236. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

2297/2022 EBAZPENA, azaroaren 17koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen Gaietarako errektoreordeak emana, unibertsitateko irakaskidegoetako lanpostuak betetzeko lehiaketarako deia egiten duena.

Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, 2007ko urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuak eta 2007ko urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuak ezarritakoarekin bat etorriz —haietako lehenbizikoak unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko egiaztapen nazionala ezarri zuen, eta bigarrenak unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketak arautu—, eta 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan eta Gobernu Kontseiluak 2009ko otsailaren 25ean egindako bileran onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketei buruzko arautegian xedatutakoari jarraikiz.

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasle eta Ikertzaileen Lan Publikoaren Eskaintza, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzko 2021eko uztailaren 6ko 14/2021 Errege Lege Dekretuaren bigarren artikuluan ezarritako egonkortze tasari dagokiona. Lan Publikoaren Eskaintza hori 2021eko abenduaren 27ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, eta haren barrenean unibertsitateko titular izateko hiru lanpostu zeuden.

Ikusirik Irakasle eta Ikertzaileen 2017ko Lan Publikoaren Eskaintza. Haren barrenean zeuden, besteak beste, unibertsitateko titular izateko zortzi lanpostu, 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 2017ko ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikuluan ezarritako egonkortze tasari zegozkionak, eta haietatik zazpitarako deialdia egin da. Kontuan harturik behin-behinekotasuna murrizteko neurri urgenteei buruzko 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak 2.1 artikuluan jasotakoa 2017rako eta 2018rako aurrekontu orokorrei buruzko legeetan ezarritako egonkortze prozesuek ukitutako lanpostuei buruz, baldin eta legea indarrean sartu den egunean oraindik ez bada egin lanpostu horietarako deialdirik edo deialdia egin eta ebazpena eman arren lanpostuak bete ez badira.

Kontuan harturik Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko irakaskidegoetako irakasle lanpostuetarako deialdia egiteko erabakia, Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 2an egindako bileran onetsia.

Unibertsitateko Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalak eta Kontu-hartzailetzak txostena eginik.

Ikusirik Langileria Kudeatzeko Ataleko buruak egin duen proposamen-txostena, Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak ontzat eman duena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta bere funtzioak zehazteko 2019ko uztailaren 3an eman zuen 1420/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Unibertsitateko irakasle titularren kidegoko 4 lanpostu betetzeko sarbide lehiaketarako deialdia onestea, baita haren oinarriak ere.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzeko agintzea.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Giza Baliabideen Zerbitzuari eta Sarbide Batzordeetako kideei aditzera ematea, behar dituen ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 17an.–Inés Olaizola Nogales, Irakasleen Gaietarako errektoreordea.

UNIBERTSITATEKO IRAKASLE TITULARREN KIDEGOKO LANPOSTUAK BETETZEKO SARBIDE LEHIAKETARAKO DEIALDIA

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1. Oinarri hauen xedea da unibertsitateko irakasle titularren kidegoko lanpostuak betetzeko sarbide lehiaketa arautzea. Lanpostuok I. eranskinean zehaztu dira.

2. Lehiaketa hau arautzeko, honako hauek ezarritakoa hartuko da kontuan: Unibertsitateei buruzko 2001eko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa; 2007ko urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko egiaztapen nazionala ezartzen duena; 2007ko urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretua, unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketak arautzen dituena; 2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak; Gobernu Kontseiluak 2009ko otsailaren 25ean egindako bileran onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketei buruzko Arautegia; 2015eko urriaren 30eko 5/2015 Errege Dekretua, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duena; 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legea; deialdiaren oinarri hauek, bai eta aplikatu beharreko gainerako arau orokorrak ere.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen 80.3 artikuluarekin bat, gehienez ere lau hilabete igaroko dira onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik lehiaketaren ebazpena argitaratzen den arte, epe hori ez bada luzatzen arrazoi larriren batengatik, luzapenezko inpugnazioengatik edo bidezko beste arrazoiren batengatik.

4. 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera —Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa—, hautaketa-prozesu honek eragiten dituen argitalpenak, Estatuko Aldizkari Ofizialari dagokiona izan ezik (3. oinarrian aipatutakoa), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webguneko esteka honetan azalduko dira, deialdi honi dagokion aipamenean, eta ez dira baliozkoak izanen bestelako tokietan agertzen direnak:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/iragarki-ohol-elektronikoa/enplegu-publikoa/irakasle-eta-ikertzaileen-deialdiak?languageId=100001

2.–Izangaiek bete beharrekoak.

Lehiaketan onartua izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta lanpostuaz jabetu arte beteko dira:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko tratatuak aplikatzen diren eremuko estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek har dezakete parte, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Zilegi da Europar Batasuneko nazionalitaterik izan ez eta gaikuntza duten atzerritarrek ere parte hartzea, baldin eta beren nazionalitateari dagokion Estatuak unibertsitateko irakaskidegoetako funtzionario espainiarrei unibertsitate-irakaskuntzako antzeko lanpostuak betetzeko lege-gaitasuna aitortzen badie, eta izangaiak kondizio hori egiaztatu beharko du.

b) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro adina betea ez izatea.

c) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.

d) Ez egotea bazterturik edozein administrazio publikotako zerbitzutik diziplinako espediente bat dela kausa, eta ez egotea ezgaitua funtzio publikoak betetzeko. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izanen da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duen diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.

e) Unibertsitateko irakasle titularren kidegora aurkezteko gaitasuna edukitzea, dagokion arloan edo arloetan, 2007ko urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko gaikuntza nazionala ezartzen duenak, xedatutakoarekin bat etorriz.

Halaber, aurkezteko moduan egonen dira dagozkien unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko gaikuntza dutenak, 2002ko uztailaren 26ko 774/2002 Errege Dekretuak, gaikuntza nazionalaren sistema arautzen duenak, ezarritakoarekin bat etorriz, zein arlotan lortu zuten gaikuntza baldintza izan gabe deitutako lanpostuetako batean lehiatzeko. Era berean, zilegi da maila bereko edo handiagoko unibertsitateko irakaskidegoetako funtzionario direnak deitutako lanpostuetara aurkeztea.

Era berean, Europar Batasuneko Estatuetako unibertsitateetako irakasleek zilegi dute dagozkien kidegoetara aurkeztea, baldin eta unibertsitateko katedradun edo irakasle titular lanpostuaren baliokidea lortu badute, interesdunak eskatuta Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak emandako ziurtagiriarekin bat. Kasu horietan, lehiaketa ebatziko duen Batzordeak erabakiko du irakaslana betetzeko gaztelaniazko zer ezagutza-maila behar den.

f) Ingelesez jakitea eskatzen duten lanpostuen kasuan, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (HEEEB) ingeleseko C1 mailako titulua edo ziurtagiria edukitzea, CRUEren ingeleseko Hizkuntza Mahaiak aintzat hartzen dituenetako bat, edo baliokidea den eta ofizialki onartua den beste edozein.

Honako esteka honetan ageri da zein diren titulu eta ziurtagiri horiek:

https://www2.unavarra.es/gesadj/sede/A_OTROS/IDIOMAS_ACREDIT/tabla_equivalencias_ingles_02_03_2022.pdf

3.–Eskaerak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodun igaro ondoren bukatuko da, deialdi hau "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean ere argitaratuko da. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaeraren aurkezpena.

3.2.1. Hautaketa-prozesuan parte hartzeko, helbide honetan dagoen eskabidea erabili beharko da:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/irakasle-ikertzaile-+oposizioa-lehiaketa

3.2.2. Hautaketa-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dute eskaera, helbide honetako "Hasi tramitea" botoian:

https://sedeelectronica.unavarra.es/sede/zerbitzu-katalogoa/guztiak/irakasle-ikertzaile-+oposizioa-lehiaketa

Horretaz gainera, zilegi da eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistro Orokorrean aurkeztea (Arrosadiko campusa, z.g., 31006 Iruñea / Tuterako campusa, Tarazonako etorbidea, z.g., 31500 Tutera), edo Estatuaren Administrazio Orokorreko erregistroetan, autonomia erkidegoetako administrazioetako eta administrazio lokala osatzen duten erakundeetako erregistroetan, posta-bulegoetan edo Espainiak atzerrian dituen kontsuletxeetan edo ordezkaritza diplomatikoetan.

Eskaera posta-bulego batean aurkeztekotan, gutun-azal irekian eginen da, posta-zerbitzuko langileak data eta zigilua jar ditzan ziurtatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Erregistrora bidali baino lehen.

3.3. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak.

Behar bezala betetako eskaerarekin batera, izangaiak dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia.

b) Bigarren oinarrian lehiaketa honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten egiaztagirien fotokopia.

c) Laugarren oinarriak aipatzen duen tasa ordaindu delako egiaztagiria.

3.4. Aurkeztutako dokumentazioa edo Unibertsitatearen eskura dagoena aztertuta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikusten badu izangairen batek ez daukala eskatzen diren betekizunetakoren bat edo agiriak faltsutu dituela, deialdian parte hartzeak dakartzan eskubide guztiak bertan behera geldituko dira.

3.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitatezko akatsak edonoiz konpontzen ahalko dira, ofizioz edo interesdunak hala eskatuta.

4.–Tasa.

4.1. Hautaketa-prozesua egiteko behar diren zerbitzuak emateagatik ordaindu beharreko tasa 41,60 eurokoa izanen da.

Diru-kopuru hori Nafarroako Rural Kutxako ES16 3008 0001 18 0700190523 zenbakidun kontu-korrontean sartuko da, eta frogagirian izangaiaren izena eta "Unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko lehiaketa" identifikazioa agertuko dira.

4.2. Tasak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) % 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua dutenak.

b) Deialdia argitaratu baino lehenago hilabete bat gutxienez egon direnak langabe gisara izena emanda.

Behar den enplegu bulegoak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da hori, eta interesduna langabe gisara noiz inskribatu zen adierazi beharko da agiri horretan.

4.3. Salbuespenaren arrazoia egiaztatzen ez bada, eskaerak aurkezteko ezarritako epearen barnean tasa ez ordaintzeak izangaia baztertzea ekarriko du, eta hau konpondu ezin daitekeen baldintza da.

4.4. Tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskaera garaiz eta forman aurkeztu beharra.

5.–Izangaien onarpena.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, irakasleen gaietan eskumena duen organoak jendaurrean jarriko du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki-ohol elektronikoan (deialdi honi dagokion atalean), deitutako lanpostu bakoitzeko lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, baita baztertzeko arrazoiak ere, halakorik izan bada.

5.2. Eskaera ofiziala edo 3.3 oinarrian aipatzen diren dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, ezin zuzendu daitezkeen baztertzeko arrazoiak hauek izanen dira: eskaera epez kanpo aurkeztea, deialdian eskatutako baldintzak ezarritako epean ez betetzea eta tasa epe barruan ez ordaintzea.

5.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, haiek zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 10 egun balioduneko epean.

5.4. Eskaerak osatzeko eta zuzentzeko epea bukaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko iragarki ohol elektronikoan argitaratuko da (deialdi honi dagokion atalean) lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.

5.5. Lehiaketako onartuen zerrendan egoteak ez du esan nahi, inolaz ere, Unibertsitateak aitortzen duenik izangaiek deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza orokorrak edo partikularrak betetzen dituztela. Izendapenerako proposatutako izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, dokumentazio egiaztagarria aurkeztu beharko baitute 11. oinarrian adierazitakoarekin bat.

5.6. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, irakasleen gaietan eskudun den organoak arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko du, eta dagokion Sailari jakinaraziko dio.

6.–Sarbide Batzordeak.

6.1. Sarbide Batzordeen osaera oinarri hauen II. eranskinean dator.

6.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko irakaskidegoetarako sarbide lehiaketetarako arautegiko 12. artikuluarekin bat etorriz, batzordekideen curriculuma Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean argitaratuko da, interesdunek ikus dezaten.

6.3. Batzordea jardunean hasi baino lehen eratuko da formalki. Horretarako, batzordeburuak, Batzordeko gainerako kideei aurretik kontsultatu eta gero, ebazpen bat emanen du onartuen behin betiko zerrenda argitaratzen denetik gehienez ere hilabete batera, bileraren eguna eta ordua ezartzeko, eta interesdun guztiei jakinaraziko zaie beranduenez hamabost egun natural lehenago; deitutakoak honako hauek izanen dira:

a) Batzordeko kide titular guztiak eta, bidezkoa bada, beharrezkoak diren ordezkoak, Batzordearen eraketa-egintza burutu ahal izateko. Eraketa-egintzaren eguna, ordua eta tokia jakinarazpenean jasoko dira.

b) Lehiaketan parte hartzeko onartuak izan diren izangai guztiak, lehiatzaileen aurkezpen-ekitaldia egiteko. Adierazi eginen zaie zer egun, ordu eta tokitan eginen den. Horri begira, Batzordearen eraketa-egintza egunetik aurkezpen-ekitaldia egiteko ezartzen den egunera arteko epea ez da izanen bi egun baliodun baino luzeagoa.

6.4. Eraketa-egintzan finkatu eta jendaurrean jarriko dira lehiatzaileak balioesteko probetako bakoitzean erabiliko diren irizpideak eta zenbakizko balioespen globala, bai eta proba bakoitzaren ataletako bakoitzarenak ere, kontuan hartuta deialdian ezarritako lanpostuen xehetasunak, balioetsi beharreko jardueren barrenean baitaude. Irizpide hauetan ezin izanen da sartu egiaztagiria dutenei lehiaketan parte hartzea eragozten dien irizpiderik.

6.5. Lehiaketa egin bitartean, Sarbide Batzordeak erabakiko ditu arauak aplikatzean sortzen diren zalantzak, bai eta arau horietan aurreikusi ez diren kasuetan jarraitu beharreko bidea ere. Batzordearen jarduera Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legera egokituko da beti.

6.6. Batzordeak jardun ahal izateko, haren kide guztiek bertan egon behar dute.

7.–Aurkezpen-ekitaldia.

7.1. Aurkezpen-ekitaldian, jendaurrekoa izanen baita, batzordeak zehazki finkatuko du lehen probaren edukia, eta proba horren gainean lehiatzaileei eman beharreko jarraibide guztien berri emanen du; halaber, zozketaren bidez zehaztuko du lehiatzaileen jarduera-ordena, eta proba noiz, non eta zer ordutan eginen den ezarriko du, kontuan hartuz ezinen dela egin aurkezpen-ekitaldi hau egiten denetik 24 ordu igaro baino lehen. Alabaina, lehiatzaileek idatziz uko egin ahalko diote epe horri. Nolanahi ere, proba hamabost egun naturaleko epean hasiko da, aurkezpen-ekitaldia egiten denetik kontatzen hasita.

Batzordeburuak ezagutzera emanen ditu Batzordeak ezarritako epea eta tokia, lehiatzaileek proba hasi baino lehen modua izan dezaten gainerako lehiatzaileek aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko.

7.2. Lehiatzaileek ondoko dokumentazioa aurkeztuko diote batzordeburuari:

a) Lanbide, ikasketa, irakaskuntza- eta ikerketa-historia, hiru aletan, eta horri erantsiko zaizkio beren merezimenduen egiaztagiriak eta argitalpenen, garatutako patenteen eta parte hartu duten ikerketa-proiektuen zerrenda.

b) Irakaskuntza proiektua, zein lanpostutarako lehiatzen den izangaia, lanpostu horri dagokion irakasgai edo espezialitate baten programaren berri emanen duena, eta ikerketa-proiektua, lanpostu hori esleitzen bazaio garatuko lukeena. Dokumentazio guztia hiru aletan aurkeztuko da.

7.3. Batzordeak, aho batez, adituei txostenak eskatzen ahalko dizkie lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruz. Txosten horiek ez dira lotesleak izanen, eta lehiaketaren aktari erantsiko zaizkio.

8.–Probaren garapena.

Sarbide lehiaketak ahozko bi proba izanen ditu.

8.1. Lehen proba jendaurrekoa izanen da. Batzordeak ezarritako moduari jarraikiz, gehienez ere bi ordu iraunen duen adierazpena eginen du izangaiak batzordearen aurrean, eta, gero, gehienez ere bi ordu iraunen duen eztabaida batzordekideekin, izangaiak alegatutako merezimendu hauei buruz:

a) Irakasle gisa duen ibilbide akademikoa, non unibertsitateko irakaslanak agertuko diren, behar bezala frogatuak, eta irakaslan horiek balioesteko txostena, beharrezkoa bada.

b) Ikerketan duen ibilbide akademikoa, non ikerketa-jarduerak eta argitalpen zientifikoak agertuko diren, dokumentu bidez egiaztatuak.

c) Beste merezimendu batzuk, horien artean unibertsitateko kudeaketa.

d) Irakaskuntza-proiektua.

e) Ikerketa-proiektua.

Atal bakoitza Batzordeak aldez aurretik onetsi eta argitaratu dituen irizpideekin bat zehaztu eta balioetsiko da.

Lehen proba amaitu ondoren, Batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emanen dio izangai bakoitzaren bana-banako balioespenarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako a, b, c, d eta e irizpideei egokituta.

Proba hori gainditzeko, lehiatzaileen batez besteko puntuazioak probaren balioespen globalaren erdia baino altuagoa izan behar du, eta Batzordeko bi kideren txosten positiboa izan behar dute gutxienez.

Batzordeak berehala jakinaraziko dizkie izangaiei lehen probaren emaitzak. Emaitza horietan probako ataletako bakoitzaren bana-banako balioespena agertuko da, bai eta haren balioespen globala ere.

Halaber, jakinaraziko da bigarren proba non, noiz eta zer ordutan eginen den. Hori guztia gero Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratzea galarazi gabe (deialdi honi dagokion atalean).

8.2. Bigarren proba jendaurrekoa izanen da, eta Batzordeak izangaiaren adierazpen gaitasuna, azaldu dituen gaien edukiaren kalitatea eta garrantzia, eta eztabaidatzeko duen gaitasuna balioetsi beharko ditu.

Gehienez ere ordubete iraunen duen azalpena eginen du izangaiak batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraunen duen eztabaida izanen du batzordekideekin gero, izangaiak irakaskuntza proiektuan aurkeztutako programako gai bati buruz (izangaiak berak aukeratua).

Bigarren proba amaitu ondoren, Batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emanen dio izangai bakoitzaren bana-banako balioespenarekin eta puntuazioarekin, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.

Batzordeak bigarren probaren emaitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko ditu (deialdi honi dagokion atalean).

Proba hori gainditzeko, lehiatzaileen batez besteko puntuazioak probaren balioespen globalaren erdia baino altuagoa izan behar du, eta Batzordeko bi kideren txosten positiboa izan behar dute gutxienez.

8.3. Behin sarbide lehiaketa eginda, izangaien behin betiko emaitzak argitaratuko dira.

9.–Lanpostua betetzeko proposamena.

9.1. Sarbide Batzordeak, zazpi egun balioduneko gehieneko epean proba amaitzen den egunetik kontatzen hasita, izangai guztien zerrenda proposatuko dio errektoreari, arrazoiak emanez eta izaera loteslearekin, izendatzeko lehentasun ordenaren arabera sailkatua. Izangaiak ez dira lehiaketara deitu diren lanpostuak baino gehiago izanen. Zilegi izanen da, halaber, deitutako lanpostua ez betetzeko Batzordearen proposamenarekin amaitzea prozesua.

9.2. Batzordeak izendapenerako proposatutako izangaien zerrenda ordenatua jendaurrean jarriko da Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan (deialdi honi dagokion atalean).

9.3. Izangaientzat zilegi izanen da Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiari eskatzea Batzordeak beren merezimenduei buruz emandako balioespen arrazoituaren ziurtagiria.

10.–Lanpostua betetzeko proposamenaren aurkako erreklamazioak.

10.1. Izangaiek Sarbide Batzordearen proposamenaren aurka erreklamazioa aurkezten ahalko dute, errektorearen aurrean, gehienez ere hamar egun balioduneko epean.

10.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko funtzionarioen irakaskidegoetan sartzeko lehiaketei buruzko Arautegiaren 18. artikuluan ezarritako Erreklamazio Batzordeak balioetsiko du erreklamazioa.

10.3. Erreklamazio Batzordeak lehiaketaren prozedurari lotutako alderdiak baino ez ditu balioetsiko, eta izangaien aukera-berdintasuna eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua une oro bermatzen direla zainduko du. Erreklamazio Batzordeak ezin izanen du inola ere ordezkatu Sarbide Batzordeak izangaien egokitasunari buruz egindako balorazio sakona.

10.4. Sarbide Batzordearen proposamenaren aurkako erreklamaziorik jasoz gero, eta betiere Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen duela irizten bazaio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpen bat emanen du erreklamazioa tramitera onartzeko eta izendapenaren prozesua erreklamazioa behin betiko ebazten den arte eteteko.

Aitzitik, Erreklamazio Batzordeak nahikoa eskumen ez badu, erreklamazioa ez da onartuko.

10.5. Erreklamazioren bat tramitera onartuz gero, Giza Baliabideen Zerbitzuak tramitera onartu diren erreklamazioak helaraziko dizkie izangai guztiei, eta hamar egun balioduneko epea emanen die izangaiek nahi dutena alega dezaten erreklamazioak jaso eta biharamunetik kontatzen hasita. Sarbide Batzordeari ere bidaliko dizkio tramitera onartu diren erreklamazioak, haiei buruzko txostena egin dezan.

10.6. Erreklamazio Batzordeko kideek dokumentazioa aztertu eta erabaki hauetako bat har lezakete, gehienez ere hiru hilabeteko epean erreklamazioa aurkeztu den egunetik kontatzen hasita.

a) Baldin eta uste badu baremoko puntuazioen baturan kalkulu-akats ageriko eta nabarmenen bat egin dela, atzemandako akatsa zuzentzea Sarbide Batzordearen proposamenean. Horrek ondorioak izanen ditu Sarbide Batzordearen proposamenean, aldatu eginen baitu izangaien hurrenkera.

b) Baldin eta uste badu prozedura-akatsen bat izan dela eta horrek babesik gabe utzi duela erreklamazioa jarri duen alderdia, hautaketa-prozedura formazko akatsa egin den unera eramatea atzera.

c) Baldin eta uste badu berdintasun, merezimendu edo gaitasun printzipioren bat urratu dela, Erreklamazio Batzordeak ez du berretsiko Sarbide Batzordearen proposamena.

d) Baldin eta uste badu aurreko kasu bat ere ez dela betetzen, Erreklamazio Batzordeak Sarbide Batzordearen proposamena berretsiko du.

10.7. Erreklamazio Batzordeak bere kideen botoen gehiengoz hartuko ditu erabakiak, eta, bozketan berdinketarik badago, erabakigarria izanen da batzordeburuaren botoa. Erabakiak hartzeko, Erreklamazio Batzordeak aukera izanen du Unibertsitatearen Zerbitzu Juridikoaren txosten juridikoa eskatzeko.

10.8. Erreklamazio Batzordeak erreklamazioari buruz hartzen duen erabakia loteslea izanen da errektorearentzat. Errektoreak ebazpen bat emanen du Erreklamazio Batzordearen proposamenarekin bat etorriz, eta zilegi du lanpostua hutsik utzi dela deklaratzea.

Ebazpen horrek administrazio bidea agortuko du, eta haren aurka zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea bi hilabeteko epean Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

Hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

11.–Dokumentazioaren aurkezpena.

11.1. Proposatutako izangaiek, lanpostua betetzeko proposamena argitaratu eta hogei egun balioduneko epean, 5.5 oinarrian ageri direnez gain, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo haren nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiriaren fotokopia konpultsatua.

b) Mediku-ziurtagiri ofiziala, unibertsitateko irakaslearen lanpostuko eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duena.

c) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez dagoela eta administrazio publiko baten zerbitzutik ez dela bereizia izan egiaztatzen duen erantzukizunpeko aitorpena. Atzerriko izangaiek egiaztatu beharko dute ez dutela beren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten dien diziplina-zigorrik edo kondena penalik.

d) Bateraezintasunik ez daukala adierazten duen aitorpena, jarduera publikoren bat betetzen edo pentsioren bat jasotzen ari bada.

11.2. Funtzionario publikoak direnek ez dituzte aurreko dokumentuak justifikatu behar, eta funtzionarioak direla eta beren zerbitzu-orrian agertzen diren inguruabarrak egiaztatzen dituen administrazioaren egiaztagiria aurkeztu behar dute.

12.–Izendapena eta kargu-hartzea.

12.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak izendatuko du izangaia irakasle funtzionario, proposaturiko izangaiak aurreko oinarrian ezarritakoa bete eta gero.

12.2. Proposaturiko izangaiak eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu, Unibertsitatearen errektoreak Sarbide Batzordearen proposamenean ezarritako lehentasun-hurrenkeran hurrengo postuan agertzen den lehiatzailea izendatuko du funtzionario, hark aipatutako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

12.3. Izendapenak lanpostuaren izena, kidegoa, jakintza-arloa eta saila zehaztuko ditu, bai eta Langileen Lanpostu Zerrendan lanpostuak duen kodea ere. Langileen Erregistro Nagusian izendapenaren berri emanen da, Langileen Erregistro zenbakia emateko eta dagokien kidegoan inskripzioa egiteko, eta Unibertsitateen Kontseiluaren Idazkaritza Nagusian ere bai. Izendapena "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

12.4. Izendapena "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta biharamunetik gehienez ere hogei egun balioduneko epean hartu beharko du lanpostuaren jabetza proposaturiko izangaiak, eta, orduan, dagokion unibertsitateko irakaskidegoko funtzionario bihurtuko da, horrek dakartzan eskubide eta betebeharrekin.

13.–Datu pertsonalen tratamendua.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz eginen da. Tratamendu Jardueren Erregistroan kontsultatzen ahal da nola eginen den tratamendu hori, https://www2.unavarra.es/gesadj/seguridadInf/normativa-proteccion-datos/registro-actividades-tratamiento-datos-UPNA.pdf estekan, "Giza Baliabideak" atalean.

Tratatuko diren datuak batez ere hautaketa-prozesuetako izangaienak eta NUPeko langileenak izanen dira; hauek hain zuzen ere: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea hau da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak, edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk tramitatzea.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

14.–Errekurtsoen araubidea.

Deialdi honen eta Sarbide Batzordearen jardunen ondoriozko egintza administratibo ororen aurka zilegi da errekurtsoak jartzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako kasuetan eta forman, 10. oinarrian ezarritako lanpostua betetzeko proposamenaren aurkako erreklamazioaren aurka izan ezik.

Deialdi honen oinarrien aurka, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Oharra: Gaztelaniazko testuan, genero maskulinoko pertsona edo kargu akademikoei buruzko aipamenak genero gramatikal neutroan egindakotzat hartzen dira, eta, beraz, bai emakumeak bai gizonak aipatzeko aukera hartzen dute barnean.

I. ERANSKINA

Deialdiko xede diren lanpostuak

–Lanpostu zenbakia: 4530.

–Kidegoa: unibertsitateko titularra.

–Saila: Osasun Zientziak.

–Jakintza-arloa: Fisioterapia.

–Irakaskuntza-eskakizuna: jakintza-arloarena.

–Ikerketa-eskakizuna: Gaixotasun kronikoak eta Ariketak eragindako erantzun zelular eta molekularrak.

–Tuterako campusa.

–Lanpostu zenbakia: 4664.

–Kidegoa: unibertsitateko titularra.

–Saila: Giza eta Hezkuntza Zientziak.

–Jakintza-arloa: Ingeles Filologia.

–Irakaskuntza-eskakizuna: jakintza-arloarena.

–Ikerketa-eskakizuna: Ingeles Filologia.

–Hizkuntza-gaitasuna: ingelesa.

–Lanpostu zenbakia: 4862.

–Kidegoa: unibertsitateko titularra.

–Saila: Osasun Zientziak.

–Jakintza-arloa: Erizaintza.

–Irakaskuntza-eskakizuna: jakintza-arloarena.

–Ikerketa-eskakizuna: jakintza-arloarena.

–Lanpostu zenbakia: 4384.

–Kidegoa: unibertsitateko titularra.

–Saila: Osasun Zientziak.

–Jakintza-arloa: Erizaintza.

–Irakaskuntza-eskakizuna: jakintza-arloarena.

–Ikerketa-eskakizuna: jakintza-arloarena.

II. ERANSKINA

Erabaki honetan adierazitako lanpostuetarako sarbide-lehiaketak baloratzeko izendatu diren batzordeen osaera

Lanpostu zk.: 4530.

ORDENA

BATZORDEA

IZENA

KAT.

UNIBERTSITATEA

Batzordeburua

Batzorde titularra

Miguel Izquierdo Redín

UK

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

1. batzordekidea

Batzorde titularra

Manuel Arroyo Morales

UK

Granadako Unibertsitatea

2. batzordekidea

Batzorde titularra

Marta Pérez de Heredia

UT

Juan Carlos Erregea Unibertsitatea

Batzordeburua

Ordezko 1. batzordea

José López Chicharro

UK

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea

1. batzordekidea

Ordezko 1. batzordea

Milagros Antón Olóriz

UT

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea

2. batzordekidea

Ordezko 1. batzordea

Berta Paz Lourido

UT

Balear Uharteetako Unibertsitatea

Batzordeburua

Ordezko 2. batzordea

Adelaida M. Sánchez Castro

UK

Valentziako Unibertsitatea

1. batzordekidea

Ordezko 2. batzordea

Roberto Aguado Jimenez

UT

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

2. batzordekidea

Ordezko 2. batzordea

Irene Cantarero Villanueva

UT

Granadako Unibertsitatea

Lanpostu zk.: 4862.

ORDENA

BATZORDEA

IZENA

KAT.

UNIBERTSITATEA

Batzordeburua

Batzorde titularra

Miguel Richart Martínez

UK

Alacanteko Unibertsitatea

1. batzordekidea

Batzorde titularra

Almudena Sánchez Villegas

UK

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

2. batzordekidea

Batzorde titularra

Nuria Fabrellas Padres

UT

Bartzelonako Unibertsitatea

Batzordeburua

Ordezko 1. batzordea

Juan Diego Pedrera Zamorano

UK

Extremadurako Unibertsitatea

1. batzordekidea

Ordezko 1. batzordea

Carmen Ferré Grau

UT

Rovira i Virgili Unibertsitatea

2. batzordekidea

Ordezko 1. batzordea

Marta Elena Losa Iglesias

UK

Rey Juan Carlos Unibertsitatea

Batzordeburua

Ordezko 2. batzordea

José Miguel Morales Asencio

UK

Malagako Unibertsitatea

1. batzordekidea

Ordezko 2. batzordea

María Paz García Caro

UT

Granadako Unibertsitatea

2. batzordekidea

Ordezko 2. batzordea

Antonio Aguiló Pons

UK

Balear Uharteetako Unibertsitatea

Lanpostu zk.: 4664.

ORDENA

BATZORDEA

IZENA

KAT.

UNIBERTSITATEA

Batzordeburua

Batzorde titularra

Luis Miguel García Mainar

UK

Zaragozako Unibertsitatea

1. batzordekidea

Batzorde titularra

María Amparo Lázaro Ibarrola

UT

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

2. batzordekidea

Batzorde titularra

María Pilar Agustín Llach

UK

Errioxako Unibertsitatea

Batzordeburua

Ordezko 1. batzordea

David Lasagabaster Herrate

UK

Euskal Herriko Unibertsitatea

1. batzordekidea

Ordezko 1. batzordea

María Camino Bueno Alastuey

UT

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

2. batzordekidea

Ordezko 1. batzordea

Jesús García Laborda

UT

Alcalá de Henareseko Unibertsitatea

Batzordeburua

Ordezko 2. batzordea

María del Pilar García Mayo

UK

Euskal Herriko Unibertsitatea

1. batzordekidea

Ordezko 2. batzordea

Magdalena Romera Ciria

UT

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

2. batzordekidea

Ordezko 2. batzordea

Carmen Muñoz Lahoz

UK

Bartzelonako Unibertsitatea

Lanpostu zk.: 4384.

ORDENA

BATZORDEA

IZENA

KAT.

UNIBERTSITATEA

Batzordeburua

Batzorde titularra

Miguel Richart Martínez

UK

Alacanteko Unibertsitatea

1. batzordekidea

Batzorde titularra

Almudena Sánchez Villegas

UK

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

2. batzordekidea

Batzorde titularra

Nuria Fabrellas Padres

UT

Bartzelonako Unibertsitatea

Batzordeburua

Ordezko 1. batzordea

Juan Diego Pedrera Zamorano

UK

Extremadurako Unibertsitatea

1. batzordekidea

Ordezko 1. batzordea

Carmen Ferré Grau

UT

Rovira i Virgili Unibertsitatea

2. batzordekidea

Ordezko 1. batzordea

Marta Elena Losa Iglesias

UK

Rey Juan Carlos Unibertsitatea

Batzordeburua

Ordezko 2. batzordea

José Miguel Morales Asencio

UK

Malagako Unibertsitatea

1. batzordekidea

Ordezko 2. batzordea

María Paz García Caro

UT

Granadako Unibertsitatea

2. batzordekidea

Ordezko 2. batzordea

Antonio Aguiló Pons

UK

Balear Uharteetako Unibertsitatea

Iragarkiaren kodea: F2215448