25. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERRIOBEITI

Aldaketa, Kultur Etxeko instalazioak erabiltzeko lagapena eta prezio publikoak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Berriobeitiko Udalak, 2021eko urriaren 5ean egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko instalazioen lagapena eta haiek erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa (hura 2021eko 256. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 9an).

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, behin betiko testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (foru lege horrek hizpide du Nafarroako Toki Administrazioa, eta aldatu egin zen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez).

Berriobeitin, 2021eko abenduaren 29an.–Alkatea, Raúl Julio Bator Pérez.

BERRIOBEITIKO UDALAREN MARÍA DE MAEZTU KULTUR ETXEKO INSTALAZIOEN LAGAPENA ETA HAIEK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN 22. ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko III. kapituluko 2. ataleko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraituz , eta haren 28. artikuluaren baimenaren babesean.

Ordenantza honen helburua da Berriobeitiko Udalaren jarduerarekin zerikusirik ez duten entitateek, partikularrek edo erakundeek María de Maeztu Kultur Etxeko instalazioak erabiltzea.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Pertsona fisikoek edo juridikoek, baita Udalaren baimena duten erakunde edo entitateek ere, Udalarena den María de Maeztu Kultur Etxeko instalazioak erabiltzea da.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Prezio publikoaren subjektu pasiboak dira aipatu instalazioak erabiltzeko Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoak.

Prezio publikoaren sortzapena eta haren ordainketa

4. artikulua. Prezio publikoaren sortzapena baimena ematen den unean berean gertatzen da eta aretoa erabili baino 48 ordu lehenago, gutxienez, ordainduko da.

Egindako erreserbak deuseztatzeko eskaerak bakar-bakarrik onartuko dira arrazoiak modu sinesgarrian frogatzen badira; idatzita eginen da eskaria eta, betiere, jardueraren data baino 5 egun lehenagotik, gutxienez.

Erabilera

5. artikulua. Baimena ondoko erabilera arau hauei jarraituz emanen da.

1. Definizioa: Udalaren María de Maeztu Kultur Etxea da kulturako udal zerbitzuaren egoitza, eta bertako instalazioak jabari eta zerbitzu publikoko udal ondasunak dira; xede nagusi dute, batetik, kultura sustatzea, kulturaren askotariko adierazpideak barne harturik, eta, bertzetik, partaidetzarako bide ematea eta Berriobeitiko biztanleentzat erreferentziazko gunea izatea gizarte- eta kultura-arloetan. Haren espazioak kultura edo kultura eta gizarte arloko jarduerak egiteko erabiltzen dira batez ere, musikaren, antzerkiaren, zinemaren eta arte plastikoaren esparruei loturik, tarteka bertzelako jardueretarako erabiltzen ahalko bada ere.

2. Eskumena: Instalazio horren funtzionamendua arautzea Berriobeitiko Udalari dagokio eta “Artikako María de Maeztu Kultur Etxeko espazio eta baliabideen antolaketa eta kudeaketaren gaineko araudian” agertzen da (2007ko 80. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 29koa).

3. Araubide ekonomikoa: Berriobeitiko Udalak ordenantza bidez ezarriko du kultur etxeko instalazioak erabiltzeko araubide ekonomikoa. Halaber, antolatzaileak erantzukizun zibileko poliza kontratatu beharko du, egitekoa den jardueraren ondorioz gerta litezkeen ustekabeei aurre egin ahal izateko.

4. Konpromisoak: Antolatzailearen kontura izanen dira honako hauek:

–Ezarritako tasak ordaintzea, bai eta fidantza ere, halakorik balego.

–SGAEri egile eskubideak ordaintzea.

–Administrazio baimenak eskuratzea.

–Jarduera egiteko behar diren elementuak muntatu eta desmuntatzea, antolatzailea Udala ez denean; nolanahi ere, kultur etxeko langileek unean-unean ematen dituzten jarraibideei kasu egin beharko diete beti.

5. Ordutegiak: Berriobeitiko Udalak ezarriko du kultur etxearen lagatako instalazioak erabiltzeko ordutegia, kontuan izanik haiek erabiltzeko dauden eskaerak oro har.

6. Baimena: Instalazioak erabiltzeko orduan, Berriobeitiko Udalak antolatu edo babesten dituen jarduerek lehentasuna izanen dute erakundeek edo partikularrek instalazioak erabiltzeko eskatzen dituzten baimenen aurrean. Horretarako, baimena eman baino lehen, Berriobeitiko Udalak txostena eginen du, eta bertan zehaztuko du instalazio hori noiz egonen den erabilgarri eta zein baldintza orokor bete beharko diren instalazioa lagatzeko, behar bezala erabiliko dela bermatze aldera.

7. Komunikazioa: Ebatzitakoan, Berriobeitiko Udalak ebazpenaren berri emanen dio eskatzaileari.

8. Fidantza: Kasu bakoitzean fidantza bat ezarriko da, gerta daitekeen edozein gorabeherari eta ordaindu beharreko gastu guztiei aurre egin ahal izateko. Banku-abal baten bidez ematen ahalko da fidantza. Fidantza osoa edo haren zati bat atxikiko du Udalak onetsitako baldintzak betetzen ez badira edo eskabidean adierazitako edukiak aldatzen badira.

9. Eskabideak: Berriobeitiko Udalaren bulego orokorretan tramitatuko dira, instalazioa erabili nahi den eguna baino hamabortz egun natural lehenago, gutxienez. Eskabideari honako agiri hauek erantsiko zaizkio, nahitaez:

a) Berariazko eskabide-orria, zuzen eta osorik beteta.

b) Eskatzailearen eta/edo erakunde antolatzailearen NANaren edo IFZaren fotokopia.

c) Egitekoa den jarduera deskribatzen duen memoria. Honako hauek eman beharko dira, gutxienez:

–Jarduera iragartzeko behin betiko kartelaren kopia edo, horrelakorik ezean, zirriborroarena.

–Aurreikusitako gehieneko ikusle kopurua.

–Aurreikusitako baliabide osagarriak.

–Jarduerako parte-hartzaileen eta edukien zerrenda (taldeak edo pertsonak).

–Salgai egonen diren sarreren gehieneko kopurua eta publikoarentzako prezioa.

–Aurreikusitako diru-sarrerak, dela txarteldegian bildutako diruagatik dela bertzelako baliabideengatik (zozketak, dohaintzak eta abar).

–Bertzelakoak, eskatzaileek garatu beharrekoak.

10. Mugak: Kultur etxeko instalazioak ez dira lagako bertan lan egiten duten langileak oporretan daudenean.

11. Oro har, instalazioak erabiltzen dituzten erakunde edo partikularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

I.–Erakunde antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatzen ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal, administratibo zein laneko zergei buruzkoak, edo edozein tankeratakoak, eta beren ardura eta ez bertze inorena izanen da erantzukizunak sorrarazitako kalte-galerak ordaintzea, Udala erabat salbu geldituko delarik.

II.–Erakunde antolatzaileak agintari eta erakunde eskudunei eskatu beharko dizkie egitekoa den jarduerarako behar diren baimen guztiak.

III.–Instalazioak erabiltzeko eskaerak hamabortz egun lehenagotik bederen aurkeztu beharko dira, Berriobeitiko Udaleko bulego orokorretan.

IV.–Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen ikus-entzuleek egiten dituzten gauzengatik, erakunde antolatzailearena baita, oso-osorik, erantzukizun hori.

V.–Jarduera buruturik, erakunde antolatzailea arduratuko da instalazioak erabiltzeko prest geldi daitezen, jarduera hasi aurretik zuten egoera berean. Instalazioaren langile arduradunek eman beharko dute horren gaineko ikus-onetsia.

VI.–Erakunde antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Berriobeitiko Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez duen berak zuzenean hartzen egin behar diren konponketen ardura, Berriobeitiko Udalak izendatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

VII.–Kultur etxeko zerbitzu teknikoek edozein unetan ikuskatzen ahal dituzte jarduera egiteko instalazio osagarrien muntatze eta desmuntatze lanak, eta erakunde antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.

12. Oro har, instalazioen barrenean ezin izanen da inongo publizitaterik egin, salbu eta Udalak kasu bakoitzean eta baimendutako jardueraren babesleei loturik espresuki ematen badu baimena.

13. Udalak eskubidea izanen du instalazioetan portaera ezegokia duten pertsona guztiei kargu hartzeko eta are instalazioetatik kanpora bidaltzeko.

14. Berriobeitiko Udalari dagokio araudi honetan jaso ez diren kasuen gainean erabakitzea, eta zalantzarik sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa.

Salbuespenak

6. artikulua. Ezartzen diren kuotak ordaintzetik salbu daude honako jarduera hauek:

a) Berriobeitiko Udalak antolatzen dituenak.

b) Berriobeitin egoitza sozial legeztatua duten kultura, hezkuntza, kirol, gizarte edo josteta arloko erakundeek antolatzen dituztenak, betiere antolatu den ekitaldiko jarduerengatik dirurik kobratzen ez bada; izan ere, kasu horretan instalazioak erabiltzeko oro har finkatu diren tarifak aplikatuko zaizkie. Berriobeitiko Udalak espresuki onartu behar du irabazteko asmorik eza, kasu bakoitzean.

c) Talde artistikoen edo sozialen kultur zerbitzuen truke Udalak zehazten dituenak.

d) Interes kulturalen edo sozialengatik Udalak zehazten dituenak, betiere horren gaineko eskaera eta justifikazioa egin behar delarik.

Tarifak

7. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik aplikatuko diren tarifak eranskinean daude.

ERANSKINA

I. epigrafea.–Ekitaldi aretoa alokatzea.

–Espazio eszenikoa eta aldagelak soilik alokatzea, eta agertokirako sarrera, 5 ordu baino gutxiago, eguneko: 229,18 euro.

–Espazio eszenikoa eta aldagelak soilik alokatzea, eta agertokirako sarrera, 10 ordu baino gutxiago, eguneko: 318,19 euro.

–Ekitaldi aretoa, espazio eszenikoa eta aldagelak alokatzea, eta agertokirako sarrera, 5 ordu baino gutxiago, eguneko: 355,02 euro.

–Ekitaldi aretoa, espazio eszenikoa eta aldagelak alokatzea, eta agertokirako sarrera, 10 ordu baino gutxiago, eguneko: 635,36 euro.

II. epigrafea.–Erakusketa aretoa alokatzea.

–Erakusketa aretoa alokatzea 5 ordu baino gutxiago, eguneko: 191,32 euro.

–Erakusketa aretoa alokatzea 10 ordu baino gutxiago, eguneko: 254,76 euro.

III. epigrafea.–Erabilera anitzeko aretoa alokatzea.

–Erabilera anitzeko gela alokatzea 5 ordu baino gutxiago, eguneko: 153,47 euro.

–Erabilera anitzeko gela alokatzea 10 ordu baino gutxiago, eguneko: 203,61 euro.

Prezio horien barrenean hau dena sartzen da: alokatutako espazioaren erabilera, berotzea edo klimatizatzea (urte sasoiaren arabera) eta instalazioaren oinarrizko garbiketa, erabili ondokoa, betiere garbiketa arrunta bada, ez garbiketa berezia.

Prezio horien barrenean ez da honako hau sartzen: aretoko teknikarien zerbitzua, aretoko ekipo teknikoen erabilera, txartelak jasotzeko zerbitzua, aretozainak eta arropazainak.

Zerbitzu horiek eskatzen badira, aparteko tarifa jarriko zaie, Berriobeitiko Udalari une bakoitzean fakturatzen zaizkion prezioen arabera.

Fidantzak instalazioen egoera frogatu ondotik itzuliko dira, konponketei eta garbiketei dagokien zenbatekoa kenduta, halakorik egin behar izanez gero.

Iragarkiaren kodea: L2118429