25. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1400E/2021 EBAZPENA, abenduaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 1000E/2021 Ebazpenaren II. eranskinaren ordez jartzen duena ebazpen honi atxikitako II. eranskina. 1000E/2021 Ebazpenak Orkoiengo parke eolikoaren ingurumen eraginaren adierazpena egin zuen; parkea Nordex Energy Orcoien SLk sustatu du Asiaingo kontzejuan, Oltza Zendeako udalerrian, eta, udalerri horretako ebakuazio azpiegiturari ez ezik, Orkoiengo udalerrikoari ere eragiten dio.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 1000E/2021 Ebazpenaren bidez Orkoiengo parke eolikoaren ingurumen eraginaren adierazpena egin zen. Parke hori Nordex Energy Orcoien SLk sustatu du Asiaingo kontzejuan, Oltza Zendeako udalerrian, eta, udalerri horretako ebakuazio azpiegiturari ez ezik, Orkoiengo udalerrikoari ere eragiten dio.

Oker bat ikusi da ebazpen horren II. eranskinean, ez baitzen sartu Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalek, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak (Ur Komisariako Ingurumen Kudeaketaren Arloa eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Kudeaketaren Arloa), Nedgiak eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak jendaurreko aldiaren lehenengo fasean aurkeztutako txostenen laburpena, ezta Oltza Zendeako Udalak eta Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak jendaurreko aldiaren bigarren fasean aurkeztutako txostenen laburpena ere.

Hori dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 125. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta, zuzendu egin behar da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 1000E/2021 Ebazpenean dagoen akatsa, eta, II. eranskinaren ordez, ebazpen honetan sartutako II. eranskina jarri behar da.

Azaldutakoagatik, eta kontuan hartuta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuan eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuan xedatutakoa,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 8ko 1000E/2021 Ebazpenaren II. eranskinaren ordez, ebazpen honetan jasotako II. eranskina jartzea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Oltza Zendeako eta Orkoiengo udalei, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Iruñeko barrutia) eta sustatzaileari.

Iruñean, 2021eko abenduaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

II. ERANSKINA

Jendaurrean jarri izanaren emaitza

Jendaurreko lehen aldian aurkeztutako txostenen eta alegazioen laburpena:

–Gurelur.

Alegatzaileak honako hauek adierazi ditu:

1. Fauna hegalariari buruzko azterketa ez da osoa, ez baititu kontuan hartzen urteko hamabi hilabeteak.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren azterketa, 2020ko maiatzekoa, jendaurrera zabaldu zen 2020ko ekainaren 23ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta hegazti faunari buruzko azterlan partzial bat zuen, bai eta kiropteroei buruzko beste bat ere; bata 2019ko uztailaren 15etik 2020 apirilaren 1era artekoa eta bestea 2019ko abuztutik urrira artekoa, hurrenen hurren.

Geroago, 2021eko otsailaren 8ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki bidez, bigarren jendaurreko informazio aldia abiatu zen, zeinean ingurumen eraginaren beste azterketa bat azaldu zen, 2021eko urtarrilekoa, urteko azterlan bana zuena hegazti faunari eta kiropteroei buruz (hurrenez hurren, 2019ko uztailaren 15etik 2020ko uztailaren 15era arte eta 2019ko abuztutik 2020ko uztailera arte).

2. 2030erako Nafarroako Energia Planaren arabera, haize parkeak ezartzeko “desegokitzat” jotako eremuen okupazioa.

Erantzuna: NEP 2030ean haize-parkeak hartzeko gai ez diren eremuak deklaratu dira aintzat harturik ingurumen baldintzak, lurralde-antolamendukoak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak proposaturiko beste alderdi batzuk, departamentu hori baita NEP 2030aren sustatzailea. Orkoiengo haize parkeak eragindako eremu “desegokiak” ez dira desegokitzat jotzen NEP 2030ean jasotako ingurumen baldintzatzaileetako ezeinen ondorioz.

–Oltza Zendeako Udala

1. Aurkeztutako proiektuak ez ditu betetzen Nafarroako Energia Planean parke eoliko bat jartzeko ezarritako lurralde irizpideak, eta NEP2030ean desegokitzat jotako eremu batean dago eta eragina izan dezake inguruan bizi diren pertsonengan. Hortaz, uste da ez dela behar bezala aztertu ea aukeratutako eremua egokia den. Hori dela eta, ingurumenari, gizarteari eta topografiari lotutako baldintzatzaileak aztertu behar dira.

Erantzuna: NEP 2030ean haize-parkeak hartzeko gai ez diren eremuak deklaratu dira aintzat harturik ingurumen baldintzak, lurralde-antolamendukoak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak proposaturiko beste alderdi batzuk, departamentu hori baita NEP 2030aren sustatzailea. Orkoiengo haize parkeak eragindako eremu “desegokiak” ez dira desegokitzat jotzen NEP 2030ean jasotako ingurumen baldintzatzaileetako ezeinen ondorioz.

2. Proiektuak dio dibertsifikazio energetikoa sustatu nahi duela, baina ez du aztertzen Nafarroako egoera energetikoa.

Erantzuna: Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen eraginaren ebaluazioa gainditzen ditu.

3. Ez dira aztertzen parke eolikoa eraikitzearen eta landare-estalkia kentzearen ondorioz sortuko diren CO2 emisioak.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpen hau idaztean kontuan hartu da, eta adierazpen horrek aintzat hartzen du, haize sorgailuaren bizitza baliagarrian zehar, positiboa dela saihestutako emisioen eta alegazio honetan emandako arrazoiengatik gertatutakoen arteko aldea.

4. Energia ateratzeko linea elektrikoaren zati bat lurperatzeko eskatzen du, hainbat arrazoi direla eta.

Erantzuna: Kontuan hartu da IEA prestatzean, eta energia elektrikoa ateratzeko sistemaren zuinketa eskatzen du, osorik lurperatzeko.

5. Hirigintzaren arloko beste alegazio batzuk:

–Ez da zehazten instalazioa behin-behinekoa edo iraunkorra den, ezta aurreikusitako iraupen epea ere.

Erantzuna: Jendaurreko bigarren aldiko dokumentazioan zuzendu da alderdi hori, eta proiektuaren Bideragarritasunari buruzko Azterlan Tekniko Ekonomikoan 20 urteko balio-bizitza aurreikusten da.

–Herri-bideak erabilera eta zerbitzu publikoko ondasunak dira eta haize sorgailuaren plataforma osagarriek ez dituzte halakoak okupatu behar.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik, baina kontuan hartu da proiektua egin denean.

–Instalazioa jarri nahi den lurzatia nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru gisa kalifikatuta dago Oltza Zendeako Udal Planean.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik.

–Asiaingo 10. poligonoko 225. lurzatia HUPean ur babestu gisa sailkatutako errekatxoz inguratuta dago, eta herri-bideari eta Ororbiako 3. poligonoko 214. lurzatiari eragiten dien plataforma lagungarriak eragina izanen luke errekan, zeinaren arautzea Oltza Zendeako Udal Planaren 155. artikuluan jasota baitago.

Erantzuna: Alderdi hau kontuan hartu da IEA prestatzean.

–Ez da ikusten eraginik udal planean jasotako ondare arkitektonikoaren eta arkeologikoaren gainean.

Erantzuna: Alderdi hau kontuan hartu da IEA prestatzean.

–Proposatutako kokapena etorkizuneko trenbiderako aurreikusitako trazaduratik 250 metro ingurura dago, eta hiriarteko bideetarako aurreikusitako trazaduratik 1.000 metro ingurura.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik.

–Kontuan hartuko dira haize sorgailua jartzeak aurreikusitako azpiegituretan eta intereseko ibilbideetan izan ditzakeen eraginak.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik. Hala ere, IEAk ezartzen du, proiektua gauzatzeko, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostena beharko dela, edo atal horren baimena, abelbideei eragiten dieten aldaketarik izanez gero.

–Udalak bere kezka adierazi du obrek dirauten bitartean ibilgailuen zirkulazioan izan daitekeen eragina dela eta; beharrezkotzat jotzen du zirkulazioaren bideragarritasunari buruzko azterlana egitea haize sorgailua instalatzeko lanetan parte hartzen duten ibilgailuentzat.

Erantzuna: Edukia ez da ingurumen arlokoa.

–38. lurzatiraino doan tartea lurperatuta egon beharko litzateke.

Erantzuna: Kontuan hartu da IEA prestatzean; energia elektrikoa ateratzeko sistema osorik lurperatu behar dela ezartzen du.

–Instalazioak Oltza Zendean izanen duen ikusizko inpaktua aztertu behar da, kontuan hartuta hiriguneetara eta hirigune horiek hazteko aurreikusitako biztanleguneetara dagoen distantzia.

Erantzuna: Aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketak paisaiaren azterlan bat du, eta proiektuaren fase guztietan (lanak, funtzionamendua eta eraispena) instalazioak eragindako ikusizko inpaktua aztertzen du. Horren barruan Oltza Zendean eragindakoa sartzen da ere.

–Inpaktu akustikoari dagokionez, kontuan hartuko dira haize nagusiak, Ororbiako hirigunea oso hurbil baitago.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren azterketak ez ditu kontuan hartu haize nagusiak, baina, dauden distantziak ikusita, neurri prebentiboak eta zuzentzaileak ezarri aurretik sortutako inpaktu akustikoa bateragarria dela jasotzen du. Gainera, parkea ezarri ondoren soinu-inpaktu garrantzitsurik dagoen ala ez egiaztatzeko, Ingurumena Begiratzeko Planak programa bat definitzen du funtzionamendu fasean dauden soinu-mailak neurtzeko.

–Akats bat ikusi da ingurumen eraginaren azterketan (74. or.): pinudia Oltza Zendeako udal-mugartetik kanpo dago eta ez du udalak kudeatzen.

Erantzuna: Edukia ez da ingurumen arlokoa.

Azkenik, Oltza Zendeako Udalak eskatu du udala eta ukitutako Oltza Zendeako kontzejuak interesduntzat jotzeko proiektu honekin zerikusia duten espedientean eta izapide guztietan.

–Orkoiengo Udala.

Proposatutako jarduketaren eta Orkoiengo HUPean indarrean dagoen araudiaren arteko bateragarritasuna eta lurzoruen araberako baldintzak planteatu ditu.

Halaber, linea elektrikoek ingurunean duten paisaia eraginaz eta eragin funtzionalaz ohartarazi du, eta esan du estrategia bat izan behar dela lineak multzokatzeko, gutxienez Orkoiengo udal-mugartean.

Amaitzeko, Noaingo aireportuaren eragiketa aeronautikoen ondoriozko zortasunen eremuaren barruan kokatuta dagoela adierazi du eta, beraz, baimena eskatu beharko dela.

–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa.

• Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloa:

Hau adierazi du:

1. Proiektatutako parke eolikoari dagozkion obrak Arga eta Arakil ibaien polizia-eremutik eta jabari publiko hidraulikotik (JPH) kanpo daude, eta, beraz, ez da espero eragin esanguratsurik izatea ubide publikoetan.

2. Proiektuan jasotako 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoak errespetatu egiten du apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 127. artikuluan ezarritakoa.

3. Ubide publikoen gaineko zeharkako drainatzea egiteko lanetan bete beharreko baldintza teknikoak zehazten dira.

4. Ubide publikoen eta eroanbideen arteko lurpeko gurutzaguneak egiteko lanetan bete beharreko baldintza teknikoak zehazten dira.

5. Ez dago eragozpenik planteatutakoaren aurrean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Jabari Publiko Hidraulikoaren Kontrolaren Arloak dituen eskumenei dagokienez.

6. Jabari publiko hidraulikoan obrak egiteko edo instalazioak jartzeko, aurretiaz dagokion emakida edo baimen administratiboa lortu beharko da, eta interesdunak eskatu behar du arroko erakundean. Hori dela eta, linea elektrikoa jartzeko lanak hasi baino lehen, NORDEX ENERGY ORCOIEN SL sustatzaileak Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimen administratiboa eskuratu beharko du.

• Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Ur Komisariako Ingurumen Kudeaketaren Arloa:

Hau adierazi du:

1. Proiektuaren jarduketa eremuan dagoen gainazaleko eta lurpeko sare hidrografikoa deskribatu du.

2. Adierazi du uraren gaineko inpaktua gainazaleko uren aldaketaren eta uren ustekabeko kutsaduraren ondorio dela, obra-hondakinak edo hondakin likido edo solidoak pilatzeagatik, dauden ubideetatik hurbil eginen baitira obrak.

3. Oro har, egokitzat jotzen du ingurumen eraginaren azterketa, betiere bertan jasotzen diren neurriak betetzen badira, eta burura eramaten badira proiektatutako jarduketak ur-ingurunean izan dezakeen eragina murrizteko beharrezkoak diren neurriak, inguru horren dinamika hidrologikoa ez dela eraldatuko bermatuz eta lur gaineko nahiz azpiko uren kalitatea ziurtatuz une oro.

4. Azpimarratu du muturreraino eraman beharko direla neurriak azterketaren eremuan dauden ur-ibilguen inguruetan (Zuloaga erreka, Izañerreka arroila, izenik gabeko arroila eta Urtxikia ibaia).

5. Etorkizuneko ekintzetan eta arroko erakundearekin egin beharreko izapideetan kontuan hartu beharko diren alderdiak adierazi ditu.

–Nedgia. Naturgy taldea.

Aurkeztutako proiektuarekin ados dagoela adierazi du, baina gogorarazi du kontuan hartu beharko direla Erregai Gaseosoak Banatzeko eta Erabiltzeko Erregelamendu Teknikoan eta haren CG01 jarraibide tekniko osagarrian eta UNE60311 arauan ezarritako baldintza zehatzak.

Halaber, ematen dituen zerbitzuen informazio grafikoa eta kontuan hartu beharreko baldintza tekniko orokorrak lortzeko plataformaren berri eman du.

Azkenik, gogorarazten du obrak hasteko data jakinarazi behar dela, baita egokitzat jotzen diren azalpenak ere.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak azterketaren eremuan dauden eta Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogatuta dauden aztarnategi arkeologikoen zerrenda aurkeztu du, eta adierazi du parkea bateragarria dela haiekin, baina baldintza gisa ezarri du jarraipen arkeologiko bat egin behar dela “Itzako bidea” aztarnategiaren eremuan (kod.: 09311930001) eta haren 50 metroko babes-eremuan lurrak iraultzea dakarten obrak egiten badira, aireko ebakuaziorako linea eremu horren gainetik baitoa.

Jendaurreko informaziorako bigarren aldian aurkeztutako txostenen eta alegazioen laburpena:

–Nafarroako Ekologistak Martxan

Alegatzaileak honako hauek adierazi ditu:

1. Gogoeta egin du Nafarroako egoera energetikoari buruz eta, zehazki, energia eolikoaz, eta azpimarratu da arazo dela ekoizpen defizita izatea une batzuetan, baina bestetzuetan, ekoizpena handiegia izatea, eta horrek deskarbonizazioa zailtzen duela. Era berean, NEP 2030ean haize parkeak jartzeko ezarritako zonifikazioa aipatu du, eta anitzetan ez dela kontuan hartzen esan.

Erantzuna: NEP 2030ean haize-parkeak hartzeko gai ez diren eremuak deklaratu dira aintzat harturik ingurumen baldintzak, lurralde-antolamendukoak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak proposaturiko beste alderdi batzuk, departamentu hori baita NEP 2030aren sustatzailea. Haize parkerako proiektu bakoitzaren ingurumen eraginaren ebaluazioan, proiektu mailan, parke zehatz bakoitzak sortutako ingurumen eragina ebaluatzen da.

2. Oro har, parke eolikoen proiektuen inpaktuak azaldu ditu, eta babestutako eremuen eta haiek lotzeko edo konektatzeko eremuen ingurumen garrantzia azpimarratu. Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela kontuan hartzea ez bakarrik espezie babestuak berreskuratzeko eta kontserbatzeko ezarritako hazkuntza eta ugaltze eremuak, bai eta elikatzeko eta sakabanatzeko dituzten inguruak ere.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpena egitean kontuan hartzen da.

3. Ez dira kontuan hartzen erabilitako materialen ekoizpenean zabaltzen diren CO2 emisioak, ez eta parke eolikoaren eraikuntza eta mantentze fasean ere.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpen hau idaztean kontuan hartu dira, gogoan izanda ezen, haize sorgailuaren bizitza baliagarrian zehar, positiboa dela saihestutako emisioen eta alegazio honetan emandako arrazoiengatik gertatutakoen arteko aldea.

4. Haize sorgailua ezartzeko eremutik hurbil lortutako ingurumen balioetako batzuk azaldu ditu:

–Etxauri ingurutik hurbil dago, eta eremu hori Bonelli arranoa berriz sartzeko europar proiektuetan eta berreskuratze planean dago; gainera, katalogatutako beste hegazti nekrofago batzuk daude, inguruko instalazio termikoak eta abeltzaintzako ustiategiak baliatzen dituztenak. Gainera, ugatzak begiztatzen dira inguruetan.

–Miru gorria: neguko etzaleku bat dute hurbil, Arga-Arakil ibaiaren inguruan.

–Lozako eta Itzako urmaelak hurbilean, horrek eremu heze horretan maiz ibiltzen diren hegaztiei dakarkien talka arriskuarekin.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpena egitean kontuan hartu da. Hala ere, eremu horietara arteko distantzia, aerosorgailu bakarra jartzeko eskaera eta ingurunearen zabaltasuna direla eta, pentsatzen da saihets daitekeela haize sorgailu hori, bai eremuekiko lotura bideetan, bai lurraldeaz baliatzen diren espezien larreratzean, eta, horregatik, talka arriskua txikia da, eta bateragarritzat jotzen da.

5. Alternatiben proposamena: energia kontsumoa murriztea; efizientzia energetikoa; autokontsumoa; erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea.

Erantzuna: Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen eraginaren ebaluazioa gainditzen ditu.

6. Parke berriak planteatu baino lehen egungo haize parkeak sustatu beharra.

Erantzuna: Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen eraginaren ebaluazioa gainditzen ditu.

7. Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legea aldatzeko eskaera, sustatzaileak izan daitezen haize eta eguzki parkeek eta haien ebakuazio azpiegiturek eragindako hegazti eta saguzarren heriotzaren erantzuleak.

Erantzuna: Alegazioak proiektu honen esparrua eta ingurumen eraginaren ebaluazioa gainditzen ditu.

–Ongaiz-Zangozerriko Ekologistak Martxan.

Alegazioa Nafarroako Ekologistak Martxan taldeak egindakoaren antzekoa da, eta, beraz, erantzunak berak dira.

–Saguzarrak Kontserbatzeko eta Aztertzeko Espainiako Elkartea.

Alegatzaileak honako hau adierazi du:

1. Ingurumen eraginaren azterketan neurri prebentibo eta zuzentzaile zehatzik ez egotea saguzarren taldearentzat; besteak beste, haize sorgailua, saguzarrentzako arrisku gauetan, 6 m/s-tik beherako haize abiadura dagoenean, geratu beharko litzateke. Geldialdi horiek kontuan hartu beharko lirateke proiektuaren errentagarritasunaren hasierako azterketan.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan kontuan hartzen da.

2. Zenbait ohartarazpen egin dira Ingurumena Zaintzeko Programan fauna hegalariaren talken kontrolari buruz dagoen atalaz; besteak beste, laginketa maiztasuna gehienez ere 10 egunera handitzeko beharra; laginketetan zakur hezia erabiltzeko komenigarritasuna; eta aurkitutako hilikiak kontserbatzeko gomendioa.

Era berean, portaeraren aldaketaren gaineko eragina eta arrisku egoerak zein diren jakiteko, esan da komeni dela saguzarren jardueraren jarraipena egitea, operazio aurreko fasean egindakoaren antzekoa.

Bi alderdiak (jarduera eta hilkortasuna) zorrotz zenbatesten badira, korrelazioan jartzen ahalko dira, eta eredu prediktiboak egin parke eoliko berrietan.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan kontuan hartzen da.

3. Ingurumen eraginaren azterketan esaten da neurri zuzentzaileak ezartzen direla alerta atalase eta/edo atalase kritiko batzuetatik aurrera, baina ez dira zehazten atalase horiek eta aplikatu beharreko neurriak.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan kontuan hartzen da.

4. Ingurumen eraginaren azterketaren arabera, hegazti faunaren gaineko eragina hautemanez gero, gertaeraren larritasunaren araberako neurriak hartuko dira, baina horrek argi uzten du saguzarrak ahaztuta geratzen direla.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpeneko baldintzetan kontuan hartzen da, hartan esaten baita zaintza eta jarraipen planak aintzat hartuko duela hegazti faunaren eta kiropteroen gaineko eragina.

–Orkoiengo Udala

Alegatzaileak honako hauek adierazi ditu:

1. Ohartarazi du ezen, udal arloko hirigintza txostenaren arabera, linea elektrikoen presentziak paisaia eragina eta eragin funtzionala dituela lurraldean, eta, horrenbestez, estrategia bat izan behar dela udalerrian lineak multzokatzeko, lurperatuta ahal dela.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpena egitean kontuan hartzen da, ebakuazio azpiegitura lurperatzea jasotzen baitu.

2. Jarduketa eremuan, NA-700 errepidea azpiestazio elektrikoaren parean bitan banatzea aztertzen ari da, AP15aren lotzeko, eta hori kontuan hartu beharko da espedientean.

Erantzuna: Edukia ez da ingurumen arlokoa.

3. Linea elektrikoa Orkoiengo udalerritik pasatzean lurperatzeko eskatu du.

Erantzuna: Ingurumen eraginaren adierazpena egitean kontuan hartzen da, ebakuazio azpiegitura lurperatzea jasotzen baitu.

–Oltza Zendeako Udala.

• Bideragarritasunari buruzko azterlan tekniko ekonomikoan proiektuak 20 urteko balio-bizitza duela ezarri da.

Erantzuna: Kontuan hartu da IEA prestatzean.

• 2030erako Nafarroako Energia Plana (NEP2030) erreferentziatzat hartuta, ez da ulertzen zergatik jarriko den aukeratutako lekuan.

Erantzuna: NEP 2030ean haize-parkeak hartzeko gai ez diren eremuak deklaratu dira aintzat harturik ingurumen baldintzak, lurralde-antolamendukoak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak proposaturiko beste alderdi batzuk, departamentu hori baita NEP 2030aren sustatzailea. Orkoiengo haize parkeak eragindako eremu “desegokiak” ez dira desegokitzat jotzen NEP 2030ean jasotako ingurumen baldintzatzaileetako ezeinen ondorioz.

• Instalazioa jarri nahi den lurzatia nekazaritzako produktibitate ertaineko lurzoru gisa kalifikatuta dago Oltza Zendeako Udal Planean, eta eskatutako jarduera bateraezina da HUPean ezarritakoarekin.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik.

• Herri-bideak erabilera eta zerbitzu publikoko ondasunak dira eta haize sorgailuaren plataforma lagungarriek ez dituzte halakoak okupatu behar.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik, baina kontuan hartu da proiektua egin denean.

• Asiaingo 10. poligonoko 225. lurzatia HUPean ur babestu gisa sailkatutako errekatxoz inguratuta dago, eta aurreko puntuan aipatutako herri-bideari eragiten dion plataforma lagungarriak eragina izanen luke errekan ere, zeinaren arautzea Oltza Zendeako Udal Planaren 155. artikuluan jasota baitago.

Erantzuna: Alderdi hau kontuan hartu da IEA prestatzean.

• Ez da ikusi eraginik udal planean jasotako ondare arkitektonikoaren eta arkeologikoaren gainean, baina adierazi da hurbil dagoela interes kulturaleko ondasun deklaratutako Aratzuri jauregia eta haize sorgailuaren ikusizko inpaktuak eraginen diola.

Erantzuna: Alderdi hau kontuan hartu da IEA prestatzean.

• Proposatutako kokapena etorkizuneko trenbiderako aurreikusitako trazaduratik 400 metro ingurura dago, eta hiriarteko bideetarako aurreikusitako trazaduratik 841 metro ingurura.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik.

• Kontuan hartuko dira haize sorgailua jartzeak aurreikusitako azpiegituretan eta intereseko ibilbideetan izan ditzakeen eraginak.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik. Hala ere, IEAk ezartzen du, proiektua gauzatzeko, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostena beharko dela, edo atal horren baimena, abelbideei eragiten dieten aldaketarik izanez gero.

• Haize sorgailuaren eta hiriguneen eta intereseko guneen arteko distantziei dagokienez, ez da kontuan hartu Ororbiako “bizigunearen ingurune” gisa jasotako eremua. 955 metrora dago eta, udal planaren arabera, eremu horretan ez dago jasota baimendutako jarduera gisa. Gainera, haize sorgailuak biziguneetatik 1.000 metrora edo gehiagora egon behar direla ezartzen duen NEP2030eko jarraibidea urratzen du.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik.

• Ikusizko inpaktua neurketa eta kalkulu subjektiboetan oinarrituta justifikatu da; ez da egin instalazioak ingurunean izanen duen inpaktua simulatzen duen benetako fotomuntaketarik. Kontuan hartu behar da instalazio honen eragina inguru horretan dauden beste azpiegitura eta instalazio batzuen eraginarekin metatuko dela.

Erantzuna: Aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketak paisaiaren azterlan bat du, eta proiektuaren fase guztietan (lanak, funtzionamendua eta eraispena) instalazioak eragindako ikusizko inpaktua aztertzen du. Horren barruan Oltza Zendean eragindakoa sartzen da ere.

• Udalak bere kezka adierazi du obrek dirauten bitartean ibilgailuen zirkulazioan izan daitekeen eragina dela eta; beharrezkotzat jotzen du zirkulazioaren bideragarritasunari buruzko azterlana egitea haize sorgailua instalatzeko lanetan parte hartzen duten ibilgailuentzat.

Erantzuna: Ez du ingurumen arloko edukirik.

• 38. lurzatiraino doan tartea lurperatuta egon beharko litzateke.

Erantzuna: Kontuan hartu da IEA prestatzean; energia elektrikoa ateratzeko sistema osorik lurperatu behar dela ezartzen du.

Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak jakinarazi du ez dagoela ukipenik atal horri dagokionez.

Iragarkiaren kodea: F2200122