247. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 12a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

PITILLAS

Deialdia, lanpostu huts bat bete dadin merezimendu-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan)

Osoko bilkurak 2022ko azaroaren 24ko bilera berezian hartutako erabaki baten bidez, Pitillasko Udala osorik atxikitzen zaio uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluan jasotako erregulazioari (foru lege horren bidez neurri batzuk hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 20/2021 Legeak hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan).

Pitillasko Udaleko alkatearen 2022ko azaroaren 28ko 128/2022 Ebazpenaren bidez, onetsi dira deialdi baten oinarriak, xedea izanik merezimendu-lehiaketaren bidez betetzea lanpostu huts bat, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean; hori guztia, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarriei (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan).

Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudiari eta ondotik ematen diren oinarrietan ezartzen denari jarraikiz.

Pitillasen, 2022ko azaroaren 29an.–Alkate udalburua, Pedro José Labari Elduayen.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsa, aipatutako eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, honako arau hauen babesean: abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez kontratatzen den izangaiak bere lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko da.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta lanpostuen erreserbarik ere desgaitasuna dutenentzat edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Merezimendu-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza eta bestelako baldintzak betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu Pitillasko Udalean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko diren langileek. Baldintza hori betetzen ez dutenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta dagokien erantzukizuna.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f) oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko, eskabidea nahitaez telematikoki aurkeztuko da, Pitillasko Udaleko erregistro elektronikoan, esteka honen bidez: https://pitillas.sedelectronica.es/info.0.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori Pitillasko Udalaren webgunean argitaratuko da: www.pitillas.es.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.4. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu egiten epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik, eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori, hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Pitillasko Udalaren webgunean: www.pitillas.es.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Pitillasko Udalaren webgunean: www.pitillas.es.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak Pitillasko Udalaren webgunearen bidez aurkeztuko dira: www.pitillas.es.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onetsiko da onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda, eta argitaratuko da Pitillasko Udalaren webgunean: www.pitillas.es.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak: baloratuko diren merezimenduak.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Mairagako Mankomunitatean, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Mairagako Mankomunitatean, beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 1,5 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.1, a.2 eta a.3 ataletarako oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) atal honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Pitillasko Udalari badagokio ziurtagiri hori ematea, bera denez deialdia egiten duen organoa, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu:

b.1) Pitillasko Udalean, deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 28 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana:

Ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean eta ezaugarrien taularen arabera: 5 puntu gehienez haietako bakoitzagatik.

Oharrak b.2 atalerako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

c) Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

d) Behin merezimenduen balorazioa aurreko atalek ezarritakoari jarraikiz eginda, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen duten pertsonek lorturiko puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio guztira, zuzenketa-faktore gisa.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du Pitillasko Udalaren webgunean (www.pitillas.es), eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dizkio, behar diren izapideak egin daitezen baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsa hautatzeko.

8.3. Puntu-berdinketarik gertatuz gero merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean, ebatziko da merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde; eta, berdinketak badirau, kontuan hartuko da atal horren azpiatal bakoitzean lortutako puntuazio handiena, zerrendatzen diren hurrenkeran.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du, lanpostua eskuratu duten izangaiek aurkez ditzaten honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak, horretarako ezartzen den bidea erabiliz (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangaik eskura ditzakete lanpostuak):

–Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

9.2. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsa aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitekeen lanpostu hutsaren zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsa hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori argitara emanen da Pitillasko Udalaren webgunean: www.pitillas.es.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago duten lanpostu hutsaren hurrenkera jakinaraziko dute.

10.–Kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsa hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaia kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen den izangaia.

Kontratazio proposamen hori Pitillasko Udalaren webgunean argitaratuko da: www.pitillas.es.

10.2. Pitillasko Udalaren zerbitzuko langile finkoa ez den izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, Pitillasko Udalaren web-orrian (www.pitillas.es) kontratazio proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da kontratatu agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.5. Deialdi honen xede den lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Kontratazioa, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.

11.1. Lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko da aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia, eta lanpostu hutsa esleituko zaio.

11.2. Kontratatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona bihurtzea nominako eta plantillako lan-kontratudun finko, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

11.3. Kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Kontratazio ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek eskubide guztiak galduko dituzte Pitillasko Udaleko lan-kontratudun langile finko izateko. Hala bada, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Baldin lan-kontratudun finko bihurtzen den izangai bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiari eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Pitillasko Udalaren webgunean (www.pitillas.es).

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen organoari, hau da, Pitillasko Udalari, zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Honako deialdi honen ezaugarrien taula: deialdia, lanpostu hutsa bete dadin merezimendu-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek premiazko neurriak ditu hizpide, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

PITILLASKO UDALA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

LANPOSTUEN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

BEHAR DEN TITULAZIOA

MEREZIMENDUETAKO HIZKUNTZAK

1

Administrari laguntzailea

D

Lan-kontratudun finkoa

%80 (30 ordu astean).

Eskola graduatua, lehen mailako lanbide heziketa edo baliokidea.

Ingelesa, frantsesa, alemana

2.–Betekizunak.

2.1. Espainiako nazionalitatea, nahitaezkoa: Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio; orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beheitikoak badira, edo goitikoak, haien kontura biziz gero.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/ANEXO_II_SOLICITUD_C_MERITOS_E.pdf

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

https://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/ANEXO_III_AUTOVALORACION_MERITOS_E.doc

Iragarkiaren kodea: L2216143