247. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 12a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR
–ANDACELAY SL SOZIETATE PUBLIKO INSTRUMENTALA–

Oposizio-lehiaketaren deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko etafinkatzekoprozesu bereziaren barnean

Andacelay SL sozietate publikoaren administrazio kontseiluak 2022ko urriaren 28an egin bilkuran erabaki zuen oposizio-lehiaketarako deialdiaren oinarriak onestea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen babesean, bat etorriz aplikatzekoa den arauekin eta oinarriotan ezarritakoarekin.

Sarrigurenen, 2022ko azaroaren 30ean. Andacelay SL sozietate publikoaren burua, Amaia Larraya Marco.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak oposizio-lehiaketaren bidez betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak betez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena).

1.2. Deialdi honen ondorioz izendatzen edo kontratatzen diren izangaiek lanpostuak berez dituen eginkizunak bete beharko dituzte, eta honako arau hauetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte: Andacelay SLk kudeatutako zerbitzuei aplikatzekoak zaizkien hitzarmen kolektiboak, Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Andacelay SLren ordezkariek eta enpresa-batzordeak sinatutako Hobekuntza Ituna eta sektore publikoari aplikatzekoa zaion gainerako araudia; hori guztia Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko kasuan kasuko legeetan eta horiekin bat datozen arauetan ezarritako mugak betetzea ezertan galarazi gabe. Hori horrela, arau horietan ezarritakoak eta hitzarmenean aurreikusitakoak talka egiten badute, lehenbizikoak gailenduko dira, eta zuzenean aplikatuko, hitzarmen kolektiboa ez aplikatzeko prozedurara jo beharrik gabe. Halaber, gatazkarik izanez gero, lege-arauak lehenetsiko dira kontratu-baldintzen edo enpresan gertatutako egoeren aurretik, eta horrek ez du ekarriko lan-baldintzetan aldaketa nabarmenak egiteko prozedurari jarraitu beharra.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzean men eginen zaio Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legean, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta deialdi honen oinarrietan ezarritakoari.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Eskaera aurkezteko epean izangaiak ez badu titulu ofiziala –titulua ematea tramitatzen ari delako–, ez da onartuko titulua jaulkitzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiri soila; balekoa izan dadin, titulu ofizialaren "Behin-behineko ziurtagiri osagarria" eduki beharko da. Kasuan kasuko erakundeak emanen du hori, ikastetxeko izapideetan ezarritakoarekin bat.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua, ez eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ere, hots, diziplina espediente baten bidez edozein administrazio publikotatik edo autonomia erkidegoetako konstituzio organoetatik edo estatutarioetatik kendua ez izatea eta ebazpen judizial bidez funtzio publikoan aritzeko erabateko desgaikuntza ez izatea edo desgaikuntza berezia enplegu edo kargu publikorako, funtzionarioen kidegoan edo eskalan sartzeko, edo baztertua edo desgaitua izan zeneko lanpostuan egiten zituzten lanen antzeko funtzioetan aritzeko, lan-kontratudunen kasuan. Beste estatu bateko nazionalitatea izanez gero, ez egotea desgaitua edo antzeko egoera batean, edo diziplina-zehapenik edo antzekorik ez izatea, bere estatuan enplegu publikorako sarbidea, baldintza berdinetan, eragozten dionik.

f) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den euskararen edo beste hizkuntza batzuen hizkuntza-eskakizuna izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

g) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

4.–Eskabideak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Eguesibarko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, esteka honetan:

https://sedeelectronica.valledeegues.es/eu/carpeta-ciudadana/

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek eskabide telematikoa II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute nahitaez.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakunde deitzailearen atarian egonen den deialdiaren web orrian.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila erakunde deitzailearen atarian egonen den deialdiaren web orrian (deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztua).

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web orrian, erakunde deitzailearen atarian.

6.2. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakunde deitzailearen atarian egonen den deialdiaren web orrian behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, ezaugarrien taulan zehazten den Interneteko helbidean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, eta deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakunde deitzailearen atarian egonen den deialdiaren web orrian argitaratzeko aginduko da.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren funtzioak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 60 puntutik 20 lortu beharko dira.

7.2.2. Haur hezitzaileen eta jantokiko laguntzaileen (zerbitzu orokorrak) lanpostuetarako, oposizio faseak test motako proba bakarra izanen du.

7.2.3. Haur eskolako zuzendariaren lanposturako, oposizio faseak bi proba izanen ditu gehienez ere. Bi proba egitea aurreikusten bada, biak egun bakarrean egiten ahalko dira.

7.2.4. Proben kopurua, ezaugarriak eta edukia deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztuko dira.

7.2.5. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proba guztiak.

Halakorik bada, hurrengo probetarako deialdiak ezaugarrien taulan zehazten den eta erakunde deitzailearen atarian egonen den deialdiaren web orrian argitaratuko ditu epaimahaiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

7.2.6. Oposizio faseko probetarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.7. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2.8. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutako proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, erakunde deitzailearen atariko deialdiaren web orrian, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.9. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, Eguesibarko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.valledeegues.es/eu/carpeta-ciudadana/) aurkez ditzaten III. eranskinaren araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

Jarraian ezartzen dira barematuko diren merezimenduak. Horietako gehienak lanbide-esperientziarekin loturik daude; izan ere, antzinatasun handiko langile publikoen behin-behinekotasuna murriztea eta haien egoera egonkortzea da aldi baterako enplegua egonkortzeko hautapen-prozesu berezi hauen xedea, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen babespean. Horregatik funtsezkotzat jotzen da ibilbide profesional osoan lortutako esperientzia, administrazio publikoetan oro har eta, zehazki, entitate deitzaile honetan lortutakoa. Hori horrela, esperientzia da baloratuko diren merezimenduen ardatza, luze iraun duten halako egoerek ekarri baitute prozesu berezi hau. Halaber, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrina betez gauzatuko da prozesua.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 36 puntu.

Soilik baloratuko dira sektore publikoko erakundeetan bitarteko funtzionario edo aldi baterako lan-kontratudun gisa egindako zerbitzuak (kontratu mugagabeko ez-finkoek egindakoak barne), edozein delarik ere bitarteko izendapenaren/aldi baterako kontratazioaren edo behin-behineko egoera baliokidearen modalitatea; deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, 36 punturekin gehienez ere, honela:

a.1) Deialdia egiten duen erakundean, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 4 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen erakundean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 2 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Sektore publikoko beste erakunde batzuetan, lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 1 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez 36 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 4 puntu.

b.1) Euskara:

Euskara jakiteagatik, ezaugarrien taularen arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa ez denean: gehienez ere 2 puntu.

b.2) Ingelesa:

Ingelesa jakiteagatik, ezaugarrien taularen arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa ez denean: gehienez ere 2 puntu.

b1 eta b2 ataletarako oharrak:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.9. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Lanbide-esperientzia frogatzeko, egindako zerbitzuen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Zerbitzuak sektore publikoko zein erakundetan egin diren, hartan eskuduna den organoak eman beharko ditu ziurtagiriak, plazaren edo lanpostuaren izena eta kontratu mota adierazita (bitarteko funtzionarioa, aldi baterako lan kontratuduna –kontratu mugagabeko ez-finkoak barne–, edozein delarik ere bitarteko izendapenaren/aldi baterako kontratazioaren edo behin-behineko egoera baliokidearen modalitatea); horrez gain, lan bizitzaren txostena aurkeztu beharko da.

7.3.4. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakunde deitzailearen atarian egonen den deialdiaren web orrian, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia.

7.3.5. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta erakunde deitzailearen atarian egonen den deialdiaren web orrian.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.1.a) atalean puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, atal horren barnean azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiatal horiek duten hurrenkerari jarraikiz. Hala ere berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.1.b) atalean puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, atal horren barnean azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiatal horiek duten hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiek eginen duten berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran. Zerrenda argitaratuko da erakunde deitzailearen atariko deialdiaren web orrian (deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten da non), eta organo eskudunari helaraziko dio, behar diren tramiteak egin ditzan baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen jatorrizko agiriak, edo haien kopia konpultsatua edo indarreko legeen arabera behar bezala kautotua; titulu ofiziala eduki ezean, haren ziurtagiri osagarria aurkeztu beharko da, dagokion erakundeak emana, ikastetxeak ezarritako izapideen arabera.

b) Azken kontratua eta lan bizitzaren txostena, atal honetan aurreikusitako 10 egun balioduneko epe horren barnean emandakoa.

c) Euskararen edo beste hizkuntza ofizial baten hizkuntza eskakizuna duen lanposturen bat eskuratu nahi duten izangaiek aurkeztu beharko dute eskatutako maila egiaztatzen duen jatorrizko titulua, tituluaren kopia konpultsatua edo ziurtagiri bat, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

d) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

8.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori deialdiaren web orrian argitaratuko da.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

9.2. Erakundea deitzailearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, deialdiaren web orrian izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Erakunde deitzaileko funtzionario izendatuko dira edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, kasuan kasuko lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

10.2. Kontratatzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona nominako lan-kontratudun mugagabea bihurtzea, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio.

10.3. Emandako epean lan kontratua sinatzen ez dutenek, erakunde deitzaileko lan-kontratudun langilea izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.–Kontrataziorako izangaien zerrenda.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira, udalaren Ancelay SL merkataritza sozietatean gertatzen ahal diren aldi baterako beharrei erantzute aldera, bai eta, erakunde deitzaileak hala nahi izanez gero, kontratazioak egiten dituen erakundean izan daitezkeen lanpostu berriak eta lanpostu hutsak betetze aldera ere, betiere une horretan indarrean diren arauetan ezarritako ordezte-tasen arabera.

Deialdi honen ondoriozko izangaien zerrendak lehentasuna izanen du aurretik dagoen beste edozein izangaien zerrendaren aurretik, eta indarrean izanen da harik eta Andacelay SL sozietateak beste deialdi bat egitea erabakitzen duen arte.

11.2. Deialdi honek ekarritako hautapen-prozesuen ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, Udalaren Andacelay SL merkataritza sozietatean gertatzen diren beharrei erantzute aldera, eta erakunde deitzailearen atariko deialdiaren web orrian argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketen gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, ezaugarrien taulan zehazten den eta erakunde deitzailearen atarian egonen den deialdiaren web orrian argitaratuko da.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Datuen tratamenduaren arduraduna.

Identitatea: Pertsona bakarreko Andacelay SL sozietatea

Helbide elektronikoa: dpd@egues.es

Helburua: Lan deialdiak kudeatzea.

Oinarri juridikoa: Interesdunaren adostasuna.

Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta sozietateak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

Datu-hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta Eguesibarko Udalaren webgunean eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: Interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, haiek zuzentzeko, deuseztatzeko, eramateko, haien kontra egiteko eta tratamendua mugatzeko, lehenbiziko atalean adierazitako helbidera joz.

Halaber, eta bereziki, uste badute ez direla erabat bete beren eskubideak, erreklamazioa aurkezten ahalko dute kontrolerako Estatuko agintariei zuzenduta; horretarako, Datuak Babesteko Espainiako Bulegora jo beharko dute (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril).

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu huts batzuk oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN ERAKUNDEA

ANDACELAY SL SOZIETATE PUBLIKOA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

LANPOSTUA

LANP. KOP.

LANALDIA

DESTINOA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUA

BESTE BETEKIZUN BATZUK

Haur hezitzailea

2

%100

Malkaitz haur eskola

Titulu hauetako bat izatea: Haur Hezkuntzako goi mailako teknikari titulua, Haur Hezkuntzako maisu-maistraren lanbidean jarduteko gaitzen duen graduko titulua, Haur Hezkuntzako espezialitateko maisu-maistraren titulua edo Haur Hezkuntzako maisu-maistraren lanbidean jarduteko gaitzen duen titulu baliokidea

Euskara (C1/B2)

Euskara

Ingelesa

Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere

Jantokiko laguntzailea (Zerbitzu Orokorrak).

2

%25

1, Malkaitz haur eskola

1, Tangorri haur eskola

Titulu hauetako bat izatea: eskola-ziurtagiria, DBHko graduatu titulua, eskola graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua, Lanbide Heziketako lehen mailakoa edo horien baliokidea

Euskara

Ingelesa

Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere

Haur eskolako zuzendaria

1

%100

Malkaitz haur eskola

Titulu hauetako bat izatea: Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle titulua, eskolaurreko irakaskuntzako espezialitatekoa; maisu-maistra titulua, Haur Hezkuntzako espezialitatekoa edo gradudun titulu baliokidea, Haur Hezkuntzako maisu-maistraren lanbidean jarduteko gaitzen duena

Euskara (C1/B2)

Euskara

Ingelesa

Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere

2.–Betekizunak.

2.1. Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, legez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo adin horretatik gorakoak baldin haien kontura bizi badira.

2.2. Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere.

3.–Oposizioko probak.

LANPOSTUA

LEHENENGO PROBA

BIGARREN PROBA

1.–Haur hezitzailea

2.–Jantokiko laguntzailea (Zerbitzu Orokorrak)

Proba teorikoa izanen da; test motako hainbat galderari erantzun beharko zaie, idatziz, epaimahaiak proba hasi baino lehen ezarriko duen gehieneko denboran. Galdera bakoitzak zenbait erantzun izanen ditu aukeran, eta horietako bat bakarra izanen da zuzena.

Proba honetan, gehienez ere, 60 puntu erdiesten ahalko dira.

Oposizioaldia baztertzailea izanen da. Gainditzeko, 60 puntutik 20 lortu beharko dira.

Haur eskolako zuzendaria

Proba teorikoa izanen da; test motako hainbat galderari erantzun beharko zaie, idatziz, epaimahaiak proba hasi baino lehen ezarriko duen gehieneko denboran. Galdera bakoitzak zenbait erantzun izanen ditu aukeran, eta horietako bat bakarra izanen da zuzena.

Proba honetan, gehienez ere, 30 puntu erdiesten ahalko dira.

Proba teoriko-praktikoa: gai-zerrendako gaiei loturik, proba praktiko bat edo batzuk eta/edo memoria-proiektu formatuko proba bat garatu beharko dira. Memoria-lanik bada, izangaiek epaimahaiaren aurrean azaldu eta defendatu beharko dute, ahoz, ezartzen zaien datan.

Proba honetan, gehienez ere, 30 puntu erdiesten ahalko dira.

Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 60 puntutik 20 lortu beharko dira.

4.–Gai-zerrenda.

4.1. Haur eskolako zuzendaria.

ARAUDIARI BURUZKO GAI-ZERRENDA

1.–28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena.

2.–61/2022 Foru Dekretua, ekainaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.

3.–3/2022 Ebazpena, urtarrilaren 18koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, funts publikoak jasotzen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan 2022-2023 ikasturtean haurrak onartzeko prozedura onesten duena.

4.–Tarifei buruzko 12/2022 Foru Agindua, otsailaren 7koa, zeinaren bidez ezartzen baita zer tarifa aplikatuko zaizkien familiei Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.

5.–Egutegiari buruzko 26/2022 Ebazpena, urtarrilaren 9koa, zeinaren bidez jarraibide batzuk onesten baitira egutegia eta ordutegia prestatzeko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan.

6.–79/2012 Foru Agindua, abuztuaren 27koa, Hezkuntza Departamentuaren eta toki entitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezartzen dituena.

GAI-ZERRENDA

1.–Ikastetxearen hezkuntza proiektua eta haur eskolako curriculum proiektua.

2.–Zer da haur eskola bat: antolaketa eta funtzionamendua.

3.–Giro prestatzea, ekipamendua, material didaktikoa eta curriculumetakoa, 0-3 urte bitarteko hezkuntza etapan.

4.–Teoria eta praktika psikopedagogiko nagusien eragina haur eskolan: Pestalozzi, Froëbel, Decroly, Montessori, Malaguzzi eta Pikler.

5.–Kalitatea, berrikuntza eta ebaluazioa. Kalitate faktoreak, haur eskola bateko antolaketan eta funtzionamenduan. Kultura estatikoa eta kultura dinamikoa. Ikastetxearen ebaluazioa eta hobekuntza planak.

6.–Familiaren eta haur eskolaren arteko harremanak.

7.–Hezkuntzan esku hartzeko printzipioak eta oinarrizko metodologia 0-3 urteko hezkuntza zikloan.

8.–Haurren bizitzarako inportanteak diren alderdiei arreta ematea eskolan: harrera-aldia, jana, loa, pixoihalaren aldaketa eta esfinterren kontrola.

9.–Gatazkei heltzea haur eskolan.

10.–Haur eskolako zuzendaritzaren eginkizunak eta erantzukizuna. Kudeaketa estiloak. Helburuak eta printzipioak.

11.–Pertsonen arteko harremanak eta talde lana. Lantaldean parte hartzea zuzendariaren rola izanik. Langileen motibazioa. Bilerak eraginkor gidatzea.

12.–Arazoak aztertu eta erabakiak hartzea. Konponbideak eraikitzeko teknikak. Erabaki eraginkorrak.

13.–Gatazkak konpontzea. Negoziazioa eta bitartekaritza. Akordio eraginkorrak. Elkar ulertzeko giroa sortzea. Estresa kudeatzea.

14.–Adimen emozionala zuzendaritzari aplikatua. Giza faktorea, funtsezko elementua lanean eta antolaketan. Emozioak. Eraginkortasun komunikatiboa.

15.–Informazioa eta komunikazioa. Komunikazioa hobetzeko teknikak. Laneko giroa.

16.–Denbora kudeatzea: eskolako zuzendaritzan kontrolatu beharreko elementua. Norberaren lanaren antolaketa. Presako zereginak eta lehentasunezko zereginak. Denbora optimizatzea.

17.–Arriskuen prebentzioaren kudeaketa haur eskoletan. Lan baldintzak eta osasuna.

4.2. Haur hezitzailea.

ARAUDIARI BURUZKO GAI-ZERRENDA

1.–28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena.

2.–61/2022 Foru Dekretua, ekainaren 1ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.

LANPOSTUARI DAGOKION GAI-ZERRENDA

1.–Ikastetxearen hezkuntza proiektua eta proposamen pedagogikoa.

2.–Hezitzailearen eginkizuna Haur Hezkuntzan. Eskumenak, trebetasunak eta jarrerak. Haurraren eta hezitzailearen arteko harreman interaktiboak.

3.–Hezkuntzako esku-hartzearen oinarriak. Ikuspuntu globalizatzailea. Ikasketa esanguratsua. Haurrak ezagutzak erdiestea eta hezitzailearen laguntza pedagogikoa.

4.–Behaketa eta esperimentazioan oinarritutako metodologia. Laneko programazioa epe labur eta luzera. Egindako lanaren dokumentazioa.

5.–Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa. Ebaluazioaren eginkizuna. Ebaluazioko estrategiak, teknikak eta tresnak. Behaketa, ebaluazio teknika gisa.

6.–Praktikan oinarritutako ikerketa, Haur Hezkuntzan. Ikerketa, hezkuntza taldea hobetzeko estrategia gisa.

7.–Bilakaera unerik garrantzitsuenak 0-3 urte bitarteko etapan.

8.–Pentsamenduaren konplexutasuna. Garapen kognitiboa eta mugimenduarena, 0-3 urte bitarteko haurrengan. Sentitze-mugitzezko garapenaren eta garapen kognitiboaren arteko harremana haurtzaroan. Garapen logiko-matematikoa. Pertzepzio-garapena: zentzumenak garatzeko jarduerak eta espazioak. Psikomotrizitatea eta haren eginkizun globalizatzailea garapen kognitibo, afektibo eta mugimenduzkoan: gorputzaren eskema eta haren bilakaera, posturaren kontrola, lateralitatea.

9.–Garapen sozio-afektiboa. Nortasunaren garapena: identitatea, autonomia eta autoestimua. Indibiduatzea eta sozializazioa.

10.–Mintzairaren garapena. Adierazpena eta komunikazioa 0-3 urte bitarteko haurrengan. Mintzaira eta pentsamendua. Ulermenaren eta adierazpenaren garapena.

11.–Esku-hartzea familiekin. Familiaren parte hartzea haur eskolaren heziketa zereginetan. Komunikazio eta lankidetza bideak. Bilerak gurasoekin: helburuak, plangintza eta balorazioa.

12.–Autonomia eta osasuna: haurren oinarrizko beharrak. Norbere autonomiarako ohiturak lantzea eta ebaluatzea. Elikadura, esfinterren kontrola, loa, garbiketa, janztea. Janordua hezkuntzarako une gisa. Haurraren atsedena.

13.–Jolasa, haurren garapen orokorrean. Jolasa, baliabide didaktiko gisa. Haur jolasaren garapena. Jolas heuristikoa. Jolas eta jostailu motak. Jolasaren lagungarri diren materialak eta baliabideak. Hezitzailearen egitekoa haurren jolasean. Jolas eremuak eta jolastokia. Jolaserako giroa sortzea.

14.–Espazioa eta denbora antolatzea eta ebaluazioa. Eguneroko erritmo eta ohiturak. Denbora antolatzeko eta banatzeko ereduak: banakako jarduerak eta taldekakoak. Espazioak antolatzea. Txokoak, eta jolaserako eta atsedenerako eremuak.

15.–Lantegiak, haurraren interesean eta jardueran oinarritutako metodologia gisa. Adierazpen artistikoa: teknikak eta baliabideak. Adierazpen artistikoaren garapena haurrengan. Mintzaira artistikoaren oinarrizko elementuak.

16.–Eskola berria eta Decroly, Montessori, Freinet eta Pestalozziren ideiak. Abanguardiako mugimendu pedagogikoak: Vigotski, Bruner, Ausubel eta Emmi Pikler. Reggio Emiliako (Italia) Udalaren haur eskoletan aplikatutako Loris Malaguzziren pedagogia. Korronte psikopedagogiko nagusien eragina haur hezkuntzan.

4.3. Zerbitzu orokorrak (jantokiko laguntzailea-garbiketako peoia).

1. gaia.–Oinarrizko kontzeptuak garbiketari buruz eta zoruen fitxa teknikoak

2. gaia.–Oinarrizko tratamenduak zoruetarako.

3. gaia.–Garbitzeko makineria.

4. gaia.–Garbiketa sistemak.

5. gaia.–Zentro publikoak garbitzea Administrazio eremuak garbitzea.

6. gaia.–Bainu gela garbitzea. Komun publikoak garbitzea.

7. gaia.–Oinarrizko tresnak eta lanabesak garbiketarako.

8. gaia.–Produktu kimikoak garbiketan.

9. gaia.–Biltegiak/lantegiak eta kanpoaldea garbitzea.

10. gaia.–Garbiketaren alderdi ekologikoak. Hondakinen ezabatzea.

11. gaia.–Garbiketa zerbitzuaren antolamendua eta kontrola Lan taldeak. Garbiketako langileen eginkizunak.

12. gaia.–Garbiketaren kalitatea.

13. gaia.–Lan arriskuei aurrea hartzea garbiketa lanetan.

14. gaia.–Ortografia eta aritmetika: oinarrizko kontzeptuak.

15. gaia.–Langileen Estatutua.

16. gaia.–Jantoki zerbitzua, kontuan hartu beharreko alderdiak.

17. gaia.–Arropa garbitu eta zaintzea. Ehun motak.

18. gaia–Desinfekzioa eta intsektuak hiltzea. Intsektuek eta bizkarroiek dakartzaten osasun arriskuak. Horiek desagerrarazteko bideak.

19. gaia.–Elikagai motak. Elikagaiak erabiltzea

20. gaia.–Garbiketako langileen/jantokiko laguntzaileen zereginak haur eskoletan. Gorputzaren zaintza Pikleren printzipioekin bat: garbitzeko unea eta elikadura.

5.–Deialdiaren web orria erakunde deitzailearen atarian.

https://www.valledeegues.com/eu/enplegu-publikoa/

6.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Andacelay SLren administrazio kontseiluaren Erabakia, 2022ko maiatzaren 6koa (2022ko 97. NAO, maiatzaren 19koa).

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/97/45

7.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Andacelay SLren administrazio kontseiluaren Erabakia, 2022ko urriaren 28koa.

II. ERANSKINA

Eskaera orria

https://www.valledeegues.com/eu/enplegu-publikoa/

III. ERANSKINA

Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia

https://www.valledeegues.com/eu/enplegu-publikoa/

Iragarkiaren kodea: L2216160