245. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OKO

Udal ordenantza, arautzen duena instalazio fotovoltaikoen ezarpena. Behin betiko onespena

Okoko Udaleko osoko bilkurak, 2022ko irailaren 9an egindako bileran, erabaki zuen hasiera batez onestea Okoko udal-mugartean instalazio fotovoltaikoak ezartzea arautzen duen udal ordenantza.

Jendaurreko epea amaiturik, argitaratu ondoan 2022ko 184. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 15ean, eta Udalaren iragarki-taulan, ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen da ordenantzaren testu behin betiko eta osoa, eta une horretan hartuko du indarra.

Okon, 2022ko azaroaren 4an.–Alkate udalburua, Roberto Arbizu Andueza.

ORDENANTZA, OKOKO UDAL-MUGARTEAN INSTALAZIO FOTOVOLTAIKOAK EZARTZEA ARAUTZEN DUENA

SARRERA

Azken urteotan administrazio publikoak energia berriztagarrien ekoizpena eta erabilpena bultzatzen ari dira. Eta duela gutxitik, etxebizitzetan norberaren kontsumorako energia sortzeko instalazioak bultzatzen ari da bereziki.

Okoko Udalak arauketa bat ezarri nahi du autokontsumorako instalazio fotovoltaikoak bultzatzeko, eta horiek egokiak izan daitezen ingurumenaren eta hirigintzaren ondorioetarako.

Eguzki-energiaren garapenaren aldeko apustua bi beharrekin harmonizatu behar da: lurraldean egoki ezartzen dela segurtatzea, batetik, eta natura- eta hiri-balio nagusiak zaintzen direla bermatzea, bestetik.

Ordenantza idatzi da halako moduz non koherentzia gordetzen baita udal plangintzarekiko eta lurzoruaren erabilerak eta eraikuntzak ingurura egokitzeko betebehar orokorrarekiko; betebehar hori jasota dago Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 86. artikuluan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea Okoko udal-mugartean eguzki-energia biltzeko instalazioak ezartzeko, zelula fotovoltaikodun panelen bidez eta panel kolektore termikoen bidez.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Okoko udal-mugarte osoa hartzen da aplikazio eremutzat.

3. artikulua. Definizioak.

Eguzki panelak edo plakak dira eguzki erradiazioen energia jasotzen duten gailuak, energia termikoa edo energia elektrikoa sortzeko. Plakak izan daitezke:

–Termikoak: Fluido bat berotzeko eguzki-erradiaziotik datorren energia aprobetxatzen dutenak dira. Etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko erabiltzen dira.

–Fotovoltaikoak: energia elektrikoaren ekoizpenean eguzki-erradiaziotik datorren energia zuzenean baliatzen dutenak dira, zenbait material erdieroaleren propietate fisikoez baliatuz elektrizitatea sortzeko eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

Ordenantza honek bi motak arautzen ditu, kontuan hartuta haiek kokatuta dauden lurzoruaren hirigintza sailkapena.

II. KAPITULUA

Hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak

4. artikulua. Instalazioen xedea.

Neurri batean edo osorik eraikinen energia beharrizana asetzeko direnean baino ez dira eguzki instalazioak baimenduko, dela etxeko ur beroa sortzeko eta espazioak girotzeko dela norberaren kontsumorako argindarra sortzeko, apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak, energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratibo teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituenak, ezarritakoa betez.

5. artikulua. Eraikinen gaineko instalazioak.

1. Eguzki-panelak eraikinen estalki inklinatuetan instala daitezke, honako baldintza hauek betez gero:

–Hiri izaerari kalte egiten dioten aldeetatik ikusezinak diren isurialdeetan jarriko dira.

–Estalkiaren isurialde triangeluarretan integratu beharko dira plakak, malda berari eutsiz beti. Panelek sortutako planoa egonen da teknikoki ahal den hurbilena estalkiak sortutako planotik, eta harekiko paraleloan.

–Oro har, panelen antolamenduak eremu erregularra osatu beharko du. Sakabanatuta edo modu irregularrean jarriz gero, behar bezala justifikatu beharra dago hirigintza-zerbitzuaren aurrean.

–Okupaturiko gehieneko azalera ez da izanen estalkiaren azalera osoaren % 50 baino handiagoa.

–Aurreko puntuan jasotako gehieneko azalera okupatua mugatuko da honako baldintza hauen arabera:

  • Eguzki panelak gutxienez 0,60 metro bereizi beharko dira teilatu-hegalen, mehelinen eta gailurren ertzetatik (hala ere, gailurren gainean jartzen ahalko dira panelen antolamenduak sabai leiho tradizionala simulatu nahi duenean). Bizkar-lima eta limatxokonekiko distantzia, gutxienez, 0,45 m-koa izanen da.
  • Panel bakoitza jarri beharko da bere ertzetako bat teilatu-hegalaren ertzarekiko paralelo joateko moduan.

Etxebizitza atxikietan baldintza berberak aplikatuko dira, salbu eta bizilagunek beste zerbait erabakitzen badute berariaz eta idatziz.

–Instalazioaren laguntza elementuak, hala nola biltegiak, kontagailuak, inbertsoreak, koadro-elektrikoak, kanalizazioak eta abar ezin izanen dira eraikinen estalkian edo fatxadetan agerian geratu.

2. Estalki lauetan edo zabaltzetan jar daitezke, honako baldintza hauekin:

–Instalatzen ahalko dira estalkiko planoaz bestelako inklinazio eta orientazioak dituzten kolektoreak, baldin eta eguzki-aprobetxamendua optimizatzea bilatzen badute.

–Kolektoreen gehieneko azalera artikulu honetako aurreko puntuak emanen du, aplikagarri diren baldintza guztiak kontuan hartuta.

–Ez da onartuko eskaerarik estalki lauen gainean instalatzeko, baldin eta energia biltzeko azpiegiturak ikus badaitezke eguzki-kolektorearen instalazioa hartuko duen eraikinaren kota berean edo beherago kokatutako bide publikoetatik.

3. Oro har, ezin izanen dira fatxadetan jarri.

4. Ezohiko neurri gisa, eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera proposatzen ahalko da, eta beharrezkoa izanen da horiek eraikin multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta geratzea. Hirigintza Zerbitzuak baloratu beharko ditu proposamen horiek. Udalak bere egiten du proposamen horiek onesteko eskubidea.

5. Aurreko mugak ez zaizkie aplikatuko ekipamendutarako erabilerako (zuzkidura) lurzatietan dauden eraikinei, haietan diseinua librea baita.

6. Instalazioa eraikin katalogatu batean jarri nahi bada, aldez aurretik beharko da Vianako Printzea Erakundeak haren alde emandako txostena.

6. artikulua. Instalazioak, eraikin bati lotutako lurzoru libre pribatuan.

Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

–Instalazio kontsumitzailea lurzati berean edo mugakidean dagoenean, dela hiri-lurzorua dela urbanizaezina.

–Gehieneko azalera izanen da honako honen araberakoa:

  • Panel fotovoltaikoetarako, gehieneko azalera instalatutako gehieneko potentziaren araberakoa izanen da, 244/2019 Errege Dekretuak mugatuta; hau da, potentzia horretara iritsi arte behar adina panel instalatzen ahalko dira.
  • Panel termikoetarako, eraikinaren behar termikoek emanen dute gehieneko azalera, dela ur beroa sortzeko, dela espazioak girotzeko.

–Lurzoruan bermatuta paratuko dira. Instalazioak, barne direla euskarriak eta beste elementu batzuk, ezin izanen dira 2 metro baino garaiagoak izan, lurretik neurtuta.

–Panelen inklinazioak energia bilketaren errendimendu handiena bilatuko du eta berdina izanen da panel guztietan.

–Kaletik eraikinaren eta ondokoen fatxada nagusia ikusteko moduan kokatuko dira; alegia, saiatu behar da fatxada nagusia ez estaltzen.

7. artikulua. Instalazio multzoak eraikinaren gainean eta lotutako lurzoru libre pribatuaren gainean.

Mota horretako egiturak baimentzen ahalko dira, betiere aurreko artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

III. KAPITULUA

Lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioak

8. artikulua. Aurretiazko baimenak.

1. Eguzki-energiarekin argindarra sortzeko instalazioak ezartzea lurzoru librean (eguzki parkeak) berariaz araututa dago indarrean dagoen araudi sektorialean: Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Agindua, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko irizpideak eta ingurumen eta hirigintza arloetako baldintzak arautzen dituena (2006ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 21ekoa).

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala badagokio, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Lehendik badauden eraikinei lotutako instalazioen kasuan, horiek ezarri baziren une hartan indarrean zen araudiaren arabera, baimendutzat joko da eguzki-panelen instalazioa, eta ez da beharrezkoa izanen aurretiazko baimenik izapidetzea.

4. Udal Planeko eraikinen katalogoan sarturiko eraikinetan eguzki-panelak paratzeko eskaerak Vianako Printzea Erakundeari bidaliko zaizkio, aurretiko txostena egin dezan. Txosten horren edukia loteslea izanen da.

9. artikulua. Eguzki-parkeak ezartzeko baldintza partikularrak.

Kontuan harturik Okoko udalerria oso txikia dela, eta han eguzki-parkeak ezartzeak paisaia- eta eragozpen-inpaktu handia sortuko lukeela bizitegi-erabilerako hiri lurzoruarekiko erreflektantziagatik haren hurbiltasuna dela medio, eta kontuan harturik lurzoru urbanizaezin osoa nekazaritzarako balio produktibo handiko lurrez osatuta dagoela, eta ezin dela bertan parke fotovoltaikorik ezarri 64/2006 Foru Aginduan ezarrita dauden kokaleku egokien irizpideen arabera, Okoko udal-mugartean eguzki-parkeak debekatzeko erabakia hartu da.

IV. KAPITULUA

Izapidetzea

10. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenerako araubidea.

Ordenantza honetan arautzen den instalazio bat ezartzeko, handitzeko edo legeztatzeko, Okoko Udalari obretarako udal lizentzia eskatu beharko zaio, edo, kasua zein den, dagokion erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu; behar diren agiriak ere aurkeztuko dira horretarako.

Lanak direla-eta hala egin behar izanez gero, profesional eskudunak sinatutako eta dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsitako proiektua aurkeztu beharko da, Etxegintzaren Antolamenduari buruzko Legean xedatuari jarraikiz.

Proiektu bat aurkeztea beharrezkoa ez denean, memoria teknikoa aurkeztu beharko da. Memoria horretan agertu beharko dira instalazioaren ezaugarri zehatzak: kokapena eta antolaketa, dimentsioak eta hartutako azalera, elementuak, etab. Memoriak jasoko ditu horien deskribapen nahikoa, krokisak edo planoak eta aurrekontu xehatua. Instalazioak paratu nahi direnean eraikinen estalkietan, teknikari eskudunak sinatutako txosten teknikoa aurkeztu beharko da. Hartan frogatu beharko da instalazioa jasoko duen egitura gai izanen dela eusteko estalkiaren gainean jarriko den pisu gehigarriari.

Udal lizentzia eman aurretik, beharrezko baimenak tramitatuko dira, kontuan harturik Okoko udal plan orokorrean eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritako betebehar partikularrak.

Sustatzaileak eduki beharko ditu kasuan kasuko gaiaren arabera organo eskudunetan aurkeztu beharrekoak diren baimen guztiak.

Lizentziak, betiere, emanen dira kalterik egin gabe jabetza eskubideari eta hirugarrenei. Eskatzailea izanen da lanek ekarritako kalte-galera eta ekintza juridiko guztien erantzulea.

Erantzukizunpeko adierazpenaren araubideak ez ditu salbuesten, ez eta baldintzatzen ere, Udalak legediaren, planeamenduaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren beraren araberakoak ez diren obrei buruz dauzkan ikuskatze-, kontrol- eta zehapen-ahalmenak.

Iragarkiaren kodea: L2214680