247. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 12a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ATETZ

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari-ofizialaren lanpostu huts bat, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean

Atezko Udalak, 2022ko azaroaren 29ko osoko bilkuran hartutako erabaki baten bidez, deialdia onetsi du, bai eta haren oinarriak eta eranskinak ere, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Atezko Udaleko administrari-ofizialaren lanpostu huts bat (C maila). Lanpostu hori sartzen da aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea). Hona hemen oinarriak:

OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Atezko Udaleko administrari-ofizialaren lanpostu huts bat betetzea, C mailakoa, oinarri honen 1.2 puntuan eta ezaugarrien taulan zehaztutako ezaugarriak dituena, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen xedeko lanpostu hutsaren ezaugarriak.

1.2.a) Lanpostuak C mailako ordainsariak izanen ditu, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, maila horretako eginkizunak baititu, eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere izanen ditu.

1.2.b) Lanaldiaren araubidea eta ordutegia izanen dira Atezko Udalak lanpostu horretarako ezarritakoak; zerbitzuaren beharretara egokituko dira beti, eta organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko ditu.

1.2.c) Bete beharreko eginkizunak, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:

–Jendeari arreta ematea, aurrez aurre zein telefonoz, eta administrari-ofizialek udal bulegoetan betetzen dituzten eginkizunak.

–Udalaren Kontu-hartzailetzarekin lankidetzan aritzea Atezko Udaleko diruzaintza eta kontabilitate eginkizunetan eta haren menpeko erakunde autonomoetan.

–Administrari-ofizial bati dagozkion eginkizun guztiak, barnean direla goiko mailetakoei laguntzeko eta betearazteko eginkizunak.

–Bere lanpostuarekin zerikusia duten bestelako eginkizunak, Atezko Udalak eta haren erakunde autonomoek agintzen dizkionak.

–Lankidetzan aritzea Atezko Ibarreko kontzejuekin (kontabilitateko eginkizunak eta C mailari dagozkion gainerakoak).

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek administrari-ofizialaren lanpostuari dagozkion eginkizunak beteko dituzte eta Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte. C mailan sailkatutako geratuko dira , eta lan-kontratudun finko edo aldi baterako lan-kontratudun gisa jardungo dute (deialditik ateratako zerrendetan geratuz gero).

1.4. Eskainitako lanpostua txanda irekiaren bidez beteko da, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta lanpostuen erreserbarik ere desgaitasuna dutenentzat edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat.

1.5. Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

Atezko Udalak, osoko bilkuraren 2022ko azaroaren 29ko erabaki baten bidez, onetsi zuen atxikitzea uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen II. tituluko 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoari, foru lege horren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

3. oinarria.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, parte har dezakete haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Graduko Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokide bat izatea edo eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

g) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den euskararen hizkuntza-eskakizuna izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Euskarari dagokionez, dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria aplikatuz (Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz, egonkortze-prozesuak gauzatzeko neurriak hartzen dituen Foru Legea) antolatutako maila-proben bidez Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiriak. Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak. Nolanahi ere, izangaiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetara aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko du.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.g oinarrian ezarritakoa.

4. oinarria.–Eskabideak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, erregistro elektronikoaren bidez, Atezko Udalaren webgunean sarturik: www.atez.es

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea (Atezko Udalaren webgunean eskuragarri).

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean (II. eranskina, www.atez.es webgunean eskuragarri), izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneaturik, Atezko Udalaren erregistro elektronikoan:

1.–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

2.–Euskarazko C1 mailaren titulua edo baliokidea.

Konpromisoa: Euskarari dagokionez, dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiriak, maila-proben ondoriozkoak, aplikatuta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz). Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak. Nolanahi ere, izangaiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetara aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko du.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori Atezko Udalaren webgunean argitaratuko da: www.atez.es.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak izan beharko du sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Baldin eta langileen ordezkariek ez badute dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria.–zangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta aginduko da argitara dadila Atezko Udalaren webgunean: www.atez.es.

Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpen berean, epaimahaiaren osaera argitaratuko da.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Atezko Udalaren webgunean: www.atez.es.

6.2. Behin-behineko zerrenda webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak aurkeztuko dira Atezko Udalaren erregistro elektronikoan, www.atez.es webgunean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta www.atez.es webgunean argitaratuko da.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen xedeko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7. oinarria.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian bi proba eginen dira, lanpostuaren funtzioak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz, deialdi honetan adierazten den gai-zerrendaren arabera.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren atalean dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da. Gainditzeko, ariketa bakoitzaren puntuazioaren erdia lortu beharko da.

7.2.2. Bi proba eginen dira: bata, test motakoa, eta, bestea, informatikakoa. Edukia izanen da deialdi honetan jasotako gai-zerrendari buruzkoa.

–Lehen ariketa: Gehienez ere 30 puntu izanen ditu. Bazterturik geldituko dira gutxienez 15 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak puntu 1 izanen du eta erantzun oker bakoitzeko 0,20 puntu kenduko dira.

–Bigarren ariketa: proba informatikoa; kasu praktiko bat edo gehiago ebatzi beharko dira. Office 2016 aplikazioei (Word, Excel eta Access) buruzko probak izaten ahalko dira. Ariketak ordu eta erdi iraunen du gehienez. Baztertuak izanen dira gutienez 15 lortzen ez dituztenak.

7.2.3. Probak egiteko eguna, tokia eta ordua aditzera emanen da prozeduran onartu eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean bertan.

7.2.4. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.5. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean hala eskatu badute.

7.2.6. Oposizioaldiko proben kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak lortutako kalifikazioen zerrenda argitaratuko du, pliken zenbakiekin, Atezko Udalaren webgunean: www.atez.es.

Emaitzak argitaratzen diren egunean berean iragarriko dira, aipaturiko webgunean, plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua.

Plikak jendaurreko ekitaldian ireki eta gero, kalifikazio epaimahaiak argitara emanen ditu, Atezko Udalaren aipatu webgunean, aurkeztutako izangaien zerrenda, lortu dituzten behin-behineko kalifikazioekin, eta 5 egun balioduneko epe bat irekiko du interesdunek alegazioak egin ditzaten, bide telematikoz (erregistro elektronikoa), beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.7. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzean, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten II. eranskinaren araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 28 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Atezko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Atezko Udalean eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

5. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6. Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian hauek jaso beharko dira: zerbitzuaren iraupena, bete den lanbide-kategoria, eta lanpostuari dagokion maila. Horrez gain, lan bizitzari buruzko txostena aurkeztuko da. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 12 puntu:

b.1) Deialdian eskatzen den maila baino goragoko titulu bat frogatzea: 6 puntu gehienez.

b.2) Prestakuntza: gehienez ere 6 puntu:

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak, 25 ordu edo gehiagoko iraupenarekin: 3 puntu gehienez.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak, 5 ordutik 24 ordura bitarteko iraupenarekin: 0,5 puntu, eta gehienez ere 3 puntu.

Ez dira kontuan hartuko 5 ordutik beherako ikastaroak.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.7 oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1 apartatuan merezimenduen apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, Atezko Udalaren webgunean (www.atez.es), eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.

7.3.4. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Atezko Udalaren aipatu webgunean.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken puntuazioa izanen da oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen batura.

7.4.2. Berdinketarik gertatuz gero prozeduran parte hartutakoen puntuazioetan, halakoak ebatziko dira 7.3.a.1 apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde; eta, hor ere berdinketa egonez gero, 7.3.b.1 apartatuan puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa egonez gero, 7.3.a eta 7.3.b puntuen azpiapartatu bakoitzean puntuazio handiena lortu duenaren alde ebatziko da, azpiapartatuek dituzten zenbakien hurrenkerari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu prozesua gainditu dutenen zerrenda, Atezko Udalaren aipatu webgunean, hautapen-prozesuan guztira eskuratu duten puntuazioaren arabera ordenaturik, eta, halaber, organo eskudunari igorriko dio, baldintzak frogatzeko izapideak egin daitezen.

8. oinarria.–Baldintzak frogatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 eguneko epea irekiko du, lehen postuan hautaturik geratu eta lanpostua eskuratu duen izangaiak aurkez dezan behar den titulazioa (3.1 oinarria) frogatzeko dokumentazioa, hots, eskatzen den tituluaren kopia edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena, edo eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

8.2. Deialdi honetan ez dago lanpostu hutsak hautatzeko egintzarik, lanpostu bakarra baitago.

9. oinarria.–Izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio izendapen proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamenean jasoko da, puntuazio handiena izateagatik, deialdiko lanpostu bakarrean sartuko den izangaia.

Izendapen proposamen hori Atezko Udalaren webgunean argitaratuko da.

9.2. Proposaturiko izangaiak agiri hauek aurkeztu beharko ditu 10 egun balioduneko epean, izendapen proposamena Atezko Udalaren webgunean argitaratzen denetik zenbatzen hasita:

a) Osasun txosten ofiziala, administrari-ofizial karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta administrari-ofizial karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu agiri horiek aurkezten ez dituen izangaia, ez eta deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatzen ez duena ere, eta baliorik gabe geldituko dira haren jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe haren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, baja beteko da prozesua gainditu dutenen zerrendan hurrengoa den eta baldintzak betetzen dituen izangaiarekin, eta harekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.

9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrietan ezarritakoa bete duen izangaia Atezko Udaleko lan-kontratudun finko izendatuko da, administrari-ofizial lanpostuan jardun dezan.

10.2. Izendatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsona bihurtzea nominako eta plantillako lan-kontratadun finkoa, eta izanen ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaio, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzan sartzea.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Izendapen-ebazpenean ezartzen den egunean hartuko du lanpostuen jabetza hautatuko izangaiak.

10.5. Izendatuak ez badu jabetza hartzen emaniko epearen barnean, ezinbesteko kasuetan salbu, Atezko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraikiko zaio.

10.6. Baldin lan-kontratudun langile finko bihurtzen den izangaiari ematen bazaio, berak eskatuta, borondatezko eszedentzia, lanpostuan batere aritu gabe, jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere beteko da deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan.

11. oinarria.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetutako egonkortze-prozedura honen ondorioz, administrazio araubidean aldi baterako kontratatzeko izangai zerrenda bat eratuko da, aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz.

Zerrenda hori lehentasunez aplikatuko da, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dagoen kontrataziorako izangai zerrendaren atzetik, halakorik baldin badago.

11.2. Kalifikazio epaimahaiaren proposamenaren arabera, Atezko Udalaren webgunean argitara emanen da deialdi honen ondorioz sortzen den aldi baterako kontrataziorako izangai zerrenda.

12. oinarria.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiari eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da www.atez.es webgunean.

13. oinarria.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Atezko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin, zeinak premiazko neurriak ezartzen baititu enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko, eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin –egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa–), langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

  • DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.
  • DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Legez aurreikusitako kasuetan komunikatuko dira datuak, eta deialdian xedatutakoaren arabera argitaratuko dira.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatu, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz edo egoitza elektronikoaren bidez.

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

14. oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

15. oinarria.–Gai-zerrenda.

Deialdi honen oposizioaldiko probak honako gai-zerrenda hau izanen du oinarri:

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Xedapen orokorrak, I. titulua (prozeduran interesdun direnak), II. titulua (Administrazio Publikoen jarduera), III. titulua (administrazio egintzak).

2.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozedura hastea, Prozedura interesdunak eskaturik hastea. Hasteko eskaerak prozedura-mota bakoitzean. Eskaera zuzendu eta hobetzea. Erantzukizunpeko adierazpena eta aurretiazko komunikazioa.

3.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozeduraren instrukzioa. Instrukzio-egintzak. Alegazioak. Frogatzea. Txostenak. Entzunaldiaren izapidea. Informazio publikoa.

4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: Prozedura amaitzea. Amaiera-motak. Ebazpena. Berezitasunak zehapen-prozeduretan eta ondare-erantzukizuneko prozeduretan. Atzera egitea, uko egitea eta iraungitzea. Administrazio-prozeduraren izapidetze sinplifikatua. Administrazio-errekurtsoak.

5.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, zeinaren bidez jorratzen baita Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa: Abstenitzea eta errekusatzea. Zehatzeko ahalaren printzipioak. Administrazio publikoaren erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.

6.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena: II. titulua (Udalerria): Lurraldea eta biztanleria, antolaketa eta eskumenak. Biztanleen udal errolda. Biztanleen udal erroldaren ezagutza orokorra. Biztanleen udal erroldako izapideak eta prozedurak.

7.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: III. titulua: Nafarroako toki erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea. IV. titulua: Toki erakundeen ondasunak. V. titulua: Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Prozedura eta araubide juridikoa. Nafarroako toki-erakundeen jarduketaren inpugnazioa eta kontrola, bereziki, gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegian (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

8.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa. Tokiko gastu publikoaren araubide juridikoa: gastu motak.

9.–270/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa, zeinaren bidez garatzen baita Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, aurrekontuen eta gastu publikoaren alorretan. Aurrekontua prestatzea eta onestea. Gastu-aurrekontuko kredituak. Aurrekontu-aldaketak. Gastuen aurrekontuaren betearazpena. Arauak eta betearazteko faseak.

10.–Irailaren 21eko 272/1998 Foru Dekretua, Nafarroako Toki Administraziorako Kontabilitate Jarraibidea onesten duena.

11.–234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako toki-erakundeen aurrekontu egitura.

12.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroari eta katastroei buruzkoa. Atariko titulua: II. kapitulua (Lur-ondasunen Erregistroa), III. kapitulua (katastroak). I. titulua (Nafarroako Lur-ondasunen Erregistroaren eta katastroen kontserbazio lana): I. kapitulua (xedapen orokorrak). II. titulua (Lur-ondasunen Erregistroko eta katastroetako informazioa eskuratu, eman, erabili eta ziurtatzea).

13.–1/2017 Legegintzako Foru-Dekretua, uztailaren 26koa, zeinaren bidez onesten baita Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina: V. titulua (Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina).

14.–17/2020 Foru Legea, abenduaren 16koa, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituena.

15.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa.

16.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Xedapen orokorrak, dirulaguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak, dirulaguntzak itzultzea, dirulaguntzen finantza-kontrola.

17.–3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: I. titulua (xedapen orokorrak). II. titulua (datu babesaren printzipioak). III. titulua (pertsonen eskubideak). V. titulua (tratamenduaren arduraduna eta eragilea).

18.–19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua (jarduera publikoaren gardentasuna).

19.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: langile motak. Funtzionario publikoen hautapena. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. Plantilla organikoak, funtzionarioen zerrendak eta espediente pertsonalak. Administrazio egoerak. Eskubideak eta betebeharrak. Ordainsariak. Lan-kontratudunak.

20.–Administrazio agiriak: Ofizioa, bandoa, eskabidea, ziurtagiria, akta, zirkularra, eginbidea, erabakien igorpena eta jakinarazpenak. Ebazpenak, erabakiak, kontratuak. Artxiboko tratamendua eta antolaketa.

21.–Word 2010 testu-prozesadorea. Excel 2010 kalkulu-orria. Access 2010 datu basea: oinarrizko elementuak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; kanpoko datuak inportatzea, esportatzea eta estekatzea.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu huts batzuk oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien legea).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

ATEZKO UDALA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

1

Administrari-ofiziala

C

Lan-kontratudun finkoa

36 ordu eta 40 minutu

Administrazio Orokorra

Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako 2. mailakoa, edo baliokidea

EGA-C1 edo baliokidea

2.–Deialdiaren web fitxa, toki erakundearen atarian:

ayuntamiento@atez.es

3.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

22/2022 Ebazpena, 2022ko apirilaren 12koa, argitaratu zena 2022ko 92. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 12an.

4.–Deialdia onesten duen ebazpena.

94. Ebazpena, 2022ko azaroaren 29koa.

II. ERANSKINA

Deialdian parte hartzeko eskabidea

https://sedeelectronica.atez.es/eu/tramites/concurso-de-oposicion-oficial-administrativo-a/?verFicha=-true/

III. ERANSKINA

Merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://sedeelectronica.atez.es/eu/tramites/concurso-de-oposicion-oficial-administrativo-a/?verFicha=-true/

Eritzegoitin, 2022ko azaroaren 29an.–Alkatea, Paula Ibero Baraibar.

Iragarkiaren kodea: L2216179