1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
1034E/2022 EBAZPENA, urriaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita 45. Iraganbidearen trazadura aldatzea Urrotz-Hiriko 1/616 katastro-lurzatian.
Urrotz-Hiriko abelbideak administrazio egintza hauen bidez zehaztu ziren:
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2021eko martxoaren 10ean hartua, zeinaren bidez, Itzagaondoko, Urrotz-Hiriko, Longidako eta Agoizko udal-mugarteetako abelbideetako mugarriak sailkatzeko eta berritzeko eta haien inbentarioa egiteko proiektuan azaltzen diren zabalera, trazadura eta bestelako ezaugarri fisikoko abelbideak badirela adierazten baita. (2022ko 91. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 22koa).
2021eko apirilean, Urrotz Goiti SL (IFZ: B31699721) enpresaren jabe den Luis Alberto Iriarte Ciaurriz jaunaren proposamen bat jaso zuen Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, lur truke bat egiteko: Beortegiko NA-2328 errepideko granjaren parajean P-45 iraganbideko sektore baten eremuaren ordez (Urrotz-Hiriko 1/555 katastro-lurzatian dago eta eskatzailearena da), lursail baliokide bat jaso nahi du mugakidea den granja partikularraren finkan (herri bereko 1/616 lurzatian). Izan ere, bide segurtasuneko arazoak daude granjan sartzeko, abeltzaintzako instalazioen osasun legeriak ezarritako betebeharrak direla eta. Proposatutako trazadura-aldaketaren bidez akatsa zuzentzen da bi alderdientzat, Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen 10. artikuluaren babesean (trazaduraren aldaketa), atxikitako txostenean ezartzen den bezala, eta jabari publikoko ondasunaren izaera hobetzen da, abelbideen kasuan garrantzi handikoa baita; horregatik guztiagatik, P-45 Iraganbidearen zati horretarako proposatutako trazadura berriaren aldeko txostena ematen da.
Nafarroako Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legearen arabera, altxonbideek jabari publikoko ondasunen izaera dute. Hori horrela izanik, interes publikoko arrazoiengatik eta, salbuespen gisa eta behar bezala arrazoitu ondoren, interes partikularragatik ere, abelbide baten trazadura aldatzeko edo desbideratzeko baimena eman daiteke, baldin eta azaleraren osotasuna, ibilbideen egokitasuna, trazaduren jarraitutasuna, abereen pasaera eta jarduera horrexekin bateragarri eta osagarri diren gainerako erabilerak bermatzen baldin badira.
Premisa hori kontuan hartuta, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak, Nafarroako abelbideak kudeatzeaz arduratzen denak, zenbait baldintza ezarri ditu, P-45 Iraganbidearen trazadura berriak bete beharko dituenak. Abelbidea birjartzeko proiektuak biltzen eta betetzen ditu baldintza horiek. Aipatu proiektua onesteko eskaera egin da VP118-19 txostenean, jendaurrean jartzeko eta entzunaldia emateko tramiteak bete ondoren, 2020ko 90. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 30ekoan jakinarazita, eta inork alegaziorik aurkeztu gabe.
Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea 45. Iraganbidearen trazadura aldatzea Urrotz-Hiriko 1/616 katastro-lurzatian, erantsi den planoarekin bat.
2. Katastroari igortzea zein diren banandutako lurzatiak, abelbideen zati bihurtuko direnak, eranskin gisa atxikitako planoarekin bat.
3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen hau Basoen eta Ehizaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
5. Ebazpen hau Luis Alberto Iriarte Ciaurriz jaunari, Urrotz Goiti SL enpresari eta Urrotz-Hiriko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Aurrekoa gorabehera, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, beste arrazoi batzuetan oinarrituta, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Iruñean, 2022ko urriaren 20an.–Zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
Iragarkiaren kodea: F2214934