237. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 28a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

EGUESIBAR

Deialdia, lanpostu hutsak bete daitezen merezimendu-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek hizpide ditu premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan)

Deialdia, lanpostu hutsak bete daitezen merezimendu-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek premiazko neurriak ditu hizpide, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan). Deialdia eta haren oinarriak Eguesibarko Udalaren Gobernu Batzarrak onetsi zituen 2022ko azaroaren 15ean egindako bilkuran.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2022ko azaroaren 15ean.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatu eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak betez, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren babesean eginiko aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beren lanpostuei dagozkien eginkizunak beteko dituzte, Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuan eta aplikatzekoa den araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

Ezaugarri teknikoen taulan adierazitako maila bat dator Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean xedatutakoarekin.

Lanpostu bakoitzaren lanaldiaren ordu kopuru zehatza zerbitzuaren beharretara egokituko da une oro.

Udal musika eskolako irakasleen lanpostuen kasuan (7.2, 7.3, 7.9, 7.10, 7.11, 7.12, 7.13, 7.14, 7.15, 7.17, eta 7.19 lanpostuak), I.eranskinean adierazitako lanaldia gorabehera, ikasturte bakoitzeko premien arabera egokitu beharko da lanaldia.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

1.4. Lanpostu bakoitzak hautapen prozesu independente bat izanen du, eta prozesu hori ebazpen honetako oinarrien arabera arautuko da.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan; uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria (lege horren bidez neurri batzuk hartzen dira egonkortze-prozesuak gauzatzeko Nafarroako Administrazio Publikoetan, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz); 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak.

3.1. Merezimendu-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den euskararen edo beste hizkuntza batzuen hizkuntza-eskakizuna izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Euskarari dagokionez, eta dauden titulu ofizialez gain, bakarrik aurkezten ahalko dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak Nafarroako toki erakundeek deitzen dituzten egonkortze-prozeduren barnean euskararen jakite-maila egiaztatzeko antolatzen dituen probetarako deialdian eskuratutako egiaztagiriak. Deialdi hori urriaren 4ko 51E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2022ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, urriaren 18an. Egiaztagiri horiek deialdi hau argitaratu ondoren aurkezten ahalko dira, baldin eta probak ere argitaratu ondoren egiten badira. Nolanahi ere, izangaiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetara aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko du.

g) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

h) Gidabaimena izatea eskatzen duen lanpostu bat eskuratu nahi izanez gero, lanposturako eskatzen den B, C edo D motako gidabaimena edukitzea.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira nahitaez, Eguesibarko Udalaren atarian dagoen deialdiaren web fitxaren bidez (ezaugarrien taulan zehazten da non).

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa ezaugarrien taulan zehazten dena da.

Tasa telematikoki ordainduko da, eskaera formalizatzean, ezaugarrien taulan zehazten den moduan. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasa ordaindu izanaren agirian emandako identifikazio zenbakiarekin.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; salbu eta euskararen jakite maila egiaztatzeko oinarri hauetan xedatutakoa. Hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

Epaimahai bakarra egon daiteke lanpostu guztietarako, edo desberdina: lanpostu talde bakoitzerako bat, alegia.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Prozeduran oposizioaldirik ez dagoenez, epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.4. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen Langileria Batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan argitaratuko da.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Internet bidez, Eguesibarko Udalaren atariko helbidean (ezaugarrien taulan dago zehaztuta).

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea iragan eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta deialdiaren web fitxan argitaratuko da (ezaugarrien taulan zehazten da eta toki erakundearen atarian egonen da fitxa hori).

6.4. Izangaiei egotzitako arrazoiengatik baztertzen direnei ez zaizkie itzuliko azterketa egiteko eskubideak.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozedura gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak: baloratuko diren merezimenduak.

7.1. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozedura hauek merezimenduak baloratzeko fase bakar bat izanen dute. Fase horretan, izangaiek alegatutako merezimenduak baloratuko dira, jarraian agertzen den baremoaren arabera.

7.2. Epaimahaiek izangaiek alegatu eta egiaztatutako merezimenduak baloratuko dituzte.

Alegatutako merezimenduak deialdi honetan ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dituzte epaimahaiek.

Bitarteko funtzionario gisa edo aldi baterako lan-kontratudun langile gisa emandako zerbitzuak soilik hartuko dira kontuan, edozein izanik ere aldi baterako bitarteko funtzionario izendatzeko edo aldi baterako langile gisa kontratatzeko modalitatea edo horien egoera baliokidea aldi baterako.

Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko.

Epaimahaiek ezin izanen dute inolaz ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, ezta baremoan atal bakoitzerako aipatzen den gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman ere.

Epaimahaiek azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dituzte izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.

7.3. Merezimendu-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak.

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 80 puntu.

Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 80 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Deialdiaren xede den lanpostu berean egindako zerbitzuak, deialdia egin duen toki erakundean:

–2016ko urtarrilaren 1etik gaur egunera arte egindako zerbitzuak: 8 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2006ko urtarrilaren 1etik 2015ko abenduaren 31ra arte egindako zerbitzuak: 4 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2005eko abenduaren 31 baino lehen egindako zerbitzuak: 2 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Deialdia egiten duen toki erakundean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak.

–2016ko urtarrilaren 1etik gaur egunera arte egindako zerbitzuak: 4 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2006ko urtarrilaren 1etik 2015ko abenduaren 31ra arte egindako zerbitzuak: 2 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2005eko abenduaren 31 baino lehen egindako zerbitzuak: 1 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak:

–2016ko urtarrilaren 1etik gaur egunera arte egindako zerbitzuak: 2,66 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2006ko urtarrilaren 1etik 2015ko abenduaren 31ra arte egindako zerbitzuak: 1,33 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

–2005eko abenduaren 31 baino lehen egindako zerbitzuak: 0,66 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.1), a.2) eta a.3) ataletarako oharrak:

1. Lanpostu bat zenbakiz aldatu bada, okupatutako azken lanpostua balitz bezala zenbatuko da antzinatasunaren ondorioetarako.

2. Lanpostuak ez badu koderik esleituta lanpostuari dagozkion eginkizunak bete diren aldi osoan, betetako azken plaza balitz bezala zenbatuko da antzinatasunerako.

3. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

4. Gehienez 80 puntu emanen dira a) apartatu honetan.

5. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.

6. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

7. Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan egon den aldiak edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak kontatuko dira bete duen lanpostuan benetan egindako zerbitzuak balira bezala.

8. Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

9. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak elkarrekin bateraezinak izanen dira aldi berari dagokionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

10. Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira. Ziurtagirian agertu behar dira zerbitzuaren iraupena, betetako lanbide-kategoria eta lan-bizitzaren txostena. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea, lanaldi mota eta betetako lanpostuaren maila.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 20 puntu:

b.1) Prestakuntza ikastaroak. 14 puntu gehienez.

Jarraian ageri den baremoaren arabera baloratuko dira lanpostuko eginkizunekin lotutako prestakuntza ekintzak, eman edo finantzatu dituztenean erakunde edo zentro pribatuek edo antolatu dituztenean unibertsitateek:

Ikastaro guztien orduak batuko dira, eta 0,10 puntu emanen da ikastaroaren ordu bakoitzeko.

Parte hartu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, erakunde antolatzaileak emana. Baloratu ahal izateko, prestakuntza ekintzaren gaia eta ordu kopurua agertu beharko dira.

b.2) Hizkuntzak. 6 puntu gehienez.

Ingelesa, frantsesa edo alemana jakiteagatik, Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik, eta euskara jakiteagatik, Nafarroako berezko hizkuntza den aldetik (eta lanpostuan aritzeko euskara jakitea nahitaezkoa ez denean, ezaugarrien taulan adierazten den lanpostuetan), 6 puntu emanen dira gehienez.

Hortaz, atal honetako gehieneko puntuazioa lortzen ahalko da Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 maila egiaztatzeagatik hizkuntza bakarrean, edo, bestela, puntuazio hori lortzeko behar diren mailetan hizkuntza bat baino gehiago dakizkiela egiaztatzeagatik.

Oharrak b2 atalerako:

Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila egiaztatzen duen titulu edo ziurtagiria duenari aurreko ataletan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena emanen zaio.

Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.

Euskara merezimendu gisa baloratzean, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/12 emanen da.

Nafarroako edozein toki erakundetako egonkortze-prozeduretan, izangaiek aurkez ditzakete, euskararen jakite-maila frogatzeko, merezimendu gisa nahiz nahitaezko betebehar gisa, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak euskararen jakite-mailari buruz emandako egiaztagiriak, baliozkoak izanen baitira, xede horretarako dauden titulazio ofizialez gain.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiri horiek etorriko dira Nafarroako toki erakundeek deitzen dituzten egonkortze-prozeduren barnean euskararen jakite-maila egiaztatzeko antolatzen diren probetarako deialditik. Deialdi hori urriaren 4ko 51E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen, eta 2022ko 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, urriaren 18an.

Egiaztagiri horiek deialdi hau argitaratu ondoren aurkezten ahalko dira, baldin eta probak ere argitaratu ondoren egiten badira edo halakorik ez badago udalean euskararen jakite-maila egiaztatzeko unean. Nolanahi ere, izangaiak, hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabidearekin batera, adierazitako probetara aurkezteko konpromisoa aurkeztu beharko du edo, kasua bada, horiek egin izana.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du Eguesibarko Udaleko atarian dagoen deialdiaren web fitxan, eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dio, betebeharrak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egiteko.

8.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, Eguesibarko Udalean, deialdiaren xede den lanpostu berean, egindako zerbitzuengatik puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da. Berdinketak badirau, Eguesibarko Udalean, lanpostu berean, egindako zerbitzuengatik puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da, eta horrela hurrenez hurren.

8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Euskararen eskakizuna duen lanposturen bat eskuratu nahi duten izangaiek aurkeztu beharko dute eskatutako maila frogatzen duen titulu edo ziurtagiri bat, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera; zehazki, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 13an emandako 210/2010 Ebazpenean aipatzen diren titulu edo ziurtagirietako edozein (2010eko 117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 27koa). Dauden titulazio ofizialez gain, aurkez daitezke uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarria aplikatuz antolatutako maila-proben bidez Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak emandako egiaztagiriak (19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz). Maila-proba horiek deialdi hau argitaratu ondoren egin daitezke eta, horrenbestez, deialdia argitaratu ondoren aurkez daitezke egiaztagiriak.

c) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege-dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita.

9.2. Tramite hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer betebehar frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori argitaratuko da Eguesibarko Udalaren atarian dagoen deialdiaren web fitxan.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da Eguesibarko Udalaren atariko deialdiaren web fitxan, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

10.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, toki erakundearen atariko deialdiaren web fitxan izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean:

a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

d) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu edo kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe beren eskabideko faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko atalean aurreikusitako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.5. Deialdi honen xede diren lanpostuetarako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 atalean ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Lan-kontratudun langile finko gisa kontratatuko dira aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

11.2. Kontratatzeak eta lanpostuaren jabetza hartzeak berekin ekarriko du izendatutako pertsonak bihurtzea nominako eta plantillako lan-kontratudun finkoak, eta izanen dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko lan-kontratudun langile finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Baldin lan-kontratudun finko bihurtzen den izangai bati, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

11.8. Euskaraz jakin beharra duten deialdi honetako lanpostuetako batean sartzen direnek, aurrerantzean, hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostu hutsak betetzeko deialdietan baizik ez dute parte hartzerik izanen.

Aurreikuspen hori ez da aplikatuko baldin eta, jakin behar den hizkuntza kontuan hartu gabe, hautapen-prozesuko emaitzak aukera ematen bazion interesdunari baldintza hori ezarrita ez zeukan lanpostu bat eskuratzeko.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko tramiteak, Eguesibarko Udalaren deialdiaren web fitxan argitaratuko dira (ezaugarrien taulan zehazten da non) proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen informazioa eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere.

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Honako deialdi honen ezaugarrien taula: deialdia, lanpostu huts batzuk bete daitezen merezimendu-lehiaketaren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, jarraikiz abenduaren 28ko 20/2021 Legeari (lege horrek premiazko neurri batzuk ditu hizpide, behin-behinekotasuna murrizteko enplegu publikoan).

DEIALDIA EGITEN DUEN TOKI ERAKUNDEA

EGUESIBARKO UDALA

1.–Lanpostuen identifikazioa.

LANPOSTU KOPURUA

PLAZAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA

DESTINOA

BEHARREZKO TITULAZIOA (ADIERAZI)

NAHITAEZKO HIZKUNTZAK

MEREZIMENDUETAKO
HIZKUNTZAK

BESTE MEREZIMENDU BATZUK

8

2.4, 2.5, 2.8, 3.3, 3.5, 4.5, 6.10, 6.11

Administrari laguntzailea

D

Lan-kontratuduna

%100

Zerbitzu orokorrak (2.4, 2.5, 2.8)

Ogasuna

Hirigintza (4.5)

Gizarte ongizatea (6.10, 6.11)

DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

2.4 lanpostua (euskara, B2)

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

2

2.6, 7.16

Administrari laguntzailea / eskolazaina

D

Lan-kontratuduna

%100

Zerbizu orokorrak (2.6

Musika eskola (7.16)

DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

1

2.9

Garapeneko eta enpleguko teknikaria

A

Lan-kontratuduna

%100

Zerbitzu orokorrak

Lizentziatura, Ingeniaritza, Arkitektura edo Graduko unibertsitate-titulua

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

1

4.4

Arkitektoa

A

Lan-kontratuduna

%100

Hirigintza

Arkitekturako lizentziatuaren unibertsitate-titulua

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

1

5,2

Kultura koordinatzailea

A

Lan-kontratuduna

%100

Kultura arloa

Lizentziatura, Ingeniaritza, Arkitektura edo Graduko unibertsitate-titulua

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

2

5.3, 5.13

Ludotekako / liburutegiko laguntzailea

C

Lan-kontratuduna

5.3 - %100

5.13 - %65

Kultura arloa

Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidetzat aitortutako beste titulu bat

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

4

5.6, 5.7, 5.9 eta 5.10

Atezaina

D

Lan-kontratuduna

%100

Hezkuntza

DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

5.9 eta 5.10 lanpostuak (euskara, B2)

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

1

5.8

Euskara teknikaria

B

Lan-kontratuduna

%100

Euskara

Graduko unibertsitate-titulua, unibertsitate-diploma, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo aurrekoren baten baliokidetzat jotako titulua

C1

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

1

5.12

Berdintasun teknikaria

B

Lan-kontratuduna

%100

Berdintasuna

Graduko unibertsitate-titulua, unibertsitate-diploma, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo aurrekoren baten baliokidetzat jotako titulua

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

2

6.4 eta 6.5

Gizarte-langilea

B

Lan-kontratuduna

%100

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

Gizarte Laneko diploma edo baliokidetzat jotako titulua edo Gizarte Laneko gradua

7. oinarrian adierazitakoak

3

6.6, 6.7 eta 6.8

Gizarte-hezitzailea

B

Lan-kontratuduna

%100

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

Gizarte Hezkuntzako diplomadunaren edo gradudunaren titulua, edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat,

ingeniaritza teknikoko edo arkitektura teknikoko titulua (Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo ofizialak emandako lanbide-gaikuntzarekin).

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

5

6.12; 6.13; 6.14; 6.15 eta 6.16

Familia-langilea

D

Lan-kontratuduna

(6.16): %50

Gainerakoak: %100

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

•Etxean arreta soziosanitarioa emateko lanbide ziurtagiria edo baliokidea.

•Arreta soziosanitarioko teknikari titulua edo Mendekotasuna dutenei arreta egiteko teknikari titulua.

•Erizaintzako zainketa lagungarrietako erdi mailako teknikaria edo horren baliokidea.

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

1

6.18

Lantegiko monitorea

C

Lan-kontratuduna

%100

Oinarrizko Gizarte Zerbitzua

Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidetzat aitortutako beste titulu bat

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

11

7.2 (Gitarra);

7.3 (Musika Hizkuntza);

7.9 (Pianoa);

7.10 (Kantua);

7.11 (Musika Hizkuntza eta Harmonia); 7.12 (Txeloa);

7.14 (Perkusioa);

7.15 (Gitarra);

7.15 (Musika Hizkuntza);

7.17 (Tronboia); eta 7.19 (Tronpeta).

Musika eskolako irakaslea

A

Lan-kontratuduna

(7.2): %30

(7.3): %60

(7.9): %60

(7.10): %50

(7.11): %40

(7.12): %40

(7.13): %60

(7.14): %100

(7.15): %100

(7.17): %40

(7.19): %60

Musika eskola

Musikako goi-mailako titulua lortu nahi den lanpostu bakoitzerako adierazitako espezialitatean edo horren baliokidea.

Edonola ere, baliokidetza frogatzeko, izangaiak hezkuntza arloko administrazio eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

2

8.6 eta 8.11

Zerbitzu anitzetako peoia

D

Lan-kontratuduna

%100

Zerbitzu anitzetakoa

DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

4

9.6, 9.7, 9.8 eta 9.9.

Lorezaintzako peoia

D

Lan-kontratuduna

%100

Lorezaintza

DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

7. oinarrian adierazitakoak

7. oinarrian adierazitakoak

2.–Betekizunak.

2.1. Epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ez eta gizakien salerosketarengatik ere, betekizun izanen da lanpostu hauetan: 5.3, 5.13, 5.6, 5.7,5.9, 5.10, 7.2; 7.3; 7.9; 7.10; 7.11; 7.12; 7.13; 7.14; 7.15; 7.17 eta 7.19

3.–Tasak.

3.1. Ordaindu beharreko zenbatekoa: Zenbat lanpostutarako izena eman nahi den, 6 euro bakoitzeko.

3.2. Ordaintzeko modua: dirua sartzea udalaren kontuan (ES71.2100.5323.49.2200081658 CaixaBank)

4.–Deialdiaren web fitxa toki erakundearen atarian: (Helbide elektronikoa)

https://www.valledeegues.com/empleo-publico-2/

5.–Lan publikoaren eskaintza onesten duen ebazpena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialerako esteka.

Tokiko Gobernu Batzarraren Erabakia, 2022ko maiatzaren 10ekoa.

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/95/32

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2022/150/42

6.–Deialdia onesten duen ebazpena.

Tokiko Gobernu Batzarraren Erabakia, 2022ko azaroaren 15ekoa.

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://www.valledeegues.com/empleo_publico_cpt/convocatoria-meritos-estabilizacion/

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

https://www.valledeegues.com/empleo_publico_cpt/convocatoria-meritos-estabilizacion/

Iragarkiaren kodea: L2215404