238. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

771/2022 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Etxebizitzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira etxebizitzen errentamendu-kontratu berriei 2023an aplikatu beharreko gehieneko errenta-prezioak etxebizitza mota hauetarako: araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak, 10/2010 Foru Legearen arabera kalifikaturiko babes ofizialekoak eta, jabetza-araubidekoak izanik, jabe partikularrek errentan emandako mota guztietako etxebizitza babestuak.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatu ondoren, etxebizitzaren alorrean herritarrentzako zenbait laguntza-neurri ezartzen dituen abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legearen bidez, aldatu egin zen etxebizitza babestuen gehieneko errenta-prezioaren kalkulua, eta, geroztik, kalkulu hori ez dago moduluaren balioaren menpe. 10. artikuluko c) letrak ezartzen duenez, indarreko prezioari aplikatuko zaio aurreko hamabi hilabeteetako Kontsumoko Prezioen Indizeen Sistemako Indize Orokor Nazionalaren portzentajezko aldaketa, urte bakoitzeko azaroaren 30ean ezagunak diren azken datuak harturik.

2023. urteari begira, 2022ko azaroaren 30ean ezagutzen den azken datua, Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratzen dituen Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera, 2022ko urriari dagokion indize orokorra da (2016ko oinarria), eta urri horretan KPIaren urteko aldaketa-tasa % 7,3koa zen (datu horiek azaroaren 15ean argitaratu ziren). Nafarroan, berriz, KPI orokorraren urteko aldaketa-tasa % 8,4koa izan zen, baina Etxebizitza taldekoa % 8,8koa (Espainiako indizea Etxebizitza talde horretan: % 2,6koa).

Balio hori (% 7,3) aplikatuz Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 15eko 2863/2021 Ebazpenean ezarritako aurreko prezioei, ateratzen dira etxebizitzen errentamendu-kontratu berriei 2023an aplikatu beharreko gehieneko errenta-prezioak etxebizitza mota hauetarako: araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak (ABBOE), 10/2010 Foru Legearen arabera kalifikaturiko babes ofizialeko etxebizitzak (BOE) eta, jabetza-araubidekoak izanik, jabe partikularrek errentan emandako mota guztietako etxebizitza babestuak.

2023rako prezio horiek, metro erabilgarri eta hilabete bakoitzeko gehieneko prezio gisa adieraziak, eta, garajearen kasuan, hileko gehieneko prezio gisa (garaje osoarengatik eta haren azalera edozein dela ere), hauek dira:

Iruñerrian, Tuteran, Lizarran eta Tafallan dauden etxebizitzak:

Alokairua, hilabete eta m² bakoitzeko

Etxebizitza

6,31 euro

Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik)

70,02 euro

Trastelekuak eta beste eranskin batzuk

2,33 euro

Nafarroako gainerako udalerrietan dauden etxebizitzak:

Alokairua, hilabete eta m² bakoitzeko

Etxebizitza

5,96 euro

Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik)

70,02 euro

Trastelekuak eta beste eranskin batzuk

2,33 euro

Horrenbestez, ikusirik Etxebizitza Zerbitzuko zuzendariaren proposamen-txostena, eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. % 7,3ko portzentajezko aldaketa aplikatzea araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzen, 10/2010 Foru Legearen arabera kalifikaturiko babes ofizialeko etxebizitzen eta, jabetza-araubidekoak izanik, jabe partikularrek errentan emandako mota guztietako etxebizitza babestuen errentamendu-kontratu berrien gehieneko errenta-prezioak 2023rako zehazteari begira. Aldaketa hori Kontsumoko Prezioen Indize (KPI) orokorraren urteko tasari dagokio (2016ko oinarria), 2022ko urrian kalkulaturik, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10.2 artikuluan xedatuta dagoen bezala.

2. Errentamendu-kontratu berrien gehieneko errenta-prezioak ezartzea, 2023an indarrean egonen direnak etxebizitza mota hauetarako: araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak, 10/2010 Foru Legearen arabera kalifikaturiko babes ofizialeko etxebizitzak eta, jabetza-araubidekoak izanik, jabe partikularrek errentan emandako mota guztietako etxebizitza babestuak:

Iruñerrian, Tuteran, Lizarran eta Tafallan dauden etxebizitzak:

Alokairua, hilabete eta m² bakoitzeko

Etxebizitza

6,31 euro

Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik)

70,02 euro

Trastelekuak eta beste eranskin batzuk

2,33 euro

Nafarroako gainerako udalerrietan dauden etxebizitzak:

Alokairua, hilabete eta m² bakoitzeko

Etxebizitza

5,96 euro

Garajea (hileko zenbatekoa garaje osoarengatik)

70,02 euro

Trastelekuak eta beste eranskin batzuk

2,33 euro

3. Ebazpen hau igortzea babes ofizialeko etxebizitzak alokatzen dituzten enpresa edo entitate guztiei, Nafarroako Etxebizitza Kontseiluko kideei, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiari eta Etxebizitza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (http://www.navarra.es/home_eu/Temas/Vivienda/Ciudadanos/), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 16an.–Etxebizitzako zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

Iragarkiaren kodea: F2215338