240. ALDIZKARIA - 2022ko abenduaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

472/2022 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza deialdi bat onesten baita desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2022-2023 ikasturteko eguberrietako eta 2023ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko. DDBN identifikazioa: 657431.

Deialdi honen helburua da aukera berdintasunaren printzipioa sustatzen laguntzea, honelako laguntzak ematea bitartekorik eraginkorrenetako bat baita printzipio hori gauzatzeko.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, aurkeztu duen txostenean, proposatu du dirulaguntza deialdi bat onets dadila desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2022-2023 ikasturteko eguberrietako eta 2023ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, jarduera horiek izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Dirulaguntza deialdi bat onestea desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten eskola adineko seme-alaben (3 eta 21 urte bitartekoak) familientzat, laguntza izan dezaten 2022-2023 ikasturteko eguberrietako eta 2023ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik eta parte hartzeagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, jarduera horiek izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak. Deialdia norgehiagokako araubideari jarraikiz garatuko da, I. eranskineko oinarriekin bat.

2. Gehienez ere 70.000 euroko gastua baimentzea 2023an horretarako gaitzen den partidaren kargura; hots, 2022ko gastu aurrekontuko "Oporraldiko eskolara joateko laguntzak desgaitasuna duten ikasleentzat" izeneko 420004-42700-4809-322402 partidaren baliokide izanen denaren kargura, baldin eta horretarako kreditu nahikoa eta egokia badago.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzailetza delegatura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera, Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, Beka Bulegora, Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentrora eta Hezkuntza Departamentuko Argibide eta Agiri Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko azaroaren 3an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

Lehen oinarria.–Laguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea da seme-alabak eskola adinean dituzten familiei laguntza ekonomikoak ematea laguntza izan dezaten 2022-2023 ikasturteko eguberrietako eta 2023ko Aste Santuko eta udako eskola oporraldietan hezkuntza jardueretan izena emateagatik sortzen zaizkien gastuak ordaintzeko, izan administrazio publikoek antolatuak, izan irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuek antolatuak.

Bigarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

–Hiru eta hogeita bat urte bitarteko ikasleak izatea (urteak 2023ko abenduaren 31rako beteak izan behar dituzte) eta eskolaturik egotea.

–Desgaitasunaren egiaztagiria izatea edo EDUCAn erroldatua egotea hezkuntza premia bereziak izateagatik (desgaitasunari lotutako ardatzarekin), edo hori berresteko edo baztertzeko prozesu diagnostiko batean egotea.

–Nafarroan bizitzea.

–Horretarako prestakuntza duen profesional batek adierazi izana komeni dela ikaslea eskola oporraldietako hezkuntza jarduerara joatea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere ez egotea.

Hirugarren oinarria.–Irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakunde pribatuen betebeharrak.

Hezkuntza jarduera bat irabazi asmorik gabeko elkarte edo erakunde pribatu batek antolatzen duela jotzeko, beharrezkoa izanen da erakundea edo elkartea horretarako dagoen erregistroan izena emanda egotea.

Laugarren oinarria.–Hezkuntza jardueratzat hartzeko baldintzak eta baztertzeko irizpideak.

Desgaitasunari lotutako hezkuntza premia bereziak dauzkaten pertsonen garapen osoa errazten duten jarduerak hartuko dira hezkuntza jardueratzat, eta beren ezaugarri nagusia izanen da pertsona horien autonomia, bizi kalitatea eta gizarte inklusioa hobetzea.

Kasu guztietan justifikatu beharko da, deialdi honetan aipatzen diren dokumentuen bidez.

Kanpoan gelditzen dira, espresuki:

–Banakako tratamendu hauek: logopedia, psikoterapia, psikomotrizitatea, fisioterapia, optometria edo eskolaz kanpoko beste hainbat tratamendu.

Bosgarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak egiteko www.nafarroa.eus webgunean dagoen eskaera eredua bete beharko da (online eskaera). Kredentzial hauen bidezko identifikazioak ematen du hartarako sarbidea: ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo Cl@ve sistema.

Inprimaki horietan jarritako datu pertsonalak, eta laguntzak emateko eskatzen diren gainerako agiriak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuaren ardurapeko fitxategi automatizatu batean sartuko dira.

Aipatu unitate organikoak edozein unetan erabil ditzake fitxategi horretako datuak, egiazkoak diren baieztatzeko.

Datu guztiak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

Eskaera bete eta ezarritako prozedura telematikoaren bidez igorri ondoren, aurkeztuta eta sinatuta geldituko da, ondorio guztietarako, eta ez da beharrezkoa izanen eskaera eredu hori (PDF fitxategia) paperean inprimatzea, ezta fisikoki inon aurkeztea ere.

Ez dira kontuan hartuko ezarritako aurkezpen prozesua betetzen ez duten eskaerak, telematika bidez beteta badaude ere.

Laguntza aurkez daiteke, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz, paperean. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskaerari data eta zigilua jar diezazkioten, ziurtatu eta Hezkuntza Departamentuko Erregistrora igorri baino lehen.

Edozein dela ere aurkezteko erabili den bidea, eskatzailearen ardura baino ez da eskaera behar bezala betetzea eta epe barruan aurkeztea.

Hezkuntza jardueraren kostua ordaintzen duen gurasoak, tutoreak edo ikaslearen legezko ordezkariak eskatzen ahalko ditu deialdi honetan ezartzen diren laguntzak.

Laguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak oporraldi bakoitzerako ezarritako epeetan aurkeztu beharko dira:

–2023ko urtarrilaren 9tik 20ra, 2022-2023 ikasturteko eguberrietako eskola oporraldian eginiko jardueretarako.

–2023ko apirilaren 17tik 28ra, 2023ko Aste Santuko eskola oporraldian eginiko jardueretarako.

–2023ko irailaren 1etik 14ra, 2023ko udako eskola oporraldian eginiko jardueretarako.

Zazpigarrena.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Laguntzarako eskaerarekin batera honako agiri hauek erantsi behar dira, behar bezala irakurtzeko kalitatez eskaneatuta:

1. Lehen eskaera egiten denean aurkeztu beharreko dokumentazioa (deialdi honetan sartzen diren hurrengo aldietan ez da beharrezkoa izanen horiek eranstea):

–Eskatzailearen (aita/ama/legezko tutorea) NANaren fotokopia. NANik edo AIZrik ez duten eskatzaileen kasuan, pasaportearen fotokopia.

–Familia liburu osoaren fotokopia. Ikaslearen gurasoak banandurik edo dibortziaturik baldin badaude edo ikasleak tutoreak baldin badauzka, ikaslea eskaera egin duenaren mende dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio. Dibortzio kasuetan, zaintza guraso bakar bati dagokionean, dibortzioaren epaia. Tutorea edo legezko beste ordezkari bat izanez gero, horren frogagiria.

–Desgaitasunaren ziurtagiriaren edo orientatzailearen ziurtagiriaren fotokopia (bigarren kasuan, EDUCAren barrenean zein ardatzetan erroldatua dagoen adierazita), edo txosten medikoa, irizpen klinikoa edo susmo diagnostikoa azaltzen duena.

–Ikaslea hezkuntza jardueran parte hartu aurreko bi urteetan Nafarroako Foru Komunitatean bizi izan dela frogatzen duen egiaztagiri ofiziala (errolda-ziurtagiria).

–Eskatzailearen familia unitateko kideek 2021ean aurkezturiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenen fotokopia osoa. Zaintza partekatua denean, aitaren eta amaren aitorpenen fotokopia.

–Eskatzailearen familia unitateak ez baldin badu egin 2021. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, legez beharturik ez dagoelako, honako hau erantsi beharko zaio eskaerari:

a) Besteren konturako langileen, pentsiodunen edo langabeen kasuan, 2021. urtean izandako diru-sarreren frogagiria, kasuan kasuko enpresak edo erakundeak egina.

b) Enpresaburuen, nekazarien eta profesional liberalen kasuan, 2021. urtean izandako diru-sarrera gordinen aitorpena.

–Ziurtapen ofizial baten fotokopia, deialdi honen 9. oinarriko 3. puntuan azaldutako egoeretako batean dagoela adierazteko.

2. Laguntzaren xede den oporraldi bakoitzean aurkeztu beharreko dokumentazioa:

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioen aitorpena (II. eranskina).

–Profesional akreditatu baten ziurtagiria, hezkuntza jarduera komenigarria dela dioena eta haren helburuak adierazten dituena (III. eranskina).

–Hezkuntza jarduerara joan dela eta ordainketa egin duela frogatzen duen ziurtagiria. Bertan adieraziko da kuotaren %100 ordaindu dela (IV. eranskina).

–Hezkuntza jarduera antolatu duen entitatearen ziurtagiria, jardueraren ezaugarriak azaltzen dituena: iraupen egunak, jardueren programa edo esku-orria.

Halaber, administrazio publikoei nahiz irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei eskatzen ahalko zaie beharrezkotzat jotzen den dokumentazio osagarria, eskatzen diren baldintzak justifikatze aldera.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, xede bererako beste administrazio publiko batzuen, erakunde publiko edo pribatuen nahiz partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen laguntzaren bat jaso den ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko da (V. eranskina).

Zortzigarren oinarria.–Oporraldi bakoitzerako gehieneko gastua.

Gehieneko gastu hau ezartzen da oporraldi bakoitzerako:

–2022-2023 ikasturteko eguberrietako eskola oporrak: 15.000 euro.

–2023ko Aste Santuko eskola oporrak: 10.000 euro.

–2023ko udako eskola oporrak: 45.000 euro.

Oporraldi bakoitzeko soberakina hurrengo oporraldietan erabili ahal izanen da, halakorik bada, eta eskatzaileei horren ondorioz kalterik eragin gabe.

Bederatzigarren oinarria.–Eskaeren balorazioa.

1. Eskaeren balorazioa honela eginen da:

a) Familiaren diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (errenta-aitorpenaren 507 eta 8841 laukitxoen zenbatekoen batura, ken 511 laukitxoaren zenbatekoa), eta hortik ateratzen dena familia unitateko kideen artean zatituko da.

b) Hori egiaztatzeko, familiako kideek 2021eko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia aurkeztu beharko dute. Eskatzailearen familia unitateak, 2021. urteari dagokion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin ez badu, legez beharturik ez egoteagatik, eskaerarekin batera deialdi honen zortzigarren oinarrian adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, taula honetan adierazten den ehunekoa aplikatuko zaio justifikatzen den ordainketari, familia bakoitzaren per capita errentaren arabera (PCE), baremo ekonomiko honi segituz:

–PCE < 5.000 euro: %90.

–PCE 5.001 eurotik 8.000 eurora bitarte: %80.

–PCE 8.001 eurotik 10.000 eurora bitarte: %70.

–PCE 10.001 eurotik 15.000 eurora bitarte: %60.

–PCE 15.001 eurotik 20.000 eurora bitarte: %55.

–PCE > 20.000 euro: %50.

3. Dirulaguntza jasotzeko orduan ekitatea bermatzearren, egindako gastuaren hainbanaketa egin aurretik, %5eko igoera aplikatuko da honako egoera hauetako bat edo gehiago gertatzen badira:

–Familia ugaria edo guraso bakarrekoa izatea. Hori frogatzeko, familia ugariaren tituluaren fotokopia edo guraso bakarreko familia izatearen ziurtagiria aurkeztu beharko da, hurrenez hurren.

–Parte hartzaileaz aparte, %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duen seme edo alabaren bat izatea. Desgaitasunari buruzko egiaztagiri bidez frogatuko da.

–Errenta Bermatua jasotzen duen familia izatea. Errenta Bermatuaren emakidaren ebazpen bidez frogatuko da.

–Eskatzailea genero-indarkeriaren biktima izatea. Genero-indarkeriaren biktima izatearen ziurtagiri bidez frogatuko da. Nafarroako Berdintasunerako Institutuak edo Nafarroako Delituen Biktimen Arretarako Bulegoak emanen dute ziurtagiri hori.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, onuradun bakoitzaren inskripzioaren kostuari begiratuko zaio, xede bererako jasotako beste laguntza batzuk deskontatu eta gero, halakorik bada.

5. Eskatutako zenbatekoen baturak oporraldi bakoitzerako dagoen aurrekontu erabilgarria gainditzen badu, dirua hainbanatu eginen da, onuradun bakoitzari murrizketaren portzentaje bera aplika dakion.

Hamargarren oinarria.–Baloratzeko eta emateko prozedura.

1.–Oporraldi bakoitzerako aurkeztutako eskabideak batzorde batek ebaluatuko ditu. Honako hauek osatuko dute batzordea:

a) Inklusio Ataleko burua.

b) Orientazio Bulegoko burua.

c) Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (NHBBZ) zuzendaria.

d) NHBBZko profesional batek; zentro horretako zuzendariak izendatuko du.

e) Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT batek (arlo juridikoa).

2.–Dokumentazioa egiaztatu eta eskaeren balorazioa egin eta gero, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposaturik, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako eta ukatutako laguntzen behin-behineko zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko da, jakinarazpen ondorioetarako, eta eskatzaileei posta elektronikoaren bidez jakinaraziko zaie, informazio ondorioetarako.

3.–Zuzenketak eta erreklamazioak.

3.1. Ebaluazio batzordeak hala erabakitzen duenean, interesdunei eskatuko zaizkie beharrezkotzat jotzen diren zuzenketak, eta behar den dokumentazioa aurkezteko 10 egun balioduneko epea emanen zaie, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu eta biharamunetik. Bestela, eskaerak bertan behera gelditu direla ulertuko da.

3.2. Behin-behineko balorazioarekin ados ez dauden eskatzaileek espedienteak berrikus ditzala eskatzen ahalko diote Hezkuntza Departamentuko Inklusio Atalari. Horretarako, 10 egun balioduneko epea izanen da alegazioak egiteko, behin-behineko ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.3. Zuzenketak eta erreklamazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein baliatuz aurkezten ahal dira.

4.–Ondoren, Hezkuntzako zuzendari nagusiak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko zuzendariak proposatuta, ebazpen baten bidez onetsiko du emandako laguntzak behin betiko ematea eta ordaintzea, bai eta aurkeztutako eta baietsitako erreklamazioen eta zuzenketen ondorioz egiten diren aldaketak ere. Ebazpena Nafarroako Gobernuaren webgunean emanen da argitara, jakinarazpen ondorioetarako.

5.–Laguntzak behin betiko eman eta ordaintzea onesten duen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Hamaikagarren oinarria.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, baina ematen den guztirako zenbatekoak ez du inoiz gaindituko familiak edo legezko tutoreak ordaindu beharreko hezkuntza jardueraren guztirako kostua.

Eskatzaileek lehen aipatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute (V. eranskina), xede bererako beste administrazio publiko batzuen, erakunde publiko edo pribatuen nahiz partikularren, Estatukoen edo nazioartekoen laguntzaren bat jaso duten ala ez adierazteko. Jasoz gero, haren zenbatekoa ere aipatu beharko da.

Horren ondotik laguntzaren bat jasotzen bada, laguntza eman dela jakin eta 15 egun balioduneko epean komunikatu beharko da.

Hamabigarren oinarria.–Eskatzaileen betebeharrak.

Eskatzaileek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak bete beharko dituzte.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketa.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Legez ezarritako kasuetan eta, bereziki, xede bererako beste dirulaguntzaren bat kobratzeagatik tratamenduaren kostua gainditu duela komunikatzen ez den kasuetan, kostu horren gainetiko diru-zenbatekoa itzultzeko eskatuko da, eta berandutze-interesa ere bai, hain zuzen ere dirulaguntza ordaintzen denetik itzuli beharraren gaineko ebazpena eman arte sortutakoa.

Hamalaugarren oinarria.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzen dituztenak, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamenduz zehazten den prozeduraren bidez ezarriko dira, eta, halakorik ezean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Hamabosgarren oinarria.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

Hamaseigarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioena.

III. eranskina.–Profesional baten egiaztapena: desgaitasuna duten ikasleek eskola oporretan hezkuntza jardueretan parte hartzeko beharraren egiaztagiria.

IV. eranskina.–Dokumentazioa, egindako hezkuntza jardueretara joan dela eta ordaindu direla frogatzen duena.

V. eranskina.–Beste laguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatu II. etik V.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2214731