238. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LODOSA

Udal ordenantza, arautzen duena terrazak eta beladoreak eremu publikoan paratzea

Lodosako Udalak, 2022ko irailaren 1eko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Lodosako udal-mugarteko eremu publikoan terrazak eta beladoreak paratzea arautzen duen udal ordenantza.

Iragarkia argitaratu zen 2022ko 182. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 13an.

Jendaurrean egoteko hogeita hamar eguneko epea iraganik, inork alegaziorik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betiko onetsitzat jo da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, eta argitaratzen en egunean hartuko du indarra. Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

Lodosan, 2022ko azaroaren 2an.–Ordezko alkatea, Laura Remirez Noguera.

UDAL ORDENANTZA, LODOSAKO UDAL-MUGARTEKO BIDE PUBLIKOAN TERRAZAK ETA BELADOREAK PARATZEA ARAUTZEN DUENA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Ordenantza hau ematen da honako hauetan esleitutako ahalmenak baliatuz: Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehen tituluko IV. kapituluko 7. atala; Nafarroako Foru Administrazioaren 6/1990 Foru Legearen 262. artikulua; eta Toki-korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 1.etik 17.era bitarteko artikuluak.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da araubide tekniko nahiz juridikoa ezartzea bide publikoan terrazak eta beladoreak paratzeko, bai eta batzuen zein besteen osagarri diren elementu eta instalazioak ere (esaterako, eguzki-babesak, eguzkitakoak, eguzki-oihalak, alboko babesak, itxitura partzialak, argiak, klimatizazioa, etab.).

3. artikulua. Definizioa.

Aurreko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, hona zer diren terrazak eta beladoreak: mahai eta aulkien multzoa, baita haien instalazio osagarri finko nahiz mugikorrak ere, jarduera nagusian aritzeko Udalaren baimena duen ostalaritza arloko jarduera baten osagarriak direnak, aldi baterako edo modu jarraituan. Hona kontzeptu horien definizioa:

a) Terraza: terraza esaten zaio behar bezala baimenduta, leku ireki batean –eraikinik gabe– eta jabari publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan kokatua den espazioari; bertan paratzen dira mahai, aulki, eguzki-babes eta bestelakoak, erabilera publikorako, ostalaritzako establezimendu bati erantsita.

b) Beladorea: estalki-babesa duten terrazei esaten zaie beladore. Itxiak edo irekiak izan daitezke.

c) Altzariak: altzaritzat jotzen dira mahaiak, aulkiak, berogailuak, eguzki-babesak eta horrelatsukoak, den-denak terrazaren zerbitzurako edo babes nahiz mugarri gisa.

4. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau lurraren okupazio guztiei aplikatuko zaie, baldin eta lur horiek erabilera publikoko jabari publiko edo pribatuko ondasunak badira eta Lodosako udal-mugartean badaude, titulartasuna edozein dela ere.

Egitatezko egoerak nahiz indarra duen planeamenduak finkatzen dute erabilera publikoaren izaera.

II. KAPITULUA

Bide publikoa okupatzeko baimena

5. artikulua. Baimena.

Bide publikoaren okupazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu behar da lehenik. Eskuratzeko, ordenantza honetan aurreikusitakoa beharko da bete.

6. artikulua. Diskrezionaltasuna.

Lodosako Udalak erabakiko du nori eman lurzoru publikoaren erabilera, eta berak eman, ukatu edo kenduko ditu baimenak, edo ordutegia murriztuko, ikusita zein arazo sortzen dizkieten terraza edo beladoreek etxebizitzei, auzotarrei, saltokiei edo bide publikoari aurreko ekitaldietan edo kontzesioaren epean.

7. artikulua. Aurretiazko lizentzia behar ez duten instalazioak.

Instalazioek ez dute ordenantza honetan araututako lizentzia eskuratu beharrik izanen, 3. artikuluan emandako definizioan sartuta egon arren, kasu hauetako batean badaude:

a) Udalaren administrazio kontzesio baten babesean egindako jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan kokatuta egoteagatik.

b) Herriko jaietako ekitaldiak direla eta, aldi baterako jarduerak direnean, Udalaren organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta moduaren barrenean.

8. artikulua. Lizentzia ukatzeko edo eteteko arrazoiak.

Udalaren organo eskudunak beladore, terraza eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du, baldin eta hala eskatzen badute interes publikoak, irisgarritasunak, trazadurak, kokalekuak, bideko segurtasunak edo bestelako inguruabarrek, bai eta hurrengo kasuetan ere:

–Instalazioa galtzadan jarrai nahi denean, eta han ez dagoenean ibilgailuak aparkatzeko eremurik.

–Bide segurtasunari kalte egiten zaionean (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen denean.

–Inguruko eraikinen eta lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina duenean.

–Hiri altzarien edo ekipamenduen (bankuak, iturriak, zaborrak biltzeko sistemak, eta abar) erabilera galarazten badu, edo modu larrian zailtzen.

–Traba egin, murriztu edo galarazten baditu oinezkoendako ibilbide irisgarriak, oinezkoen pasabideetarako sarrerak, desgaitasuna duten pertsonendako erreserbatutako plazak, arrapalak, autobus geltokiak, edo hausten badute eraikinen lerroaren jarraipena, zeina beharrezkoa baita ikusmen urriko pertsonen zirkulaziorako (VIV/561/2010, 46. art.).

–Ordenantza honetan zehazten diren baldintzak betetzen ez badira.

Era berean, kasu jakin batzuetan eta behar bezala justifikatuta, horrelako instalazioen erabilera eteten ahalko da interes publikoko, herritarren segurtasuneko edo bide segurtasuneko arrazoiengatik, ekitaldiak edo azoka txikiak egiteagatik edo antzeko egoerengatik.

III. KAPITULUA

Eremu publikoa okupatzeko baimena emateko baldintzak

9. artikulua. Terrazak paratzeko baldintza orokorrak.

a) Espazioak eta banaketa:

–Oro har, terraza zer kaletan duten, kale horretara ematen duen fatxada daukaten establezimenduei baimenduko zaizkie beladoreak dauzkaten terrazak.

–Salbuespen gisa eta toki aldaketa justifikatu ondoren, betiere udal zerbitzu teknikoek erabakita, beste toki batean jarri ahalko dira, irizpide orokorrari jarraitzea ezinezkoa baldin bada. Terraza eta beladoreetarako eremuak erabilera publikoko jabari publikokoak edo pribatukoak izanen dira beti.

–Erabilera publikoko lurzoruan aprobetxamendu pribatuko espazioa zehazteko, irizpide orokor gisa, mahai bat eta lau aulki paratuko dira terrazako 2x2 metroko (4m²) modulu bakoitzeko. Alboetako babesgarriek mugatzen ahalko dute, eta horiek esparrua zedarrituko dute eta bidea emanen diete ikusteko desgaitasuna dutenei oztopoa dagoela gaztigatzeko. Alboetako babesgarri horiek mugikorrak izanen dira, aldez aurretik baimena izan behar dute eta bat eginen dute inguruaren ezaugarriekin. Ezin izanen dute gainditu terrazarako baimendutako zabalera.

–Terrazek eta beladoreek gehienez ere 60 m² izanen dituzte. Nolanahi ere, Udaleko zerbitzuek markatuko dute terraza bakoitzaren edo haren elementuetako baten muga.

–Instalazioa osatzen duten elementuak lokalaren barnean biltegiratuko dira. Baimendutako elementu kopuruagatik lokalen barnealdean biltegiratu ezin direnean, baimendutako terrazaren eremuan bildurik utziko dira, bide publikoa ahalik eta gutxien okupatuz, espaloiak libre utziz; aurretik Udalaren baimena beharko da.

b) Itxitura iraunkorrik gabeko beladoreen terrazak paratzea:

–Nahiz eta espazio batek baldintza guztiak bete terraza bat paratzeko, debekua jaso dezake edo eskatu baino tamaina txikiagokoa paratzeko baimena jaso, lehentasuna eman behar baitzaio interes orokorrari interes partikularraren gainetik; gehieneko muga ere jar daiteke eremu publikoa okupatzeko.

–Beladoreak dituzten itxitura iraunkorrik gabeko terrazen kokalekuak ez du inolaz ere trabatuko galtzadarako sarbidea ondoan diren finketako atarietatik edo haien lokalen sarbideetatik, ez eta ibilgailuen sar-atereak zaildu ere, legez baimenduak diren pasabideetan barna. Atari edo sarbide horien eta terrazen arteko gutxieneko distantzia metro batekoa izanen da; handiagoa ere izaten ahalko da. Distantzia horri murrizten ahalko da baldin eta atarian sartzeko ukitutako erabiltzaileak berariaz adierazten badu ados dagoela terraza eremu publikoan paratzearekin.

–Sarbidea bermatu beharko zaie beti Udalaren zerbitzu eta ekipamenduei, larrialdietako zerbitzuei eta zerbitzu konpainiei, 24 orduetan bermatu ere.

c) Aldi baterako itxitura duten beladoreen terrazak paratzea:

–Beladoreen terrazak paratzen badira, itxiturarekin, edozein lekutan gehieneko altuera 2,80 metro izanen da, eta gutxienekoa 2,20 metro.

–Itxituren lokailuak aise desmuntatzeko sistemen bidez eginen dira; nolanahi ere, beladorea desmuntatzen denean ez da lurrari loturiko inolako elementurik geldituko.

–Itxiturak finkoak edo mugikorrak izaten ahalko dira, gardenak edo mistoak (zokalo opakua eta gainerakoa gardena), baina betiere egokiturik ingurunearen baldintzetara. Itxituren egokitasuna eta muntaketa Udaleko zerbitzu teknikoen oniritziaren menean egonen da, eta, hartara, beharrezkotzat jotzen dituzten errekerimenduak egiten ahalko dituzte.

–Itxiturek diseinu berezi irekia izanen dute, eta hartan lehentasuna izanen du begiak trabarik ez izateak; beraz, ez dira oztopo izanen ingurua ikusteko eta ez dute edukiontzi trinko baten itxurarik izanen.

–Itxitura horien elementuak bat etorriko dira hiri altzariei esleitu zaienarekin, edo udal zerbitzu eskudunek zehazten dutenarekin. Bestelako materialaz egiten ahalko dira, betiere terraza kokatzeko baldintzek eta inguruneak horretarako bidea ematen badute eta Udalak baimen espresa ematen badu.

–Alboetako babesgarriak: mugigarriak, gardenak edo opakuak izan beharko dira, baina betiere ingurunearen baldintzei egokituak. Ezin izanen dute gainditu dagokien instalazioari baimendutako zabalera.

d) Baldintza estetikoak:

–Beladoreek batasun estetikoa zaindu beharko dute, eta egoki integraturik egonen dira hiri inguruan.

–Beladoreen elementu guztiak, haien egitura eta finkagailuak barne, desmuntagarriak izanen dira. Ez dira inoiz ere iraunkorrak izanen.

–Upelak eta tabureteak paratzen ahal dira, betiere pisu eta neurriengatik eraman errazak badira.

e) Segurtasun eta osasungarritasun baldintzak:

–Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak, eta haiek arrastaka eramatean egiten duten zarata gutxitu behar da.

–Irekitzeko lizentziaren titularra izanen da baldintza horiek mantentzearen erantzulea, bai eta beladore eremua higiene baldintza egokietan eta garbi mantentzearena ere.

10. artikulua. Instalazioak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan.

Instalazioa ez da luzeagoa izanen jarduera nagusia hartzen duen establezimenduaren fatxada baino, non ez duten haren ondokoek baimen idatzia ematen; betiere, ondoko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da. Okupatzen ez den espaloi zatiak izan beharko du pertsonak eta osagarri gurpildunak libreki eta normaltasunez pasatzeko adinako zabalera.

11. artikulua. Instalazioak aparkalekuetan.

Ezinezkoa bada beladoreak edo terrazak espaloietan paratzea, espaloien zabalera dela-eta pertsonek eta gurpildun osagarriek ezin baitute libreki eta modu normalean zirkulatu, aparkatzeko guneetan jartzen ahalko dira, honako muga orokor hauek errespetatuta:

a) Instalazioaren gehieneko luzetarako garapenak ez du gaindituko jarduera nagusiaren euskarri den establezimenduaren fatxadaren luzera, Udalak berariazko baimena eman ezean.

b) Espaloiaren zintarriari atxikita eta maila berean paratuko dira. Beharrezkoa bada, tarimak erabiltzen ahalko dira terraza espaloiaren mailara igotzeko, jariatze-urei igarotzen uzteko.

c) Behar bezala mugatuta egon beharko dute, horretarako erabilita oinezkoen babeserako barandak; hori guztia, ibilgailuen trafikoa babesteko.

d) Aparkalekuko zerrendaren zabalerak zehaztuko du instalazioaren gehieneko zabalera.

11. artikulua. Instalazioak oinezkoendako kaleetan.

Lizentziak ematerakoan, kontuan hartuko dira ibilgailuen inoizkako zirkulazio beharrak eta oinezkoenak, bidearen erabileraren arabera, betiere gutxieneko erreferentzia izanik VIV/561/2010 Aginduaren determinazioak.

12. artikulua. Instalazioak plazetan eta espazio libreetan.

Beladore eta terrazak plaza eta eremu libreetan jartzeko eskaerak kasu bakoitzeko ezaugarrien arabera ebatziko dira, muga orokor hauek betetzen dituztela:

a) Udalak baimendu eta ebatziko ditu instalazioen kokalekuak. Beladoreek ezin izanen dute inola ere 60 m² baino gehiago okupatu.

b) Bertako etxebizitzen eta lokalen sarbideak bermatu beharko dira, baita lehenbizikoen segurtasuna ere, eta bertan jarritako hiri altzarien erabilera egokia eta irisgarritasuna.

c) Gutxienez 2,5 metro zabal den pasabide librea utzi behar zaie oinezkoei, modu jarraian ibil daitezen, eta etxesail baten lerroan zehar etenak saihestuz.

d) Udal zerbitzuen (garbiketa, garbigailuak etab.) eta larrialdiko zerbitzuen (suhiltzaileak, anbulantziak etab.) funtzionamendua bermatuko da.

13. artikulua. Itxituretarako mugak.

Honelakoetan, udal organo eskudunak itxiturarako eskabidea ukatzen ahalko du:

a) Bide segurtasunari kalte egiten, oinezkoen joan-etorria nabarmen trabatzen eta hiri irisgarritasuna galarazten dutenean.

b) Eraikin eta lokal hurbiletako segurtasunari eragiten diotenean.

c) Formaz ingurunearekin egokia ez denean edo bat etortzen ez denean, edo hiri paisaiaren irakurketa zuzena zailtzen duenean.

IV. KAPITULUA

Prozedura

14. artikulua. Lizentzia eskatzea.

1. Jardueraren titularrak eskatu beharko du lizentzia, eta jarduerari loturik egonen da. Interesdunak Udaleko erregistro orokorrean eskabidea aurkeztuko du, artikulu honetan adierazten diren agiriekin batera. Eskabidean honako datu hauek adieraziko ditu:

a) Eskatzailearen izen-deiturak.

b) Eskatzailearen datuak: helbidea, telefonoa eta NANa.

c) Jardueraren izena eta kokalekua.

2. Eskaerarekin batera interesdunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Jarduera gauzatzeko Udalaren lizentzia izatearen frogagiria (instalazio lizentzia eta/edo irekitzeko lizentzia).

b) Aldameneko lokalek emandako baimenaren egiaztagirak, halakorik behar denean.

c) Kokalekuaren planoa, instalazioak hartzen duen azalera ongi erakusten duena. Establezimenduaren fatxadako neurriak eta espaloiaren zabalera adieraziko dira eta, zein den kasua, arboladia, lorategi aldeak, dauden hiri hornigarriak, Udalaren eta zerbitzu konpainietako zerbitzuen erregistro eta kutxatilak.

d) Terrazaren funtzionamendu orduak bukatuta, haren elementuak gordetzeko kokalekua eta oinplanoaren azalera adierazi beharko dira.

e) Hiri hornigarrien elementu homologatu guztien adierazpena, haien mota, kopurua, neurriak, guztira okupatu beharreko azalera eta haien kokalekua adierazita.

f) Erantzukizun zibileko eta suteetatik babesteko asegurua indarrean dela egiaztatzen duen agiria (haren estaldurak instalazioaren funtzionamendutik etor daitezkeen arriskuak ere hartu beharko ditu). Eskabidea egiteko unean halakorik ez badago, polizaren kopia aurkeztu beharko da udaletxean, terraza paratzeko baimena eman ondoren.

3. Ofizioz egiaztatuko da honako hau:

a) Tributu-zorrik ez duela Lodosako Udalarekin.

15. artikulua. Ebazpena.

Toki Araubidearen gaineko legediaren arabera Udaleko zein organok duen eskumena, hura izanen da terrazak eta beste elementu batzuk instalatzeko lizentzia emateko udal organo eskuduna.

Ebazpena eman aurretik, udal zerbitzuek titularrari eskatzen ahalko diote tokiaren gainean erakusteko terrazak, itxiturak eta beladoreak nola kokatuko diren.

1. Eskabidea aurreko artikuluan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa eta juridikoa egin ondoren, eta, hala badagokio, udal agenteek txostena igorri ondoren, Udaleko organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola hartuko duten azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

3. Baimena ematea bidezkoa ez bada edo eskatutako lizentzia ematea egokitzat jotzen ez bada edo eman beharreko baimenak aldaketaren bat badakar eskatutakoaren gainean, Udalak entzunaldia emanen dio eskatzaileari, egokia iruditzen zaiona alega dezan.

4. Eskatzaileak ez badu ordaintzen ordenantza fiskaletan zehaztutako prezio publikoa, eremu publikoa okupatzeagatik, edo ordenantza honen arabera ezarritako isunak ez baditu ordaintzen, lizentzia bertan behera geldituko da, besterik gabe.

16. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

Ematen diren baimenen indarraldia bat etorriko da funtzionamendurako baimendutako epearekin. Betiere, ezin izanen da terraza paratu baimenaren agiria eskuratu arte.

Terrazak paratzeko aurreko aldian emandako baimenak automatikoki berrituko dira, ez bada aldaketarik izan eta bi aldeek, Udalak eta titularrak, berritzearen aurkako borondatea azaltzen ez badute aldi berria hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez.

Interesdunek aurreko urtean baimendutakoa aldatu nahi izanez gero, berariaz eskatu beharko dute, baimen berriak eskatzeko emandako epe berean, egin nahi den aldaketa baimentzeko behar den informazioa erantsirik.

Automatikoki berrituko dira, eta ez da inolako agiririk aurkeztu beharko, salbu eta terrazan aldaketarik egin nahi bada; izan ere, halakoetan aurreko paragrafoa aplikatuko da, eta berriz eskatuko da terrazarako baimena. Automatikoki berritzeko, Udaletik dagokion tasa kobratzeko abisua igorriko da, eta, ondotik, tasa hori kobratuko. Instalazioaren titularraren betebeharra izanen da tasaren ordainketa frogatzea, kobrantzak helbideratu gabe baditu; halaber, aseguru polizaren eta jarduera ekonomikoen zergaren ordainketa eta indarraldia frogatu beharko ditu.

Titularra aldatzen bada, hori jakinarazi beharko da, eta une horretan berrituko da automatikoki.

Udalak berritzearen aurkako borondatea agertuko du, besteak beste, kasu hauetan:

–Prozeduraren bat hasirik, ondorioztatzen denean jarduera nagusiaren edo osagarriaren funtzionamenduak eragozpenak edo kalteak eragiten dituela.

–Baimenaren edo ordenantzaren baldintzak betetzen ez direla ikusten denean.

–Baimendutako aldian jarduketa publikoak egitea aurreikusten denean, eta aurreikusten denean jarduketok baimena ematen den uneko errealitate fisikoa aldatuko dutela.

–Tasa ordaintzen ez den kasuetan.

17. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

a) Lizentziak eman direla ulertuko da beti, jabetza eskubidea salbu eta hirugarrenen kalterik gabe. Onuradunak, bai lokalean bai terraza eta beladoreek okupatutako eremu publikoaren zatian jardueran arituz, erantzukizun zibil nahiz penalen bat hartuko balu, ezin izanen luke lizentzia erabili hura gainetik kentzeko edo txikiagotzeko.

b) Udal lizentzia beti izanen da behin-behinekoa eta dagokion udal organoak instalazioa eremu publikotik kentzeko agintzen ahal du trafikoko, urbanizazioko, eremu publikoaren erabilerako edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira gastuak, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

c) Lizentziaren titularra behartua dago eremu publikoan instalazioaren edozein elementuren ondorioz egiten diren kalteak konpontzera, baita hirugarrenei egiten zaizkienak konpontzera ere, jarduera nagusiari atxikia dagoen aseguruaren bidez.

d) Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, lizentziaren titularra behartua dago baimendutako okupazioaren xedeko zorua, instalazioa bera eta haren elementu osagarriak egoera ezin hobean edukitzera, garbitasunaren, segurtasunaren eta apainduraren aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita.

e) Lizentzia ezin da errentan edo azpierrentan eman, ezta zuzenean edo zeharka laga ere, erabat edo zati bat. Beladoreen kasuan eskualdaketa egin daiteke lokalaren jarduerarekin batean, gelditzen den denborarako eta betiere jardueraren aldi baterako geldialdia gertatzen ez bada.

f) Ekitaldiak eta Udalaren obrak direla eta, terrazak eta beladoreak aldi baterako kentzeko eskatzen ahal du Udalak, behar den denborarako eta kalte-ordainik hartzeko eskubiderik gabe.

18. artikulua. Tasa.

Lizentziaren titularrak tasa eta dagozkion gainerako zergak ordainduko dizkio Udalari; zenbat eta nola, dagozkion ordenantza fiskaletan ezarri bezala. Prezio hori hamabost eguneko epean ordaindu beharko da, lizentzia eman dela jakinarazten denetik hasita; lizentziaren titularrak ezin izanen du instalazioa gauzatu prezioa ordaindu arte.

Borondatez ordaintzeko epea ordainketa egin gabe iraganez gero, baimena iraungi eginen da; hala gertatuz gero, interesdunak beste lizentzia bat eskatu beharko du instalazioa egin nahi badu.

Azaleretarako eta tasak igortzeko erreferentzia gisa, modulu bat osatzen dute mahai batek eta lau aulkik.

V. KAPITULUA

Baldintza teknikoak

19. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

1. Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaleko zerbitzu teknikoekin, tokian berean gehienez baimendutako azalera muga dezaten.

2. Materialak:

Beladoreen itxituran erabili beharreko materialak izanen dira aluminioa, altzairua eta olanak, eta nagusiki kolore argiak, zuria edo artile-kolorea erabiliko dira, eta alboetan, gardena. Material guztiek CE araudia bete beharko dute segurtasunaren, suteen, erresistentziaren eta abarren aldetik. Beladore guztiak elementu desmuntagarriz osaturik egonen dira.

3. Irizpide teknikoz instalazioak hala behar duenean, proiektua aurkeztu beharko da, teknikari eskudunak sinatua, beladore estalia jartzeko eskaerarekin batera. Bertan, egin beharreko egitura justifikatuko da, eta ezaugarriak xehaturik azalduko dira. Paratuko den elementuaren oinplanoa, altxaerak eta sekzioa aurkeztu beharko dira.

20. artikulua. Denboraldia.

Aldi hauetarako egiten ahal da terrazak paratzeko eskaera:

–Urterako; urte naturalerako, alegia.

21. artikulua. Ordutegia.

Eskumena duenak berariazko ebazpena eman ezean, beladore edo terrazak erabiltzeko ordutegia izanen da, gehienez, establezimenduaren barnean jarduera nagusirako baimendutako bera, establezimenduak duen jarduera sailkatuaren kategoriaren araberakoa.

Orobat, udal organo eskudunak salbuespenez baimentzen ahalko du instalazioa kentzeko ordutegi malguagoa herriko bestetan eta beste egun berezi batzuetan.

1. Jarduera nagusiak baimendua duen ordutegia gorabehera, beladoreak eta terrazak erabiltzeko ordutegia 09:00etatik 24:00etara artekoa izanen da. Larunbat, igande eta jai bezperetan beste ordubetez luzatzen ahalko da ordutegi hori.

2. Udal organo eskudunak, salbuespenez, ordutegi malguagoa baimentzen ahal du instalazioa biltzeko, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko bestetan eta garrantzi bereziko bertzelako egunetan.

22. artikulua. Instalazioa kentzea.

Aurreko artikuluan ezarri ordutegia bukatutakoan, instalazioaren titularrak baimenduriko material guztia bilduko du. Material hori bildurik, pilaturik eta babesturik gelditzen ahalko da baimendutako eremu publikoan, lokala itxi eta 30 minutura.

Baimenduriko altzariak bildutakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.

VI. KAPITULUA

Araubide juridikoa

23. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

–Garbiketa: ukatu gabe betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak, instalazioaren titularra beharturik dago egoera ezin hobean edukitzera baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta haren elementu osagarriak, garbitasunaren, segurtasunaren nahiz apainduraren aldetik, horretarako behar diren bitarteko guztiak erabilita, hala nola paperontziak, hautsontziak eta abar.

–Elementu lagungarriak: berariazko baimena izan ezean, ezin izanen da paratu kanpoko zerbitzurako barrarik, soinu-ekipo eta bozgorailurik, karaokerik, ekipamendu informatikorik eta bideozaintzako ekipamendurik.

–Berogailu bidezko berokuntzak, instalazioan halakorik paratzen bada, indarreko araudia bete beharko du, eta Nafarroako Gobernuko industriaren alorreko departamenduak homologaturik egon. Aparatuek kontsumo txikikoak izan beharko dute, eta aukera hori bateratu beharko da ingurumen jasangarritasunarekiko errespetu handienarekin.

–Instalazioak bideo/telebista pantaila badauka, instalazioaren titularrak begiratuko du onartutako sonometria-mailak errespetatzen direla, kanpoalderako arauturik dagoena gainditzeari dagokionez. Bizilagunen lasaitasunerako eskubidea nagusituko da, eta ez dute, beraz, eragozpenik sortu beharko.

–Gainerako auzoen lasaitasunerako eskubidea errespeta dadin zainduko du instalazioaren titularrak; hortaz, ez du eskandalu, borroka eta/edo zaratarik onartuko instalazioan, batez ere 23:00etatik aurrera.

24. artikulua. Arau-hausteak.

Honela sailkatzen dira ordenantza honetako arauak: arinak, larriak eta oso larriak.

1. Arau-hauste arinak:

a) Terraza paratzea aginduzko udal lizentziarik gabe, legeztatzen ahal denean.

b) Baimentutakoa baino azalera gehiago okupatzea, % 30etik behera.

c) Ordenantzan xedatutako ordutegia urratzea.

d) Mahaiak eta elementuak lizentzian baimendutako epetik kanpo jartzea.

e) Beladoreak, terraza eta eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, ez betetzea.

f) Bizilagunak gogaitzea.

g) Terrazak edo beladoreak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

h) Hartutako espazioa behar bezain garbi ez uztea mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak etab. eremu publikotik kendutakoan.

i) Lizentzian baimendurikoa ez den espazio bat okupatzea.

j) Lizentzian jaso bezainbat mahai-aulki edo bertze ez paratzea.

k) Mahai eta aulki tolestu eta pilatuak izatea establezimendutik kanpo, eta berariazko baimenik gabe.

l) Ordenantza honetan ezarritako epean bide publikotik ez kentzea: mahaiak, aulkiak, berogailuak, eguzkitakoak, eguzki-babesak, haize-babesak, altzari osagarriak eta abar, terrazak eta beladoreak jartzeko baimena bukatzen denean.

m) Ordenantza honetan eta baimenean jasotako betebehar edo debekuak ez betetzea edo urratzea, hutsegite larriaren kalifikazioa ez dutenetan.

2. Arau-hauste astunak:

a) Terraza paratzea Udalaren aginduzko lizentzia izan gabe eta legeztatzeko aukerarik izan gabe, horrelako instalazioetarako baimenak eskuratzeko baldintzak betetzen ez direlako.

b) Falta arinak bitan egitea.

c) Baimentutakoa baino azalera gehiago okupatzea, % 30etik gora.

d) Ez betetzea beladoreak, terrazak edo eguzkitakoak kokatzeko baldintzak, lizentzian zehaztuak, horrek kalte larria sortzen dionean interes publikoari edo hirugarrenei.

e) Bizilagunak gogaitzen behin eta berriz aritzea.

f) Ordenantzan ezarritako ordutegia behin eta berriz ez betetzea.

g) Musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea.

3. Arau-hauste oso astunak:

Hiru falta astun egitea.

25. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetan ezarritako aginduak ez betetzea arau-haustea izanen da, eta dagokion zehapen-espedientea bideratu ondoren zehaztuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean ezarritako prozeduraren arabera. Zehapen arinetan, isunak 100 eurotik 200 eurora bitartekoak izango dira; astunetan, 200 eurotik 500 eurora bitartekoak, eta oso astunetan, 500 eurotik 1.000 eurora bitartekoak.

Zehapenez aparte, ez-betetzeak jardueraren aldi baterako etena ekartzen ahal du, edo baimena kentzea, zein den arau-haustearen larritasuna, egitatearen gizarte oihartzuna eta beste inguruabar batzuk, baita astungarritzat edo aringarritzat hartzen ahal diren beste elementu batzuk.

Arau-hauste astunak behin eta berriro errepikatuz gero, ez da baimena berrituko hurrengo urteetarako.

Orobat, eta zehapena alde batera utzita, Udalaren administrazioak elementu eta instalazioak kentzeko aginduko du, eta arau-haustea egin aitzin zegoen bezala uzteko.

Titularrek terraza kentzeko agindua bete beharko dute horretarako ematen den epearen barrenean. Ez bada kentzen, Udalak kenduko du haren ordez baina interesdunaren kontura, eta hurrengo baimenetarako desgaituta geldituko da.

26. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Udalaren organo eskudunak, interesdunari entzunaldia eman ondoren, berehala kentzen ahal ditu lizentzia gabe ezarritako terraza eta beladoreak, eta haiek Udalaren biltegietara eraman, arauzko zehapenak baztertu gabe.

2. Zehapen espedientea tramitatu ondoren, instalazio guztia kentzeaz gain, zehapen hauek jar daitezke:

a) Isuna, aurreikusitako zenbatekoan.

b) Establezimendua desgaitzea ordenantza honetan araututako baimenak eskuratzeko, bi urterako gehienez ere.

27. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

Instalazioaren erantzuleak kasurik egiten ez badio bide publikoan paraturiko elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu eta bere biltegietara eramanen. Bertatik atera ahalko ditu jabeak, behar diren tasak ordaindu ondoren.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1.–Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden terrazek sei hilabeteko epea izanen dute terraza eratzen duten elementu guztiak ordenantza honi egokitzeko eta udal lizentzia eskatzeko.

2.–Ordenantza honek indarra hartu eta hiru hilabetera, Lodosako Udalak Terrazen Kontrol Plana abiaraziko du, instalazio guztiak berrikusteko eta bertan ezarritakoari haien elementu guztiak egokitzeko.

Kontrol plan horren emaitzaren berri emanen zaie egokitzapenak eta/edo udal lizentziaren eskaera behar duten ustiategien titularrei. Horretarako, 1. puntuan adierazitako epe bera izanen dute, ordenantza hau indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuko dena.

Iragarkiaren kodea: L2214561