25. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ULTZAMALDEKO GIZARTE ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Gizarte-langile lanpostu bat aldi baterako betetzeko deialdia

Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaritzak, urtarrilaren 4ko 1/2022 Ebazpenaren bidez, oinarri hauek dituen honako Deialdia onartu zuen:

EUSKARA DAKIEN GIZARTE-LANGILE LANPOSTU BAT ALDI BATERAKO BETETZEKO DEIALDIA, LANALDIAREN %50EKIN, ETA ORDEZKAPENAK EGITEKO HORRETATIK ATERATZEN DEN ZERRENDA ONARTZEA

Deialdi honen xedea da Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzurako euskaraz dakien eta lanaldiaren %50ean arituko den gizarte-langile baten lanpostu bat aldi baterako betetzea oposizio-lehiaketa bidez.

Oposizioko proba teorikoa gainditzen duten izangaiekin lan-poltsa bat osatuko da, ordezkapenak egiteko erabiliko dena, Mankomunitateak gizarte-langile lanposturako izaten ahal dituen beharren arabera.

Lan-poltsa kudeatuko da II. eranskinean azaltzen diren arauen arabera.

Kontratazio horrek urtebeteko indarraldia izango du hasieran, baina gehienez ere hiru urtez luzatu ahal izango da, Mankomunitateak deialdia finko egitea edo amortizatzea erabakitzen ez badu behintzat.

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen zerbitzurako euskaraz dakien gizarte-langile baten lanpostu bat betetzea.

1.2. Era berean, deialdi honen xedea da lanpostua aldi baterako betetzeko zerrenda bat osatzea sarbideko hautatze prozeduran plaza lortzen duten izangaiekin zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, 7. oinarrian xedatutakoarekin bat. Izangaien zerrenda horren funtzionamendua II. eranskinean dago araututa.

1.3. Lanpostua lanaldi erdiko aldi baterako lan-erregimenean beteko da.

1.4. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onartzen duen abuztuaren 30eko 251/1993 LFAren B mailan sartuko da lanpostua, eta urteko ordainsari gordina Mankomunitateak urtero onartzen duen lanpostu horretarako plantilla organikoan ezarritakoa izango da.

1.5. Puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak gizarte-laneko lanbideari dagozkion eginkizunak bete beharko ditu, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen oinarrizko programen barruan. Era berean, erakunde horretako gizarte-langile nagusiaren lanpostuari dagozkion eginkizunetan laguntzeko lanak egingo ditu.

2.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

a) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Era berean, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, baldin eta haien kontura bizi badira.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Gizarte-laneko unibertsitateko diplomadun- edo graduatu-titulua edo ofizialki baliokidetzat jotako titulazioa izatea, edo titulu hori lortzeko moduan egotea (hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriaren bidez), eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

d) Euskaraz jakitea, C-1 titulua aurkeztuz egiaztatua, Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta NAPIren arabera indarrean dagoen baremoari jarraikiz, edo maila horri dagokion beste titulazio baten arabera (EGA edo beste batzuk), ofizialki baliokidetzat aitortua.

Maila hori egiaztatu ahalko da, halaber, berariazko proba bat gaindituz, izangaiak behar besteko hizkuntza-maila duen edo eskakizun horren arabera egokia den zehazteko. Proba hori NAPIko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Atalak egin beharko du. Nolanahi ere, proba hori oposizio-lehiaketako gainerako probak hasi baino lehenago egingo da. Baldintza hori gainditzen ez duten izangaiek (aipatutako tituluak ez aurkezteagatik edo euskara jakiteko proba ez gainditzeagatik) ezin izango dute oposizio-lehiaketako gainerako probetan parte hartu, ezta aurkeztu ere.

e) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea. Zinpeko aitorpena erantsi da oinarri hauen eranskinari dagokionez.

f) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) B1 gidabaimena eta autoa izatea.

f) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin bat, adingabeekiko ohiko kontaktua eskatzen duten gizarte-langileko lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenarik ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza horiek guztiak agiri bidez egiaztatu beharko dira eskaerarekin batera.

3.–Eskaerak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskaerak Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko erregistroan aurkeztu behar dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein bidetatik. Kasu horietan, eskatzaileek mezu elektroniko bat bidali beharko dute, betiere eskabideak aurkezteko epearen barruan, dagokion eskabidea aurkeztu dutela adieraziz (telefonoa eta posta elektronikoa: 948 305353 eta mssb@ultzama.es). Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturaleko epean amaituko da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera (argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da zenbatzen). Honako hau da Mankomunitateko erregistroaren ordutegia: 9:00etatik 14:00etara, (astelehenetik ostiralera).

3.2. Izangaiek, eskabidearekin batera, baremoaren eta eskatutako titulazioaren ondorioetarako, egiaztatzeko agirien originalak edo haien kopia konpultsatua aurkeztu beharko dituzte, baita NANaren eta gidabaimenaren kopia konpultsatua ere.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izango da.

3.4. Ezgaitasuna duten izangaiek, probak egiteko denbora eta bitartekoak egokitzea eskatzen badute, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta horretarako prestatutako gunean zehaztu beharko dute eskatutako egokitzapena edo eskatzen dituzten denbora eta/edo baliabideen beharrezko egokitzapenak. Ondorio horietarako, izangaiak bidezkotzat jotzen duen dokumentazioa ekarri ahalko du, eskaera aurkeztearekin batera.

4.–Okerrak zuzentzea, izangaiak onartzea eta erreklamazioak.

4.1. Dokumentazioa jaso ondoren, eskatutako dokumentazioan akatsik edo gabeziarik badago, Mankomunitatea izangaiarekin harremanetan jarriko da, 48 orduko epean eskatutako dokumentazioa aurkez dezan. Epe horretan dokumentazioa zuzendu ezean, izangaia prozesutik kanpo geldituko da.

4.2. Okerrak zuzentzeko epea amaitu ondoren, Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bat emango du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda hori Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko oholean eta web-orrian argitaratuko da (www.ugzm.eus).

4.3. Izangai baztertuek 7 egun naturaleko epea izango dute, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.4. Okerrak zuzentzeko epea amaitu ondoren, Mankomunitateko lehendakariak ebazpen bat emango du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko. Zerrenda hori Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko oholean eta web-orrian argitaratuko da (www.ugzm.eus).

Behin betiko zerrenda onartzen duen ebazpenean bertan zehaztuko dira 6. oinarrian aurreikusitako hautaprobak hasteko lekua, eguna eta ordua.

5.–Epaimahai Kalifikatzailea.

5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Ekaitz Astiz Martínez, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakaria.

Ordezkoa: Josu Larretxea Lazkano, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariordea.

Mahaikidea: Txaro Castañares Larrea, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Ana Balda San Juan, Etxarri Aranatz aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Mahaikidea: Juana Jaca Garmendia, Larraun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langilea.

Ordezkoa: Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko beste gizarte-langile bat, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko lehendakariak izendatua.

Mahaikidea: Amaia Paz Vallejo, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Miren Huarte Jaka, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko langileen ordezkaria.

Epaimahaikide idazkaria: Alfonso Araujo Guardamino, Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Nafarroako gizarte zerbitzuen mankomunitate batean idazkari kargua duen beste bat.

5.2. Epaimahaia ezin izango da eratu eta ezin izango du jardun, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta mahaikide-idazkariak (edo haien ordezkoek) bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaikideek parte hartzeari uko egin beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean. Deialdia egin duen organoari horren berri eman beharko diote.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu oinarri hauek ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahal ditu, proba hauetarako nahiz guztietarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dute epaimahaia lagunduko.

6.–Oposizio-lehiaketaren garapena.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan egingo da: oposizioaldia aurretik eta lehiaketaldia gero, oinarri hauetan zehazten den moduan.

6.2. Oposizioaldia (gehienezko puntuazioa: 70 puntu).

6.2.1. Honako proba hauek egin behar dira:

1. proba: lanpostuari buruzko ezagutzak. Gehienez 30 puntu emango dira, eta 15 puntu baino gutxiago lortzen dituzten izangaiak kanpoan geldituko dira. Proba teoriko bat izango da, test motako galderekin, non hiru erantzun agertuko diren aukeran, III. eranskinean jasotako gaiei buruzkoa, eta erantzun bakarra izango da baliozkoa. Erantzun oker bakoitza 0,25 punturekin zigortuko da. Probaren kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak Mankomunitateko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du gainditutakoen zerrenda, lortutako kalifikazioekin.

2. proba: lanpostuari buruzko ezagutzak. Gehienez 40 puntu emango dira, eta 20 puntu baino gutxiago lortzen dituzten izangaiak kanpoan geldituko dira. Proba teoriko eta praktikoa izango da, eta, bertan, hainbat galdera ebatzi beharko dira, III. eranskinean jasotako gaiei buruzko kasu praktiko gisa.

Proba honetara aurkezten ahalko dira soilik 1. proba gainditu duten izangaiak. Probaren kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak Mankomunitateko iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko du gainditutakoen zerrenda, lortutako kalifikazioekin.

6.2.2. Bi proben deialdia bereizita egingo da, deialdi bakarraren bidez. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio-agiri bat eraman beharko dute, eta oposiziotik kanpo geratuko dira aipatutako agiriren baten bidez agertzen ez diren edo nortasuna egiaztatzen ez duten izangaiak.

6.2.3. Bi probetan plika sistema erabiliko da.

6.2.4. Epaimahaiak ariketaren hasieran ezarriko du izangaiek proba bakoitza egiteko izango duten denbora, eta oposizio-faseko proba bakoitzaren gehieneko iraupena 2 ordukoa izango da.

6.3. Lehiaketaldia (gehienezko puntuazioa: 30 puntu).

6.3.1. Epaimahaiak oposizioaldian aurreikusitako bi probak gainditu dituzten izangaiek adierazitako merezimenduak baloratuko ditu, honako merezimenduen baremo honen arabera:

Izangaiek merezimendu guztiak hautaproba egiteko eskaera egiteko unean egiaztatuko dituzte beharrezko agiriak aurkeztuta (jatorrizko agiriak edo egoki konpultsatutako kopiak ez badira, ez dira kontuan hartuko).

6.3.2. Baloratuko diren merezimenduak (gehienezko puntuazioa: 30 puntu).

1.–Lan esperientzia (gehienezko puntuazioa: 24 puntu).

a) Oinarrizko gizarte zerbitzuetako edozein programan gizarte-langile gisa duen esperientzia. Lan egindako urte bakoitzeko, 2 puntu.

b) Administrazio Publikoan gizarte-langile gisa duen esperientzia. Lan egindako urte bakoitzeko, 1 puntu.

c) Administrazio Publikotik kanpo gizarte-langile gisa duen esperientzia. Lan egindako urte bakoitzeko, 0,5 puntu.

Puntuak emateko moduei buruzko oharrak eta irizpideak:

1. Soilik barematuko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean osatutako merezimenduak edo Mankomunitateak argibideak, zuzenketak edo zuzenketak egiteko eskatzen dien epean osatutakoak.

2. Aurreko bi ataletako merezimenduak zenbatzeko, izangaiak lan egindako administrazio publiko edo entitate pribatuen ziurtagirien bidez egiaztatuak, kontuan hartuko dira bai lan-kontratu finko nahiz aldi baterakoarekin, bai administrazio-kontratudun, bitarteko nahiz jabetzako lanpostuetan egindako zerbitzuak.

3. Esperientziari dagozkion puntuetan xedatuari dagokionez, aldi baterako kontratuak beren iraupenaren proportzioan kontatuko dira.

4. Frogaturiko esperientzia aldiak ez badu urte osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hileko osoak kontuan hartuta. Kontratu bakoitzeko, hileko oso bat beharko da gutxienez.

5. Lan esperientzia frogatuko da kontratua egin duen enpresa edo administrazioaren ziurtagirien bidez edo lan bizitzari buruzko egiaztagiriaren bidez, non honako datuak agertuko diren: lanpostua, kontratuen hasiera eta bukaera datak (halakorik bada) eta bakoitzaren lanaldia. Aspektu horiek behar bezalako zehaztasunez espezifikatzen ez badira, merezimendu horiek ez dira baloratuko.

2.–Prestakuntza (gehienezko puntuazioa: 6 puntu).

a) Eskainitako lanpostuarekin lotura baldin badu, administrazio publiko batek antolatutako edo baimendutako prestakuntza-ikastaro gainditu bakoitzeko:

–30 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,50 puntu.

–100 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitzeko: puntu 1.

Aurkeztu beharreko agiriak: tituluaren edo ziurtagiri akademikoaren fotokopia konpultsatua, ikastaroaren edukia eta iraupena zehazten dituena.

6.3.3. Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako merezimenduen gaineko azalpenak edo datu osagarriak.

7.–Izangai onartuen zerrenda.

7.1. Lehiaketaldiko kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen iragarki-taulan eta webgunean, lortutako puntuazioaren arabera, oposizioaldian eta lehiaketaldian izangai bakoitzak lortutako kalifikazioen arabera, eta izendapen-proposamena egingo dio puntuazio handiena lortzen duen izangaiari. Gainerako izangaiak ordezkapenen zerrendan edo poltsan sartuko dira.

7.2. Adierazitako epearen barruan, eta behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposatutako izangaiak ez badu kontratazioa egiteko eskatutako dokumentazioa aurkezten, ezin izango da izendatu, eta jarduketa guztiak baliogabetuta geratuko dira, hasierako eskaera faltsutzeagatik izan zezakeen erantzukizunari kalterik egin gabe.

7.3. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako kasuan, baja beteko da 7.1. idatz-zatian aipatzen den izangai gaindituen zerrendako hurrengo izangaiarekin, eta harekin aurreko idatz-zatietan adierazitako moduan jokatuko da.

8.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren (DBEO) 13. artikuluan xedatutakoa betez, parte-hartzaileei honako hau jakinarazten zaie:

–Izangaiek aurkeztutako datuen tratamenduaren erakunde arduraduna Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea da.

–Tratamenduaren xedea da deialdi honetako lanpostua betetzeko langileak hautatzea.

–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.c) art., Tratamendua, tratamenduaren erantzuleari aplika dakiokeen legezko betebehar bat betetzeko beharrezkoa dena, eta DBEOren 6.1.b) art., Interesduna alderdi den kontratu bat gauzatzeko edo kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa den tratamendua.

–Datuak gordeko dira horiek biltzen diren helburua betetzeko eta deialdiaren eta datuen tratamenduaren ondorioz sor daitezkeen erantzukizunak zehazteko behar den denboran.

–Artxibo eta dokumentazioaren araudian xedatutakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen dokumentuak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuak legez aurreikusitako kasuetan jakinaraziko dira, iragarki-taulan eta webgunean argitaratzea barne.

–Izangaiek eskubidea izango dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta transferitzeko, Mankomunitateko bulegoetara joaz edo datuen babeserako delegatuaren helbidearen bidez: dbd.ultzamaldea.ogz@infolocal.org. Era berean, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian (aepd.es) erreklamazioa aurkezteko eskubidea dute, tratamendua indarrean dagoen araudiarekin bat ez datorrela uste badute, edo, bestela, lehenago aipatutako helbidean datuak babesteko delegatuaren aurrean aurkezteko eskubidea.

9.–Errekurtsoak.

9.1. Deialdi honen, oinarrien eta aplikazio-egintzen aurka, honako errekurtso hauek aurkezten ahal dira, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazpena/argitalpena egin eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian, hilabeteko epean, jakinarazpena/argitalpena egin eta biharamunetik kontatzen hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu/jakinarazi eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Larraintzarren (Ultzama), 2021eko abenduaren 16an.–Lehendakaria, Ekaitz Astiz Martínez.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua (PDF).

II. ERANSKINA

Lanpoltsaren arauak

Lanpoltsaren izangaiei deitzeko irizpideak.

1. Oposizioko lehen proba gainditzen duten izangaiekin lan-poltsa bat osatuko da, deialdia egiten duen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko gizarte-langileen lanpostuetan etorkizunean ordezkapenak egiteko erabiliko dena, eta, era berean, lan-poltsa horretara joko da gizarte-langilearen lanpostu bat betetzeko, erakunde horrek hala eskatzen duen kasuetan, hala nola, errefortzua behar denean, zereginak metatu behar direnean edo antzekoetan.

2. Deiak puntuazioaren arabera egingo dira beti, hurrengo paragrafoetan ezarritakoarekin kontraesanean egon gabe.

3. Lan-eskaintzen jakinarazpenak telefonoz, posta elektronikoz edo interesdunarekin berehala eta arin komunikatzeko aukera ematen duen edozein bitartekoz egingo dira, bai eta deialdi hori jasota gera dadin ere. Jakinarazpenak egitean zehaztuko da zerbitzuak arruntak edo presazkoak diren.

4. Zerbitzu arruntetarako, Mankomunitateak gehienez ere bi aldiz saiatuko da jakinarazten edo abisatzen bi eguneko epean. Kontaktatutako lan-poltsako izangaiak eskaintza onartu edo baztertu beharko du, gehienez ere 24 orduko epean. Kontaktatzea ezinezkoa izan bada, edo eskaintza atzera botatzen bada, zerrendako hurrengo pertsonari deituko zaio, puntuazioaren arabera.

5. Premiazko zerbitzuak direnean, bi aldiz saiatuko da jakinarazten edo abisatzen egun berean. Kasu horietan, eskaintza egiten den unean bertan onartu edo baztertu beharko da. Kontaktua lortzen ez bada, zerrendako hurrengo pertsonari helaraziko zaio eskaintza, beste izapiderik gabe, sailkapen-ordenaren arabera.

6. Lan-poltsa aktiboen erregistro xehatua egingo da, behar izanez gero justifikatzeko eta kontsultatzeko. Era berean, izangaiekin komunikatzeko egindako saiakeren eta/edo izapideen erregistroa egingo da, eta, beharrezkoa izanez gero, haien aldetik jasotako erantzunen erregistroa.

7. Deitu eta kontratatu ondoren lanean hasi diren lan-poltsako pertsonak, kontratuari uko egiten badiote, lan-poltsatik kanpo geratuko dira mugarik gabe. Uko egite hori 15 egun lehenago jakinarazten bada, 5 hilabetez bakarrik baztertuko dira.

8. Behin deituta, egoera hauetakoren batean daudela adierazten duten pertsonak ez dira lan-poltsatik kanpo utziko, uko egite justifikatuak izango baitira:

8.1. Lanean aritzea: egoera hori egiaztatzeko kontratua, lan-bizitza edo hura egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

8.2. Gaixotasun profesional edo arruntak, laneko istripuak edo lanetik kanpoko istripuak eragindako aldi baterako ezintasuneko egoeran egotea: hori egiaztatzeko, Gizarte Segurantzako medikuak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

8.3. Aldi baterako ezintasun-egoeran, amatasun bajan edo adopzio kasu batean egotea: egoera hori justifikatu beharko dute hori egiaztatzen duten agiriak aurkeztuz.

8.4. Bere zaintzapean izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba (biologikoa, adopzioan edo harreran): egoera hori justifikatzeko Familia liburua edo egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

8.5. Ezkontzagatiko lizentzia edo antzeko egoera: egoera hori justifikatzeko, horri buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baldin eta uko egitea hurrengo15 egun naturaleko epean edo ezkondu baino lehen egiten bada.

Adinagatik, istripuagatik edo eritasunagatik bere burua ezin gobernatu duen bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat zaindu behar badu. Egoera hori justifikatu beharko dute Familia Liburua eta/edo egiaztagiria aurkeztuz, Gizarte Segurantzak emandako osasun-ziurtagiriez gain.

9. Deialdi bati uko egiten dion lan-poltsako pertsonak alegatutako egoera justifikatzeko dokumentazio hori guztia Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean aurkeztuko behar da, gehienez ere 15 egun naturaleko epean.

10. Poltsa/zerrenda hau indarrean egongo da helburu bererako poltsa berri bat eratu arte, eta Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean dagoen aurreko zerrenda oro baliogabetzen du.

Eskainitako lanpostu hutsen iraupenari buruzko irizpideak.

–Amatasunagatiko lizentziak, ondoren oporrak edo beste lizentzia batzuk daudenean, pertsona berak beteko ditu, lizentzia horiek modu sekuentzialean eta etenik gabe gertatzen badira.

–Lan-poltsa batetik datorren izangairen baten aldeko izendapena edo aldi baterako kontratua egin bada eta, hura amaitutakoan, berriz ere lanpostu bera betetzeko eskatzen bada gehienez ere 30 eguneko epean, lanpostua hasieran bete zuen pertsona bera kontratatu edo izendatuko da, salbu eta izendapen edo kontratu berriaren iraupena sei hilabete baino gehiago luzatzen bada.

III. ERANSKINA

Ezagutza probarako gaitegia

1.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte zerbitzuei buruzkoa.

2.–Ultzama, Basaburua, Odieta, Atetz, Anue eta Lanzko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Etxeko Laguntza zerbitzua arautzen duen ordenantza, 2002ko maiatzaren 24ko 63. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, eta Etxeko Laguntza zerbitzuaren ordenantza eta tarifen eranskina aldatzea behin betikoz onesten duena, 2018ko urtarrilaren 22ko 15. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.

3.–Larrialdi sozialean dauden pertsonei edo familiei laguntza ekonomikoak emateko oinarriak arautzen dituen ordenantzaren behin betiko onespena, 2013ko irailaren 10eko 174. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.

4.–Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legea.

5.–26/2018 Foru Dekretua, apirilaren 25ekoa, Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzkoa, 2018ko ekainaren 5eko 107. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.

6.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa.

7.–30/2019 Foru Dekretua, martxoaren 20koa, gizarte zerbitzu orokorren zorroari buruzkoa.

8.–48/2020 Foru Dekretua, uztailaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira oinarrizko gizarte zerbitzuen oinarrizko programak eta finantzaketa sistema, 2020ko uztailaren 3ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua.

9.–15/2005 Foru Legea, abenduaren 5ekoa, haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzkoa.

10.–”Nafarroako Foru Komunitateko Haurtzaroa Babestearen arloko II. Prozedura Eskuliburua”. (1-2 liburukiak).

11.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. 3/2018 Foru Legea, apirilaren 19koa, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea aldatzekoa.

12.–Gizarte Lanaren kode deontologikoa.

Iragarkiaren kodea: L2200699