247. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 12a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

MARTZILLA

Deialdia, lanpostu hutsak oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera

Alkate udalburuaren 2022ko azaroaren 24ko Ebazpenaren bidez, deialdiaren oinarriak onetsi dira lanpostu hutsak oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan ezarritakoaren arabera (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko legea).

Alkatearen ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Martzillan, 2022ko azaroaren 29an.–Alkate udalburua, Mario Fabo Calero.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak betez, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek edo halakoen gisan kontratatzen direnek beren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte eta, arau horretan ezarritako mailen artetik, ezaugarri teknikoen taulan zehazten den mailan sailkatuta geldituko dira.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) I. eranskinean zehazten den nazionalitateari buruzko baldintza betetzea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea. Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

g) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute lanpostuaren jabetza hartu arte.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxaren bidez.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa ezaugarrien taulan zehazten dena da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitako salbuespena honela frogatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik, hilean zenbatuta. Hori egiteko, deialdiaren fitxan dagoen eredua aurkeztu beharko da, edo deialdian parte hartzeko eskabidean berean horretarako dagoen tokian idatzi.

Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taul(et)an zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4.3.b) ataleko kasuagatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek aurkeztu beharko dute enplegu bulegoak emandako ziurtagiria eta errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, soilik ez badute bete dagokion atala II. eranskineko eskabidean.

%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

a) –IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

b) –Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

–Desgaitasuna izanik probak egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan (deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztua).

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan, toki erakundearen atarian.

6.2. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, ezaugarrien taulan zehazten den Interneteko helbidean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsiko da, eta deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko da.

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, eta oposizioaldiko probak ere baztertzaileak izanen dira. Gainditzeko, 30 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. Oposizioaldiak test motako proba bakarra izanen du. Proba horretan, I. eranskinean zehaztutako gaiei buruzko test motako galde-sorta bati erantzungo zaio. Hirurogei galdera izanen ditu, hiru erantzun alternatiborekin, eta bakarra izanen da zuzena. Proba hau egiteko 60 minutu izanen dira. 0tik 60 puntura bitarte kalifikatuko da. Erantzun zuzen bakoitzeko 1 puntu emanen dira; erantzun oker bakoitzeko 0,33 puntu kenduko dira; erantzun gabeko galderengatik ez da punturik emanen.

7.2.3. Proben kopurua, ezaugarriak eta edukia deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztuko dira.

7.2.4. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan aurreikusitako proba guztiak.

Halakorik bada, hurrengo probetarako deialdiak ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko ditu epaimahaiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

7.2.6. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2.8. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutako proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.9. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten III. ERANSKINAREN araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 28 puntu.

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen erakundean, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen erakundean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 12 puntu.

b.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 3,2 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana:

Frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean, ezaugarrien taulan adierazten den lanpostuetan: 2 puntu gehienez haietako bakoitzeko.

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.9. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia.

7.3.4. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, ebatziko da 7.3.b.1) apartatuan puntuaziorik handiena duen pertsonaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.a) apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, apartatu horren barnean azpiapartatu bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiapartatu horiek duten hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, hala badagokio, txanden arabera banatuta eta, horien barnean, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran emanda. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko du zerrenda, eta organo eskudunari helaraziko dio, baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak egiteko.

8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

–Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren web fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

9.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko funtzionario izendatuko dira edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, kasuan kasuko lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

10.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bilakatuko du izendatua, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10.6. Funtzionario edo lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

10.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

10.8. Euskaraz jakin beharra duten deialdi honetako lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen-prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Deialdi honen ondoriozko hautapen-prozesuen ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, eta toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu huts batzuk oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

MARTZILLAKO SAN BARTOLOMÉ ZAHAR ETXEA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUETAKO
HIZKUNTZAK

1-05

ZERBITZU OROKORRAK

D

LK

Osoa

Eskola Graduatua, lehen mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.

EZ

Ingelesa

Frantsesa

Alemana

2.–Tasa:

2.1. Ordaindu beharreko zenbatekoa: 30 euro.

2.2. Ordaintzeko modua: Zenbateko hori eskudirutan edo banku-transferentzia bidez ordaindu ahal izanen da, honako kontu honetan: Nafarroako Rural Kutxa ES73 3008 0026 9033 0539 4326.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:

–Izangaiaren izen-deiturak.

–Kontzeptua: Zer hautapen-prozesutarako den.

3.–Oposizioko probak.

LANPOSTUA

PROBA

1-02

ZERBITZU OROKORRAK

Teorikoa, idatzizkoa eta baztertzailea. Test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio. Galderak ezaugarrien taula honetan zehaztutako gaiei buruzkoak izanen dira.

4.–Gai-zerrenda.

Lanpostua: 1-02. ZERBITZU OROKORRAK

LEHEN PROBA.

–Lantaldearen eta diziplina anitzeko lantaldearen kontzeptua. Komunikazio kontzeptua eta motak, komunikazioan eragina duten faktoreak, komunikatzeko gaitasun sozialak. Enpatia eta entzute aktiboa.

–Pazientearen eskubideak, betebeharrak eta autonomia. Lanbideko sekretua: kontzeptua eta araudi juridikoa. Historia klinikoa: definizioak, eginkizunak eta historia motak. Historia klinikoaren lege eta osasun alderdiak. Agirien diseinua eta normalizazioa.

–Hondakinen kudeaketa: definizioa, sailkapena, biltegiratzea, garraioa, ezabaketa eta tratamendua.

–Mugitzeko arazoak dituen pazienteari laguntzea: mugikortasun eta mugiezintasun fisikoa; mugikortasunean eragiten duten faktoreak. Oinez ibiltzen laguntzeko teknikak. Posizio anatomikoa eta gorputz lerrokadura. Ultzerak presioagatik: kontzeptua, arrisku-faktoreak, kokapena, etiologia eta prebentzio-neurriak. Mobilizazioa eta gorputz-jarrerak aldatzea. Erortzeko arriskua, prebentzio neurriak. Laguntzeko gailuen erabilera egokia.

–Pazientea laguntzea eta zaintzea higiene-beharretan. Higienea eta garbiketa. Desinfekzioa. Esterilizazioa ile-apainketako eta estetikako aretoan. Desinfektatzeko metodoak. Beharrezko higiene- eta osasun-baldintzak.

–Pazientea lagundu eta zaintzea, kanporatze lanei dagokienez. Diuresia eta libratzea, enema motak, enemen administrazioa. Ezagutzak eta laguntzeko jarduerak, gernu, digestio eta ondeste aparatuetako zundaketak egiteko.

–Zaharra zaintzea eta laguntzea: zahartasunaren kontzeptua, zaharraren zainketak, zahartzeari lotutako aldaketa fisiologikoak. Dementzia duen pazientea laguntzea.

–Azala: deskribapena. Egitura eta funtzioak. Ile-masajea: kontzeptua, maniobrak, kontraindikazioak.

–Eranskin epidemikoak. Ilea. Ile motak. Ilearen hazkundea. Sebo-guruinak. Izerdi-guruinak.

–Ileko higienea. Kosmetika espezifikoa. Kontrako erreakzioen prebentzioa. Produktu kosmetikoen gaineko legedia.

–Ilea moztea. Erabiltzen diren lanabesak. Mozketaren egitura.

–Gaixotasun infekziosoen transmisioa prebenitzea ospitalean: arreta-neurri estandarrak (eskuak garbitzea, eskularruak, maskarak, mantalak eta abar erabiltzea). Kontaktu isolamendua. Arnas isolamendua.

–Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea: oinarrizko kontzeptuak. Eskubide eta betebeharrak laneko segurtasunean. Lan-osasuna: izaera biologiko, kimiko, fisiko eta psikologikoko arriskuak. Prebentzio neurriak. Lanaren ondoriozko patologiak: lanbide-gaixotasunaren kontzeptuak, lan-istripua. Ergonomia: gorputz mekanika.

5.–Deialdiaren web fitxa, toki erakundearen atarian:

https://marcilla.sedelectronica.es/transparency/c6083e94-5696-4f68-9424-de9cc3a4c71f/

6.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

–532/2021 Ebazpena, 2022ko maiatzaren 18koa.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/100/44

7.–Deialdia onesten duen ebazpena.

–Alkate udalburuaren Ebazpena, 2022ko azaroaren 24koa.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://marcilla.sedelectronica.es/transparency/2da5017f-8367-4621-ae93-1b3a46a29eb6/

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, egonkortze lehiaketako merezimenduetarako

https://marcilla.sedelectronica.es/transparency/2da5017f-8367-4621-ae93-1b3a46a29eb6/

Iragarkiaren kodea: L2216082