236. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

115/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 17koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez zabaltzen baita obra kontratuen prezioen ohiz kanpoko berrikuspenean kontuan hartu beharreko materialen zerrenda.

Nafarroako Foru Komunitatean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak hartzeko apirilaren 1eko 1/2022 Foru Lege-dekretuak 17. artikuluan ezartzen du onartzen ahal zaiola kontratistari obra kontratuen prezioen ohiz kanpoko berrikuspena egiteko aukera, erabilitako materialen kostuaren igoerak eragin zuzena eta nabarmena izan duenean kontratuaren ekonomian. Horretarako kontuan har zitezkeen materialak lau besterik ez ziren hasiera batean, begiratuta, batetik, material horiek kontratuen kostuen egituran duten parte-hartzearen tamainari eta, bestetik, materialen prezioek pandemia hasi ondoko hilabeteetan izan zuten ohiz kanpoko igoerari.

Horrez gainera, 1/2022 Foru Lege-dekretuak beste aukera bat ere aurreratu zuen, honakoa alegia: araua onartu arte prezioetan izandako ohiz kanpoko igoeren jatorrian zeuden arrazoien ondorioak, edo ustekabean gerta zitezkeen beste egoera batzuek sortutakoak, heda zitezkeela obra kontratuen kostuen egituran parte-hartze garrantzitsua duten beste material batzuen prezioetara; horren aurrean, 1/2022 Foru Lege-dekretuak aurreikusi zuen ezen, hori gertatuz gero, foru agindu baten bidez beste material batzuk gehitzen ahalko zirela zerrenda horretan, prezioen ohiz kanpoko berrikuspena onartzen ahal den erabakitzeko orduan.

2022ko abuztura arte prezioek izan duten bilakaerak agerian utzi du obra kontratuen kostuen egituran parte-hartze garrantzitsua duten eta foru lege-dekretuan jasotako hasierako zerrendan ez dauden beste material batzuen prezioek igoera nabarmenak izan dituztela arau hura onetsi zenetik.

Beraz, bidezkoa da arau horretan ezarritako materialen zerrenda zabaltzea, prezioen ohiz kanpoko berrikuspenerako kontuan hartu behar diren prezio igoerak izan dituzten materialak gehitzeko.

Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak baliatuz, Nafarroako Foru Komunitatean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak hartzeko apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuak 17. artikuluan, azken paragrafoan, ezarritakoarekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak hartzeko apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren 17. artikuluaren b) letraren arabera kontuan hartuko diren materialen zerrendari gehitzea honakoak: porlana, zeramikazko materialak, zura, plastikoak, produktu kimikoak eta beira.

2. Ezartzea zerrenda hori aplikatuko zaiela Nafarroako Foru Komunitatean Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko premiazko neurriak hartzeko apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuaren aplikazio esparruan sartuta dauden obra kontratu publiko guztiei.

3. Foru agindu hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuko Kontratazio eta Aseguruen Atalera eta Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta Nafarroako Gobernuko departamentuetako gainerako idazkaritza tekniko nagusietara, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 17an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2215400