237. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 28a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, lanpostu huts batzuk bete daitezen oposizio-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek premiazko neurri batzuk ditu hizpide, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko)

Deialdia, lanpostu hutsak bete daitezen lehiaketa-oposizioaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek premiazko neurriak ditu hizpide, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan). Deialdia eta haren oinarriak Eguesibarko Udalaren Gobernu Batzarrak onetsi zituen 2022ko azaroaren 15ean egindako bilkuran.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2022ko azaroaren 15ean.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak, I. eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta oposizio-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, honako arau honen babesean: abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Lanpostu huts horiek txanda irekian beteko dira, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

1.3. Deialdi honen bidez izendatzen edo kontratatzen diren izangaiek beren lanpostuei dagozkien eginkizunak beteko dituzte, Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta aplikatzekoa den araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

Ezaugarri teknikoen taulan adierazitako maila bat dator Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean xedatutakoarekin.

Lanpostu bakoitzaren lanaldiaren ordu kopuru zehatza zerbitzuaren beharretara egokituko da une oro.

Udal musika eskolako irakasleen lanpostuen kasuan (7.1 eta 7.18 lanpostuak), I.eranskinean adierazitako lanaldia gorabehera, ikasturte bakoitzeko premien arabera egokitu beharko da lanaldia.

1.4. Lanpostu bakoitzak hautapen prozesu independente bat izanen du, eta prozesu hori ebazpen honetako oinarrien arabera arautuko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan; uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria (hizpide ditu premiazko neurri batzuk, egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan , abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz); 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den euskararen edo beste hizkuntza batzuen hizkuntza-eskakizuna izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea. Euskarari dagokionez, eta dauden titulu ofizialez gain, bakarrik aurkezten ahalko dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak Nafarroako toki erakundeek deitzen dituzten egonkortze-prozeduren barnean euskararen jakite-maila egiaztatzeko antolatzen dituen probetarako deialdian eskuratutako egiaztagiriak. Deialdi hori urriaren 4ko 51E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2022ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, urriaren 18an. Egiaztagiri horiek deialdi hau argitaratu ondoren aurkezten ahalko dira, baldin eta probak ere argitaratu ondoren egiten badira. Nolanahi ere, izangaiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetara aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko du.

g) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

h) Gidabaimena izatea eskatzen duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, lanposturako eskatzen den B, C edo D motako gidabaimena edukitzea.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Eguesibarko Udalaren atarian dagoen deialdiaren web fitxaren bidez (ezaugarrien taulan zehazten da non).

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa ezaugarrien taulan zehazten dena da.

Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taul(et)an zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek telematikoki aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia izendatuko da behin deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen. Kide-kopurua bakoitia izanen da, bost gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaiak osatzerakoan, espezialitatearen printzipioa betetzen dela zainduko da, eta, horretarako, epaimahaikideen gehiengo osoak sartzeko eskatzen den ezagutza-arlo bereko titulazioa izan beharko du, maila akademiko berekoa edo goragokoa, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

Horretarako, deialdiaren xede den lanpostu-talde bakoitzeko epaimahai bat izendatuko da –kide guztiak edo batzuk desberdinak izaten ahalko dira–.

5.3. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.5. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.6. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea amaituta, onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onetsiko da, eta deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko da.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratzeko aginduko da.

6.2. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, ezaugarrien taulan zehazten den Interneteko helbidean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila deialdiaren web fitxan (ezaugarrien taulan zehazten da eta toki erakundearen atarian egonen da fitxa hori).

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Oposizio-lehiaketa prozeduraren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketak fase hauek izanen ditu:

a) Oposizioaldian, proba bat edo gehiago eginen dira, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzei eta gaitasunei buruz.

b) Merezimenduen balorazioko fase edo lehiaketaldian, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren puntu honen hirugarren apartatuan dagoen baremoaren arabera.

Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatuta, lehiaketaldia.

Epaimahaiek izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko dituzte.

Alegatutako merezimenduak deialdi honetan ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dituzte epaimahaiek.

Bitarteko funtzionario gisa edo aldi baterako lan-kontratudun langile gisa emandako zerbitzuak soilik hartuko dira kontuan, edozein izanik ere aldi baterako bitarteko funtzionario izendatzeko edo aldi baterako langile gisa kontratatzeko modalitatea edo horien egoera baliokidea aldi baterako.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiek ezin izanen dute inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta baremoan atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

Epaimahaiek azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dituzte izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.

7.2.1. Oposizioaldia baztertzailea izanen da, baina oposizioaldiko probak ez dira baztertzaileak izanen. Gainditzeko, 20 puntu lortu beharko dira.

7.2.2. C eta D mailetako lanpostuetarako, oposizioaldiak test motako proba bakarra izanen du, I. eranskinean jasotako gai-zerrendari buruzkoa, eta gehienez 60 puntu emanen dira.

Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek zigorra izanen dute: galderari emandako balorazioaren erdia, alegia. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

7.2.3. A eta B mailetako lanpostuetarako oposizioaldiak bi proba izanen ditu. Egun berean egiten ahalko dira.

7.2.3.1. Lehenengo proba –deialdiko lanpoostu guztietarako, Musika Eskolako Irakaslearen 7.1 eta 7.18 lanpostuetarako izan ezik– I. eranskinean jasotako gai-zerrendari buruzko test motako proba bat izanen da, eta gehienez 30 puntu emanen dira.

Galdera guztietan hiru erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da balioduna. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun okerrek zigorra izanen dute: galderari emandako balorazioaren erdia, alegia. Ariketa hau egiteko izangaiek izanen duten denbora epaimahaiak adieraziko du, azterketa hasi baino lehen.

Musika Eskolako Irakaslearen 7.1 eta 7.18 lanpostuetarako, lehenengo proba (Proiektu pedagogiko baten aurkezpena eta defentsa), 30 puntuko gehieneko puntuazioarekin, deialdiaren I. eranskinean adierazitakoa izanen da.

Izangaiak erregistro telematikoaren bidez aurkeztu beharko dute proiektu pedagogikoa, onartuen behin betiko zerrenda argitaratu eta hurrengo 30 egun naturalen barnean. Zerrenda hori toki erakundearen atarian argitaratuko da, deialdiaren web fitxan (ezaugarrien taulan zehaztuta dago). Proiektu pedagogikoa aurkezteko epea luzaezina izanen da.

7.2.3.2. Bigarren proba praktikoa izanen da, eta deialdiaren I. eranskinean daude zehaztuta haren ezaugarriak. Gehienez 30 puntu lortzen ahalko dira. Probaren hasieran, epaimahaiak zehaztuko du zenbat denbora utziko zaien izangaiei proba egiteko.

7.2.4. Oinarri honetan berariaz zehaztuta ez dagoen orotan, deialdiaren ezaugarrien taulara jo beharko da, han daude-eta jasota proben kopurua, ezaugarriak eta edukia.

7.2.5. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko dira probak egiteko eguna, tokia eta ordua. Egun bakarrean egiten ahalko dira deialdiaren ezaugarrien taulan ezarritako proba guztiak.

Halakorik bada, hurrengo probetarako deialdiak ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko ditu epaimahaiak; bertan, proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda emanen du, baita oposizioaren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den adierazi ere.

7.2.6. Oposizioaldiko proba bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.

7.2.7. Hautaprobak egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean halakorik eskatu badute.

7.2.8. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehaztutako proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, Eguesibarko Udalaren atariko deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea amaituta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

7.2.9. Oposizioaldiko behin betiko emaitzak argitaratzearekin batera, 10 egun balioduneko epea emanen zaie fase hori gainditu duten izangaiei, aurkez ditzaten III. ERANSKINAREN araberako autobalorazio inprimakia, behar bezala betea, eta merezimenduak justifikatzeko agirien kopiak, inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak baldin badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.

7.3.1. Lehiaketaldian merezimendu hauek baloratuko dira:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 30 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 30 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdiaren xede den lanpostu berean egindako zerbitzuak, deialdia egin duen toki erakundean. Honako puntu hauek egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko:

–2016ko urtarrilaren 1etik gaur egunera arte egindako zerbitzuak: 8 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2006ko urtarrilaren 1etik 2015ko abenduaren 31ra arte egindako zerbitzuak: 4 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2005eko abenduaren 31 baino lehen egindako zerbitzuak: 2 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen toki erakundean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak. Honako puntu hauek egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko:

–2016ko urtarrilaren 1etik gaur egunera arte egindako zerbitzuak: 4 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2006ko urtarrilaren 1etik 2015ko abenduaren 31ra arte egindako zerbitzuak: 2 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2005eko abenduaren 31 baino lehen egindako zerbitzuak: 1 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak. Honako puntu hauek egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko:

–2016ko urtarrilaren 1etik gaur egunera arte egindako zerbitzuak: 2,66 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2006ko urtarrilaren 1etik 2015ko abenduaren 31ra arte egindako zerbitzuak: 1,33 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2005eko abenduaren 31 baino lehen egindako zerbitzuak: 0,66 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Lanpostu bat zenbakiz aldatu bada, okupatutako azken lanpostua balitz bezala zenbatuko da antzinatasunaren ondorioetarako.

2. Lanpostuak ez badu koderik esleituta lanpostuari dagozkion eginkizunak bete diren aldi osoan, betetako azken plaza balitz bezala zenbatuko da antzinatasunerako.

3. Urtea osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

4. Gehienez 30 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

5. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

6. Ez dira baloratuko deialdi hau argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

7. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

8. Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

9. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

10. Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota.

b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 10 puntu.

b.1) Prestakuntza ikastaroak. 4 puntu gehienez.

Jarraian ageri den baremoaren arabera baloratuko dira lanpostuko eginkizunekin lotutako prestakuntza ekintzak, eman edo finantzatu dituztenean erakunde edo zentro pribatuek edo antolatu dituztenean unibertsitateek:

Ikastaro guztien orduak batuko dira, eta 0,10 puntu emanen da ikastaroaren ordu bakoitzeko.

Parte hartu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, erakunde antolatzaileak emana. Baloratu ahal izateko, prestakuntza ekintzaren gaia eta ordu kopurua agertu beharko dira.

b.2) Hizkuntzak. 6 puntu gehienez.

Ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, eta euskara jakiteagatik, Nafarroako berezko hizkuntza den aldetik (eta lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean, ezaugarrien taulan adierazten den lanpostuetan), 6 puntu emanen dira gehienez.

Hortaz, atal honetako gehieneko puntuazioa lortzen ahalko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 maila egiaztatzeagatik hizkuntza bakarrean, edo, bestela, puntuazio hori lortzeko behar diren mailetan hizkuntza bat baino gehiago dakizkiela egiaztatzeagatik.

Oharrak b2 atalerako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Nafarroako edozein toki erakundetako egonkortze-prozeduretan, izangaiek aurkez ditzakete, euskararen jakite-maila frogatzeko, merezimendu gisa nahiz nahitaezko betebehar gisa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak euskararen jakite-mailari buruz emandako egiaztagiriak, baliozkoak izanen baitira, xede horretarako dauden titulazio ofizialez gain.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiri horiek etorriko dira Nafarroako toki erakundeek deitzen dituzten egonkortze-prozeduren barnean euskararen jakite-maila egiaztatzeko antolatzen diren probetarako deialditik. Deialdi hori urriaren 4ko 51E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2022ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, urriaren 18an.

Egiaztagiri horiek deialdi hau argitaratu ondoren aurkezten ahalko dira, baldin eta probak ere argitaratu ondoren egiten badira edo halakorik ez badago udalean euskararen jakite-maila egiaztatzeko unean. Nolanahi ere, izangaiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetara aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko du edo, kasua bada, horiek egin izana.

7.3.2. Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, 7.2.9. oinarrian horretarako ezartzen den epea amaitzen den egunean zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7.3.1. atalean merezimenduen atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

7.3.3. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek lortutako behin-behineko puntuazioak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan, eta bost egun balioduneko epea irekiko du interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia.

7.3.4. Behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioen gainean ebatzi ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak, deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

7.4. Azken kalifikazioa.

7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.

7.4.2. Prozedura honetan parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, Eguesibarko Udalean, deialdiaren xede den lanpostu berean, egindako zerbitzuengatik puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da. Berdinketak badirau, Eguesibarko Udalean, lanpostu berean, egindako zerbitzuengatik puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da, eta horrela hurrenez hurren.

7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du gainditu dutenen zerrenda, hala badagokio, txanden arabera banatuta eta, horien barnean, hautapen-prozesuan guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran emanda. Deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko du zerrenda, eta organo eskudunari helaraziko dio, baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak egiteko.

8.–Baldintzak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

8.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du hautaprobak gainditu ondoren lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten:

a) Deialdiaren ezaugarrien taulan eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Euskararen eskakizuna duen lanposturen bat eskuratu nahi duten izangaiek aurkeztu beharko dute eskatutako maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera; zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa).

Dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak maila-proben bidez emandako frogagiriak, hain zuzen ere uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria aplikatuz antolatutako maila-proben bidez emandako frogagiriak (foru lege horren bidez neurriak hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko, Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz). Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak.

c) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

8.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori jendaurrean paratuko da deialdiaren web fitxan.

Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

8.3. Lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, %33ko ezgaitasun aitortua edo handiagoa duten izangaiek lehentasuna izanen dute.

Desgaitasun aitortua deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen egiaztagiria balorazio eta orientazio talde eskudunek eginen dute, ofizioz. Egiaztagiri hori espedienteari erantsiko zaio.

Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.

9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

9.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

9.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

9.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

10.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

10.1. Toki erakundeko lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira, lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

10.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako lan-kontratudun langile finko bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.

10.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

10.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.

10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko lan-kontratudun langilea izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuan ezarritakoari jarraituko zaio.

10.6. Baldin lan-kontratudun finko bihurtzen den izangai bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

10.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean esletuko zaizkie lan-kontratudun langile finko berriei.

10.8. Euskaraz jakin beharra duten deialdi honetako lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen-prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

11.–Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda.

11.1. Oposizio-lehiaketa bidez izapidetzen diren egonkortze prozeduren ondorioz, eratuko dira aldi baterako kontratatzeko izangai zerrendak, jarraikiz aplikatu beharreko araudiari.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.

11.2. Deialdi honen ondoriozko hautapen-prozesuen ondoriozko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda onetsiko da, eta toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarrien taula: lanpostu hutsak, txanda irekikoak, oposizio-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

1.–Lanpostuen identifikazioa.

LANPOSTU KOPURUA

PLAZAREN
ZENBAKIA
PLANTILLA
ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUETAKO HIZKUNTZAK

BESTE MEREZIMENDU BATZUK

1

5.11

Herritarren partaidetzako eta modernizazioko teknikaria

B

Lan-kontratuduna

%100

Zerbitzu orokorrak

Unibertsitateko gradudun titulua, diplomadun titulua, Ingeniaritza Teknikoko edo Arkitektura Teknikoko titulua, edo lizentzia, ingeniaritza edo arkitektura baten lehenbiziko hiru ikasmailak osorik gainditu izana.

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

1

5.14

Etxezaina

D

Lan-kontratuduna

%100

Hezkuntza

DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa edo lehen mailako Lanbide Heziketa.

B2 euskara maila.

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

1

6.19

Lantegiko monitorea

C

Lan-kontratuduna

%100

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

Batxilergoko titulua edo Bigarren Mailako Lanbide Heziketa.

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

2

7.1 (Akordeoia)

7.18 (Klarinetea)

Musika eskolako irakaslea

A

Lan-kontratuduna

(7.1): %100

(7.18): %60

Musika Eskola

Musikako goi mailako titulua, dagokion espezialitatean.

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

1

8.7

Zerbitzu anitzetako peoia

D

Lan-kontratuduna

%100

Zerbitzu anitzak

DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa edo lehen mailako Lanbide Heziketa.

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

2.–Betekizunak.

2.1. Sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik, epai irmo baten bidez, kondenatua ez izateko betebeharra, lanpostu hauetarako: 5.14, 7.1 eta 7.18.

3.–Tasa:

3.1. Ordaindu beharreko zenbatekoa: Zenbat lanpostutarako izena eman nahi den, 6 euro bakoitzeko.

3.2. Ordaintzeko modua: dirua sartzea udalaren kontuan (ES71.2100.5323.49.2200081658 CaixaBank)

4.–Oposizioko probak:

LANPOSTUA

LEHENBIZIKO PROBA

BIGARREN PROBA

5.11

Herritarren partaidetzako eta modernizazioko teknikaria

Test motako proba, bat etorriz deialdiaren 7.2.2 oinarrian ezarritakoarekin.

Praktikoa. Idatziz, eranskin honetako gai-zerrendako gaien gainean epaimahaiak proposatuko dituen galdera eta kasuak jorratu eta erantzun beharko dira.

5.14

Etxezaina

Test motako proba bakarra, bat etorriz deialdiaren 7.2.2 oinarrian ezarritakoarekin.

Ez dago bigarren probarik.

6.19

Lantegiko monitorea

Test motako proba bakarra, bat etorriz deialdiaren 7.2.2 oinarrian ezarritakoarekin.

Ez dago bigarren probarik.

7.1 (Akordeoia)

7.18 (Klarinetea) Musika eskolako irakaslea

Dagokion espezialitaterako proiektu pedagogiko bat aurkeztu eta defendatuko da. Proiektu hori aldez aurretik aurkeztu beharko da idatziz, epaimahaiak aztertu ahal dezan izangaiak haren defentsa egin baino lehen. Epaimahaiak ez du jakinen proiektu pedagogiko bakoitza norena den, harik eta defenditzeko unea iritsi arte.

Izangaiak zer espezialitateko irakasle izan nahi duen, espezialitate horretarako proposamen pedagogikoa jaso beharko du proiektu pedagogiko horretan, kontuan hartuta Eguesibarko Udal Musika Eskolaren plan pedagogikoa. Honako hau sartu beharko du proiektuan: helburuen eta edukien proposamen justifikatua, horien sekuentziazioa ikasturtez ikasturte eta mailaz maila, metodologiari eta ebaluazioari dagozkion baliabide guztiak, eskolak antolatzeko orientabideak eta abar. Lan horretan, izangaiak prestakuntzan eta praktikan duen esperientzia jasoko du, eta, esperientzia hori oinarritzat harturik, etengabeko gogoetaren ondotik musika-hezkuntzari buruz duen planteamendua. Halaber, izangaiak aurkezten ahalko ditu berak sortutako material didaktikoak, unitate didaktikoak, bibliografia eta abar.

Praktikoa. Dagokion espezialitateko (akordeoia 7.1 lanposturako eta klarinetea 7.18 lanposturako) bi eskola emanen zaizkio ikasle bati edo ikasle talde bati. Eskolek 15 minutu iraunen dute, gehienez ere. Izangaiak aukeratuko du zer eduki azaldu nahi dituen. Eskolak bukatu eta gero, izangaiak epaimahaiaren aurrean defendatuko du eskola nola eman duen, eta pedagogia, musika eta abarri buruzko galderak egingo dizkiote epaimahaikideek.

8.7

Zerbitzu anitzetako peoia

Test motako proba bakarra, bat etorriz deialdiaren 7.2.2 oinarrian ezarritakoarekin.

Ez dago bigarren probarik.

5.–Gai-zerrenda.

  • Lanpostua:

5.11 Herritarren partaidetzako eta modernizazioko teknikaria.

1.–Herritarren parte-hartzea eta gizarte-eraldaketa.

2.–Herritarrek parte hartzeko organoak, kanalak eta mekanismoak.

3.–Parte hartzeko prozesuen diseinua, garapena eta ebaluazioa.

4.–Partaidetzazko aurrekontuak.

5.–Parte hartzeko metodologiak.

6.–Gobernu irekiko eta gardentasuneko tresnak.

7.–Herritarren parte-hartzea, komunikazioa eta IKTak.

8.–Demokrazia zuzena: erreferendumak eta herri-galdeketak.

9.–19/2013 Legea, abenduaren 9koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.

10.–12/2019 Foru Legea, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa.

11.–Eguesibarko Udalaren gardentasunari, informazioaren eskuragarritasunari eta datuak berrerabiltzeari buruzko ordenantza (2017ko 44. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 3koa).

12.–Modernizazio prozesuak administrazio publikoetan. Administrazioa herritarren zerbitzura.

13.–Administrazio elektronikoa. Herritarren sarbide elektronikoa zerbitzu publikoetara, eta arlo hori garatzeko araudia. Administrazio prozeduren kudeaketa elektronikoa: erregistroak, jakinarazpenak eta bitarteko elektronikoen erabilera. Herritarren zerbitzuak online izapidetzeko egoitza elektronikoa; deskribapena, zerbitzuak, segurtasuna eta legeria. Herritarren karpeta.

14.–Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala eta arau teknikoak. Dokumentu elektronikoa, espediente elektronikoa. Espedientearen eta dokumentuaren bizi-zikloa kudeatzea.

15.–Identifikazio eta sinadura elektronikoa (I). Arau esparrua. Ziurtagiri digitalak. Zerbitzu publikoak eta pribatuak ematea. NAN elektronikoa.

16.–Identifikazio eta sinadura elektronikoa (II). Erregistro eta akreditazio bulegoak. Udala, erregistroaren agintaritza delegatu gisa.

17.–1112/2018 Errege Dekretua, irailaren 7koa, Sektore publikoko gailu mugikorretarako webguneen eta aplikazioen irisgarritasunari buruzkoa.

18.–Datuak babesteko ordezkaria udalaren barnean: kontzeptua eta eginkizunak. Ukituen eskubideak.

19.–203/2021 Errege Dekretua, martxoaren 30ekoa, Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Erregelamendua onartzen duena.

20.–3/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren esparruan Segurtasunaren Eskema Nazionala arautzen duena.

21.–4/2010 Errege Dekretua, urtarrilaren 8koa, Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duena.

22.–6/2020 Foru Legea, azaroaren 11koa, konfiantzazko zerbitzu elektronikoen zenbait gorabehera arautzen dituena.

23.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.

24.–40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

  • Lanpostua:

5.14 Eskolazaina.

1.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea.

2.–40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa.

3.–Oinarrizko elektrizitatea Argiketariaren oinarrizko lanabesak zein diren eta nola erabili eta mantentzen diren (bihurkinak, guraizeak, aliketak eta beste lanabes batzuk). Eraikinetako banaketa-koadroak (potentzia kontrolatzeko etengailua, etengailu magnetotermikoak, diferentzialak). Hots egiteko zirkuituak (pultsadoreak, txirrinak). Oinarrizko argi-zirkuituak (etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lurreko hargunearekin zein gabe, lanparak). Argi fluoreszenteko zirkuituak (pitzarazgailuak, erreaktantziak, lanpara fluoreszenteak). Zirkuitu bereziak (alarmak, larrialdiko argiak).

4.–Oinarrizko mekanika. Mekanikako oinarrizko lanabesak zein diren eta nola erabili eta mantentzen diren (mailuak, bihurkinak, hainbat motatako giltzak, zerrak, eskuko zulagailua eta beste lanabes batzuk).

5.–Metalezko arotz-lanak. Sarrailagintzako oinarrizko eragiketak (ate eta leihoen doitzea, sarrailak eta ponpatxoak, metalezko altzarien mantentze-lanak).

6.–Iturgintza. Iturginaren oinarrizko erremintak ezagutu, erabili eta mantentzea. Iturgintzako instalazioen mantentze-lanak (komun-ontziak, txorrotak, zisternak, sifoiak).

7.–Berokuntza. Berokuntzako instalazioen mantentze-lanak (zirkuituak, betetzea eta airea purgatzea. Erradiadoreak. Galdara gelak, elementu nagusiak).

8.–Zurezko arotzeria. Zurginaren oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea (mailuak, zerrak, trintxak, zulagailu elektrikoa, lixak, lekedak, eta beste tresna eta osagarriak). Zurgintzako oinarrizko eragiketak (ate eta leihoak doitzea). Sarrailak eta sarraila-zilindroak. Pertsianak: motak, mantentze-lanak eta konponketa.

9.–Lorezaintza. Lorezaintzako oinarrizko lanabesak zein diren eta nola erabili eta mantentzen diren (kimatzeko guraizeak, belarra mozteko makinak, are makinak, heskai-moztekoak, aitzurrak, palak, eskuareak eta beste lanabes batzuk). Lorezaintzako mantentze-lanetako oinarrizko eragiketak (aspertsoreak jartzea, erregulatzea eta martxan jartzea, ureztatzeko instalazioen zainketa, garbiketa, lorategien kontserbazio lanen egutegia). Lorategirako produktuak aplikatzeko oinarrizko ezagutza (ongarria, intsektizidak, ongarritzea planifikatzea, ingurumenarekiko jardunbide egokiak produktu fitosanitarioak erabiltzean).

10.–Igeltserotza. Igeltserotzako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Igeltserotza lanetan egin beharreko oinarrizko lan eta eginkizunak.

11.–Pintura. Pinturako oinarrizko tresnak ezagutu, erabili eta mantentzea. Pinturaren mantentze-lanak. Pintura lanetan egin beharreko oinarrizko lan eta eginkizunak.

12.–Arriskuak eta larrialdiak. 31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa: I. kapitulua. Xedea, aplikazio eremua eta definizioak; III. kapitulua. Eskubideak eta betebeharrak. 393/2007 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, larrialdi egoerak sortzen ahal dituzten jarduerak betetzen dituzten zentro, establezimendu eta egoitzen autobabeserako oinarrizko araua onesten duena.

  • Lanpostua:

6.19 Lantegiko monitorea.

1.–Enplegu sozial babestua. Kontzeptua, helburuak, proiektuak, jarduerak eta zerbitzuak.

2.–Langilearen monitorearen figura enplegu sozial babestuko proiektuen garapenean.

3.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa.

4.–393/2007 Errege Dekretua, martxoaren 23koa, larrialdi egoerak sortzen ahal dituzten jarduerak betetzen dituzten zentro, establezimendu eta egoitzen autobabeserako oinarrizko araua onesten duena.

5.–Erremintak eta norbera babesteko ekipamenduak erabiltzea eta mantentzea lorezaintza, elektrizitatea, arotzeria, igeltserotza, pintura eta iturgintzaren arloetan.

6.–Lorezaintza-, elektrizitate-, arotzeria-, igeltserotza-, pintura- eta iturgintza-lanei buruzko ezagutzak, eta horien gauzatzea kontrolatzea.

7.–Taldeko eta banakako zereginak planifikatzea, koordinatzea, banatzea eta kontrolatzea.

8.–15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa, Gizarte Zerbitzuei buruzkoa.

9.–69/2008 Foru Dekretua, ekainaren 17koa, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duena.

10.–15/2016 Foru Legea, azaroaren 10ekoa, Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituena.

11.–39/2006 Legea, abenduaren 14koa, Mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeko eta laguntza emateko.

12.–1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, Ezgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina onesten duena.

  • Lanpostua:

7.1 (Akordeoia).

7.18 (Klarinetea) Musika eskolako irakaslea

Proben edukia kontuan hartuta, ez da gai-zerrenda espezifikorik ezarri.

  • Lanpostua:

8.7 Zerbitzu anitzetako peoia.

1.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

3.–Oinarrizko ezagutzak laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauez eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauez.

4.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuarena.

5.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta hormak egitea.

6.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

7.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

8.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

9.–Eskema elektrikoen eta iturgintzakoen ezagutza.

10.–Mekanika. Udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea eta konpontzea. Biltegiaren kontrola.

11.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak. Pintura.

6.–Deialdiaren web fitxa toki erakundearen atarian: (helbide elektronikoa):

https://www.valledeegues.com/empleo-publico-2/

7.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Tokiko Gobernu Batzarraren Erabakia, 2022ko maiatzaren 10ekoa.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/95/32

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/150/42

8.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Tokiko Gobernu Batzarraren Erabakia, 2022ko azaroaren 15ekoa.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://www.valledeegues.com/empleo_publico_cpt/convocatoria-concurso-oposicion-estabilizacion/

III. ERANSKINA

Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://www.valledeegues.com/empleo_publico_cpt/convocatoria-concurso-oposicion-estabilizacion/

Iragarkiaren kodea: L2215405