245. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

98/2022 FORU DEKRETUA, azaroaren 16koa, udal hirigintza planeamendua prestatzeko laguntzen araubidea ezartzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onetsi zuen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 20. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari agintzen dio udalen hirigintza jarduerari laguntza teknikoa eta ekonomikoa ematea, bereziki, hirigintza planeamenduko tresnak idazteko. Laguntza ekonomikoa urteak direla ematen hasi zen administrazioa, Hirigintza plangintza prestatu eta aplikatzearen arloan, administrazioen arteko lankidetza arautzen duen uztailaren 2ko 145/2002 Foru Dekretuaren bidez.

Indarrean sartu eta ia 20 urtera, beharrezkoa da erregulazio hori berrikustea, egungo beharretara egokitzeko, laguntza sistema arinagoa eta eraginkorragoa behar baitute. Izan ere, uztailaren 2ko 145/2002 Foru Dekretuaren ondoriozko laguntza sistemak administrazio prozesu konplexu bat dakar berekin, hainbat urtetarako gastu konpromisoak dakartzana, Udal Plan Orokorrak idazteko eta onesteko prozesuen arabera. Horien zenbatespenak ez dira beti betetzen, eta horrek onartutako plangintza ekonomikoak aldian-aldian eguneratu beharra ekartzen du, eta horren ondorioz, atzerapenak sortzen ahal dira, onartutako dirulaguntzen ordainketan. Urteetako praktikak erakutsi duenaren arabera, sistema ez da oso eraginkorra eta beharrezkoa da alferrikako tramiteak alde batera uztea eta prozedura sinpleak eta berehalakoak ezartzea haien ordez, aurrekontua hobeki eta eraginkorrago gauzatzen eta kontrolatzen saiatuz.

Hori dela eta, foru dekretu honen bidez, laguntzak emateko eta ordaintzeko prozesu osoa arindu nahi da. Horretarako, egungo sistemaren ordez urteko dirulaguntzen deialdiak eginen dira. Deialdi horiek banakako ebaluazioaren araubidearen bidez ebatziko dira, eta laguntzak modu zuzenagoan eman eta ordaintzeko aukera emanen du, udalek foru dekretuan aurreikusitako fase bakoitza betetzen dutela egiaztatu ondoren. Aldi berean, udal planeamendua prestatu eta tramitatzeko prozesuari bultzada eman nahi zaio, ahal den lasterrena izan dadin, alferrikako atzerapenik gabe, eta udalei finantzaketa jarraitua eta progresiboa lortzen laguntzen zaie.

Ildo horretatik, 145/2002 Foru Dekretuak bezala, udalek jaso beharreko dirulaguntzen zenbateko osoa zati edo zatiki batzuetan banatzen da, hirigintza planeamenduko tresnak izapidetzeko legez aurreikusitako prozedura izapideekin batera. Horri dagokionez, 145/2002 Foru Dekretuan ezarritako tarte diruz lagungarriak aldatu dira, denboran zatituagoak diren laguntzak proiektatuz, udal planeamenduaren behin betiko onarpen fasea barne, orain arte dirulaguntzarik ez baitzuen jasotzen.

Foru dekretuak ekarri duen beste berrikuntzetako bat jaso beharreko laguntzen gehieneko zenbatekoak finkatzea da. Kopuru horiek biztanleriaren, azaleraren eta udalerrien konplexutasunaren arabera ezartzen dira, baina zenbateko horiek aldatzen ahalko dira, dirulaguntzaren urteko deialdi bakoitzean.

Azken finean, erregulazio berri honen bidez, prozedura antolatuago, arinago eta eraginkorrago bat ezarri nahi da, laguntzak modu errazagoan lortu ahal izateko, eta gehiegizko tramiteak kenduz, administrazio bidea sinpleagoa izan dadin.

Horrenbestez, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroaren 16an egindako bilkuran harturiko Erabakiari jarraikiz,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako udalei Udal Plan Orokorrak prestatu edo berrikusteko lanak finantzatzeko dirulaguntzak emateko araubidea arautzea.

Era berean, Plan Bereziak prestatzeko laguntzak ere emanen zaizkie Nafarroako udalei. Plan Berezi horien xedea hiriguneak osorik antolatzea izanen da, haien jarduketa eremuak gutxienez 5 hektareako azalera hartzen badu, eta helburua bada lurzoruaren okupazioa arintzea, zuzkidura publikoak sortzea, auzoak saneatzea, mugikortasun edo estetika arazoak konpontzea, hiria birsortu edo berritzeko jarduketak arautzea edo antzeko beste xederen bat. Espazio horiek bat egiten ahalko dute etxebizitza arloan indarra duen araudiak arautzen dituen Lehentasunez Zaharberritzeko Eremuekin.

2. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen departamentuak, urtero, deialdi publiko bat onetsiko du foru dekretu honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko. Deialdi horretan ekitaldi bakoitzeko aurrekontuan dauden baliabideak adieraziko dira.

3. Kanpo geratzen dira indarrean dagoen hirigintza planeamenduko aldaketak eta hirigintza planeamenduko gainerako tresnak.

4. Ez dute dirulaguntza berririk hartzen ahalko:

4.a) Udal Plan Orokorraren edo eremu berari dagokion Plan Bereziaren izapidetze prozesua bukatu gabe duten eta beste bat idazten hasi nahi duten udalerrien eskaerak. Salbuespena izanen dira aurretik jasotako zenbatekoak eta dagozkien laguntzak ordaindu zirenetik sortu diren berandutze-interesak itzultzeko asmoa dutenak.

4.b) Azken 8 urteetan beren Udal Plan Orokorra edo esparru berari eragiten dion Plan Berezia behin betiko onetsi duten udalerrien eskaerak.

4.c) Zerbitzu profesionalen kontratua sinatu zenetik 6 urte igaro badira, Udal Plan Orokorra behin-behinean onetsi gabe edo dagokion Plan Berezia behin betiko onetsi gabe, salbu eta Udalak justifikatzen badu ezinezkoa dela prozedura fase horietara iristea, bere arduratik kanpoko arrazoiengatik.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Foru dekretu honetan aipatzen diren dirulaguntzak emanen dira foru dekretu honetan ezarritakoari, Dirulaguntzei buruzko Foru Legeari eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.

3. artikulua. Onuradunak.

1. Laguntza hauen onuradun izan daitezke Udal Plan Orokorra edo Plan Berezia prestatu edo berrikusteko prozesua tramitatzen hasi eta eranskinean aurreikusitako prozeduraren faseren bat burutu duten Nafarroako udalak.

2. Foru dekretu honetan araututako laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa izanen da aurretik lankidetza hitzarmen bat sinatzea hirigintzaren arloan eskumena duen departamentuarekin. Hitzarmen horretan, besteak beste, Udal Plan Orokorra edo Plan Berezia egiteko kontuan hartu beharreko helburuak eta irizpideak ezarriko dira, eta, hala badagokio, Jarraipen Batzordea osatzen duten pertsonak izendatuko dira, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen legerian aurreikusitako moduan.

4. artikulua. Gastu diruz lagungarria.

1. Diruz laguntzen ahal den gastua Udal Plan Orokorrak eta Plan Bereziak (BEZa barne) idazteko lanak egiteko behar diren zerbitzu profesionalak kontratatzearen ondoriozko ordainsarien kostua izanen da.

Dirulaguntzen bidez gehienez ere zerbitzu kontratu horien esleipen prezioaren %80 finantzatuko da, baldin eta hurrengo artikuluan finkatutako gehieneko zenbatekoak gainditzen ez badira.

2. Laguntzak zatika eman eta ordainduko dira, eranskinean ezarritako tresnak prestatu eta tramitatzeko fase bakoitza bukatzean, lurraldearen antolamendu eta hirigintza gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak emanen duen ebazpenaren bidez, foru dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren.

Laguntzak eskuratu ahal izateko, fase horietako bakoitza osatu beharko da, lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloan indarra duen legeriak eskatzen dituen agiriekin.

3. Diruz laguntzen ahal diren lanak kasuan kasuko deialdia argitaratzen den urteari dagokion aurrekontu ekitaldian egina izaten ahal da, edo aurreko ekitaldietan egina.

5. artikulua. Zenbatekoak eta mugak.

1. Udal Plan Orokorrak prestatzeko fase bakoitzerako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ezin dira izan eranskineko 1. atalean aipatzen diren populazio tarteak kontuan hartuta ezarritako mugak baino handiagoak.

2. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan indarrean dagoen legediaren arabera, Udal Plan Orokorra behin betiko onartu ondoren testu bategina egiteko eskatu bada, ez da eskatzen ahalko azken fase horretarako aurreikusitako zenbatekoak ordaintzeko, harik eta testu bategina entregatu eta organo eskudunak egokia dela egiaztatu arte.

3. Eranskinaren 1. atalean ezarritako zenbatekoei %10 gehitzen ahalko zaie kontzeptu hauetako bakoitzagatik:

–Udalerri konposatuak edo 3 auzogune bereiz edo gehiago dituztenak.

–70 km ² baino gehiagoko azalera.

4. Plan bereziak prestatzeko fase bakoitzerako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak, azterlanaren eremuaren azaleraren arabera ezarriak, ez dituzte eranskinaren 2. atalean ezarritako mugak gainditzen ahalko.

5. Aurreko apartatuen arabera ematen diren dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ezin dira izan zerbitzu kontratuaren esleipen prezioaren %80 baino handiagoak izan. Ehuneko hori, era berean, lanak egiteko fase bakoitzeko gehienezko zenbatekoak kalkulatzeko hartuko da erreferentzia gisa.

6. Faseren batean udal eskatzaileek justifikatutako zenbatekoak eranskinean gehieneko gisa adierazitakoak baino txikiagoak badira, jaso beharreko laguntzen zenbatekoak murriztuko dira, justifikatu diren kopuru horiek gainditzen dituzten neurrian. Hala ere, fase bakoitzerako ezarritako gehienekoak ez lortzeagatik ordaindu ez diren zenbatekoak hurrengo faseetan ordaintzen ahalko dira, baldin eta justifikatzen badira eta zenbateko osoak ez baditu gainditzen dagozkien gehieneko zenbatekoak.

Era berean, faseren batean justifikatutako zenbatekoak eranskinean gehieneko gisa adierazitakoak baino handiagoak badira, zenbateko horiek gainditzen dituzten zenbatekoak hurrengo faseetan ordaintzen ahalko dira, betiere aipatutako gehieneko mugak gainditzen ez badira.

7. Udalek bi fasetarako edo gehiagotarako eskatzen ahalko dituzte laguntzak. Kasu horretan, fase bakoitzari dagozkion zenbatekoen batura izanen da laguntza horien zenbatekoa.

8. Aurreko deialdietan laguntzen xede izan diren faseak ez dira berriro deialdi berrietan diruz laguntzen ahalko.

6. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Foru dekretu honetan aipatzen diren dirulaguntzak bateragarriak izanen dira xede bererako ematen diren beste batzuekin, haien izaera eta ematen dituen administrazioa edo entitatea edozein dela ere, baldin eta guztien baturak ez badu gainditzen diruz lagundutako jardueraren kostua.

7. artikulua. Prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura 1. artikuluan adierazitako urteko deialdi publikoaren bidez hasiko da eta banakako ebaluazioaren araubidean tramitatuko da.

2. Dirulaguntzen eskaerak Udal Plan Orokorren edo eranskinean aipatzen diren Plan Berezien izapidetze fase bakoitza amaitu ondoren aurkeztuko dira, 5. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoaren kalterik gabe; espresuki adieraziko da zein fasetarako eskatzen den finantzazioa eta zenbatekoa, eta 9. artikuluan eskatzen den dokumentazioa erantsi beharko zaie.

3. Eskabideek ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte edo eskatutako agiriak aurkezten ez badira, udal eskatzaileari eskatuko zaio akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari jarraiki.

4. Eskaerak erregistroko sarrera dataren hurrenkerari jarraikiz erantzunen dira, aurrekontu kreditua agortu arte. Aurrekontuan dirurik ez egoteagatik onartzen ez diren eskaerak hurrengo deialdietarako hartuko dira kontuan, eta, gainera, laguntza zein deialditan eskatu zen, deialdi horretako data errespetatuko da.

Atal honetan aurreikusitako ondorioetarako, osatu gabeko eskaerak ez aurkeztutzat joko dira eskaera osorik zuzendu arte.

5. Foru dekretu honetan ezarritako dirulaguntzak aurrekontuetan baliagarri dagoen diruaren mende egonen dira.

8. artikulua. Ebazpena.

1. Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen Zuzendaritza Nagusiak eman edo ukatuko ditu dirulaguntzak. Ebazpen horretan dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordainketa zehaztuko dira.

2. Ebazpenak 3 hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko dira, eskaera izapidetzeko organo eskudunaren erregistroan sartzen denetik hasita. Epe hori berariazko ebazpenik eman edo jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

9. artikulua. Dokumentazioa.

1. Udalek aurkeztuko dituzte dirulaguntza eskaerak, oso-osorik beteta eta Alkatetzak sinatuta, eta haiekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaera idazkia, argi azalduz dirulaguntza Udal Plan Orokorra edo Plan Berezia idazteko zein faserako edo faseetarako eskatzen den, eta zenbat eskatzen den.

b) Udal Plan Orokorra edo Plan Berezia idazteko lanak esleituz Udalak hartu duen erabakiaren ziurtagiria, Udal Idazkaritzak emandakoa, esleipenaren prezioaren zenbatekoa eta, hala badagokio, onartutako kontratu aldaketak adierazita.

c) Egindako gastuei dagozkien fakturak eta diruz lagungarriak diren lanen ordainketak justifikatzea.

d) Helburu bererako jasotako dirulaguntzen ziurtagiria, Udal Idazkaritzak emandakoa.

e) Udal Alkatetzaren erantzukizunpeko adierazpena, toki erakundeak dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako debekurik batere ez duela adieraziz.

f) Dirulaguntzen deialdien oinarri arautzaileetan ezar daitekeen beste edozein agiri.

10. artikulua. Dirulaguntzen itzulketa.

Bidezkoa izanen da dirulaguntzak ezeztatzea, eta jasotako zenbatekoak itzultzeko eta horiek ordaintzen diren unetik aitzina sortutako berandutza interesa eskatzea ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legean aurreikusitako kasuetan eta prozeduraren arabera.

Xedapen iragankor bakarra.–Tramitatzen ari diren tresnak.

1. Deuseztatuta geratzen dira Hirigintza planeamendua egiteko eta aplikatzeko administrazioen arteko lankidetza arautzen duen uztailaren 2ko 145/2002 Foru Dekretuaren babesean sinatutako lankidetza hitzarmenetan Udal Plan Orokorren edo izapidetzen ari diren Plan Berezien finantzazio ekonomikoari buruz idatzitako klausulak.

Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko foru dekretu honen eranskinean finkatutakoa baino dirulaguntza handiagoak hitzeman dituzten lankidetza hitzarmenei, eta beraz, indarra izaten jarraituko dute hitzarmen horiek, oso-osorik. Hala ere, konpromiso ekonomiko horiek automatikoki baliogabetuko dira foru dekretu honek indarra hartzen duenetik 4 urteko epean, gehienez, Udal Plan Orokorrak edo Plan Bereziak behin betiko onetsi ez badira.

2. Ondoriorik gabe geratzen dira ordaintzeko dauden dirulaguntzak, baldin eta lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak tramitatzen ari diren udal plan orokorrak egiteko emandako ebazpenen bidez onartu badira, aurreko apartatuko bigarren paragrafoan xedatutakoa ukatu gabe.

3. Aurreko apartatuetan ezarritakoek ukitzen dituzten udalei foru dekretu honen arabera jaso beharreko dirulaguntzatik kenduko zaie lankidetza hitzarmen horien arabera dagoeneko egin zaizkien ordainketei dagokien kopurua.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Indargabetuta geratzen da 145/2002 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, hirigintza plangintza prestatu eta aplikatzearen arloan, administrazioen arteko lankidetza arautzen duena.

2. Indarrik gabe uzten dira, orobat, foru agindu honetan xedatutakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Gehieneko zenbatekoen aldaketak.

Ahala ematen zaio lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrari, eranskinean finkatutako gehieneko zenbatekoak eguneratzeko, urteko dirulaguntza deialdi bakoitzean.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarrean jartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hiru hilabetera hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko azaroaren 16an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, Jose Maria Aierdi Fernandez de Barrena.

ERANSKINA

1. Udal Plan Orokorrak egiteko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak.

UDALERRIEN
BIZTANLERIA

GEHIENEKO ZENBATEKOAK FASEKA (BEZa barne)

GEHIENEKO
ZENBATEKOA

(BEZa barne)

% 15

% 15

% 35

% 25

% 10

LAEEren
onespena Udala

LAEE onespena Batzordea

Hasierako
onespena

Behin-behineko onespena

Behin betiko onespena

- 1.000 bizt.

18.000 euro

18.000 euro

42.000 euro

30.000 euro

12.000 euro

120.000 euro

1.001-3.000 bizt.

22.500 euro

22.500 euro

52.500 euro

37.500 euro

15.000 euro

150.000 euro

3.001-5.000 bizt.

27.000 euro

27.000 euro

63.000 euro

45.000 euro

18.000 euro

180.000 euro

5.001-10.000 bizt.

31.500 euro

31.500 euro

73.500 euro

52.500 euro

21.000 euro

210.000 euro

+ 10.001 bizt.

40.500 euro

40.500 euro

94.500 euro

67.500 euro

27.000 euro

270.000 euro

2. Plan bereziak prestatzeko dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak.

PLAN BEREZIAREN ESPARRUA

GEHIENEKO ZENBATEKOAK FASEKA (BEZ barne)

GEHIENEKO ZENBATEKOA

(BEZa barne)

% 60

% 40

Hasierako onespena

Behin betiko onespena

5-10 ha

30.000 euro

20.000 euro

50.000 euro

10-20 ha

45.000 euro

30.000 euro

75.000 euro

20 hektareatik gora

60.000 euro

40.000 euro

100.000 euro

Iragarkiaren kodea: F2215313