237. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 28a - BEREZIA

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

FALTZES

Deialdia, lanpostu hutsak bete daitezen merezimendu-lehiaketaren bidez, enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean

Faltzesko Udalak, alkatearen 2022ko azaroaren 22ko ebazpen baten bidez, deialdia onetsi du, bai eta haren oinarriak eta eranskinak ere, merezimendu-lehiaketa bidez betetzeko bost lanpostu huts: bi administrari-ofizialarenak (C maila), hiru zerbitzu anitzetako enplegatuarenak (D maila) eta bat zerbitzu berezietako mendekoarena (E maila). Lanpostu horiek sartzen dira aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea) eta harekin bat datozen arauetan xedatutakoaren arabera, oinarri hauei jarraikiz.

Faltzesen, 2022ko azaroaren 22an.–Alkate udalburua, Sara Fernández Allo.

OINARRIAK

1. oinarria.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak, aipatutako eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, betiere betez lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publizitatearen printzipioak, eta merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, honako arau hauen babesean: abenduaren 28ko 20/2021 Legea eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legea (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, hizpide dituena premiazko neurri batzuk, enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez izendatzen diren izangaiek beren lanpostuei dagozkien eginkizunak beteko dituzte, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

1.3. Eskainitako lanpostu guztiak txanda irekiaren bidez beteko dira, eta ez da egonen igoera txandarik, ez eta desgaitasuna dutenentzako edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lanpostuen erreserbarik ere.

1.4. Deialdia eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz.

2. oinarria.–Aplikatu beharreko araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriena; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3. oinarria.–Baldintzak.

3.1. Merezimendu-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.

Parte hartzen ahal dute, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Deialdi honen xedeko lanpostu bakoitzerako I. eranskineko ezaugarrien taulan zehazten den titulua izatea, edo eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean lortzeko moduan egotea.

Zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanposturako eduki behar da ibilgailuak gidatzeko B motako gidabaimena.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten frogagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Lanpostuaren eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

f) Ezin izanen dute parte hartu deialdia egin duen toki erakundean deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari diren langileek. Baldintza hori betetzen ez duten pertsonak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geratuko dira haien jarduketa guztiak, beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna galarazi gabe.

g) Ezaugarrien taulan hala zehazten bada, eta Haurrentzako eta nerabeentzako babes sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik edo gizakien salerosketarengatik.

3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaren jabetza hartu arte, deusetan ukatu gabe 3.1.f. oinarrian ezarritakoa.

4. oinarria.–Eskabideak, tasak eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak bide telematikoz aurkeztu beharko dira nahitaez, erregistro elektronikoaren bidez, Faltzesko Udalaren webgunean sarturik: www.falces.org.

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko (Faltzesko Udalaren webgunean eskuragarria) eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Tasak.

Azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik 7,25 euroko tasa ordaindu beharko da.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko: Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Salbuespen hori honela egiaztatu beharko da:

–Lan eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako errentarik, hilean zenbatuta, ez duela frogatzeko, interesdunak erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko du, II. eranskineko eskabidean dagokiona betez.

Tasa banku-transferentziaz ordainduko da, kontu honetan: ES30 3008 0008 3207 0320 971. Transferentziaren frogagiria aurkeztuko da eskabidea egiten denean, ezaugarrien taulan ezarritako eran. Ezinbestekoa da nortasun agiri nazionalaren edo pasaportearen identifikazio zenbakia bat etortzea tasaren ordainagirian emandako zenbakiarekin.

Eskaerak aurkezteko epean azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskaera behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaera aurkezteko unean (II. eranskina, www.falces.org webgunean eskuragarri), izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, eskaneaturik:

1.–Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena (indarrean den agiriarena betiere).

2.–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina, www.falces.org Faltzesko Udalaren webgunean eskuragarri), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta. Horri dagokionez, honako hauek aurkeztuko dira:

–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Faltzesko Udalaz besteko administrazio publikoetan egindako zerbitzuak, deialdi honen 7. oinarriko baremoan aurreikusitako baldintzetan, I. eranskineko plaza bakoitzaren ezaugarriei dagokionez. Berariaz adierazi beharko dira honako hauek: lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzua zer zentro edo unitatetan eman zen, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.

–Lan bizitzari buruzko txostena.

–Lanpostu bakoitzerako eskatzen den maila baino goragoko tituluaren kopia, deialdi honen I. eranskinean adierazitako ezaugarrien arabera.

–Lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten ikastaroak egin izanaren egiaztagirien kopia. Horietan adierazi beharko da ikastaro horiek zer gairi buruzkoak ziren eta zer iraupen izan zuten.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

3.–Behar den tasa ordaindu izana egiaztatzen duen gordekina.

4.3.b) apartatuko kasuarengatik tasa ordaintzetik salbuetsita daudenek aurkeztu beharko dute enplegu bulegoak emandako ziurtagiria eta errentarik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, soilik ez badute dagokion atala bete II. eranskineko eskabidean.

5. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori Faltzesko Udalaren webgunean argitaratuko da.

5.2. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.3. Baldin eta langileen ordezkariek ez badute epaimahai bakoitzean dagokien kidea izendatzeko proposamenik egiten hala eskatzen zaienetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.4. Epaimahaia merezimendu-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria–Izangaien onarpena.

6.1. Behin bukaturik eskabideak aurkezteko 15 egun naturaleko epea, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko da, deialdi honen xedeko lanpostuei dagokienez, eta aginduko da argitara dadila Faltzesko Udalaren webgunean.

Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpen berean, epaimahaiaren edo epaimahaien osaera argitaratuko da, deialdi honen xedeko lanpostuen arabera.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda deialdi honen xedeko lanpostu bakoitzerako, eta argitaratuko da deialdiaren web fitxan.

6.2. Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak aurkeztuko dira Faltzesko Udalaren erregistro elektronikoan, eskuragarri udal webgunean.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onetsi eta web-orrian argitaratuko da.

6.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, izangaiei egotz dakiekeen arrazoiengatik baztertuak gelditzen direnean.

6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdi honen xedeko prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7. oinarria.–Merezimendu-lehiaketaren bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak: baloratuko diren merezimenduak.

Baloratuko dira honako merezimendu hauek:

a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 60 puntu. Administrazio publikoetan deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 60 punturekin, puntuazio honen arabera:

a.1) Faltzesko Udalean, deialdiaren xedeko lanpostu berean egindako zerbitzuak: 12 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.2) Faltzesko Udalean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 6 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.3) Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean edo beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 3 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

a.1, a.2 eta a.3 ataletarako oharrak:

1.–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaie izangaiei.

2.–Gehienez ere 60 puntu emanen dira a) atal honetan.

3.–Zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.

4.–Deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak ez dira baloratuko.

5.–Izangaia prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran egon den aldiak benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzuak balira bezala kontatuko dira.

Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, aldi horietako zerbitzuak kontatzeko, egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala kontatuko dira.

6.–Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.

Merezimendu profesionalak dagokion erakundeak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko dira, eta bertan jaso beharko dira: zerbitzuaren iraupena, bete den lanbide-kategoria, eta lanpostuari dagokion maila. Dokumentazio horretan agertu behar dira izendapenaren edo lan-harremanaren hasiera eguna eta amaiera eguna (edo, kasua bada, indarrean jarraitzen duela), izendapenaren eta kontratuaren xedea eta lanaldi mota. Halaber, lan bizitzaren txostena erantsiko da.

Deialdia egiten duen toki erakundeari badagokio ziurtagiri hori ematea, eskatzaileak ez du aurkeztu beharko.

b) Beste merezimendu batzuk, gehienez ere 40 puntu. Eskainitako lanpostuen arabera baloratuko dira, honela:

b.1) Administrari-ofizialaren bi lanpostuetarako:

b.1.1. Deialdian eskatzen den maila baino goragoko titulu bat frogatzeagatik, 10 puntu titulu bakoitzeko. Azpiapartatu honetan gehienez ere 10 puntu eskura daitezke.

b.1.2. Deialdia argitaratu aurreko azken bost urteetan lanpostuarekin zerikusia duten gaiei buruzko prestakuntzagatik, 0,10 puntu prestakuntza-ordu bakoitzeko, gehienez 40 puntu.

Administrari-ofizialaren lanpostuetan b.1.1 eta b.1.2 azpiapartatuetan baloratu beharreko merezimenduen batura ez da inola ere izanen 40 puntutik gorakoa.

b.2) Zerbitzu anitzetako enplegatuaren hiru lanpostuetarako:

b.2.1. 20 puntu emanen dira maila kualifikatuko txartela izateagatik edo eskuratzeko moduan egoteagatik eta eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eskatzeagatik. Txartela irailaren 14ko 1311/2012 Errege Dekretuaren arabera emanen da (1311/2012 Errege Dekretua, Babes fitosanitariorako baliabideen ekoizle eta operadoreen erregistro ofizialean (ROPO) inskribatuta egotea edo inskribatuta egoteko baldintzak betetzea eta inskripzioa eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eskatzea.

b.2.2. Lanpostuarekin zerikusia duten gainerako gaiei buruzko prestakuntzagatik, 0,10 puntu prestakuntza-ordu bakoitzeko, gehienez ere 20 puntu.

Zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuetan b.2.1 eta b.2.2 azpiapartatuetan baloratu beharreko merezimenduen batura ez da inola ere izanen 40 puntutik gorakoa.

b.3) Zerbitzu anitzetako menpekoaren lanposturako (eskolazain)

b.3.1. Deialdian eskatutakoa baino maila goragoko titulazioa egiaztatzeagatik, 10 puntu emanen dira eskola-graduatuaren titulua, lehen mailako lanbide-heziketa edo baliokidea izateagatik, eta 20 puntu batxilergoko titulua, bigarren mailako lanbide-heziketa edo baliokidea izateagatik.

Titulu bat baino gehiago aurkeztuz gero, hezkuntza-maila handienekoa bakarrik baloratuko da, eta azpiapartatu honetan ez dira inolaz ere 20 puntu baino gehiago lortuko.

b.3.2. Kanpoko desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak erabiltzeko beharrezko prestakuntza eguneratua izateagatik, 15 puntu emanen dira.

b.3.3. Lanpostuarekin zerikusia duten gainerako gaiei buruzko prestakuntzagatik, 0,10 puntu prestakuntza-ordu bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu.

Zerbitzu anitzetako mendekoaren (eskolazain) lanpostuan b.3.1 eta b.3.2 eta b.3.3 azpiapartatuetan baloratu beharreko merezimenduen batura ez da inola ere izanen 40 puntutik gorakoa.

Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agirien bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du eman 7. oinarri honetan atal bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino altuagorik.

8. oinarria.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du Faltzesko Udalaren webguneko iragarki-taulan, eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dio, betebeharrak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko tramiteak egiteko.

8.3. Merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko prozeduran parte hartzen dutenen artean puntu-berdinketarik gertatuz gero, merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duen izangaiaren alde ebatziko da; eta, berdinketak badirau, atal horren azpiatal bakoitzean lortutako puntuazio handiena hartuko da kontuan, zerrendatzen diren hurrenkeran, lehenengo a.1) atalean puntuaziorik handiena lortzen duena, berdinketak jarraitzen badu a.2) atalean puntuaziorik handiena duena eta, azkenik, a.3) atalean puntuaziorik handiena duena.

Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez ebatziko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

8.4. Prozedura honetatik ez da sortuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendarik.

9. oinarria.–Baldintzak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Organo eskudunak 10 egun balioduneko epea irekiko du lanpostua eskuratu duten izangaiek (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangai) betebehar hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak aurkez ditzaten, horretarako ezartzen den bidea erabiliz:

a) Eskatzen diren tituluen kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan zegoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Hala dagokionean, ezaugarrien taulan zehazten denaren arabera, abenduaren 11ko 1110/2015 Errege-dekretuan araututako Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko da, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza baita (zerbitzu anitzetako mendekoen lanposturako –eskolazaina–).

9.2. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda, lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz (lanpostuen arabera eta haietarako puntuazio handiagoaren arabera). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta zer epe dagoen lanpostu hutsak hautatzeko.

Informazio hori argitara emanen da Faltzesko Udalaren web-orriko iragarki-taulan: www.falces.org.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute dagokien lanposturako.

10.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko tramitea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio, espediente osoarekin batera, izangaiak kontratatzeko proposamena. Proposamenean egonen dira, puntuazio handiena izateagatik, eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak.

Izendapen edo kontratazio proposamen hori argitaratuko da Faltzesko Udalaren web-orriko iragarki-taulan, ezaugarrien taulan zehaztutakoaren arabera.

10.2. Toki erakundearen zerbitzuko langile finkoak ez diren izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, izendapen proposamena argitaratu eta 10 egun balioduneko epearen barnean, Udalaren webgunean dagoen erregistro elektronikoaren bidez:

a) Osasun txosten ofiziala, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.

b) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela ezgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela bereizia izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.

c) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

10.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituzten pertsonak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintzetako bat betetzen dutela egiaztatzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.

10.4. Aurreko atalean jasotako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 8. eta 9. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin aurreko ataletan adierazitako prozedura bera erabiliko da.

10.5. Deialdiaren xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa bada bere eskudantzietarako, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark deialdi honen 10.2 apartatuan ezarritako moduan aurkeztu beharko du.

11.–Izendapena, lanpostu hutsen esleipena eta jabetza hartzea.

11.1. Funtzionario izendatuko dira aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.

11.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua aplikatzearen ondorioz (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean segitzea, edo Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartzea.

11.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak.

11.4. Izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean hartuko da lanpostuen jabetza.

11.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario edo lan-kontratudun langile finko izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 10.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

11.6. Funtzionario bihurtzen diren izangaiei, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 10.4 atalean xedatzen den moduan beteko da.

11.7. Aurreko bi ataletan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.

12.–Jarduketen publikotasuna.

Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, baita interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitara emanen da Faltzesko Udalaren iragarki-taulan, www.falces.org webgunearen bidez sarturik.

13.–Datuen babesa.

2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:

–Faltzesko Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.

–Tratamenduaren helburua da lanpostu hutsak betetzea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean (bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legearekin –lege horrek hizpide ditu premiazko neurriak, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko– eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearekin –egonkortze prozesuak gauzatzeko neurriei buruzkoa–), langileak hautatzea eta deialdi honen xedeko lanpostua betetzea.

–Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:

• DBEOren 6.1.c) artikulua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko behar den tratamendua.

• DBEOren 6.1.b) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena.

–Datuak zer helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehazteko beharrezkoa den denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).

–Datuen lagapena eginen da legeak xedaturiko kasuetan, eta deialdian ezarritakoaren arabera emanen dira argitara.

–Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, Faltzesko Udalaren www.falces.org webguneko egoitza elektronikoaren bidez (datuen babeserako izapideak) edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@falces.org).

–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es), edo aldez aurretik harremanetan jartzeko datuen babeserako ordezkariarekin, aipatutako helbidearen bidez.

14.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Berezko ezaugarrien taula: hala deialdiaren nola merezimendu-lehiaketaren bidez bete beharreko lanpostu hutsen ezaugarriak, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean betetzekoak baitira, abenduaren 28ko 20/2021 Legeari jarraikiz (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

Lanpostuen identifikazioa, ezaugarriak eta behar dituzten tituluak:

1.–Administrari-ofizialaren bi lanpostu, C maila eta funtzionarioen araubidekoak. Eskatzen den titulazioa: Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua edo horien baliokidea.

–Plantilla organikoko 1-04 zenbakiko lanpostua. Lanpostuko osagarria: %25,52, hitzarmeneko osagarria: %10, berariazko osagarria: %12, lanaldi osoa, udaleko arlo ekonomikorako.

–Plantilla organikoko 1-05 zenbakiko lanpostua. Lanpostuko osagarria: %26,60, berariazko osagarria: %12, funtzionarioen araubide juridikoa, lanaldi osoa, administrazio zerbitzuen arlorako.

2.–Zerbitzu anitzetako enplegatuaren hiru lanpostu, D maila eta funtzionarioen araubidean. Eskatzen den titulazioa: eskola graduatuaren titulua, lehen mailako lanbide heziketakoa edo baliokidea. Hiru lanpostuetarako B kategoriako gidabaimena edukitzea eskatzen da, beren eginkizun eta zereginen artean ibilgailuak gidatu eta maneiatzea dagoelako.

–Plantilla organikoko 3-03 zenbakiko lanpostua. Lanpostuko osagarria: %19,56, berariazko osagarria: %12, arrisku bereziko osagarria: %10 eta lanaldi osoa.

Plantilla organikoko 3-06 eta 3-07 zenbakiko lanpostuak. Biek daukate lanpostuko osagarria: %6,60, berariazko osagarria: %12, arrisku bereziko osagarria: %10 eta lanaldi osoa.

3.–Zerbitzu berezietako mendekoaren (eskolazain) lanpostu bat, E maila eta funtzionarioen araubidea, plantillan 3-05 zenbakia daukana. Lanpostuko osagarria: %28,44, berariazko osagarria: %15, lanaldiaren luzapeneko osagarria: %10 eta lanaldi osoa. Eskatzen den titulazioa: eskola-ziurtagiria edo baliokidea.

II. ERANSKINA

Merezimendu-lehiaketaren bidezko deialdian parte hartzeko eskabidea, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean

https://www.falces.org/2020/wp-content/uploads/2022/11/anexo-II.docx

III. ERANSKINA

Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduen autobaloraziorako agiria

https://www.falces.org/2020/wp-content/uploads/2022/11/anexo-III.docx

Iragarkiaren kodea: L2215632