245. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

NAFARROAKO PARLAMENTUA. Langileen Estatutuaren aldaketa.

Nafarroako Parlamentuko Erregelamendu Batzordeak, 2022ko azaroaren 30ean egindako bilkuran eta Legebiltzarreko Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarriarekin bat, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren aldaketa onetsi zuen.

Haren azken xedapena betez eta Legebiltzarreko Erregelamenduaren 114. artikuluarekin bat, agintzen da aipatu aldaketa Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin.

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

NAFARROAKO PARLAMENTUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN ALDAKETA

HITZAURREA

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuak ezartzeko aukera ematen du. Prozedura horiek aplikatuko dira aipatu legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten lanpostuetan, sektore publikoko behin-behinekotasun tasa murrizteko xedez.

Bestalde, Nafarroako administrazio publikoen esparruan, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea onetsi da, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

Era berean, jasota utzi behar dugu Parlamentuko Mahaiak, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz, erabaki bat hartu zuela 2022ko maiatzaren 30ean, zeinaren bidez adierazten baitira aipatu legean ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta, horrenbestez, aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuei loturik dauden lanpostuak, behin-behinekotasun tasa murrizteko xedez.

Prozesu hori burura eramateko, eta erakunde honek duen arau-autonomia baliatuta, bidezkoa da Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua helburu horietara egokitzea, jarraian lanpostu hutsak betetze aldera xede horrekin ezarritako aldi baterako enplegua egonkortzeko aparteko prozesuen bidez.

Zehazki, bost aldaketa sartzen dira. Lehenengoaren bidez Estatutuaren 4. artikulua aldatzen da, eta horren bidez ezartzen dira aldi baterako langileak administrazio-araubidean kontrataturik egoteko gehienezko epeak, bai eta epe horiek ez betetzeak dakartzan ondorioak ere. Bigarrenik, 9. artikulua aldatzen da oposizio-lehiaketaren faseen ordena aldatzeko aukera jasotzeko, efizientzia arrazoiek hala justifikatzen dutenean.

Bestalde, xedapen gehigarri berri bat gehitzen da, hamaikagarrena, zeinean aurreikusten baita merezimendu-lehiaketaren edo oposizio-lehiaketaren bidez aldi baterako enplegua egonkortzeko aparteko deialdiak egiteko aukera, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz, eta, halaber, arautzen baita egonkortze prozesuak ez gainditzearen ondoriozko konpentsazio ekonomikoa.

Horretaz gain, beste xedapen gehigarri bat gehitzen da, hamabigarrena, zeinaren bidez behin-behinekotasuna kontrolatzeko neurriak ezartzen baitira.

Azkenik, beste xedapen gehigarri bat gehitzen da, hamahirugarrena, legezko estaldura emateko Nafarroako Parlamentuan funtzio publikora sartzeko hautaprozeduretan parte hartzeko eskubideengatiko tasa bat ezartzeari.

Hori guztia dela-eta, indarrean dagoen Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren laugarren xedapen gehigarrian eta Legebiltzarreko Erregelamenduaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritako prozeduraren bidez, Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua aldatzen da, ondoren ezarritako moduan:

Artikulu bakarra.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua aldatzen da, nondik norako hauekin:

1. 4. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

"1.–Langile kontratatuak dira administrazio- nahiz lan-araubidean aldi baterako dihardutenak Nafarroako Parlamentuaren zerbitzura.

2.–Nafarroako Parlamentuak administrazio-araubideko langileak xede hauetarako bakarrik kontratatzen ahalko ditu:

a) Aldi baterako programak gauzatzea, azterlan edo proiektu zehatzak edo ohikoak ez diren lan bereziak egiteko. Programa horiek ezin izanen dute hiru urte baino gehiago iraun.

b) Langileak ordezkatzea.

c) Beren plantilla organikoetan hutsik dauden lanpostuak aldi baterako betetzea, gehienez ere hiru urterako.

d) Behar bezala arrazoitutako langile-beharrizan berriei aurre egitea, horretarako langile nahikorik ez dagoela frogatuz gero, gehienez ere bederatzi hilabetez. Ezin izanen da inola ere kontratu hori luzatu, ezta beste bat formalizatu ere, premia berari erantzuteko.

3.–Langileak administrazio-araubidean kontratatzeak ez du inola ere ekarriko karrerako funtzionarioen izaera aitortzea.

4.–Artikulu honen bigarren apartatuko c) letran aurreikusitako kasuan, administrazio-kontratudun langileek betetako lanpostu hutsak betetzeko, lanpostuak betetzeko edo mugikortasunerako Estatutuan aurreikusitako mekanismoetako edozein erabili beharko da.

Hala ere, langilea administrazio-araubidean kontratatu zenetik hiru urte igarotakoan, kontratua azkenduko da, eta funtzionarioek soilik betetzen ahalko dute lanpostu huts hori, kasuan kasuko hautapen prozesua hutsik geratu ezean; kasu horretan, langileak berriro kontratatzen ahalko dira administrazio-araubidean.

Salbuespen gisa, administrazio-kontratudun langileek aldi baterako betetzen duten lanpostuan jarraitzen ahalko dute, baldin eta dagokion deialdia argitaratu bada hiru urteko epean, kontratazioaren egunetik zenbatzen hasita. Kasu horretan, deialdia ebatzi arte betetzen ahalko dute lanpostua, eta kargu-uzteak ez du konpentsazio ekonomikorik ekarriko.

5.–Halaber, zilegi izanen da lan-araubidean kontratatzea, aldi baterako, zerbitzuaren beharrizanei erantzuteko beharrezkoak diren langileak, Parlamentuaren aurrekontuek zehazturiko mugen barruan eta aldi baterako langile gisa izan daitezkeen gehieneko iraunaldiak errespetatuz.

6.–Langile kontratatuek jasoko dituzten ordainsariak dira betetzen ari diren lanpostuari dagozkionak. Halaber, jasoko dituzte graduari dagokion ordainsaria eta emandako zerbitzuengatiko antzinatasun-saria, salbu eta beste administrazio publiko batengandik jasotzen badute. Era berean, familiarentzako laguntza jasoko dute, funtzionarioentzako ezarritako modu berean."

2. 9. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

"9.1. artikulua. Nafarroako Parlamentuko funtzionario izateko izangaien hautaketa meritu- eta gaitasun-oinarrien arabera eginen da, deialdi publikoa eginda eta oposizio bidez edo oposizio-lehiaketa bidez.

Izangaiak hautatzeko prozedura oposizio-lehiaketa denean, eraginkortasuna helburu, oposizio-lehiaketak dituen bi faseen ordena aldatzen ahal da."

3. Xedapen gehigarri berri bat gehitzen da, hamaikagarrena. Hona testua:

"Hamaikagarrena.–Aldi baterako enplegua egonkortzeko aparteko deialdia.

1. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, salbuespenez, merezimendu-lehiaketaren edota oposizio-lehiaketaren bidez aldi baterako enplegua egonkortzeko deialdiak eginen ditu, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legean xedatutakoaren arabera.

Enplegua egonkortzeko aparteko prozedura horiek behin bakarrik eginen dira, eta betiere errespetatuko dituzte aipatu legean ezarritako epeak. Prozesu horiek lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduen, gaitasunen eta publikotasunaren printzipioen arabera gauzatuko dira.

2. Oposizio-lehiaketa bidez tramitatzen diren egonkortze prozedurek kasuko deialdian xedatutakoa bete beharko dute. Oposizioaldian 60 puntu emanen dira, eta lehiaketaldian, berriz, 40.

Lehiaketaldia baloratzeko, oposizioaldia gainditu duten izangaiek soilik aurkeztu beharko dituzte merezimenduak.

Oposizio-lehiaketa bidez tramitatzen diren egonkortze prozeduren ondorioz aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira. Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik, baina lehentasuna izanen dute aldi baterako kontrataziorako hautapen prozedura batetik datozen izangaien zerrenda indardunekiko, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduraren bidez tramitatzen diren egonkortze prozedurek kasuko deialdian xedatutakoa bete beharko dute. Lanbide-merezimenduen balorazioan 60 puntu emanen dira, eta bestelako merezimenduen balorazioan, berriz, 40.

4. Enplegua egonkortzeko aparteko prozedurek ukitutako lanpostuak aldez aurretik eskainiko dira barne mugikortasuneko prozesu batean, Nafarroako Parlamentuko funtzionarioen barne mugikortasun horizontalari buruzko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

5. Zerbitzuan emandako urte bakoitzeko ordainsari finkoen hogei egunen besteko konpentsazio ekonomikoa emanen da, eta urtebetetik beherako aldiak hilabeteka hainbanatuko dira, gehienez ere hamabi hilekotan. Konpentsazio ekonomiko hori administrazio-kontratudun langileentzat izanen da, baldin eta Administrazioarekin duten harremana amaitzen bada ez zaielako esleitu egonkortzeko hautapen prozesuetan deitutako lanposturik.

Izangaiak ez baldin badu parte hartzen lanpostuak egonkortzeko hautapen prozesuan, ez du eskubiderik izanen, inola ere ez, konpentsazio ekonomikoa jasotzeko. Apartatu honetan adierazitako ondorioetarako, izangaiak prozeduran parte hartu ez duela ulertuko da hark prozeduran jarraitzen ez duenean hari berari egotz dakiokeen arrazoi batengatik."

4. Xedapen gehigarri berri bat gehitzen da, hamabigarrena. Hona testua:

"Hamabigarrena.–Behin-behinekotasuna kontrolatzeko neurriak.

1. 4. artikuluan ezarritako gehieneko iraunaldiak ez badira betetzen, ukitutako kontratudun langileek konpentsazio ekonomikoa jasoko dute. Konpentsazio hori beren ordainsari finkoen hogei egunen baliokidea izanen da zerbitzu-urte bakoitzeko, eta urtebetetik beherako aldiak hilabeteka hainbanatuko dira, gehienez ere hamabi hilekotan.

2. Konpentsazio hori jasotzeko eskubidea lana benetan eteten den egunetik aurrera sortuko da, eta ez-betetzea sorrarazi duen kontratuarekin soilik lotuta egonen da zenbatekoa.

3. Ez da konpentsazio-eskubiderik izanen zerbitzu-harremana diziplina arrazoiengatik edo borondatez uko egiteagatik amaitzen bada.

4. Arlo honetako jarduketa irregularrek indarreko araudiaren araberako erantzukizunak eskatzea ekarriko dute."

5. Xedapen gehigarri berri bat gehitzen da, hamahirugarrena. Hona testua:

"Hamahirugarrena.–Funtzio publikoan sartzeko hautaprozeduretan parte hartzeko eskubideengatiko tasa.

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Parlamentuan funtzio publikora sartzeko hautaprozeduretan parte hartzeko eskubideengatiko tasa kudeatu, likidatu eta biltzen ahalko du, Nafarroako Foru Komunitateko eta haren erakunde autonomoetako tasa eta prezio publikoei buruzko otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

2. Hautaproben deialdietan espresuki finkatuko dira izangaiek eskabideak aurkezterakoan ordaindu beharreko azterketa eskubideak.

3. Hautaproba bakoitzean biltzen diren azterketa eskubideak Nafarroako Parlamentuko aurrekontuko diru-sarrerak izanen dira."

Xedapen iragankor bakarra.–Ondorioak.

4. artikuluari testu berria ematen dion eta hamabigarren xedapen gehigarria gehitzen duen artikulu bakarraren 1. eta 4. apartatuetan jasotako aurreikuspenak soilik aplikatuko zaizkie Estatutuaren aldaketa hau indarrean sartu ondoren kontrataturiko aldi baterako langileei.

Azken xedapena.–Aldaketa honek Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko da.

Iragarkiaren kodea: F2216118