238. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IBEROKO KONTZEJUA

Ordenantza, jabari publikoko ondasunak eta ondare-ondasunak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Iberoko Kontzejuko Batzarrak, 2022ko abuztuaren 31n egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Jabari publikoko ondasunak eta ondare-ondasunak arautzen dituen ordenantza. Erabaki hori argitaratu zen 2022ko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 29an.

Jendaurrean egon den bitartean erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez, hasierako onespena behin betiko bilakatzen da, eta argitara dadila agintzen da, dagozkion ondorioak izan ditzan; hori guztia, bat etorrita Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (foru lege hori aldatu zuen maiatzaren 31ko 15/2022 Foru Legeak).

Argitara ematen da, eta ohartarazten, ezen erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkez daitezkeela:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraituta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Iberon, 2022ko azaroaren 15ean.–Kontzejuko burua, Miguel Antonio Ascunce Díez de Ulzurrun.

ORDENANTZA, IBEROKO KONTZEJUAREN (OLTZA ZENDEA) JABARI PUBLIKOKO ONDASUNAK ETA ONDARE-ONDASUNAK ARAUTZEN DITUENA

I. KAPITULUA

Ondasunen sailkapena

1. artikulua.

Ordenantza honen xedea da Iberoko Kontzejuaren jabari publikoko ondasunen eta ondare-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua.

Halaxe xedatu baita Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legean, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean, Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean, Iberoko Kontzejuari dagokio bere ondarea administratzea eta zaintzea, haren aprobetxamendua eta erabilera arautzea eta antolatzea, eta mugarteko landabideak zaintzea, artatzea eta begiratzea, baita kontzejuaren interesekoak baino ez diren gainerako erabilera eta zerbitzu publikoko ondasunak ere.

3. artikulua.

Jabari publikoko ondasunak dira erabilera edo zerbitzu publikoetarako direnak.

4. artikulua.

Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

5. artikulua.

Ondare-ondasunak dira, Iberoko Kontzejua titular duten horietatik jabari publikoko ondasun edo herri-ondasun ez direnak, erabilera publikorako ez direnak, zerbitzu publiko bati atxikiak ez daudenak eta haren dirutegirako diru-iturri izan daitezkeenak.

6. artikulua.

Tokiko erabilera publikoko ondasunak dira aprobetxamendu edo erabilera orokorreko bideak, plazak, kaleak, pasealekuak, parkeak, iturri eta urmaeletako urak, zubiak eta gainerako herri lanak, baldin eta horien zaintza eta polizia kontzejuaren eskumenekoak badira.

7. artikulua.

Zerbitzu publikoko ondasunak dira toki entitatearen ardurako helburu publikoak zuzenean betetzeko erabiltzen direnak, hala nola kontzeju-etxea, hilerria, harraska, frontoia eta zerbitzu publikoak edo administratiboak emateko zuzenean erabiltzen den beste edozein ondasun.

8. artikulua.

Jabari publikoko ondasunak eta herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez daude inongo tributuren mende.

Ondare-ondasunak beren legeria espezifikoaren arabera arautzen dira, eta, halakorik ezean, zuzenbide pribatuko arauen arabera.

II. KAPITULUA

Defentsa, kontserbazioa eta berreskuratzea

9. artikulua.

Iberoko Kontzejuak ahalmen juridiko osoa du edozein eratako ondasunak eskuratzeko eta edukitzeko, eta bere ondarea defendatzeko bidezkoak diren egintzak gauzatzeko eta errekurtsoak jartzeko.

10. artikulua.

Iberoko Kontzejua behartuta dago bere ondasunak eta eskubideak babesteko beharrezkoak diren egintzak gauzatzera.

11. artikulua.

Iberoko Kontzejuak badu ahalmena ustez bereak diren ondasunen eta eskubideen egoera ikertzeko, horien titulartasuna zehazte aldera, titulartasun hori inon jasota ez dagoenean.

12. artikulua.

Iberoko Kontzejuaren ondasunak eta eskubideak defendatzeko beharrezkoak diren egintzak gauzatzeko erabakiak aholkulari juridikoak irizpena eman ondoren hartu beharko dira.

III. KAPITULUA

Ondasunen inbentarioa eta erregistroa

13. artikulua.

Iberoko Kontzejua behartuta dago bere ondasun eta eskubide guztien inbentarioa egitera, edozein izaeratakoak direla edo edozein modutara eskuratu dituela ere.

14. artikulua.

Iberoko Kontzejuko osoko bilkura izanen da lehendik eratuta dagoen inbentarioa onesteko, zuzentzeko eta egiaztatzeko organo eskuduna.

15. artikulua.

Iberoko Kontzejuak bere ondasun higiezinak eta eskubide errealak inskribatu beharko ditu Jabetzaren Erregistroan, hipotekei buruzko legeei jarraituta. Udalbatzak onetsitako inbentarioari dagokionez, nahikoa izanen da idazkariak egin eta presidenteak ontzat emandako ziurtagiria.

IV. KAPITULUA

Ondasunak administratzea

16. artikulua.

Iberoko Kontzejuari dagokio bere ondareko ondasun guztiak nola erabiliko diren arautzea, eta ahalmena du horien aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko kanona zehazteko.

17. artikulua.

Iberoko Kontzejuak ahalmena du bere jabetzako mendiak ustiatzeko eta horiek kontserbatzeko eta sustatzeko zerbitzua emateko, hori guztia mendiei eta baso aprobetxamenduei buruzko legeria espezifikoan ezarritakoaren arabera.

18. artikulua.

Iberoko Kontzejuari dagokio bere jabetzako mendiak basoberritzea, antolatzea eta hobetzea, Nafarroako Gobernuak esku-hartuta.

V. KAPITULUA

Erabilera eta jabari publikoko ondasunen erabilera

19. artikulua.

Jabari eta erabilera publikoko ondasunen berezko xedea da hiritar guztiek haien erabilera erkidea eta orokorra egin dezatela, ohiko erabilera eginda ondasun horien izaeraren eta helburuaren arabera.

20. artikulua.

Lizentzia edo emakida beharko da jabari eta erabilera publikoko ondasunak –komunak edo bereziak, pribatiboak edo ezohikoak– erabiltzeko. Komunak eta bereziak direla joko da baldin arriskugarritasuna, erabilera-intentsitatea edo antzeko beste inguruabar berezi batzuk badaude.

VI. KAPITULUA

Ondare-ondasunen erabilera

21. artikulua.

Iberoko Kontzejuari dagokio bere ondare-ondasunak nola erabiliko diren arautzea. Kontzejuak zuzenean erabil ditzake, edo partikularrei laga diezazkieke, kontratu bidez.

22. artikulua.

Ondare-ondasunen kostu bidezko erabilera adjudikatuko da enkante, lehiaketa edo zuzeneko hitzarmen bidez.

23. artikulua.

Zuzeneko hitzarmenaren bidez egin ahal izanen da interes publikoko arrazoiak tarteko direnean. Interes publikoko izate hori behar bezala egiaztatu eta espedientean jaso beharko da.

24. artikulua.

Iberoko Kontzejuak doan laga ahal izanen die ondare-ondasunen erabilera irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuei, erabilera publikoko edo interes sozialeko xedeetarako, baldin eta bizilagunei on egiten badie. On egite hori behar bezala egiaztatu beharko da eta espedientean jaso.

25. artikulua.

Iberoko Kontzejuak hitzarmen bat egin nahi du Iberoko bizilagunekin, autokontsumorako panel fotovoltaikoen bidez elektrizitatea ekoizteko energia komunitate bat sortzeko, nahi duten herritar guztiekin, CO2 gasaren igorpena murrizteko eta elektrizitate-kontsumoaren gastu publikoak zein pribatuak jaisteko asmoz.

26. artikulua.

Iberoko Kontzejuak ondasun hauetan jar ditzake autokontsumorako panel fotovoltaikoak: frontoiko teilatuan eta kontzeju-etxeko teilatuan.

27. artikulua.

Frontoia eta kontzeju-etxea Iberoko herritar guztien zerbitzu publikoko ondasunak dira, baina eraikin horietako teilatuak ez dira zerbitzu publikokoak; beraz, Iberoko Kontzejuak zenbateko sinboliko bat ezarri beharko dio Iberoko energia komunitateari bi eraikinak erabiltzearen truke.

28. artikulua.

Bi eraikinengatik urtean 600 euroko kanona ordaindu beharko da guztira. Zenbateko hori 2022ko kanona da, zeina urtero eguneratuko baita, KPIaren igoera aplikatuta.

29. artikulua.

Iberoko Kontzejuak frontoiko eta kontzeju-etxeko teilatuak erabiltzeko kontratu bat eginen du, 30 urterako, Iberoko energia komunitateko zuzendaritza batzordearekin. Kontzejua komunitateko beste bazkide bat izanen da, Iberoko bizilagunekin batera.

VII. KAPITULUA

Herri-ondasunen erabilera eta aprobetxamendua

30. artikulua.

Iberoko Kontzejuko herri-ondasunen erabilera eta aprobetxamendua arautuko da honako hauetan xedatutakoa betez: Iberoko Kontzejuaren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea eta Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onetsi zuen 280/1990 Foru Dekretua.

Iragarkiaren kodea: L2215248