238. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

42/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 8koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, unibertsitateko tituludunentzako bi prestakuntza bekaren deialdia egiten duena, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko. DDBN identifikazioa: 657932.

Kultura eta Kirol Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari atxikitako Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak bi prestakuntza bekaren deialdia egin nahi du unibertsitate tituludunentzat, dokumentuen eta artxiboen kudeaketa arlorako.

Beka horiek deitze eta ematearekin, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak honako hauek lortu nahi ditu: alde batetik, hobeto bete nahi ditu ordenamendu juridikoak –zehazkiago, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legeak– departamendu eskudunari artxiboen arloan esleitutako eginkizunak; eta, bestetik, unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren bitartez, artxiboen eta dokumentu-ondarearen arloko lanaren ezagutza –teoriko eta praktikoa– hobea eta zuzenagoa lor dezaten.

Bekaren deialdiari eta kontzesioari buruz oinarri arautzaileetan aurreikusita ez dagoen orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua eta, osagarri gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea.

Beka bakoitzaren hornidura ekonomikoa Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren martxoaren 30eko 53/2020 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz ezarriko da, foru agindu horren bidez eguneratu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza beken zuzkidura ekonomikoa.

1.050 euro gordin jasoko dira, hilean, bekak irauten duen denbora osoan. Zenbateko horretatik, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona atxikiko da. Halaber, Nafarroako Kultur eta Kirol Departamentuak bekadunaren gizarte segurantzaren kotizazioaren kuota ordainduko du, 53,79 euro hilean, bekak irauten duen denbora osoan.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 4. artikuluak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea unibertsitateko tituludunentzako prestakuntzarako bi bekaren deialdia, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan. Beka horien oinarri arautzaileak foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. Baimentzea deialdi honetarako 26.490,96 euroko gastua, baldin eta kreditu egoki eta aski bada. Kopuru hori honela finantzatuko da:

–2023ari dagokion gastua, guztira 26.383,38 eurokoa, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2022ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Bekak" izeneko A21002 A2200 4800 332100 partidaren baliokidea izanen denaren kontura ordainduko da.

–2024ari dagokion gastua, guztira 107,58 eurokoa, 2023ko abenduko Gizarte Segurantzari dagokiona, 2024ko urtarrilean ordainduko da, urte horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den aurrekontuko partidaren kontura.

–Hurrengo urteetan, bekak luzatzen badira, bakoitzaren zenbatekoak berberak izanen dira: 1.050 euro gordin hilean, gehi gizarte segurantzako kuotari dagozkion 53,79 euro hilean. 2024an eta 2025ean, luzatutako bekei dagokien gastua, urte horietako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren aurrekontuko partiden kontura ordainduko dira.

–2023, 2024 eta 2025eko Gizarte Segurantzako kuota aldatzen bada, foru agindu honetan erreserbatutako eta baimendutako zenbatekoak eguneratzen ahalko dira, Vianako Printzea Erakundea­Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

5. Foru agindu hau igortzea Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzura eta Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 8an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

ERANSKINA

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko bi prestakuntza beka emateko deialdiaren oinarriak

1. Xedea.

Oinarri hauen xedea da unibertsitateko tituludunei (gradua, lizentzia edo titulu baliokide bat dutenei) bi prestakuntza beka emateko deialdia arautzea. Bekak norgehiagokako araubidean emanen dira, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuan aritzeko dira.

Beken helburua da unibertsitate tituludunen prestakuntza bultzatzea, zuzenean ezagut dezaten zer jarduketa egiten dituzten artxiboen eta dokumentu ondarearen arloan Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak eta hura osatzen duten artxibo zentroek: Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboak.

2. Aurrekontuko diru erabilgarria.

Beka honi aurre egiteko gastua, guztira, 26.490,96 eurokoa da, 13.245,48 euro beka bakoitzerako (Gizarte Segurantzako kotizazioak barne). Honela banatuko da:

–2023ari dagokion gastua, guztira 26.383,38 eurokoa, 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan 2022ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Bekak" izeneko A21002 A2200 4800 332100 partidaren baliokidea izanen denaren kontura ordainduko da.

–2024ari dagokion gastua, guztira 107,58 eurokoa, 2023ko abenduko Gizarte Segurantzari dagokiona, 2024ko urtarrilean ordainduko da, urte horretako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den aurrekontuko partidaren kontura.

–Hurrengo urteetan, bekak luzatzen badira, bakoitzaren zenbatekoak berberak izanen dira: 1.050 euro gordin hilean, gehi gizarte segurantzako kuotari dagozkion 53,79 euro hilean. 2024an eta 2025ean, luzatutako bekei dagokien gastua, urte horietako Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen diren aurrekontuko partiden kontura ordainduko dira.

–2023, 2024 eta 2025eko Gizarte Segurantzako kuota aldatzen bada, foru agindu honetan erreserbatutako eta baimendutako zenbatekoak eguneratzen ahalko dira, Vianako Printzea Erakundea­Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3. Iraupena.

Bekaldia esleipenaren ebazpenean adieraziko den egunean hasiko da (betiere 2023ko urtarrilaren 1a baino lehenago ez), eta 2023ko abenduaren 31n bukatuko. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuak Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eskatuz gero, beka luzatzen ahalko da, 12 hilabeteko aldietarako, gehienez ere hiru urte bete arte, lehenbiziko aldia eta luzapenak kontaturik.

4. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

Beka bakoitzak hilero 1.050 euro gordina izanen du, edo dagokion zati proportzionala, hala badagokio. Kopuru horretatik bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko da. Diru kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion konturako atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

Bekak hilero ordainduko dira, hila bukaturik.

Beken onuradunei ordaintzen zaien dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

5. Bateraezintasunak.

Prestakuntza beka hau ez da bateragarria izanen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek edo beste entitate publiko edo pribatuek edo partikularrek ematen dituzten beste batzuekin.

6. Eskatzaileak.

Beka hartzen ahalko dute, bakar-bakarrik, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean jarraian azaltzen diren betebehar guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:

a) 1. oinarrian azaldu den unibertsitateko titulu ofiziala izatea (gradua, lizentzia edo baliokidea), Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu aurreko hiru urtean lortu izana.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Nafarroan erroldatua egotea, deialdiaren eguna baino urtebete lehenagotik gutxienez.

d) Adinez nagusia izatea.

e) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta desgaitua ez egotea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin.

f) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

7. Balorazio baremoa.

Eskaerak baloratzeko, honako baremo honen arabera kalifikatuko dira merezimenduak:

a) Ikasketa espedientea. Gehienez ere: 4 puntu.

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota baloratuko da, azaroaren 27ko 1497/1987 Errege Dekretuaren arabera (errege dekretu hori abuztuaren 1eko 1044/2003 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen).

–Nahikoa: 1 puntu.

–Oso ongi: 2 puntu.

–Bikain: 3 puntu.

–Ohorezko matrikula: 4 puntu.

b) Hizkuntzak jakitea: euskara, ingelesa eta frantsesa. Gehienez ere: 1,5 puntu.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun agiria edo C1 titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, 0,50 puntu emanen dira hizkuntza bakoitzarengatik. B2 tituluak edo ofizialki horien baliokideak diren tituluak 0,25 punturekin baloratuko dira.

c) Beste unibertsitate titulu akademiko batzuk. Gehienez ere: 2,5 puntu.

Artxiboei buruzko masterra edo baliokidea izatea: 2 puntu. Beste titulu akademiko batzuk (graduak, diplomak, lizentziak edo graduatu ondokoak): 0,50 puntu bakoitza.

d) Artxiboekin zerikusia duten baina unibertsitateko tituluaren ikasketa planean sarturik ez dauden gaietan langile gisa izandako esperientzia. Gehienez ere: 1 puntu.

0,25 puntu emanen dira langile gisa emandako hiru hilabeteko aldi bakoitzeko. Hiru hilabetetik gorako aldiak baizik ez dira baloratuko, behar bezala justifikaturik badaude dokumentu fede-emaile baten bidez (ziurtagiria, nomina, aitorpena...).

e) Dokumentuak eta artxiboak kudeatzeko bestelako prestakuntza, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua. Gehienez ere: 1 puntu.

Dokumentuen eta artxiboen kudeaketari buruzko prestakuntza, ikastaro espezializatuen bidez eskuratua, 0,10 punturekin baloratuko da guztira 10 ordutik gorakoa den ikastaro bakoitzeko, betiere erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitateek antolatu badute.

Eskatzaileen artean berdinketarik izanez gero, baremoko a) atalean puntu gehien erdietsi duenaren alde joko da. Berdinketak irauten badu, c) atalean puntu gehien lortzen duenaren alde joko da, eta, ondoren, behar izanez gero, d), e) eta b) ataletako puntuazioak hartuko dira kontuan, ordena horretan. Azkenik, behar izatera, zozketaz ebatziko da.

8. Eskaerak.

8.1. Prestakuntza beka hau lortzeko interesaturik dauden pertsonek Kultura eta Kirol Departamentuko erregistroan aurkeztu beharko dute eskabidea (Navarreria kalea 39, 31001 Iruña), baita Nafarroako Gobernuko erregistroaren edozein bulegotan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako tokietan ere.

Eskabideak telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (https://www.navarra.es/eu/tramiteak). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8.2. Honako agiri hauek aurkeztu behar dira eskabide orokorrarekin batera:

a) Eskabide-orria (oinarri hauen eranskinean).

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, non jasoko baitira, zehatz-mehatz, aipatutako merezimendu guztiak, eta dagozkien ziurtagiriak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria eta haren batez besteko nota, espresuki aipatuta ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioak eta zein deialditan gainditu zituen.

d) Lehenbiziko oinarrian aipatzen den titulu ofizialaren fotokopia.

e) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.

f) Nafarroan erroldatua egotearen ziurtagiria, erroldaren antzinatasuna zehaztuta.

g) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluaren arabera.

h) Alegatutako merezimenduen gaineko egiaztagirien dokumentuak eta fotokopiak, zazpigarren oinarriaren arabera baloratuak izateko.

8.3. Organo eskudunak epearen barrenean aurkezten diren eskaerak aztertuko ditu. Epearen barrenean aurkeztutako eskaeraren batek aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela; ebazpena jakinaraziko zaio.

8.4. Prestakuntza beka hauek jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

9. Ebaluazio batzordearen osaera eta bekak emateko prozedura.

9.1. Ebaluazio batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz, bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz eta ebazpen proposamena prestatzeaz. Ebazpen horretan izangai onartu bakoitzari guztira emandako puntuak adieraziko dira.

Honako hauek egonen dira ebaluazio batzordean:

Epaimahaiburua: Joaquim Llansó Sanjuan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: José Miguel Gamboa Baztán jauna, Kultura eta Kirol Departamentuko idazkari tekniko nagusia.

Idazkaria: M.ª Carmen Munárriz Elizondo andrea, artxiboetako goi mailako teknikaria.

Ordezkoa: Elena López Fernández andrea, Dokumentuen eta Artxiboen Kudeaketa Sistema Administratzeko Bulegoko burua.

Batzordekidea: Félix Segura Urra jauna, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Peio Joseba Monteano Sorbet jauna, Artxiboetako goi mailako teknikaria.

Batzordekidea: M.ª Teresa Sola Landa andrea, Nafarroako Artxibo Garaikidearen Ataleko burua.

Ordezkoa: Juan Carlos Balda Goldaracena jauna, artxiboetako goi mailako teknikaria.

9.2. Ebaluazio batzordea instrukzio organoa da, eta ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera.

Ebaluatzen hasi aurretik, txosten bat prestatuko du, non adieraziko baitu eskatzaileek bekak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten ala ez. 6. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak ez dira baloratuko.

9.3. Ebaluazio batzordeak, aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratu ondoren, bekak emateko proposamena eginen du, lortutako puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz.

9.4. Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez emanen dira bekak, instrukzio organoaren proposamena ikusita. Ebazpen hori eta hautagaien zerrenda, merezimenduen baremazioan lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Kultura eta Kirol Departamentuaren iragarki-taulan jarriko dira jendaurrean (Navarrería kalea 39, behea, Iruña).

Ebazpenean, gutxienez, gainditu duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da, eta beka nori eman zaion; eta espresuki adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, halakorik baldin bada.

Puntuaziorik handiena lortzeagatik bekak jasoko dituzten interesdunei jakinaraziko zaie ebazpena; gainera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

9.5. Hautapen prozesua bukatu ondoren, bekak jasotzeko hautatzen diren pertsonek prestakuntza beka eskatzean alegatu zituzten merezimendu guztien jatorrizko egiaztagiriak edo haien kopia konpultsatuak aurkeztu beharko dituzte.

10. Tutoretzak.

10.1. Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko Zuzendaritzak zuzenduko eta gainbegiratuko ditu beken onuradunen jarduerak, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboan betetzen diren lan eta eginkizunetan trebatzera bidera daitezen.

10.2. Tutoreak ordutegiak zehaztuko ditu, betiere 07:30etik 15:00etara bitartean, astelehenetik ostiralera, eta begiratuko du bekadunek beren betebehar orokor eta zehatzak betetzen dituztela.

11. Prestakuntza jardueraren azken memoria.

Beka amaitu eta hurrengo hilabeteko epean, egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du onuradunak.

Azken memoria hori prestatzen ez badu, jaso duen bekaren azkeneko hileko saria itzultzeko eskatuko zaio.

Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

12. Onuradunaren betebeharrak.

a) Bekaren xedeko prestakuntza jarduera betetzea.

b) Organo emaileari justifikatzea betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla.

c) Eskumena duten organoek eman den bekaren gainean egiten ahal dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

e) Hala badagokio, beka emateko ebazpenaren aurretik frogatzea zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela. Horrekin batera, zinpeko aitorpen edo hitzemate idazki bat aurkeztu beharko du, adierazteko ez duela kobratzen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batetik edo beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezin.

f) Kasua bada, organo eskudunari jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

g) Bekadun gisa aritu dela adieraztea bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan.

h) Sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean.

i) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne- edo funtzionamendu-araudia betetzea.

13. Prestakuntza jardueraren hasiera eta ukoak.

Onuradunak beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko du lanean. Horrela egiten ez badu, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

Emandako bekari berariaz uko eginez gero, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari horren berri eman beharko zaio, gutxienez 15 egun natural lehenago.

Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da utzitako beka ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengoa denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

Nolanahi ere, hasierako bekaren iraupena eta uko kasuetan ematen ahal diren bekena batuta, ezin da hiru urteko epea gainditu.

14. Prestakuntza jarduera egitea.

Bekadunen jarduerak Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuaren instalazioetan eginen dira, astean 30 orduz.

Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaie bekadunei.

15. Jabetza intelektuala.

Bekadunek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, administrazio publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

16. Lan edo administrazio harremanik eza.

16.1. Beka gozatzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, harreman administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntza bekaren onuradunari agintzen zaizkion lan edo jarduerak kasuan kasuko departamentuko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, eta haiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunak ezin izanen ditu funtzionario publikoen eginkizunak bete edo berarentzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean administrazio publikoaren kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

16.3. Bekaren onuraduna besteren konturako langileen parekoa izanen da Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako araubide orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2012 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

17. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza zer administrazio publikorekin egiten ari den, administrazio horrekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izaten dituen gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. Ez-betetzeak.

Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi baterako edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesdunari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera zuzkidura ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluaren arabera eska daitezkeen diru-itzulketak, berandutze-interesak eta ezar litezkeen zehapenak galarazi gabe.

19. Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuari jarraikiz.

Deialdi honen aplikazio egintzen kontra zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

20. Aplikatzekoa den legedia.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, foru dekretu eta foru lege hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duena, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Deskargatu eskaera orria (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2214987