245. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

100/2022 FORU DEKRETUA, azaroaren 16koa, Nerea Pena Abaurrea andreari Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren 2022ko Urrezko Domina ematen diona.

Azaroaren 24ko 100/2021 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Kirolaren Goresmen Sariak sortu ziren.

Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina da kirol jarduera fisikoen eskumenen esparruan Foru Komunitateak ematen ahal duen goresmenik handiena.

Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina zuzenean Nafarroako Gobernuak emanen du, kirolaren arloan eskuduna den departamentuko titularrak proposaturik, eta Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioko titularraren aldez aurreko ekimenez.

2022an, sari hau ematen zaio Nerea Pena Abaurrea andreari, eskubaloi jokalari gisa Iruñeko Loyola klubean hasi zenetik eta 2006an profesional gisa Itxako Kirol Elkartean debuta egin zuenetik egindako ibilbide azpimarragarri eta bikainagatik. Azken talde horrekin ABF Ligako eta Erreginaren Kopako hainbat txapelketa lortu zituen, baita 2010-2011 denboraldian Champions Leagueko txapeldunorde izatea ere.

Halaber, Ferencvárosi TC eta Siófok KC Hungariako taldeetako kide izan da 2012tik 2020ra bitartean, Danimarkan Team Esbjerg-ean 2020-2021 denboraldian, eta 2021etik gaur egun arte Vipers Kristiansand Norvegiako taldean jokatzen du; den-denak mundu mailako puntako taldeak dira.

134 aldiz nazioarteko jokalaria izan da "Las Guerreras" izeneko Espainiako eskubaloi selekzio absolutuan, eta horrekin hauek lortu zituen: 2019ko emakumezkoen munduko eskubaloi txapelketan txapeldunorde izatea, Japonian; brontzezko domina 2011ko emakumezkoen munduko eskubaloi txapelketan, Brasilen; eta zilarrezko domina 2014ko Europako txapelketan, Hungarian eta Kroazian. Halaber, 2016ko Rio de Janeiroko olinpiar jokoetan diploma olinpikoa lortu zuen.

Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita biko azaroaren hamaseian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Kirol Merezimenduaren 2022ko Urrezko Domina Nerea Pena Abaurrea andreari ematea.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta interesdunari eta Nafarroako Kirolaren Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2215319