25. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1386E/2021 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Eulateko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bati buruz. Aldaketak 1. poligonoko 324. lurzatiari eragiten dio, eta Oscar Arteaga Leirok sustatu du.

Eulateko Udalak 2021eko irailaren 7an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2021eko 224. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 23koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da hiri-lurzoru finkatuen sailean 2.453,82 m²-ko eremua gehitzea, 1. poligonoko 324. lurzatikoa, bertan etxebizitza bat ezartzeko. Beraz, aldaketak berekin dakar lurzoruaren sailkapena aldatzea, eta garapen eredua zaintzeko lurzoru urbanizaezina izatetik hiri-lurzoru finkatua izatera pasatzea.

Proposamenak lurzatiaren alderik hegoaldekoenari bakarrik eragiten dio. Eremu horren aurrealdeak Gonea kalera ematen du; iparraldean, bide publikoarekin egiten du muga; ekialdean, 116. eta 332. lurzatiekin (hiri-lurzatia eta landa-lurzatia, hurrenez hurren); eta mendebaldean, bide publikoarekin eta 394. hiri-lurzatiarekin. Iparraldean izan ezik, hiri-lurzoruarekin eta Gonea kaleko zoladura berriarekin mugakide den eremu bat da, eta bizitegi-erabilerarako beharrezkoak diren hirigintza-zerbitzuak ditu.

Proposatutako aldaketak ez du ingurumen efekturik eragiten; alde batetik, ingurumen balioa duen elementu edo eremu identifikaturik ez duen lur-azalera txiki bati eragiten dio, eta, bestetik, udal plangintzak eremu hori jasotzen zuen jada hirigunea finkatzeko eta hazteko espazio potentzial gisa.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak aldeko txostena egin du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea aldaketa honi buruz, ez baitu efektu nabarmenik eragiten ingurumenean: Eulateko udal planaren aldaketa egituratzailea 1. poligonoko 324. lurzatian, Oscar Arteaga Leirok sustatua.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Eulateko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2021eko abenduaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2200114