245. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

102/2022 FORU DEKRETUA, azaroaren 16koa, Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoaren oinarrizko osasun laguntzaren egitura ezartzen duena.

Nafarroako Osasun Zonifikazioari buruzko azaroaren 13ko 22/1985 Foru Legea betearazi eta garatzeko maiatzaren 30ean emandako 148/1986 Foru Dekretuak Nafarroako oinarrizko osasun laguntzaren egiturak arautu zituen, oro har, gero Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen bidez behin betiko sendotu zirenak. Foru lege horrek, oinarrizko osasun laguntzako eta laguntza espezializatuko zerbitzuen antolamendua modu orokorrean ezartzeaz gainera, berariaz definitzen du, 56. artikuluan, oinarrizko osasun laguntzako egituren izaera funtzionala.

Aipatu artikuluak, orobat, osasun arloko langileen eta oinarrizko osasun laguntzako egituren arteko lotura xedatzen du; izan ere, osasun eskualde oinarrizkoetan, oinarrizko laguntza mailan, hari lotuta edo atxikita aritzen diren profesionalak oinarrizko osasun laguntzako egiturari atxikitzen zaizkio, zein araubide ekonomiko-administratibotatik datozen, hura errespetatuta.

Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 38.4 artikuluan ezartzen denez (Nafarroako 2016rako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 29ko 1/2016 Foru Legearen bidez egindako aldaketaren arabera), Nafarroako Gobernuaren erabakiz sortuko eta aldatuko dira osasun eskualde oinarrizkoak, osasun arloko eskumena duen departamentuak proposaturik, ukitutako toki erakundeei eta eskualde oinarrizkoetako parte-hartze eta ordezkaritza organoei aurretik entzunaldia emanda.

2018ko otsailaren 14an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Gobernuak Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoa sortu zuen; Iruñeko 5. barrutiko 8., 9. eta 10. sekzioak biltzen ditu, Erripagañari dagokion lurralde eremua izan ezik. Horrekin batera, Arrosadiko eta II. Zabalguneko osasun eskualde oinarrizkoak aldatu zituen.

Gobernuaren erabaki horretan ezartzen da lurralde eremu horiek ez direla eraginkorrak izanen Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoa ezarri arte, eta orduan egokituko direla Iruñeko udalerrian izandako aldaketa administratiboak kontuan hartuz, aldaketarik izan bada.

Osasun eskualde oinarrizkoaren egungo eremuari Iruñeko 5. barrutiko 8., 9., 10., 13., 14., 15., 16. eta 17. sekzioak dagozkio, Erripagañari dagokion lurralde eremua alde batera utzita.

Lezkairuko osasun etxearen obrak bukaturik, bidezkoa da Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoari dagokion oinarrizko osasun laguntzaren egitura organikoa, funtzionala eta zuzkidurakoa ezartzea, eta, horrekin batera, finkatzea hasierako plantilla organikoa, sortu berri den osasun eskualde oinarrizkoaren zuzendaritza egituraren zuzkidura eta, orobat, zuzendaritzako postuen sailkapen taldea.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko azaroaren hamaseian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoaren oinarrizko osasun laguntzaren egitura organikoa, funtzionala eta zuzkidurakoa ezartzea, Nafarroako Gobernuak 2018ko otsailaren 14an hartutako Erabakiaren bidez ezarritako lurralde-eremuarekin bat. Izan ere, erabaki horren bidez, Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoa sortu zen, eta Arrosadiko eta II. Zabalguneko eskualde oinarrizkoak aldatu ziren.

2. artikulua. Antolamenduaren eta funtzionamenduaren araubidea.

Lezkairuko Osasun Eskualde Oinarrizkoaren oinarrizko osasun laguntzaren egituraren antolaketarako eta funtzionamendurako araubideak honako hauetan ezarritakoari jarraikiko dio: maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretua, Nafarroako oinarrizko osasun laguntzaren egiturak arautu zituena oro har; azaroaren 2ko 351/1992 Foru Dekretua, oinarrizko osasun laguntzako langileen ordutegia ezarri eta haien arreta etengabea arautzen duena; eta aplikatu beharreko araudi indarduna.

3. artikulua. Oinarrizko osasun laguntzako taldea.

1. Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoan lanean hasiko den oinarrizko osasun laguntzako taldean profesional hauek arituko dira:

a) Oinarrizko osasun laguntzako taldeko sendagileak: 4.

b) Oinarrizko osasun laguntzako taldeko pediatrak: 3.

c) Erizainak: 8.

d) Gizarte langileak: 1.

e) Administrariak: 4.

2. Osasun eskualde oinarrizkoan dagoen biztanle kopuruak gora edo behera eginez gero eta eredu asistentzial berriak ezarriz gero, plantilla hori aldatzen ahalko da, betiere aurrekontu-baliabideen barruan.

4. artikulua. Lurralde eremua.

Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoaren lurralde eremuan Iruñeko 5. barrutiko 8., 9., 10., 13., 14., 15., 16. eta 17. sekzioak daude, Erripagañari dagokion lurralde eremua alde batera utzita.

5. artikulua. Osasun etxea.

Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoak osasun etxe bat izanen du Lezkairun, Iruñeko udal mugartean.

6. artikulua. Dagokion SUOAZa.

Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoa II. Zabalguneko Sexu- eta Ugalketa-osasunaren Arretarako Zentroari atxikita egonen da.

7. artikulua. Dagokion osasun mentaleko zentroa.

Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoa, osasun mentalaren antolaketari dagokionez, IIA sektoreari atxikitzen zaio, hau da, Arrosadiko osasun mentaleko zentroari, egungo izenaren arabera.

8. artikulua. Zuzendaritzen eta burutzen sailkapena.

Osasun eskualde oinarrizkoetako eta osasun mentalaren sektoreetako zuzendaritzak eta erizaintza unitateetako burutzak eta horien eginkizunak eta eskudantziak ezartzen dituen ekainaren 15eko 225/1992 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoaren zuzendaritza, erizaintza unitatearen burutza eta administrazio unitatearen burutza I. taldean sailkatzen dira.

9. artikulua. Medikua eta espezialista hautatzea.

Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoan bizi diren herritarrei ekainaren 10eko 122/2002 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuko zaie. Foru dekretu horretan, zenbait osasun eskualde oinarrizkotako oinarrizko osasun laguntzako mediku orokorra eta pediatra libreki hautatzeko eskubidea zabaltzen da eta emakumeari laguntzeko zentroetan obstetriziako eta ginekologiako espezialista libreki hautatzeko eskubidea garatzen da.

Xedapen gehigarri bakarra.–Osasun arloko udal zerbitzuekiko lankidetza.

Oinarrizko osasun laguntzako taldea osasun arloko udal zerbitzuekin koordinatuko da, eta haiekin batera lan eginen du higiene eta osasungarritasun publikoari buruzko eginbeharrak betetzearren. Udalek eta taldeko zuzendariek erabakiko dute nolakoa izanen den koordinazio hori.

Lehen xedapen iragankorra.–Osasun Kontseilua eta Aholku Batzordea.

Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean, Osasun Kontseilua eta Aholku Batzordea eratuko dira, maiatzaren 30eko 148/1986 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Indargabetzeak.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gaikuntza ematea Lezkairuko osasun eskualde oinarrizkoan oinarrizko osasun laguntzaren egiturak ezartzeko.

Ahalmena ematen zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari behar diren ebazpenak eman ditzan foru dekretu honetan ezarritako oinarrizko osasun laguntzaren egitura abian jartzeko, baita ukituak izan daitezkeen osasun eskualde mugakideetan osasun estaldura bermatzeko ere.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko azaroaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2215323