25. ALDIZKARIA - 2022ko otsailaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

10/2022 FORU AGINDUA, urtarrilaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2022. urtean errenta bermatuaren zenbatekoa eguneratzen duena.

Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzko apirilaren 25eko 26/2018 Foru Dekretuaren 29.1 artikuluak ezartzen du foru aginduaren bidez eguneratuko dela kide bakarreko familientzako errenta bermatuaren zenbatekoa, urtero; eta ezartzen du, halaber, gizarte zerbitzuen alorrean eskumenak dituen departamentuko titularrak emanen duela foru agindu hori, eta eguneratu den urteko urtarriletik izanen dituela ondorioak. Halaber, 29.2 artikuluak ezartzen du eguneratzearen ehunekoa izanen dela, gutxienez, bi hauen artean balio handiena duena: Nafarroan lehenagoko urtean kontsumoko prezioen indizearen (KPI) urteko batez besteko igoera, eta Nafarroako batez besteko soldatarena (azken hori kalkulatzeko aintzat hartzen da zein izan den soldataren kostu arrunta, Lan Kostuen gaineko Hiru Hileroko Inkestaren arabera, lehenagoko urteko hiru hiruhilekoetan eta urte horren aurreko azken hiruhilekoan). Bi kasuetan, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera. Hori guztia bat dator Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 7.3 artikuluan adierazitakoarekin.

Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak txosten bat egin du, eta bertan proposatu du kide bakarreko familia-unitate batentzako errenta bermatuaren zenbatekoa egunera dadila 2022. urterako, egungoari %3,4ko igoera aplikatuz; horren ondorioz, zenbatekoa 658,37 eurokoa izanen da hilean.

Ikusirik kontu-hartzailetza delegatuak horretarako adostasuna eman duela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Kide bakarreko familia-unitate batentzako errenta bermatuaren zenbatekoa eguneratzea, %3,4ko igoera aplikatuz; horren ondorioz, 2022. urtean zenbatekoa 658,37 eurokoa izanen da hilean.

2. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura, Aurrekontuak Kudeatzeko Atalaren Kontabilitate Zentrora, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urtarrilaren 19an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2200839