (PB) multzoko plana aurkeztu zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, ingurumen azterketa estrategikoarekin batera, ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta izapidetzen hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak araututako prozeduraren arabera.

Multzoko plana izapidetzean mugarri hauek izan dira:

–Aberin, Arellano, Aiegi, Deikaztelu, Lizarra, Iguzkitza, Lukin, Morentin eta Villamayor de Monjardíngo udalek sortutako ekimena da, Jurramendiko paisaiaren babesa, antolaketa eta kudeaketa integrala garatzeko.

–Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak “Jurramendiko Paisaia Berezia antolatzeko eta kudeatzeko oinarri teknikoak” prestatu zituen.

–2020ko ekainaren 26an hirigintzako lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak eta bederatzi udalek (Aberin, Arellano, Aiegi, Deikaztelu, Lizarra, Iguzkitza, Lukin, Morentin eta Villamayor de Monjardín), eta jarraipen batzorde bat eratu zen.

–Parte-hartze publikoa. 2020ko abuztuaren 6an, Parte-hartze Plana aurkeztu zitzaion jarraipen batzordeari, eta abian jarri zen parte hartzeko prozesua, online saioen bidez, eta parte-hartzea sustatzeko tresna digitalak prestatu ziren. Prozesua abenduaren 21ean amaitu zen, itzulera saioaren aurkezpenarekin.

–Hitzarmen berria sinatu zen (2021eko maiatzaren 14a), Arroitz eta Barbaringo udalerriak sartu ondoren. Hitzarmen horretan, multzoko plana eginen zela jaso zen eta inplikatutako toki erakundeen lankidetza zehaztu zen.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren uztailaren 19ko 70E/2021 Foru Aginduaren bidez multzoko plana hasieran onetsi ondoren, plana 45 egunez jendaurrean jartzeko aldia hasi zen, 2021eko abuztuaren 17ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (192. zk.) iragarkia argitaratu eta gero.

Multzoko planak, hirigintzako tresna gisa, Jurramendiko multzoaren paisaia balioen ikuspegi orokor, koherente eta bateratua aplikatzen du, eta aurrera egiten du Paisaiaren Europako Hitzarmenean (Florentzia, 2000) eta Jurramendiko paisaia berezitzat (babes bereziko eremuak) jotzen duten lurralde antolamenduko planetan ezarritako gidalerroen zehaztapenean, parte-hartze planaren bidez paisaiaren ikuspegi soziala sartuta.

Ildo horretan, multzoko planak LAP4ko 20. eta 21. artikuluak garatzen ditu. Artikulu horiek babes bereziko eremuei eta eremuak mugatzeko irizpideei eta haiek erabiltzeko araubideari buruzkoak dira, hurrenez hurren. Horretarako, hasieran, PBaren eremuaren mugaketa definitzen du, eta Aberin, Arellano, Arroitz, Aiegi, Barbarin, Deikaztelu, Lizarra, Iguzkitza, Lukin, Morentin eta Villamayor de Monjardíngo udalerriek eta Aranbeltz izeneko 29. fazeriak eta Jurramendi izeneko 67. fazeriak partekatutako espazio gisa aurkezten du. Eremuan dauden balioen (naturalak, historiko-kultural, aisialdikoak, produktiboak, estetikoak) diagnostiko eta identifikaziotik abiatuta, sei zona homogeneotan banatzen du, eta, horri esker, zona bakoitzaren testuinguruan kokatutako eta bakoitzaren izaeraren arabera egokitutako hirigintzako erregulazioa egin daiteke. Multzoko planaren eta ingurumen azterketa estrategikoaren deskribapena I. eranskinean dago.

Eremuaren balioak aintzat hartuta, irizpide hauek ezartzen ditu: elementu historiko-kulturalak babestea eta haien balioa nabarmentzea, balio naturalen eta historiko-kulturalen gainean sentsibilizatzea eta balio horiek ezagutzera ematea, telekomunikazioen azpiegituren eta instalazioen ezarpenek paisaian eragindako inpaktua murriztea eta jarduera jarriko den zona homogeneoen ezaugarrietan oinarritutako paisaia integratzeko irizpideak aintzat hartzea. Planak eremuaren paisaia balioa babestearekin bateragarriak eta bateraezinak diren jarduerak eta erabilerak identifikatzen ditu, eta identifikatutako zona homogeneo bakoitzaren testuinguruan kokatzen ditu.

Multzoko planak aldatu egiten ditu Jurramendiko Paisaia Bereziaren eremuan sartutako udalerrietako hirigintzako plangintzan jasotako determinazioak, finken itxiturei, bideei, argiteriari eta seinaleztapenari dagokienez, eta eremu horretan multzoko planean ezarritakoak bete beharko dira. Eremu guztia paisaia aldetik balioa duen babestu beharreko lurzoru urbanizaezin gisa jasotzen da, balio gainjarriarekin.

Gainerako hirigintza-determinazioak ez dira aldatu, Aiegiko eta Lukineko hirigintzako udal planetan egindako aldaketa puntualak salbu. Aiegiren kasuan, baliorik gabe utzi da Jurramendiko paisaia bereziaren mugaketa eta multzoko planetik eratorritakoa jarri da. Horrez gainera, basoari dagokionez babestu beharreko lurzoru urbanizaezinari, ingurumen aldetik balio duen lurzoruari eta lurralde eredua zaintzeko lurzoruari buruzko artikuluak aldatzen ditu, eta multzoko planean ezarritakoa bete beharko da. Lukinen kasuan, onura publikoko 301 zenbakiko mendia paisaiaren aldetik balioa duen lurzorua izatetik natura aldetik ustiatzeko balioa duen lurzorua izatera pasatu da, LAP4tik ondorioztatzen denarekin bat etorrita.

Dokumentazio osoa azterturik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aditzera eman du ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura osorik dagoela, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak sustatutako “Jurramendiko Paisaia Berezia” multzoko planaren ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da, ulertzen baita ez duela ondorio nabarmenik sortzen ingurumenean.

2. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak bermatuko du, paisaiaren arloan dituen eskumenen barruan, “Jurramendiko Paisaia Berezia” multzoko planean ezarritakoaren arabera, jarduerek eta eraikuntzek bete behar dituzten baldintzak betetzen direla lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena izapidetzean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta paisaia bereziaren eremuan sartutako udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 4an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Multzoko plana eta ingurumen azterketa estrategikoa

Multzoko planaren deskripzioa.

Multzoko planak paisaia bereziaren LAP4ko aurreikuspenak garatzen ditu Jurramendiko eremurako, LAP4ko araudiaren 20. eta 21. artikuluekin (babes bereziko eremuei eta eremu horiek mugatzeko irizpideei buruzkoak dira) eta PN3 eranskinarekin bat etorrita.

Multzoko plan (MP) gisa egin da paisaia bereziaren (PB) hirigintzako plangintza komun, koherente eta bateratua ezartzeko. Hortaz, Jurramendiko paisaia balioak mugatzeko eta arautzeko hirigintzako tresna da.

Eremuaren justifikazioa.

Eremuaren mugaketa 2015ean egindako aurretiazko lanetan oinarritzen da. Multzoko plana idazteko hitzarmenaren oinarri izan diren “oinarri teknikoak” eta parte-hartze prozesutik ateratako ekarpenak eta oharrak hartu dira kontuan. Ildo horretan, eremua aldatu egin da eta geomorfologiari, ikuspenari eta paisaiaren pertzepzioari lotutako irizpideak sartu dira.

Multzoko planaren eremuaren iparraldeko muga A-12 autobideraino iristen da. Mendebaldean eta hegoaldean, labore-lurrak eta lurzati tradizionalak dituen eremu batek ixten du. Hegal erdian, beheko kotetan dauden hiriguneetaraino iristen da. Hirigune horiek lerro antzeko bat markatzen dute, eta, handik aurrera, topografia leundu egiten da eta lurzoruaren erabilerak aldatu egiten dira. Ekialdean, sakanak ia NA-122 errepideraino iristen dira (mugatzat hartu da errepide hori), eta, ipar-ekialdean, malda arinean dagoen labore-lurren eremu bat dago. Eremuaren mugaketan ez dira sartu nukleoetako hiri lurzoruak eta urbanizagarriak, eta hirigintzako plangintzak aztertu dira, batez ere haietako bakoitzean paisaia sartzeko.

Paisaia bereziaren ezaugarriak

Jurramendi mendi isolatu bat da, zeina paisaiaren arloko mugarria eta ikur identitarioa baita eskualdean. Eskualdeko ia leku guztietatik ikusten den eta erreferentzia-puntu bisual ezaguna den elementu orografikoa da.

a. Paisaiaren elementuak eta osagaiak. Eremu honetan, elementu eta osagai natural hauek daude: Harkaitz bereziak, konglomeratuen ebakidurak, karraskadiak dituzten hegalak eta isurialdeak, baso martzeszenteak dituzten mazelak, sastrakadi mediterraneoak, sastrakadiz eta larre mediterraneoz osatutako mosaikoa, zuhaitz eta paraje baliotsuak eta interes botanikoko espezieak. Paisaian identifikatutako izaera antropikoko elementuak eta osagaiak dira mendia-laborea mosaikoa, basoberritzeko pinudiak, Donejakue bidea eta bideen eta bidexken sarea, dagoen kultur ondarea –eraikitakoa (baselizak, etxolak, karobiak, etab.) zein arkeologikoa– eta azpiegiturak (linea elektrikoak, antenak, etab.). Jarduera tradizionalak egiteagatik dauden elementuei dagokienez, erabilera tradizionalenak (nekazaritza eta abeltzaintzakoa, basokoa) eta oraingo erabilerak (baratzeak, aisialdiko etxetxoak, ingurune militarra, substratuak egiteko instalazioa, etab.) daude.

b. Paisaiaren balioak. Horren barruan sartzen dira balio naturalak, estetikoak, historikoak eta kulturalak, aisialdikoak eta produktiboak.

Balio naturalak: Karraskaz eta erkametzez osatutako baso-egiturak, baso horietan ohikoak diren sastrakadi mediterraneoak eta harkaitzak dira erliebearen iparraldean eta hegoaldean sakabanatutako landarediaren trantsizioaren adierazle batzuk. Nabarmentzekoak dira Jurramendiren hegaletako tamaina handiko erkametzak, gailurretako harkaitzetako ezpeldiak eta iparraldeko hegaletako artadi zabalak. Halaber, azpimarratu behar da era askotako hegaztiren bizi-eremua dela.

Balio estetikoak: Jurramendiko konglomeratuek paisaia natural oso ederra osatzen dute. Batez ere iparraldeko eta ipar-ekialdeko hegaletan daude, eta geruza azpibertikalen gailurreria oso berezia eratzen dute. Gehienak konglomeratu karetsuak dira, krema kolorekoak eta horixkak, landaredi basotsuak beti duen kolore berdearekin kontrastean. Multzoak, eta, bereziki, mendi isolatua izateak, nortasun handiko paisaia bat eratzen du, identitate eszeniko eta berezia duena, bai bere forma mineralengatik, baina haiekin batera dauden landareengatik.

Balio historikoak eta kulturalak: Mendi honek ikusizko ikono eta mugarri gisa duen kokapen fisikoari gehitu behar zaio haren izaera sinbolikoa eta identitarioa areagotzen duten elementu kulturalek erantsitako berezitasuna. Brontze Aroko aztarnak, erromatarrenak, kristauen eta musulmanen arteko borroken aztarnak eta gerra karlisten aztarnak daude. Lizarraren sarreran, Jurramendi lekune garrantzitsu bat zen, agian azken bastioi menditsua erriberetako lautadak baino lehen, hiriburu karlista eta Ameskoetarako sarbidea babesten zituena. Interes kulturaleko eta ekonomikoko bideak ditu, Donejakue bidea adibidez, eta zenbait abelbide, hala nola Imas-Iratxe errege altxonbidea, 47 zenbakiko igarobidea, Iguzkitza-Jurramendi adarra, Urbiolako adarra eta 19 zenbakiko adarra. Erabilera tradizionalari lotutako ondarearen aztarnak ditu, hala nola karobiak edo ikaztegiak, eskortak eta bordak.

Memoria historikoari dagokionez, tokiak (Iguzkitza, Arroitz, Arellano, Morentin) eta hobiak (Azketa, Barbarin, Deikaztelu, Etxabarri) daude.

Aisialdiari lotutako balioak. Jurramendiren aisialdiko erabilerari dagokionez, oinezkoendako eta bizikletendako bideen sare zabala dago.

Balio produktiboak: Eremuaren balio produktiboa nekazaritzakoa (zerealak batez ere) eta basokoa da nagusiki, eta onura publikoko mendi gisa katalogatuta dago.

PBan eragina duten dinamikak eta prozesuak.

Multzoko planak paisaiaren bilakaera deskribatzen du, landarediari eta lurzoruaren erabilerei dagokienez. Egonkor mantentzen da hegaletako harkaitzen eta basoen paisaia natural baliotsua. Haren azalera handitu ere egin da, larreak abandonatu direlako eta basoaren eta nekazaritzako eremuaren arteko mugan sastrakadiek izan duten eboluzioaren ondorioz. Labore-lurrak, larreak eta, oro har, nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilerari lotutako jarduera uzteko joera eta jardunbide tradizionalak uztekoa etxoletan eta bertako toponimian geratzen diren aztarnetan islatzen dira ere. Jurramendiren oinean, hurbil daude Lizarra, Aiegi eta Villatuertako industrialdeak eta hiriguneak eta A-12 autobidea, eta aipatu behar da zenbait jarduketek paisaiaren kalitatean duten eragina, besteak beste: Lizarrako enpresa-parkea (multzoko planaren eremutik kanpo dago), eremu militarreko jarduketak, agregakinak biltegiratzeko eta medeapen-lurrak prestatzeko instalazioa edo aisialdiko etxolak (gero eta ugariagoak).

Paisaia bereziaren diagnostikoak biztanleen ikuspegia jasotzen du, zeina parte-hartze prozesuan jaso baita, Paisaiaren Europako Hitzarmenean ezarritakoarekin bat.

Eremuaren zonifikazioa.

Eremua sei zona homogeneotan banatzea proposatzen da, hirigintzako araudia lurzoruaren erabileren eta bokazioen, ikuspenaren eta ikuseremuen eta paisaiaren kalitateari eta/edo hauskortasunari lotutako balio naturalen eta elementuen arabera zehaztu ahal izateko. Hauek dira zonak: Lizarrako eta Aiegiko zona antropizatua (ZH1), Jurramendiko ipar-mendebaldeko hegala (Deio) (ZH2), Jurramendiko baso-hegala (ZH3), gailurreko ingurunea (ZH4), eguterako basoa-laboreak mosaikoaren zona (ZH5) eta mendebaldeko nekazaritzako zona tradizionala (ZH6). Zonifikazioaren ondorioz, jarduerak paisaian integratzeko, aintzat hartu beharko dira jarduera horiek kokatzen diren zonaren berezko ezaugarriak.

Kategorizazioa.

MPak PBa babesteko araubidea eta 6 zona homogeneoen araubidea ezartzen ditu. Identifikatutako balioak aintzat hartuta, zenbait irizpide ezartzen dira elementu historiko-kulturalak babesteko eta haien balioa nabarmentzeko, balio naturalen eta historiko-kulturalen gainean sentsibilizatzeko eta balio horiek ezagutzera emateko, telekomunikazioen azpiegiturak eta instalazioak ezartzeak paisaian eragindako inpaktua murrizteko, baita jarduera jarriko den zona homogeneoen ezaugarrietan oinarritutako paisaia integratzeko irizpideak ere.

Ingurumen azterketa estrategikoa.

Ingurumen eraginaren azterketak multzoko planak LAP4rekin eta paisaia bereziaren eremuan sartutako udalerrietako udal planekin dituen interakzioak aztertzen ditu.

Eremuaren ingurumen karakterizazioak ingurune fisikoari buruzko informazioa (klima, geologia, hidrologia eta arriskuak), naturari lotutako alderdiak (landaredia eta fauna) eta paisaiari buruzko informazioa jasotzen du.

Multzoko planaren determinazioak direla eta, ingurumenaren gainean aurrez ikusitako ondorio esanguratsuak identifikatu eta ebaluatzen ditu, eta ondorioztatzen du ez dagoela eraginik ingurumenaren aldetik sentikorrak diren eremuetan, baliabide estetiko-kulturaletan eta paisaian edo kultur ondarean. Halaber, ez da espero multzoko planak eraginik izatea osasunean eta hiri ingurunean.

6. kapituluak prebentzio eta zuzenketa neurriak azaltzen ditu, baita tokiko eta lurraldeko jasangarritasunaren adierazleen jarraipena egiteko plana ere. Prebentzio eta zuzenketa neurriak lurzoru urbanizaezinaren araudiaren eta zonifikazioaren bidez sartu dira MPan. Nafarroako tokiko eta lurraldeko jasangarritasunaren adierazleen eta neurri zuzentzaileen jarraipena eta kontrola egiteko programa bat ezartzen du, baita multzoko planaren eremuan egin daitezkeen jarduketen jarraipena eta kontrola egiteko ere.

Iragarkiaren kodea: F2200160