247. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 12a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CASTEJÓN

696/2022 Ebazpena, merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidezko sarrera-prozeduren deialdirako oinarri orokorrak onesten dituena, Castejongo Udalean aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren barnean

2021eko abenduaren 29an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta, haren hamargarren xedapen gehigarriari jarraikiz, Foru Hobekuntzan ezarritakoaren arabera aplikatu behar da Nafarroan. Ondorioz, tokiko esparruan, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraitu behar zaio.

2022ko 101. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 24koan, 2/2022 Foru Lege-dekretua argitaratu zen, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, 20/2021 Legearen ondorioz. Haren xedapen gehigarriak ezartzen du Nafarroako administrazio publikoak osorik edo partez atxikitzen ahal zaizkiola II. tituluan jasotako erregulazioari, hala erabakitzen badute.

Estatuaren oinarrizko araudia betetzeko, alkate honek txosten juridiko bat enkargatu zion kanpoko aholkularitza bati, 2022ko urtarrilaren 27an eman zena, zeinetan, beste zenbait ondorioren artean, gomendatzen baita Castejonen aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko plana diseinatzeko eta plana ordezkari sindikalekin negoziatzeko, haren egutegia, ezarpena eta gauzatzeko era barne, baita egonkortzeko lan publikoaren eskaintza bera ere.

Hala, 2022ko maiatzaren 2an, maiatzaren 17an, uztailaren 19an, azaroaren 4an, azaroaren 9an eta azaroaren 22an bilerak egin dira udal ordezkarien eta ordezkari sindikalen artean, dagokien aktetan jasota daudenak, egonkortzeko LPEko lanpostuak eta prozesua arautuko duten oinarriak zehazteko helburuarekin, eta aho bateko akordioa erdietsi da hautaketa eta, beraz, aipatu egonkortzea gauzatzeko deialdiaren gainean.

2022ko maiatzaren 26an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen egonkortzeko LPEa, merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidezkoa.

Azaldutako araudiaren arabera, Castejongo Udala 20/2021 Legea aplikatzera behartua dago, eta, foru legera atxikitzeko berariazko erabakirik gertatzen ez bada, zeinak, bestalde, ez baitu aldaketa nabarmenik udal ikuspegitik, ez da beharrezkoa erabaki hori hartzea, baizik eta deialdiak 2022ko abenduaren 31 baino lehen argitaratzea eta 2024ko abenduaren 31 baino lehen ebaztea.

Udalean ordezkaritza duten sindikatu guztiekin lortutako akordioak aipatu araudia betetzen du eta, aldi berean, 7/1985 TAOLean autoantolaketaren arloan jasotako printzipio konstituzionalean oinarritzen da, bai eta legeak baimentzen duen bi urteko epean deialdien ebazpenaren plangintzak udal kutxetarako eta kudeaketa orokorrerako duen garrantzian ere.

7/1985 TAOLaren 21.1 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidezko sarrera-prozeduren deialdiarekin batera doazen oinarriak onestea, Castejongo Udalean aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuaren barnean. Deialdian sartzen diren lanpostu hutsak eta haien ezaugarriak II. eranskinean zehazten dira.

Bigarrena.–Ebazpen hau, deialdiarekin eta haren oinarriekin eta eranskinekin batera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren webgunean argitara daitezen agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpena ordezkari sindikalei helaraztea eta osoko bilkurari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alkatetzaren ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Castejonen, 2022ko azaroaren 29an.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

MEREZIMENDU-LEHIAKETAREN SALBUESPENEZKO SISTEMAREN BIDEZKO SARRERA-PROZEDUREN DEIALDIRAKO OINARRI OROKORRAK, CASTEJONGO UDALEAN ALDI BATERAKO ENPLEGUA EGONKORTZEKO PROZESUAREN BARNEAN

1.–Deialdien xedea.

Deialdi honen xedea da Castejongo Udalaren zerbitzuko B, C eta D mailako lanpostu batzuetan, II. eranskinean zerrendatzen direnetan, gehieneko plaza kopuru bat betetzea merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko sistemaren bidez eta sarrera-prozedurari jarraikiz. Lanpostu horiek zehazki zeintzuk diren eta zein plantilla-zenbaki duten, bai eta bakoitzak dituen betebeharrak, araubide juridikoa eta destinoa ere, alkatetzaren ebazpen bidez onetsiko da, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin bat, Nafarroako administrazio publikoei dagokienez.

Honako hauek dira deialdi honen xede diren B mailako lanpostuak:

–Gizarte-hezitzailea. Zk.: 30.

–EUD/OLT. Zuzendaritza. Zk.: 32.

–Kulturguneen dinamizatzailea. Zk.: 53.

–Musika irakaslea-Zuzendaria. Zk.: 101.

–Musika irakaslea-Ikasketa burua. Zk.: 102.

–Musika irakaslea. Zk.: 103, 104, 105, 106, 107, 108, 109 eta 110.

Honako hauek dira deialdi honen xede diren C mailako lanpostuak:

–Administrari laguntzailea. Zk.: 29.

–ESBko monitore koordinatzailea. Zk.: 37.

–Biltegiaren arduraduna. Zk.: 81.

Honako hauek dira deialdi honen xede diren D mailako lanpostuak:

–Zerbitzu anitzak. Etxezaina. Zk.: 12.

–Gerokultorea. Zk.: 40 eta 48.

–Gerokultorea. Zk.: 50.

–Familia-langilea/ELZ. Zk.: 63, 65, 66, 67 eta 68.

–Kulturguneetako laguntzailea. Zk.: 58.

–Pala-gidaria. Zk.: 82.

–Zerbitzu anitzak. Ehorzlea. Zk.: 86.

–Musika eskolako etxezaina-kulturako laguntzailea. Zk.: 100.

Maila eta zerbitzu bereko lanpostu edo lanpostu-talde bakoitzak hautaketa-prozesu independente bat izanen du, eta prozesu bakoitza arautuko duten berariazko oinarriak onetsi eta argitaratuko dira, kasuan kasuko lanpostua betetzeko behar diren berezitasunak bilduko dituztenak.

2.–Betekizunak.

2.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Deialdiko lanpostu bakoitzerako II. eranskinean adierazitako titulu akademikoa edo baliokidetzat aitortutako titulua izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin, zeinaren bidez aldatzen baita Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere. Baldintza hori bete beharko dute zenbaki hauek dituzten lanpostuek: 12, 30, 53, 58, 100, 101, 102, 103, 104, 105, 106, 107, 108, 109 eta 110.

Baldintza hori frogatuko da ziurtagiri bat eskatuta Sexu Delitugileen Erregistro Zentralari, zeina arautu baitzen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez, edo, bestela, aurkeztu beharko da erregistro horrek emandako ziurtagiri negatiboa.

g) Gidabaimena izatea eskatzen duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea. Baldintza hori bete beharko dute zenbaki hauek dituzten lanpostuek: 81, 82 eta 86.

h) 82. zenbakia duen lanpostua eskuratu nahi izanez gero, nahitaezkoa izanen da hondeamakinak, atzerako hondeamakinak edo antzeko makineria erabiltzeko txartela, titulu egiaztatzailea edo ziurtagiria izatea.

2.2. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.3. Izangaiek deialdi hauen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek.

2.4. Aldi baterako enplegua egonkortzeko asmoz lanpostuz lanpostu deitzen diren sarrerako hautapen-prozeduretan ezin izanen dute parte hartu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdiaren xedeko lanpostu berean langile finkoak diren enplegatuek.

Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

2.5. Lanpostu bakoitzerako eskatzen diren baldintzak oinarri hauetan ezarritako epean frogatzen ez dituztenek ezin izanen dute parte hartu aldi baterako enplegua egonkortzeko deitutako sarrerako hautapen-prozeduran.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdi bakoitzean parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira plaza bakoitzaren berariazko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aitzina. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen-prozesu hauetan parte hartu nahi dutenek eskaera aurkeztu beharko dute telematikoki, Internet bidez, posta elektronikoko ayuntamiento@castejon.com helbidean, edota aurrez aurre, sarrera erregistroaren bidez, Udalaren bulegoetan, 09:00etatik 14:00etara.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertara igotzeko hautapen-prozeduretan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 20 eurokoa da, izena ematen den lanpostu bakoitzeko.

Tasa hori ordaindu behar da izena ematen den lanpostu bakoitzeko transferentzia bat eginez, eskaera formalizatzeko unean. Egiten ahal da ES2621005004300200030159 kontu zenbakian edo, bestela, udal bulegoetan dagoen Udalaren Diruzaintzan.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten pertsonak.

b) Deialdi hau argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez, langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Langabezia egoeragatik aurreko paragrafoan ezartzen salbuespenerako, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita zein egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera on-line aurkeztuz gero, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskaneatuta:

1.–Deialdiaren I. eranskinean ezarritako baremoaren arabera aurkezten dituzten merezimendu guztiak egiaztatzeko dokumentazioa.

2.–Aurkeztutako datuak egiaztatzen dituen lan-bizitza.

Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko edo enpresa publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira egindako zerbitzuak lanean egindako denboraren xehetasunarekin, I. eranskineko baremoan ezarritako moduan, eta berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren edo postuaren arabera, sailkapen maila edo lanbide kategoria, zerbitzua zer zentro, unitate edo alorretan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

Honako hauek ez dira aurkeztu behar, deialdia egin duen organoak zuzenean emanen baitizkio epaimahaiari:

–Castejongo Udalean eta haren erakunde autonomoetan egindako eta aitortutako zerbitzuen ziurtagiria.

3.–%33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat izateagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

4.–Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi bada eta soilik langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez bada, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

3.5. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpen bat emanen du deialdi bakoitzean onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onesteko, eta zerrenda horiek Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak eskaerak aurkeztu ziren modu berean aurkeztuko dira.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta erreklamazio horiek ebatzi ondoren, alkateak ebazpen bat emanen du deialdi bakoitzean onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onesteko, eta zerrenda horiek Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratzeko aginduko du.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratzeko aginduko da.

4.4. Tasa ez da itzuliko, izangaiak baztertuak gelditzen badira berei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura hauetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5.–Kalifikazio epaimahaiak.

5.1. Alkatearen ebazpen bidez izendatuko dira kalifikazio epaimahaiak, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onetsi aurretik, eta kide kopuru bakoiti batez osatuak egonen dira –hiru gutxienez–, eta beste horrenbeste ordezko kide izendatuko dira, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz (foru lege horren bidez zenbait neurri hartu ziren Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan gauzatzeko).

5.2. Epaimahaiak ezin izanen dira eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoen eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

5.3. Kalifikazio epaimahaietako kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiek gehiengoz ebatziko dituzte deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.–Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduren nondik-norakoak.

6.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozedura hauek merezimenduak baloratzeko edo lehiaketako fase bakar bat izanen dute, lanpostu bakoitzeko. Fase horretan, izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko dira, deialdiaren I. eranskinean agertzen den baremoaren arabera.

6.2. Epaimahaiek izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko dituzte.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen I. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dituzte epaimahaiek.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko.

Merezimendu horiek frogatzeko agiriak, 3.4 oinarrian zehazten direnak, aurkeztu behar dira telematikoki edota aurrez aurre, erregistroaren bidez, Udalaren bulegoetan, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.

Epaimahaiek ezin izanen dute inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta baremoan atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

Epaimahaiek azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dituzte izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

6.3. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduran parte hartzen duten pertsonen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, I. eranskineko merezimenduen baremoko b.1) atalean puntuazio handiena lortzen duen pertsonaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, a) atalean puntuazio handiena lortzen duenaren alde; eta hala ere berdinketak jarraitzen badu, atal horren azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortzen duenaren alde, zerrendatzen diren ordena berari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

6.4. Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiek argitara emanen dute, Udalaren webgunean eta iragarki-taulan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko dute, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

6.5. Kalifikazio epaimahaiek egiten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko dituzte parte-hartzaile guztien behin betiko puntuazioak, lortutako puntuazioaren arabera ordenatutako izangaien zerrenda emanez, espediente osoarekin batera.

7.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Lanpostu hutsak hautatzeko, hala behar denean, eta baldintzak egiaztatzeko tramitea bukatu ondoren, epaimahaiek espediente osoa igorriko diote alkateari, eta, horrekin batera, lanpostu bakoitzerako ezarritako plaza kopuruan sartzen ahal diren izangaiak funtzionario izendatzeko edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzeko proposamena. Proposamen hori Udalaren webgunean eta iragarki-taulan argitaratuko da.

7.2. Proposatzen diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

d) Mutualitateak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasunik edo gaitasun fisiko edo psikiko desegokirik, betiere lanpostuko arriskuen ebaluazioan oinarriturik. Txosten hori ofizioz emanen da, horretarako berariaz egindako osasun-azterketa egin eta gero.

7.3. Epe horren barrenean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 2. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira funtzionario izendatu, ezta lan-kontratudun langile finko gisa kontratatu ere, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arte haiek egindako egintza guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, alkateak izangaien zerrendan –6.5 atalean aipatzen den horretan– hurrengoa den izangaiarekin beteko du lanpostua, baldin eta hutsik geratu den lanposturako baldintzak betetzen baditu, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, oinarri orokor hauetan eta aplikatzekoak diren berariazko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak Castejongo Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finko izendatuko ditu lanpostua betetzeko, eta, hala badagokio, lanpostu hutsak esleituko dizkie.

8.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen ondorioz, izendatuak nomina eta plantillako funtzionario edo lan-kontratudun finko bilakatuko dira, indarra duten xedapenek Castejongo Udalaren zerbitzuko funtzionarioendako edo lan-kontratudun finkoendako ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Bestalde, lan-kontratudun langile finkoek dagokien araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen dituzte. Kontratua eginen zaie edo, hala badagokio, kontratua aldatuko zaie, indarreko legediaren arabera.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, lehenagotik Nafarroako administrazio publikoen edozein montepiotako eskubide pasiboen araubidekoak badira, bi aukera izanen dituzte: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko montepioan segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

8.3. Izendapena edo, hala badagokio, kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

Izendatzen edo kontratatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako datan lanpostuaz jabetzen ez direnek eskubide guztiak galduko dituzte Castejongo Udaleko funtzionario izateko edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuak izateko. Halakoetan, 7. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

8.4. Funtzionario izendatzen den edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzen den izangairen bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere 7. atalean xedatzen den moduan beteko da.

8.5. Aurreko ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, funtzionario edo kontratatu berriei zuzenean esleituko zaizkie egoera horien ondoriozko lanpostuak.

9.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, epaimahaien ebazpen eta jarduketei buruzko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, Udalaren webgunean (www.castejon.com) eta iragarki-taulan argitaratuko da.

10.–Datuen babesa.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa betez, Castejongo Udalak informatzeko betebeharra betetzen du:

–Datuen tratamenduaren arduraduna: Castejongo Udala.

–Xedea: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoen jardunean.

–Oinarri juridikoa: 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua. Castejongo Udala; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

–Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran gordeko dira, eta biltegiraturik edukiko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak.

–Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta deialdian adierazi bezala emanen dira argitara.

–Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datu pertsonalak eskuratzeko, datu horiek zuzenak ez badira zuzentzeko, ezabatzeko eta arlo honetako beste eskubide batzuk baliatzeko. Horretarako, Castejongo Udalaren erregistrora jo beharko dute. Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkez dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera-idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril), edo egoitza-elektroniko honetara: www.agpd.es.

11.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiek ematen dituzten egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdi honen, haren oinarrien edo hura aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaitik datozen egintzen kontra izan ezik, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkezten ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Merezimendu profesionalak.

Kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arteko merezimendu profesionalak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen toki erakundean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan egindako zerbitzuak: 1 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste toki erakunde batzuetan deialdiaren xedeko lanpostu berean edo antzeko eginkizunak dituen lanpostu batean egindako zerbitzuak, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko, erakunde autonomoetako eta enpresa edo fundazio publikoetako beste lanpostu batzuetan egindakoak: 0,75 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

–Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) atal honetan.

–Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

–Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk.

Berariazko deialdi bakoitzean zehaztu eta esleituko dira, oinarri hauetan ezarritako esparru orokorra errespetatuz, gehienez 40 puntura arte:

b.1) Lortu nahi den lanpostuarekin eta kategoriarekin edo laneko arriskuen prebentzioarekin zerikusia duten ikastaro, kongresu, mintegi eta prestakuntza jardunaldiengatik: 0,50 puntu ordu bakoitzeko, gehienez 35 puntura arte.

b.2) Lanpostuan sartzeko eskatzen denaz gain, eskuratu nahi den lanpostuarekin zerikusia duten beste titulazio batzuk izateagatik, maila berekoak, beheragokoak (soilik musika eskolako lanpostuen kasuan) edo goragokoak: puntu 1 bakoitzeko, gehienez 5 puntura arte.

Deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten merezimenduak baino ez dira baloratuko, baldin eta zentro ofizialek eman badituzte edo haiek emandako homologazioa badute.

Behin merezimenduen balorazioa aurreko atalek ezarritakoari jarraikiz eginda, ehuneko 33ko desgaitasuna edo handiagoa frogatzen duten pertsonek lorturiko puntuazioari 1,5 puntu gehituko zaizkio guztira, zuzenketa-faktore gisa.

II. ERANSKINA

Lanpostuak, deitutako gehieneko plaza kopurua eta titulazioak

LANPOSTUAREN ZK.

LANPOSTUA

MAILA

TITULAZIOA

BESTE BETEKIZUN BATZUK

30

Gizarte-hezitzailea

B

Gizarte Hezkuntzako gradua edo diploma edo baliokidea

32

OLT/EUD. Zuzendaritza

B

Erizaintzako gradua edo diploma edo baliokidea

53

Kulturguneen dinamizatzailea

B

Animazio Soziokultural edo Turistikoko gradua edo diploma edo baliokidea; Giza Zientzietako, Filosofia eta Letretako, Artearen Historiako eta abarreko lizentzia edo gradua.

101

Musika irakaslea-Zuzendaria

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

102

Musika irakaslea-Ikasketa burua

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

103

Musika irakaslea

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

104

Musika irakaslea

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

105

Musika irakaslea

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

106

Musika irakaslea

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

107

Musika irakaslea

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

108

Musika irakaslea

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

109

Musika irakaslea

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

110

Musika irakaslea

B

Deitutako instrumentuaren espezialitateko goi mailako ikasketak edo gradua edo diploma eta irakatsi beharreko instrumentuaren espezialitateko erdi mailako lanbide titulua edo baliokidea

29

Administrari laguntzailea

C

Batxilergoko titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketa

37

ESBko monitore koordinatzailea

C

Batxilergoko titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketa

81

Biltegiaren arduraduna

C

Batxilergoko titulua edo bigarren mailako Lanbide Heziketa

B motako gidabaimena

C motako gidabaimena

12

Zerbitzu anitzak. Etxezaina

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

40

Gerokultorea

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Hemen jasotakoen baliokideak diren beste titulazio ofizial batzuk.

48

Gerokultorea

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Hemen jasotakoen baliokideak diren beste titulazio ofizial batzuk.

50

Gerokultorea

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Hemen jasotakoen baliokideak diren beste titulazio ofizial batzuk.

63

Familia-langilea etxeko laguntza-zerbitzuan

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Hemen jasotakoen baliokideak diren beste titulazio ofizial batzuk.

65

Familia-langilea etxeko laguntza-zerbitzuan

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Hemen jasotakoen baliokideak diren beste titulazio ofizial batzuk.

66

Familia-langilea etxeko laguntza-zerbitzuan

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Hemen jasotakoen baliokideak diren beste titulazio ofizial batzuk.

67

Familia-langilea etxeko laguntza-zerbitzuan

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Hemen jasotakoen baliokideak diren beste titulazio ofizial batzuk.

68

Familia-langilea etxeko laguntza-zerbitzuan

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

Mendekotasuna duten pertsonei arreta egiteko teknikaria.

Erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria.

Arreta soziosanitarioko teknikaria.

Hemen jasotakoen baliokideak diren beste titulazio ofizial batzuk.

58

Kulturguneetako laguntzailea

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

82

Pala-gidaria

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

B motako gidabaimena

C motako gidabaimena

Hondeamakinak edo atzerako hondeamakinak erabiltzeko txartela, titulu egiaztatzailea edo ziurtagiria

86

Zerbitzu anitzak. Ehorzlea

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

B motako gidabaimena

100

Musika eskolako etxezaina-Kulturako laguntzailea

D

Eskola graduatua edo lehen mailako Lanbide Heziketa

Iragarkiaren kodea: L2216103