241. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

137/2022 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aurretiazko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko 24 MW-eko "La Tejería" instalaziorako, Fontellasko udal mugartean.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

2020ko maiatzaren 22an, Nafarroan haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 4. artikulua aplikatuz, Aalsmeer Tejería SLk aurretiazko administrazio baimenaren eskaera aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, energia elektrikoa ekoizteko "La Tejería" haize-parkearen instalaziorako eta haren transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Fontellasko udal mugartean.

Aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera, "La Tejería" haize-parkearen proiektua General Electric GE-158 motako 4,8 MW-eko 5 haize-sorgailuk osatuta dago eta, beraz, instalatutako potentzia, osotara, 24 MW-ekoa izanen da; proiektuaren osagaiak dira, halaber, transformazio eta ebakuazio azpiegitura hauek: "HP La Tejería" 30/66 kV-eko transformazio azpiestazioa, "La Tejería" TA - "La Tejería" ZB lur azpiko 66 kV-eko linea, eta "La Tejería" ebakitze zentroa.

2.–Proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren jendaurreko informazioa.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluari jarraikiz, Aalsmeer Tejería SLren eskaera jendaurrean egon zen 30 egunez, iragarkia argitara emanda honakoetan: 2020ko 154. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 15ekoan, 2020ko uztailaren 16ko Diario de Noticias egunkarian eta Fontellasko Udalaren ediktu-taulan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.

Aurreikusitako epearen barruan, alegazio hauek jaso ziren (aurkeztu ziren egunaren araberako hurrenkeran daude):

–1. alegazioa. Gurelur elkartea, 2020ko abuztuaren 21ekoa.

–2. alegazioa. Solen Desarrollos SL, 2020ko abuztuaren 24koa.

–3. alegazioa. Eólica Ablitas SL, 2020ko abuztuaren 24koa.

–4. alegazioa. Eólica Valdetellas SL, 2020ko abuztuaren 24koa.

–5. alegazioa. Eólica Pestriz SL, 2020ko abuztuaren 24koa.

–6. alegazioa. Solen Energía Ribera SL, 2020ko abuztuaren 24koa.

3.–Ukitutako administrazio publikoei egindako kontsultak.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Ingurumen Eraginaren Atala

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Ondare Historikoaren Zerbitzua

X

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

X

Basoak Kudeatzeko Atala

Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia

Fontellasko Udala

Fontellasko Ureztatzaileen Elkartea

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia (AESA)

Enagás Transporte

X

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes

X

Red Eléctrica de España.

X

Retevisión I (Cellnex Telecom)

4.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Aalsmeer Tejería SL enpresara igorri zituen aurreko txostenak eta alegazioak.

5.–Jendaurreko informazioaren bigarren tramitea.

Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, 2021eko otsailaren 18an Aalsmeer Tejería SL enpresak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko nahiz lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskatzeko dokumentuak aurkeztu zituen. Eskaera hartan, jendaurreko informazioaren tramitean eta kontsulten tramitean jasotako alegazioei eta txostenei ematen zizkien erantzunak ere bildu zituen.

Proiektuan egindako aldaketak aztertu ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak erabaki zuen espedientea 30 egunez jendaurrean jartzea bigarrenez, iragarkia argitara emanda honakoetan: 2021eko 80. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 12koan, 2021eko apirilaren 13ko Diario de Noticias egunkarian eta Fontellasko Udalaren ediktu-taulan. Horrez gain, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.

Aurreikusitako epearen barruan, alegazio hauek jaso ziren (aurkeztu ziren egunaren araberako hurrenkeran daude):

–7. alegazioa. Sustrai Erakuntza Fundazioa, 2021eko maiatzaren 21ekoa.

–6. alegazioa. bis. Solen Energía Ribera SL, 2021eko maiatzaren 21ekoa.

–8. alegazioa. Asociación Española para la Conservación y el Estudio de los Murciélagos (SECEMU), 2021eko maiatzaren 22koa.

–1 bis alegazioa. Gurelur elkartea, 2021eko maiatzaren 24koa.

–9. alegazioa. Zangoza aldeko Ongaiz-Ekologistak Martxan elkartea, 2021eko maiatzaren 24koa.

–10. alegazioa. Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea, 2021eko maiatzaren 24koa.

6.–Ukitutako administrazio publikoei egindako bigarren kontsultak.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako erakunde hauei, eta taulan adierazten diren txostenak jaso zituen:

ERAKUNDEA

TXOSTENA

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

X

Ondare Historikoaren Zerbitzua

X

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

Basoak Kudeatzeko Atala

Fontellasko Udala

Aire Segurtasunaren Estatuko Agentzia (AESA)

Enagás Transporte

X

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes

Red Eléctrica de España

Retevisión I (Cellnex Telecom)

X

7.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten bigarren tramitearen emaitza sustatzaileari igortzea.

Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Aalsmeer Tejería SL enpresara igorri zituen aurreko txostenak eta alegazioak.

8.–Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

Nafarroako haize-parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, 2021eko urriaren 8an Aalsmeer Tejería SL enpresak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko nahiz lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskatzeko dokumentuak aurkeztu zituen. Eskaera hartan, jendaurreko informazioaren tramitean eta kontsulten tramitean jasotako alegazioei eta txostenei ematen zizkien erantzunak ere bildu zituen.

Artikulu horretan ezarritakoa betez, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, dokumentazioa ongi zegoela egiaztatu ondoren, Ingurumen Eraginaren Atalera eta Lurraldearen Antolamenduaren Atalera igorri zuen.

9.–Sustatzailearen eskaera, 2022ko irailaren 14koa.

2022ko irailaren 14an, Aalsmeer Tejería SLk idazki bat aurkeztu zuen. Bertan azaltzen duenez, Renovables del Cierzo SLUk sustatutako "Volandín" haize-parkearen proiektuari (espediente-kodea: 1182-CE) aurretiazko administrazio baimena eman zaio, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren apirilaren 5eko 35/2022 Ebazpenaren bidez. Ondoren, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren irailaren 2ko 105/2022 Ebazpenaren bidez, Renovables del Cierzo SLUri eraikitzeko administrazio baimena eman zitzaion eta proiektuaren onura publikoa zehazki deklaratu zen.

Ebazpen horiek aztertu ondoren, Aalsmeer Tejería SLk egiaztatu du teknikoki bideraezina dela "La Tejeria" haize-parkerako eskatutako 5 posizioetatik 3 (TE-03, TE-04 eta TE-05) eta "Volandín" haize-parkerako baimendutako posizioak batera izatea. "La Tejería" haize-parkerako eskatutako beste bi posizioei dagokienez (TE-01 eta TE-02), sustatzaileak haien ingurumen-bideragarritasunari buruzko zalantzak azaldu ditu, eta, nolanahi ere, bi posizio horiek bakarrik dituen proiektu baten bideragarritasun ekonomikoari buruzkoak.

Hori guztia dela eta, organo substantiboari eskatzen dio indargabetzeko "La Tejería" haize-parkerako administrazio baimenaren eskaera, bai eta sarbide eta konexiorako prozedura tramitatzeko jarritako bermea itzultzeko ere.

10.–Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.

Kontuan hartu behar da ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuak, energiaren arloko eta ekonomia suspertzeko beste arlo batzuetako neurriak onartzen dituenak, atariko bigarren puntuan zenbait neurri jasotzen dituela energia berriztagarriak modu antolatuan garatzeko eta bultzatzeko, sarbidearen eta konexioaren erregulazioa barne, energia berriztagarrien instalazioak sare elektrikoan sartzeko dagoen eskaera kopuru handia antolatzearren, sarearen ebakuazio-ahalmena xurgatzen ari baitira, horrek dakartzan arriskuekin. Zehazki, belaunaldi berriztagarri berriaren hedapena mugatzen eta baldintzatzen duen baliabide urria da orain.

Hala, ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuak elektrizitatea garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbidea eta konexioa mantentzeko baldintzak arautzen ditu, proiektuen bideragarritasun teknikoa eta sendotasuna kontuan hartuta, proiektuak baimentzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren ondoz ondoko administrazio-pausuak betetzen doazen neurrian.

Errege lege-dekretu horren 1. artikuluan ezartzen denez, administrazio-pausu horiek behar den moduan eta epean bete direla frogatzen ez bazaio sarearen kudeatzaileari, besterik gabe iraungiko dira emandako sarbiderako baimenak, bai eta, hala badagokio, sarbide eta konexiorako baimenak ere, eta administrazio baimenak emateko eskumena duen organoak berehala betearaziko ditu berme ekonomikoak, garraio- eta banaketa-sareetarako sarbide-eskaera tramitatzeko aurkeztutakoak. Hala ere, sustatzaileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldekoa ez bada, berme horiek ez dira betearaziko.

Aipatutakoa kontuan hartuta, eta Energia elektrikoaren garraio- eta banaketa-sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretua ere kontuan hartuta, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak proposatzen du Aalsmeer Tejería SLri "La Tejería" haize-parkerako aurretiazko administrazio-baimena ukatzea eta sarbide eta konexiorako prozedura tramitatzeko jarritako bermea itzultzeko agintzea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea aurretiazko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko "La Tejería" izeneko 24 MWeko instalaziorako eta haren transformazio eta ebakuazio azpiegituretarako, Fontellasko udal mugartean.

2. Agindua ematea Diruzaintza Atalari sarbide eta konexio prozedurari lotutako 240.000 euroko bermea itzul dezan; Aalsmeer Tejería SLk jarri zuen berme hori 2018ko urtarrilaren 24an, 7051800749682 zenbakidun ordainketa-gutunaren bidez (Av-NAV-0134).

3. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalera, Basoak Kudeatzeko Atalera, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ekonomia eta Finantza Zerbitzuko Diruzaintza Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen hau honako hauei jakinaraztea: Aalsmeer Tejería SL, Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia (AESA), Retevisión I (Cellnex Telecom), Fontellasko Ureztatzaileen Elkartea, Enagás Transporte, Red Eléctrica de España enpresaren lineak mantentzeko eta sarearen sarbiderako departamentuak, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes enpresaren sare eragiketa eta plangintza departamentua eta Nafarroako ordezkaritza, Gurelur Elkartea, Solen Desarrollos, Eólica Ablitas, Eólica Valdetellas, Eólica Pestriz, Solen Energía Ribera, Sustrai Erakuntza Fundazioa, Asociación Española para la Conservación y el Estudio de los Murciélagos (SECEMU), Zangoza aldeko Ongaiz-Ekologistak Martxan Elkartea eta Nafarroako Ekologistak Martxan elkartea; horrekin batera, ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

6. Ebazpen hau Fontellasko Udalari jakinaraztea, eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ezertan galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko azaroaren 4an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2214673