242. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

264/2022 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita gehienez ere osasun publikoko ikuskatzaileen (albaitaria) lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aritzeko, hori guztia enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze-prozesuen esparruan.

Maiatzaren 25eko 58/2022 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen enplegu publikoaren eskaintza partzial bat onetsi zen, 2022. urterako, Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko osasun-langileen eremurako. Eskaintza hori da maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuan aurreikusitako egonkortze-tasari dagokiona (foru lege-dekretu horren bidez, neurriak hartzen dira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz). Eskaintza horretan, besteak beste, osasun publikoko ikuskatzaileen (albaitaria) lanpostu batzuk sartu ziren, A mailakoak.

Irailaren 14ko 81/2022 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen maiatzaren 25eko 58/2022 Foru Dekretua, zeinaren bidez aldatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoa.

Uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legeak, non neurriak hartzen baitira Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan egiteko, bere 5.3 artikuluan ezartzen du egonkortze-prozesuetan sartzen diren lanpostuetako batzuk oposizio-lehiaketa bidez beteko direla, alegia, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen 2.1 artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztenak, eta enplegua egonkortzeko lan publikoaren eskaintzetan sartzen diren gainerako lanpostuak, berriz, merezimendu-lehiaketa bidez beteko direla, salbuespenez.

Bestalde, aipatutako foru legearen 7.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, enplegua egonkortzeko hautapen prozeduretarako onesten diren deialdietan, bete beharreko gehieneko lanpostu kopurua zehaztuko da, eta aurrerago, foru lege horren 10. artikuluan xedatutakoari jarraikiz tramitatzen den lekualdatze-lehiaketaren prozedura ebatzi ondoren, zehaztu eta identifikatuko dira eskaintzen diren lanpostu hutsak, lanpostu zenbaki zehatzak jakinaraziz. Gainera, sarrerarako hautapen-prozeduran gehituko dira lekualdatze-lehiaketen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak.

Era berean, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren maiatzaren 30eko 1425/2022 Ebazpenaren bidez, zehaztu zen zer lanpostutarako exijitzen den Espainiako nazionalitatea izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen 2022. urteko lan publikoaren eskaintza partzialeko lanpostuen artetik, zehazki, egonkortze-tasari dagokion lan publikoaren eskaintza partzialeko lanpostuen artetik, maiatzaren 23ko 2/2022 Foru Lege-dekretuari jarraikiz (foru lege-dekretu horren bidez neurri batzuk ezarri ziren Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan gauzatzeko).

Aurrekoa kontuan hartuta, bidezkoa da onestea A mailako osasun publikoko ikuskatzaileen (albaitaria) lanpostu bat betetzea gehienez ere, sarrera-prozeduraren bidez eta oposizio-lehiaketaren sistemaren bidez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aritzeko.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Sarrera-prozeduraren deialdi bat eta haren oinarriak onestea gehienez ere osasun publikoko ikuskatzaileen (albaitaria) lanpostu bat (A maila) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aritzeko.

2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Langileriaren Kudeaketako Zerbitzuari eta Hautapenaren, Hornikuntzaren eta Administrazio Egoeren Atalari, eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuari eta Profesionalen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitalpena egin eta biharamunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1. c) eta 126.3 artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2022ko azaroaren 25ean.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, M.ª Ángeles Nuin Villanueva.

SARRERA-DEIALDIA, OSASUN PUBLIKOKO IKUSKATZAILEEN (ALBAITARIA) LANPOSTU BAT GEHIENEZ ERE OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO, NAFARROAKO OSASUN PUBLIKOAREN ETA LAN OSASUNAREN INSTITUTUAN ARITZEKO

Hauek dira:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da osasun publikoko ikuskatzaileen (albaitaria) lanpostu bat betetzea, gehienez ere, oposizio-lehiaketa bidezko sistemaren bidez eta sarrera-prozedurari jarraikiz, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aritzeko. Lanpostu hori A mailakoa da, eta zehazki zein den eta zein plantilla-zenbaki duen, bai eta dituen betebeharrak, araubide juridikoa eta destinoa ere, onetsiko da bat etorriz uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 7. artikuluarekin, behin ebazten denean foru lege horren 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz deitzen den lekualdatze-lehiaketa (uztailaren 1eko 19/2022 Foru Lege horren bidez zenbait neurri hartu ziren Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondoriozko egonkortze-prozesuak Nafarroako Administrazio Publikoetan gauzatzeko).

Era berean, deialdi honen xedea da osasun publikoko ikuskatzaileen (albaitaria) lanpostua betetzeko izangaien zerrenda subsidiarioak eratzea, aldi baterako kontratazio bidez.

1.2. Deialdietako lanpostu huts guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira.

1.3. Deialdiaren ondoriozko egintzak bitarteko hauek erabiliz argitaratuko dira:

–Lanpostuetan sartzeko deialdia eta izendapen ebazpena, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

–Gainerako egintzak, enplegu publikoaren web-orrian (www.empleosalud.navarra.es/eu), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren atalean, deialdiari dagokion fitxan.

1.4. Hala agintzen baitu Nafarroako Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legeak, osasun arloko profesionalek graduatu aurreko, graduatu ondoko eta etengabeko irakaskuntzan parte hartuko dute, eta hein berean lagunduko dute herritarren osasunaren aldeko heziketa ekintzetan.

2.–Baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Albaitaritzako graduatua/lizentziaduna izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Gidabaimena izatea eskatzen duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, B motako gidabaimena edukitzea eskatuko da.

2.3. Lehiatuz gero euskaraz jakitea nahitaezko baldintza duen lanpostu elebidun bat lortzeko, eskatutako euskara maila frogatu beharko da, eta, horretarako, aurkeztu beharko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera behar den mailari dagokion titulua edo ziurtagiria, zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aipatutako zerrendan agertzen diren ziurtagirietako bat.

Nafarroako Administrazio Publikoetatik edozeinetan euskara edo Europar Batasuneko hizkuntzaren bat jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek bakar-bakarrik parte hartzen ahalko dute beren administrazio publikoko beste lanpostu huts batzuk betetzeko prozesuetan, baldin eta horietan aritzeko hizkuntza hori nahitaez jakin behar bada.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

2.4. Aurreko baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den unean, lanpostuaren jabetza hartu arte.

2.5. Aurreko baldintzak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta lanpostuaz jabetu arte, eta izangaiek frogatu beharko dituzte deialdi honen oinarrietan zehazten den unean.

2.6. Aldi baterako enplegua egonkortzeko asmoz deitzen den sarrerako hautapen-prozeduran ezin izanen dute parte hartu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdiaren xedeko lanpostuan langile finkoak diren enplegatuek.

Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

3.–Eskaerak, tasak eta dokumentazioa.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak 15 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina izanen da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://empleosalud.navarra.es/eu/oposiciones helbidean, "Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua" atalean, deialdiari dagokion fitxan.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik proba egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egoki deritzon dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean, 3.4 atalean ezarritakoari jarraikiz.

3.3. Tasak.

Funtzio publikoan sartzeko eta bertara igotzeko hautapen prozesuetan parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa da.

Telematika bidez ordainduko da tasa, eskaera formalizatzean, ordainketa telematikoa egiteko sistema seguru baten bidez.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak.

b) Deialdi hau argitaratu baino hilabete bat lehenagotik gutxienez, langabe gisa inskribaturik dauden pertsonak.

Salbuespen hori egiaztatzeko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari baimena ematen ahalko dio dagokion organismoari kontsulta egin diezaion. Izangaiak baimenik ematen ez badu kontsulta hori egiteko, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.

Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

3.4. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaera telematikoki aurkezteko unean agiri hauek aurkeztu beharko dira, eskaneatuta:

3.4.1. Tasarik ez ordaintzeko aukera baliatu nahi badute eta langabezia egoera kontsultatzeko baimenik ematen ez badute, kasu horretan bakarrik, kasuan kasuko enplegu bulegoak emandako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, non agertuko baita zer egunetan inskribatu zen langabe gisa.

3.4.2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

3.4.3. Desgaitasuna izanik proba egiteko denboretan edota bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek komenigarritzat jotzen duten dokumentazioa erants dezakete hura justifikatzeko.

3.5. Euskaraz jakitearen betebeharra, hala badagokio, egoki den titulu ofizialaren bidez frogatu beharko da, lehiaketaldiaren balorazioa egiteko merezimenduak aurkezten direnean.

3.6. Gainerako betebeharrei dagokienez, lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, deialdi honen 9. oinarrian ezarri den epean eta moduan.

3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Osasun Publikoko Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak ebazpen bat emanen du onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda onesteko, eta zerrenda hori deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, izangaiek erreklamazioak aurkezten ahalko dituzte eta, akatsik egin badute, zuzendu. Erreklamazio horiek telematika bidez aurkeztuko dira, deialdiaren web-orriaren bitartez.

4.3. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzita, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuko buruak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartutakoen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Gobernuaren atariko deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko da.

4.4. Tasa ez da itzuliko, izangaiak baztertuak gelditzen badira berei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.6. Ezarritako epean inskripzio eskaerarik aurkezten ez bada, organo eskudunak ebazpen bat emanen du, adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bidez izendatuko du kalifikazio epaimahaia, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrendak onetsi aurretik, eta kide kopuru bakoiti batez osatua egonen da –hiru gutxienez–, eta beste horrenbeste ordezko kide izendatuko dira, uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen 6.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, bertan egon beharko dute epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek.

Behin kalifikazio epaimahaia eratua denean, epaimahaiburua edo idazkaria gaixotzen bada edo haien aldi baterako absentzia justifikatuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21.2 eta 22.2 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

5.3. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.6. Epaimahaiak Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan izanen du egoitza: Leire kalea 15. 31003, Iruña.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Deialdi honetako aldiak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

6.2. Oposizioaldia 2023ko maiatzetik aurrera hasiko da. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean, azterketa egiteko tokia, eguna eta hasteko ordua zehaztuko dira.

6.3. Oposizioaldia eta balorazioa.

6.3.1. Oposizioaldiak proba bat izanen du: idatziz erantzun beharko zaio galdetegi bati, zeina honela banatuko baita:

–Zati teoriko-praktikoa: test motako 80 galdera. Galdera bakoitzak 4 erantzun izanen ditu, eta bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

–Kasu praktikoak: 2 kasu praktiko, test motako 5 galderarekin kasu bakoitzeko, eta 4 erantzun-aukera galdera bakoitzerako. Horietatik bakarra izanen da baliozkoa. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Proba hau egiteko 3 ordu izanen dira gehienez.

Galdera guztiak I. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak izanen dira.

6.3.2. Gehienez ere 60 puntu lor daitezke, eta 30 puntu lortzen ez dituztenak baztertuta geldituko dira.

6.3.3. Ariketarako dei bakarra eginen da. Izangaiek bertara agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Agertzen ez dena oposizioalditik eta, beraz, lehiaketatik baztertua geldituko da.

6.3.4. Hautapen prozesuan, probak egiteko egokitzapenak ezarriko dira desgaitasunen bat izanik hala eskatu duten izangaientzat, prozesuan parte hartzeko eskaeran azaltzen dutenaren arabera, eta Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak zehazten duenari jarraikiz.

6.3.5. Ariketaren kalifikazioa amaitu ondoren, epaimahaiek deialdiaren web-orrian argitaratuko dituzte lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko dute alegazioak bide telematikoz aurkezteko.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiek deialdiaren web-orrian argitaratuko dituzte oposizioaldiko behin betiko puntuazioak.

6.4. Lehiaketa fasea edo merezimenduak baloratzeko fasea.

6.4.1. Lehiaketa fasean, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren II. eranskinean dagoen baremoaren arabera.

Lehiaketa fasea baloratzeko, oposizio fasea gainditu duten izangaiek soilik aurkeztu beharko dituzte merezimenduak.

Oposizio fasea bukaturik, 10 egun balioduneko epea irekiko da oposizio fasea gainditzen duten izangaiek merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkez dezaten.

Alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa telematikoki aurkeztu beharko dute, deialdiaren fitxan ezarritako estekaren bidez, II. eranskinean ezarritako merezimenduen baremoan ezarritako atalei jarraikiz.

Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz eta haren erakunde autonomoez besteko administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, II. eranskineko baremoan aurreikusitako baldintzetan, berariaz adierazita lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Euskararen, ingelesaren, frantsesaren edo alemanaren jakite-maila egiaztatzen duten tituluak edo ziurtagiriak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera (titulu edo ziurtagiri horiek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean zehaztu dira), edo ofizialki horien baliokidetzat hartzen den titulazioa.

Ez dira aurkeztu beharko, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak ofizioz erantsiko baititu:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan egindako eta aitortutako zerbitzuen ziurtagiria.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdi honen xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izanaren ziurtagiria, gainditu arren lanposturik eskuratu gabe gelditu bazen, eta, betiere, deialdia 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratu bazen.

Deialdiaren web-orriaren bidez erakusten direnak, aurreko deialdiren batean baloratuak izateagatik, osorik baldin badaude.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

6.4.2. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuak baloratuko ditu merezimenduak.

Balorazio horren emaitza loteslea izanen da kalifikazio epaimahaiarentzat.

Alegatutako merezimenduak deialdi honen II. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroagoko merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

Ezin izanen da inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta baremoan atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

Aurkeztutako merezimenduak justifikatzeko dokumentazioaren azterketatik ondorioztatzen bada hautagairen batek merezimendu horiek ez dituela, merezimendu horiei emandako puntuazioa deskontatuko da.

6.4.3. Merezimenduen balorazioa egin ondoren, deialdiaren web fitxan epaimahaiak argitara emanen du balorazioaren emaitza, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adierazita, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.

Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiek lehiaketaldiko behin betiko puntuazioak argitaratuko dituzte deialdiaren web-orrian, bai eta oposizio-lehiaketaren azken emaitza ere. Erreklamazioak ebatzitzat joko dira emaitza hori argitaratzearekin.

Izangaiek lehiaketaren emaitza eta merezimenduen banakako balorazioa ikusten ahalko dituzte deialdiaren webgunearen bidez.

7.–Azken puntuazioa.

Azken puntuazioa izanen da oposizioaldiko eta lehiaketaldiko puntuazioen batura.

Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, oposizio fasean puntuaziorik handiena dutenen alde ebatziko da.

Berdinketak bere horretan badirau, II. eranskineko baremoaren b.1) atalean puntuaziorik handiena lortzen duen pertsonaren alde ebatziko da; eta hor ere berdinketa egonez gero, a) atalean puntuaziorik handiena duenaren alde. Horrela ere berdinketa hausten ez bada, atal horren barrenean azpiatal bakoitzean puntuazio handiena lortzen duenaren alde ebatziko da, azpiatal horiek agertzen diren hurrenkera berari jarraikiz.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

Oposizio-lehiaketa amaitu ondoren, epaimahaiak deialdiaren web-orrian argitaratuko du izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera, eta administrazio-organo eskudunari izendapen proposamena edo kontratazio baimena igorriko dio puntuazio handiena lortu duten izangaiekin, lanpostu kopuruan zenbat sartzen diren, horrenbesterekin.

8.–Lanpostuak aukeratzea eta esleitzea.

8.1. Destinoko lanpostuen hautaketa eta esleipena eginen da izendapen proposamena edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzeko baimena argitaratu baino lehen, deitutako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiek egindako eskaeren arabera, lortutako hurrenkera kontuan hartuta, eta lanpostu horietan sartzeko oinarri hauetan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

8.2. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, sarrera-prozedurarako zehaztutako lanpostu kopuruan lekurik badute eta lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldira deitu badira, lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik.

Desgaitasunak eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, egokienak esleituko zaizkie hautaketa egin aurretik, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

8.3. Euskara maila jakin bat frogatzea ezinbestekoa duten lanpostuen kasuan, ezin izanen da horietara sartu ez bada jakite hori frogatzen. Lanpostuak hutsik geldituko dira bai baldintza hori betetzen duen izangairik ez badago, bai, egon arren, lanpostu horiek hautatzen ez badituzte 8.1 atalean onartutako eskubidea erabiltzen dutenean.

8.4. Honako hau izanen da hautaketa egiteko prozedura:

–Hautaketa egin baino lehen, hautatu behar duten izangaien zerrenda eta aukeratzen ahal dituzten zentroen eta lanpostu zenbakien zerrenda argitaratuko dira. Informazio hori deialdiaren web-orrian argitaratuko da.

–Izangaiek telematikoki, deialdiaren web-orriaren bidez, eginen dituzte eskaerak, 10 egun balioduneko epean, oposizio-lehiaketa bidezko prozeduraren behin betiko emaitza argitaratu eta biharamunetik hasita, eta eskaera horietan adieraziko dute zer lanpostu hautatu nahi dituzten, lehentasun ordenan.

8.5. Deialdia egiten duen organoak deialdiaren web-orriaren bidez emanen du emaitzaren berri.

9.–Izendatzeko edo kontratazioa baimentzeko proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Administrazio organo eskudunak proposamena eginen du, hautaketa egin ondoren lanpostu bat egokitu zaien izangaien alde, haiek funtzionario izendatzeko edo lan-kontratudun langile finko gisa kontrata ditzaten baimentzeko. Proposamen hori deialdiaren web-orrian argiratuko da.

9.2. Hura argitaratu ondoko 10 egun balioduneko epean, proposatutako izangaiek dokumentazioa aurkeztu beharko dute Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Profesionalen Atalean. Hauek dira aurkeztu beharreko agiriak, kasuaren arabera:

9.2.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finko ez diren izangaien kasuan:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren tituluetako baten kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela baztertua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

d) Zinpeko aitorpena edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

e) Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako txostena, frogatzen duena interesdunak ez duela lanpostuan aritzea eragotziko liokeen gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik. Txosten hori ofizioz emanen da, horretarako berariaz egindako osasun-azterketa egin eta gero.

f) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenaren kopia, betebehar hori duen lanpostua eskuratu nahi izanez gero.

9.2.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako langile finkoak diren izangaiek 9.2.1. b) eta f) ataletan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.

10.–Izendapena, lanpostuaz jabetzea eta kontratatzeko baimena.

10.1. Administrazio organo eskudunak, ebazpen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko edo haren erakunde autonomoetako funtzionario izendatuko ditu aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, edo lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzeko baimena emanen du.

Izendapena edo, kasua bada, kontratatzeko baimena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira. Argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen ditu.

10.2. Izendapenaren eta lanpostuaren jabetza hartzearen bidez, izendatuak nominako eta plantillako funtzionario bihurtuko dira, indarreko xedapenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioen arloan ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiekin. Horrekin batera, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Nafarroako administrazio publikoetan sartzen diren funtzionarioek, baldin lehendik haren montepioetakoren baten eskubide pasiboen araubidean afiliaturik badaude, bi aukera izanen dituzte: sartzen diren administrazioaren montepioan jarraitzea ala Gizarte Segurantzan afiliatzea.

Lan-kontratudun langile finko gisa kontratatutako izangaiek dagokien araubide juridikoaren ondoriozko eskubide eta eginbehar guztiak izanen dituzte. Era berean, Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatu eta bertan alta emanen zaie.

10.3. Izendatzen diren izangaiek izendapenaren ebazpenean horretarako ezartzen den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz. Era berean, lan-kontratudun langile finko gisa kontratatzen diren izangaiek aurreko paragrafoan adierazitako egun berean sinatu beharko dute kontratua.

10.4. Izangaia jaiotzagatik edo adingabea zaintzeagatik ezarritako lizentziaren aldiaren barnean badago, geroago jabetuko da lanpostuaz funtzionario gisa edo sinatuko du dagokion kontratua.

Halakoetan, jaiotzagatik edo adingabea zaintzeagatik ezarritako lizentziaren denbora igarotakoan jabetuko da lanpostuz edo dagokion kontratua sinatuko du, edo lehenago, interesdunak hala eskatuz gero, betiere nahitaezko atsedenaldia errespetatuta.

Dagokion administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaz jabetzeko edo kontratua sinatzeko gerorapen epe hori. Aitortze horrek balioa izateko, beharrezkoa izanen da lanpostuaz jabetzea funtzionario gisa edo dagokion kontratua sinatzea, eta jabetzaren edo sinatzearen egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

10.5. Adierazitako epearen barnean, ezinbesteko kasuetan izan ezik, kasuan kasuko lanpostuaz jabetzen ez direnek edo kontratua sinatzen ez dutenek galdu eginen dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario edo lan-kontratudun finko izateko eskubide guztiak.

10.6. Deitutako lanpostua beteko dela ziurtatzeko, honako kasu hauetan, administrazio organo eskudunak baja beteko du gainditu dutenen zerrendan agertzen den hurrengo izangaiarekin: hautaketa-prozesutik eratorritako eskubideei uko egiten bazaie; lanpostua betetzeko deialdian ezarritako baldintzak betetzen ez badira; lanpostua ez bada hautatu behar den epean eta moduan, ezarritako prozeduraren arabera; izendapen proposamenaren ondoren eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik; esleitutako lanpostuaren jabetza hartu ez bada edo dagokion kontratua sinatu ez bada, ezinbesteko kasuetan izan ezik; edo izangaia borondatezko eszedentzia egoeran deklaratu bada, hark eskatuta, lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrerako ondorioekin.

Aurreko atalean aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren aurretik egindako lanpostuen hautua. Beraz, izangai berriei egoera horien ondoriozko lanpostuak esleituko zaizkie.

10.7. Izangaietatik inork ez badu gainditzen oposizio-lehiaketa, organo eskudunak ebazpen bat emanen du adierazteko oposizio-lehiaketa hutsik gelditu dela. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak prestatzea.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez tramitatzen diren egonkortze-prozeduren ondorioz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak eratuko dira. Zerrenda horiek modu subsidiarioan aplikatuko dira, Osasun Departamentuko erakunde autonomoetan sartzeko hautapen prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak prestatzeko eta gero horiek kudeatzeko orduan, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 23ko 347E/2017 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiko zaio, edo zerrendek indarra hartzeko unean indarrean den foru aginduan xedatutakoari; izan ere, foru agindu horren bidez, arauak onetsi ziren Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoetako zentro eta establezimenduetan aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko (2017ko 72. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 12koa).

11.3. Kontrataziorako zerrenda motak.

Esparru bakoitzean bi zerrenda eginen dira aldi baterako kontratazioetarako: bata, iraupen laburreko kontratuetarako, eta bestea, iraupen luzeko kontratuetarako.

11.4. Aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartu nahi dutenek deialdian eskatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta baldintza horiek bete prozedura osoan zehar.

11.5. Titulazioa eta egindako zerbitzuak aurkeztea eta aukerak hautatzea.

Dokumentazioa aurkezteko eta aukerak hautatzeko, 10 egun balioduneko epea izanen da, oposizio-lehiaketaren azken emaitza argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

11.5.1. Titulazioa.

Zerrendan onartua izateko, deialdian eskatutako titulazioa aurkeztu beharko da. Zure titulazioa gure datu-baseetan badago, adierazitako web-orrian erakutsiko zaizu, eta kasu horretan ez da beharrezkoa izanen berriz eranstea.

11.5.2. Egindako zerbitzuak.

Oposizio fasea gainditzen ez dutenek bakarrik aurkezten ahalko dituzte egindako zerbitzuak. Ikusten baduzu egindako zerbitzuak web-orrian agertzen direla, ez dira berriz erantsi beharko.

–Zerbitzuak Nafarroako Gobernuan eta/edo haren erakunde autonomoetan eman badira, ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu behar horiek egiaztatzeko, ofizioz aurkeztuko baititu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Ekonomiaren eta Profesionalen Kudeaketarako Zerbitzuak.

-Aldiz, zerbitzuak Nafarroako Gobernutik eta/edo haren erakunde autonomoetatik kanpo egin badira, zentro bakoitzeko langileen arloko burutza duen organoak luzatutako ziurtagirien bidez frogatu beharko dira. Ziurtagirietan honako datu hauek azaldu beharko dira nahitaez: lantokia, estamentua eta/edo espezialitatea eta zerbitzualdiaren iraupena, egunetik egunera adierazita, baita guztirako egun kopurua ere.

11.5.3. Kontratazio zerrenden esparruak eta motak aldatzea.

Interesdunek aukera izanen dute deialdian inskribatzeko eskaeran hautatutako zerrenda mota (kontratu luzeak edo laburrak) eta esparruak aldatzeko, murrizteko edo zabaltzeko.

11.5.4. Lanaldi murriztuak egiteko deiak hautatzea edo baztertzea.

Interesdunek zilegi izanen dute eskatzea ez diezaietela lanerako deitu baldin eta eskaini behar zaien kontratazioa lanaldiaren heren batekoa edo hortik beherakoa bada, eta hori telematika bidez eginen da.

Gainera, beste aukera batzuk ere hautatzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera gaituta badaude.

11.6. Euskara.

Aldi baterako kontratazio zerrendetarako euskararen ezagutzaren betekizuna edozein unetan egiaztatzen ahalko da zerrenda horiek indarrean dauden bitartean.

11.7. Desgaitasuna duten pertsonak.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko orduan, errespetatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei aplikatu beharreko araudian desgaitasunaren arloan ezarritakoa.

Desgaitasun egoera edozein unetan egiaztatzen ahalko da, zerrendak indarrean dauden bitartean, eta, halakoetan, araudian ezarritako lehentasuna sortuko da desgaitasuna egiaztatzen den unean.

Aldi baterako kontrataziorako deituz gero, egiaztatu beharko da izangaiaren desgaitasuna bateragarria dela kontratazioaren xede den lanpostuarekin. Egiaztagiri hori ofizioz eginen dute balorazio eta orientazio talde eskudunek.

11.8. Indarra hartzea.

Hautapen prozesu honen ondorioz sortuko diren aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendek indarra hartuko dute lanpostua eskuratu dutenen izendapen proposamena argitaratu eta biharamunean.

12.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, oinarrien eta oinarriak aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, errekurtsoa zer egintzaren kontra jarri nahi den, hura argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin eta jarraikiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei.

I. ERANSKINA

Gai-zerrenda

I. zatia.–Gai orokorrak.

1. gaia.–10/1990 Foru Legea, azaroaren 23koa, Osasunari buruzkoa. Osasun arloko administrazioen jarduketak osasun publikoaren arloan. Foru administrazioaren eta toki erakundeen eskumenak osasun publikoaren arloan.

2. gaia.–Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua. Eskumenak, egitura eta eginkizunak. Erakunde autonomoak. Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua: estatutuak, egitura eta eginkizunak.

3. gaia.–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

4. gaia.–17/2011 Legea, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzkoa. Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia. Antolamendua, eginkizunak eta harremanak autonomia erkidegoekin.

5. gaia.–Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina. 1945/1983 Errege Dekretua, ekainaren 22koa, Kontsumitzaileen defentsaren eta nekazaritzako elikagaien ekoizpenaren arloko arau-hauste eta zehapenak arautzeari buruzkoa.

II. zatia.–Berariazko gaiak.

6. gaia.–Zaintza epidemiologikoa. Agerraldi epidemiologikoaren definizioa.Inkesta epidemiologikoak. Elikagai bidezko toxiinfekzio nagusiak. Salmonella, Listeria, Campylobacter, Clostridium botulinum eta perfringens, Yersinia, Bacillus, Escherichia coli toxigenikoak. Birusa. Jarduketak elikagaietako agerraldi baten susmoa dagoenean.

7. gaia.–Trazabilitatea nekazaritzako elikagaien arloko enpresetan. Kontzeptuak eta prozedurak. Trazabilitaterako orientazio gidak elikagaien enpresetan. Elikagaien loteen kontzeptua.

8. gaia.–Elikagaien alertak. Elikagaien alerten eta iruzurren sareak. Kontzeptuak, antolaketa eta prozedurak. Ebaluazioa, kudeaketa eta arriskuaren berri ematea elikagaien alertetan, larrialdietan eta krisietan.

9. gaia.–Europar Batasunean animali jatorriko produktuak eta animaliak trukatzeko baldintzak. Mugako ikuskaritzak. Albaitaritzako sarrera-agiri komuna. Albaitaritzako sistema informatiko integratua (TRACES). Albaitariaren ziurtagiri ofiziala esportatzeko. 993/2014 Errege Dekretua, azaroaren 28koa. CEXGAN. Eskumenak. Araudia.

10. gaia.–Elikagaien higiene orokorrari buruzko araudia. 178/2002, 852/2004 eta 853/2004 erregelamenduak. Aurrebaldintzen planak. APPCC sistema Codex Alimentarius-ean eta Europako araudian. Higiene jardunbide egokien gidak. Langileen prestakuntza elikagaien arloko jardueretan.

11. gaia.–Malgutasun printzipioak kontrol ofizialean. Malgutasunaren aplikazioa Europako erregelamenduetan. Malgutasunari buruzko Espainiako araudia. 1086/2020 Errege Dekretua.

12. gaia.–Osasun baldintzak hiltegietan, animaliak zatitzeko aretoetan eta ehizakiak manipulatzeko establezimenduetan. Kanalen laginketa mikrobiologikoa hiltegietan. Kontrol ofizialerako berariazko arauak hiltegietan. Animalien ongizatea hiltegietan. Trikinaren kontrola.

13. gaia.–Elikagaiei aplikatu beharreko irizpide mikrobiologikoen araudia. Oinarri zientifikoak eta jardutea emaitza desegokietan. Ur-aktibitatea: kontzeptua eta irizpide mikrobiologikoekiko lotura. Bizitza baliagarriaren azterketak eta joeren analisiak.

14. gaia.–Elikagaiei buruz kontsumitzaileari emandako informazioaren gaineko araudia. Etiketatzeko arauak. Elikagaien nutrizioa eta propietate osasungarriak adierazteari buruzko araudia. Elikagaien merkataritza elektronikoa. Elikagaiekiko alergiak eta intolerantziak. Alergeno nagusiak. Prebentzio-neurriak. Araudia.

15. gaia.–Elikagai berriak eta elikagaien osagai berriak. Genetikoki eraldatutako elikagai eta pentsuak. Gehigarriak, agente laguntzaile teknologikoak, entzimak eta aromak elikakatean eta elikagaien industria eta establezimenduetan. Araudia.

16. gaia.–Elikagaien laginak hartzea eta haien analisia. Araudia. Osasun publikoko laborategiak. Laborategien betebeharrak kontrol ofizialean parte hartzeko. Elikagaien segurtasuneko laborategien Espainiako sarea. RELSA. Laborategien egiaztapena.

17. gaia.–Elikagaien enpresen funtzionamendurako osasun arloko baimenak higienearen eta kontrol ofizialaren erregelamenduetan. Elikagai enpresen eta elikagaien osasun erregistro orokorra. Autonomia erkidegoko zentsua. Araudia eta antolaketa.

18. gaia.–Txikizkako merkataritza. Txikizkako merkataritzan elikagaiak biltegiratu, garraiatu, banatu eta saltzeko osasun arloko baldintzak. Merkatu txikiak eta kalez kaleko salmenta. Lokal ez-iraunkorrak. Salmenta-makina automatikoak. Higieneko eta kontrol ofizialeko neurriak.

19. gaia.–Janari prestatuak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Jantoki kolektiboak. Araudia.

20. gaia.–Elikagaiak ukitzen dituzten materialak. Elikagaiak ukituko dituzten materialak eta objektuak fabrikatzeko jardunbide egokiak. Plastikoak. Zelulosak. Zeramikak. Kontrol ofizialak. Araudia.

21. gaia.–Giza kontsumorako ez diren animalia-azpiproduktuak. Elikagaien industriako beste azpiproduktu eta hondakin batzuk. Hondakinak biltegiratzeko baldintzak elikagaien arloko jardueretan. Aprobetxamendua. Suntsitzea. Araudia.

22. gaia.–Entzefalopatia espongiforme kutsakorrak (EEK). EEK nagusiak. Epizootiologia eta diagnostikoa. Profilaxi eta kontrol neurriak. Arriskugarritzat hartutako materialak. Kudeaketa. Zaintza eta kontroleko programa integral koordinatua. Araudia.

23. gaia.–Elikagaien kontserbazioa. Elikagai eraldaketaren eta elikagaien arloko teknologiaren oinarriak. Kontserbak eta erdikontserbak. Elikagai irradiatuak: kontzeptua eta aplikazioa. Araudia.

24. gaia.–Haragia eta haragi produktuak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Haragiaren eta haren deribatuen higienea. Haragiaren etiketatzea. Haragi txikitua, haragi-prestakinak eta mekanikoki bereizitako haragia. Kontrol ofizialak. Araudia.

25. gaia.–Akuikulturako produktuak, kuskubiko moluskuak eta arrantzako beste produktu batzuk ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Higieneko eta kontrol ofizialeko neurriak. Anisakisa. Biologia. Arrisku faktoreak. Prebentzio neurri orokorrak. Araudia.

26. gaia.–Esnea eta esnekiak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Esne gordinaren arriskuak. Izozkiak. Higieneko neurriak eta kontrol ofizialak. Araudia.

27. gaia.–Arrautzak eta oboproduktuak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Arrautza freskoak etiketatzea. Higieneko neurriak eta kontrol ofizialak. Araudia.

28. gaia.–Eztia, landare produktu freskoak eta perretxikoak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Onddo eta perretxiko jangarriak. Laugarren gamako elikagaiak. Higieneko neurriak eta kontrol ofizialak. Araudia.

29. gaia.–Landare olioak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Higieneko neurriak eta kontrol ofizialak. Araudia.

30. gaia.–Koipe jangarriak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Higieneko neurriak eta kontrol ofizialak. Araudia.

31. gaia.–Irinak eta haien deribatuak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Ogiak, pastelak, opilak eta pastak. Higieneko neurriak eta kontrol ofizialak. Araudia.

32. gaia.–Edari alkoholdunak eta alkoholgabeak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Edari freskagarriak, zukuak, hortxatak eta bestelako edariak. Higieneko neurriak eta kontrol ofizialak. Araudia.

33. gaia.–Edulkoratzaile naturalak eta haien deribatuak, ongailuak eta espeziak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko osasun arloko baldintzak. Higieneko neurriak eta kontrol ofizialak. Araudia.

34. gaia.–Erregimen dietetiko eta/edo berezietarako elikagai-prestakinak. Balio energetiko baxuko dietetan erabiltzera zuzendutako elikagaiak, pisua galtzeko. Bularreko haurrentzako prestakinak, jarraipen-prestakinak eta haur-prestakinak. Erabilera mediko berezirako eta kirolarientzako elikagai dietetikoak. Elikadura-osagarriak Jakinarazpena. Etiketatzea, itxura eta publizitatea. Araudia.

35. gaia.–Ur mineral naturalen ustiapena eta merkaturatzea Izotza. Edateko ur ontziratuak egin, banatu eta merkaturatzeko prozesua arautzen duen Europako eta Estatuko araudia.

36. gaia.–Nafarroako zezen ikuskizunen erregelamendua Zezenketako zezenen haragiaren ekoizpenari eta merkaturatzeari aplikatu beharreko osasun baldintzei buruzko araudi orokorra eta berariazkoa.

37. gaia.–Kutsatzaileak elikagaietan. Elikagaietan modu naturalean edo ekoizpen eta eraldatze prozesuen ondorioz dauden kutsatzaile kimiko nagusiak. Toxikologia. Pestizidak. Albaitaritzako sendagaien hondarrak. Hondarrak Ikertzeko Plan Nazionala (PNIR). Hondarren gehieneko mugak. Laginketa eta analisiak. Araudia.

38. gaia.–Epizootien Nazioarteko Erakundea (ENE). Nahitaez aitortu beharreko gaixotasunak Europar Batasunean eta Espainian. Zoonosiaren eta agente zoonotikoen zaintza. Zoonosi nagusiak Europan eta Espainian. Zoonosiaren transmisioa elikagaien bidez eta bestelako bideen bidez.

39. gaia.–Animalien identifikazioa eta abereen mugimendua. Abereen mugimenduen erregistro orokorra eta animalien banakako identifikazioaren erregistro orokorra. Hiltzeko animaliei lotutako elikakatearen informazioa. Araudia.

40. gaia.–Albaitaritza-osasuna. Ustiategien osasun arloko kalifikazioa. Animalien ongizatea garraioan. Araudia eta eskumenak.

41. gaia.–Salmonellosia eta kolibazilosia. Diagnostikoa. Profilaxia. Kontrolatu eta desagerrarazteko neurriak eta prozedurak.

42. gaia.–Gaixotasun infektokutsakorrak eta parasitarioak ungulatuetan: tuberkulosia, bruzelosia, behien leukosi enzootikoa, behien perineumonia kutsakorra, karbunko bakteridiano sintomatikoa eta asintomatikoa, tetanosa, sukar aftosoa, mihi urdina, Auyeszkyren gaixotasuna, zerrien besikulako gaixotasuna, zerrien min gorria, zerrien izurri klasikoa eta afrikarra, ekinokosia, hidatidosia, teniasia eta zistizerkosia. Diagnostikoa. Kontrolatzeko, profilaxirako eta desagerrarazteko neurriak eta prozedurak. Araudia.

43. gaia.–Gaixotasun infektokutsakorrak eta parasito-gaixotasunak hegaztietan eta untxietan. Diagnostikoa. Epidemiologia, kontrola eta desagerraraztea.

44. gaia.–Gaixotasun infektokutsakorrak eta parasito-gaixotasunak ekidoetan. Diagnostikoa. Epidemiologia, kontrola eta desagerraraztea.

45. gaia.–Gaixotasun infektokutsakorrak eta parasito-gaixotasunak erleetan, arrainetan eta ekoizpeneko beste espezie batzuetan. Diagnostikoa. Epidemiologia, kontrola eta desagerraraztea.

46. gaia.–Lagun egiteko animaliak. Garrantzi zoonosikoa. Errabia, leptospirosia, leishmaniasia, toxoplasmosia. Egoera epidemiologikoa.

II. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

a) Merezimendu profesionalak:

Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 28 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 2,5 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 1,75 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,86 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1.–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio.

2.–Gehienez ere 28 puntu emanen dira a) atal honetan.

3.–Zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4.–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5.–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6.–Aurreko azpiataletan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 12 puntu:

b.1) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan deialdiaren xede den lanpostu berean sartzeko prozesu bat gainditu izana, lanposturik eskuratu gabe, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera argitaratutako deialdietan: 3,2 puntu lanposturik eskuratu gabe gainditutako deialdi bakoitzeko.

b.2) Ingelesa, frantsesa eta alemana:

Ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, honako lanpostu hauetan aritzeko, eta, betiere, plantilla organikoaren arabera hizkuntza horiek jakitea nahitaezkoa ez denean: kazetaria, prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituluduna, gizarte-langilea, gizarte-hezitzailea, lan-harremanetako diplomaduna, liburutegiko arduraduna, turismo jardueretako ofiziala, basozaina, administraria, gelako burua, koordinazioko operadore-ofiziala eta koordinazioko operadore laguntzailea, telefonista-ofiziala eta telefonista, errepideetako zaintzailea eta etxezaina, bai eta urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen A eranskinean (Osasun estamentuak) jasotako osasun arloko lanpostuak ere (11/1992 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da): 2 puntu gehienez hizkuntza bakoitzagatik.

b.3) Euskara:

Euskara jakitea puntuazio honekin baloratuko da:

1. Eremu euskaldunean: euskara jakiteagatik, plantilla organikoaren arabera lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean: 4,4 puntu gehienez.

2. Eremu mistoan: euskara jakiteagatik, honako lanpostu hauetan aritzeko, eta, betiere, plantilla organikoaren arabera hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa ez denean: kazetaria, prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituluduna, gizarte-langilea, gizarte-hezitzailea, lan-harremanetako diplomaduna, liburutegiko arduraduna, turismo jardueretako ofiziala, basozaina, administraria, gelako burua, koordinazioko operadore-ofiziala eta koordinazioko operadore laguntzailea, telefonista-ofiziala eta telefonista, errepideetako zaintzailea eta etxezaina, bai eta urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen A eranskinean (Osasun estamentuak) jasotako osasun arloko lanpostuetan ere (11/1992 Foru Legearen bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen da): 2,8 puntu gehienez.

2. eta 3. ataletarako oharrak:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Iragarkiaren kodea: F2215938