238. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 29a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKURRA

Herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Ezkurrako Udalak, 2000ko urtarrilaren 15ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ezkurrako herrilurren aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2000ko martxoaren 3an, 28. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, argitaratu eta jendaurrean jarri zen hogeita hamar eguneko epean, egoki juzkatzen ziren alegazioak aurkez zitezen.

Epe hori alegaziorik jaso gabe bukatu denez, behin betikoz onetsita gelditu da ondotik ematen den ordenantza, hori guztia Nafarroako Foru Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, kontuan hartuz Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatzen duen apirilaren 21eko 11/99 Legeak aldatu zuela aurreneko Foru Lege hori.

Ezkurran, 2022ko azaroaren 24an.–Alkatea, Miren Jaione Zabalo Juantorena.

EZKURRAKO HERRILURREN APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Ezkurrako Udalaren herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, eta berreskurapen nahiz aprobetxamendu egintzak erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua.

Herrilurretako ondasunak herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak dira.

3. artikulua.

Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua.

Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua.

Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Ezkurrako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Ezkurrako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua.

Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Ezkurrako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Ezkurrako Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak zaindu eta berreskuratzea

7. artikulua.

Ezkurrako Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen die horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzari.

8. artikulua.

Ezkurrako Udalak noiznahi berreskuratzen ahalko du herrilurretako ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Ekintza zibilak sustatuko dira, herrilurretako ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua.

Ezkurrako Udalak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Ezkurrako Udalak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. Artikulua.

Ezkurrako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren, eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua.

Ezkurrako Udalak administrazio bidea erabiliko du betiere, baimen, kontzesio edo beste edozeren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua.

Ezkurrako Udalak, herrilurretako ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, kontratu horiek interpretatu eginen ditu, eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua.

Ezkurrako Udalak herrilurretako ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Ezkurrako Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua.

Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Herrilarreen aprobetxamendua.

b) Iralekuen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurren aprobetxamendua.

d) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.

15. artikulua.

Ezkurrako Udala herrilurren ekoizpena abiarazten, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta herrilurrek duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

16. artikulua.

1. Orokorrean, Ezkurrako Udalaren herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaitutako adin txikikoa izatea.

b) Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunarekin.

c) Ezkurran urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Udal honekiko zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Dena den, famili unitate independentetzat hartuko da guraso erretiratuek osatua, nahiz eta familikoekin bizi, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino ttikiagoak baldin badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantzak kasuan-kasuan argituko ditu Ezkurrako Udalak osoko bilkuran batzarturik, Herrilurren Batzordeak txostena egin ondoren.

II. KAPITULUA

Herrilurretako larreen aprobetxamendua

17. artikulua.

Ezkurrako Udalaren herrilurretako larreen aprobetxamendua modu hauetan eginen da eta lehentasun ordena honi jarraituz:

a) Herritarrendako esleipen zuzena eginez.

b) Usadioaren ariora.

c) Enkante publikoaren bidez esleituz.

18. artikulua.

Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak izanen dira herrilarreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipenaren onuradunak. Horretarako, aziendak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan alta emanda eduki beharko dituzte, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki entitatearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

19. artikulua.

Herriko abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta ez da zilegi izanen haien azpierrentamendua edo lagapena.

20. artikulua.

Esleipen epea zortzi (8) urtekoa izanen da.

21. artikulua.

Horretarako, Ezkurrako Udalak baliokidetasun hauek ezarri ditu:

–Zaldi aziendako buru bat ardi aziendako hamabi bururen pare.

–Behi aziendako buru bat ardi aziendako zortzi bururen pare.

22. artikulua.

Larreetan sar daitekeen azienda kopurua eta larreen kalitatea kontuan izanik, Ezkurrako Udalak honako sari hau ezarri du azienda mota bakoitzeko:

–Zaldiak eta behorrak: 0,45 euro urtean.

–Behiak: 0,60 euro urtean.

–Ardiak: 0,06 euro urtean.

23. artikulua.

Esleipen prezioa urtero berrikusiko da, bizitzaren kostuak dituen goiti-beheitien arabera egokitzeko, Nafarroako erakunde ofizial eskudunak (nekazaritzako KPI) onartzen dituen indizeak kontuan hartuz.

24. artikulua.

Urte bakoitzari dagokion lur-saria esleipena egin ondoko sei hilabetetan beharko da ordaindu.

25. artikulua.

Esleipenaren zortzi urteen baturatik ateratzen den guztizko zenbatekoaren % 5 fidantza gisa gordailutu beharko du onuradunak, esleipena egin eta 30 eguneko epean.

26. artikulua.

Ezkurrako Udalak larreen bostena gordeko du urtero esleitzeko, onuradun gehiago azalduko balira ere.

27. artikulua.

Herrilurretako larreak aprobetxatzen dituen aziendak ziurtagiria izan beharko du, hain zuzen ere, Herrilurretan Bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan galdatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatuko duen hori; aipatu Foru Lege horretan eta hori garatzen duten Erregelamenduetan ezarrita dauden baldintza guzti-guztiak bete beharko ditu.

28. artikulua.

Prozedura. Udalak erabakia hartu aurretik, 30 egunetako epea zabalduko da, esleipena hartzeko eskubidea dutela uste dutenek eskabidea aurkez dezaten. Aldez aurretik ediktua paratuko da Udalaren iragarki oholean, horren berri emateko.

29. artikulua.

Udalak behin-behinekoz esleituko ditu larreak.

30. artikulua.

Behin-behineko esleipen horien ondotik 15 eguneko epea irekiko da erreklamazioetarako, eta epe horretan ez bada halakorik aurkezten, esleipenak behin betikoak bilakatuko dira.

31. artikulua.

Herritarren artean banatu ondotik soberan diren larreak enkante publiko bidez esleituko dira urtebeterako, beti ere egungo arautegiari jarraikiz, baita ordenantza honetan aurreikusitakoari ere, aplikatzekoa den heinean.

III. KAPITULUA

Iralekuen aprobetxamendua

32. artikulua.

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 173. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ezkurrako Udalak ez die aurrerantzean iralekuen aprobetxamendurik emanen herritarrei.

33. artikulua.

1. Egun iralekuen kontzesioak dituzten herritarrek beren horretan segituko dute, zuzenean eta pertsonalki ustiatzen badituzte eta abeltzaintzako beren ustiategietarako erabiltzen badituzte; hori hala izanik ere, iralekuen onuradunek ezin izanen dute iralekurik itxi, ezta iratzearen aprobetxamendua ez den beste erabilera baterako erabili ere.

2. Horretarako, iralekuak baliatzen dituzten herritarrek aprobetxamendua eskatzeko eskabidea aurkeztuko diote Ezkurrako Udalari, ordenantza hauek indarra hartu eta hilabeteko epean, egun baliatzen dituzten iralekuak zein alderditan dauden eta zenbateko zabalera duten adieraziz. Ezkurrako Udalak iralekuen aprobetxamenduak berresteko erabakia hartuko du honako kasuetan: onuradunek, 16. artikuluan ezarri baldintzak betetzeaz gain, artikulu honen aurreko lerroaldean xedatutakoa egiaztatzen badute. Nolanahi ere, Udalak badu ahalmena kokalekua aldatzeko edo iralekuen zabalera txikitzeko, beti ere horretarako arrazoirik baldin bada.

3. Herritarrek egun baliatzen dituzten iralekuen aprobetxamenduei dagokienez, bai onuradunaren eskaera bai Ezkurrako Udalaren berrespena hamar urtetik behin berritu beharko dira.

34. artikulua.

Herrilurreko iralekuen aprobetxamenduak lehenengo nahiz hurrengo berrespenak onesterakoan, Ezkurrako Udalak onuraduna aldatzeko baimena eman dezake, beti ere onuradun berriak aurreko artikuluan zehaztu baldintzak betetzen baditu eta legezko agiriaren bidez egiaztatzen badu bera dela hartu nahi duen iralekuaren aprobetxamenduari atxikitako abeltzaintzako ustiategiaren titularra.

35. artikulua.

Iralekuak zuzenean eta pertsonalki ustiatuko dira, eta debeku dira bai azpierrentamendua bai lagapena.

36. Artikulua.

Ezkurrako Udalak iraleku guztien erregistrorako liburu bat izanen du, onduradunen izenak, datu pertsonalak eta aldaketak jasotzeko.

37. artikulua.

Aprobetxamenduaren titularrak eskubide guztiak galduko ditu, eta hortaz, iralekua Udalerriaren eskuetara itzuliko da, honako kasuotan:

a) Ordenantza honetako 16. artikuluan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

b) Iralekua bi urte jarraian egiazki ez ustiatzeagatik.

c) Ustiapena saldu edo lagatzeagatik.

d) Lur-saria ez ordaintzeagatik.

e) Ezkurrako Udala, udal landazainen txostena ikusita, ohartzen bada iralekuaren ekoizpena nabarmenki txikitu edo urritu dela, aprobetxamendua behar bezala ez egiteagatik iratzez besteko landarez, hala nola otez edo bestelako sasiz, bete delako.

38. artikulua.

Ezkurrako Udalak urtero finkatuko du, aurrekontu arruntean, ordaindu beharreko lur-saria, ustiatuko den iralekuaren azaleraren arabera.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

39. artikulua.

Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Ezkurrako Udalak epaitzak banatuko ditu ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateei.

40. artikulua.

Ezkurrako Udalak urtero finkatuko du famili unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

41. artikulua.

Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

42. artikulua.

Udalak urtero finkatuko du, aurrekontu arruntean, epaitzen aprobetxamenduaren aldera ordaindu beharreko saria.

43. artikulua.

Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondoren hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Beti ere Udaleko landazainek ematen dituzten jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei, aprobetxamenduaren esleipena ukatuko zaie.

44. artikulua.

Esleipenaren prozedurarako, ordenantza honetako 28, 29 eta 30. artikuluetan xedatutakoari segituko zaio.

V. KAPITULUA

Herri ondasunen beste aprobetxamendu batzuk

45. artikulua.

Ehiza aprobetxamendua, ehiza barrutiak herrilurrak sartuz eratu badira, Nafarroako Parlamentuaren 1981-3-17ko Arauan eta haren osagarri direnetan ezarritakoari segituz arautuko da.

46. artikulua.

Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Ezkurrako Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez gainera, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea 15 egunez gutxienez eta Nafarroako Gobernuak onestea.

VI. KAPITULUA

Herri ondasunen hobekuntzak

47. artikulua.

1. Ezkurrako Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.

2. Proiektu hauek Udalak nahiz interesaturik dauden herritarrek sustatzen ahal dituzte eta lehentasuna izanen dute.

3. Hauxe da kasu horietan jarraitu beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesten dituena.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, behar izanez gero, Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

48. artikulua.

Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak toki entitateak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunetan jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoren.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

49. artikulua.

Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:

a) Ustiapena zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua arras gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari adjudikazioko erabilera ez dena ematea.

e) Lurrak lantzea udal esleipenik gabe.

f) Laborantza iraunkorrak (fruta arbolak, zainzuri-landareak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilurretan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Hildako animaliak lurperatu gabe abandonatzea.

j) Artzaintzarako aldeak ez errespetatzea.

k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

50. Artikulua.

Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik kontzesioa kenduko da, nahiz eta horrek ez duen galaraziko Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.

–g) arau-haustearengatik lurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

–Gainontzeko arau-hausteengatik, eragindako kaltearen balioaren halako bost eta hamar bitartean ordainaraztea. Balioa zehazterik ez badago, 60,10 eurotik 1.200,00 euro bitarteko zehapena ezarriko da.

Iragarkiaren kodea: L2215773