1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
382E/2022 EBAZPENA, urriaren 28koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa ez-funtsezkoa eta garrantzirik gabekoa egiteko ardogintzaren hondakinak prozesatzeko instalazio batean, Lizarrako udal mugartean, elektrizitatea sortzeko instalazio fotovoltaiko bat, autokontsumorako, muntatu eta abian jartzeko proiektua gauzatzeko. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas - Agralco da.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 16ko 1503/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren 542E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
2021eko otsailaren 16an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuaren aldaketa, elektrizitatea sortzeko instalazio fotovoltaiko bat, autokontsumorako, muntatu eta abian jartzeko proiektua gauzatzeko. Baimenerako eskaera horri uko egin zitzaion Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren azaroaren 25eko 422/2021 Ebazpenaren bidez, hirigintza arloko arrazoirik ez zegoela iritzita.
2022ko urtarrilaren 3an, titularrak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen 422/2021 Ebazpenaren kontra, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak baietsi egin zuen uztailaren 18ko 161E/2022 Foru Aginduaren bidez, eguzki instalazioa ezarri gogo den lur-eremua hiri lurzoruari gehitzea bideragarria ez izatea justifikatzen duten arrazoiak daudelakoan eta karbono gutxiko ekonomia sustatzeko helburuak lortzen laguntzen duen jarduera bat delakoan. Horrenbestez, foru agindu horretan zehazten diren argudioetan oinarrituta, bidezkoa da eskatutako aldaketa onestea.
Bestalde, 2020ko abenduaren 18an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak erabaki zuen aldaketaren proiektua sartuta dagoela Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 2C) eranskineko I) atalean eta, beraz, lege horren 25. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ingurumen ukipenetarako baimenaren araubidearen menpe dago; baimenean jasotako ondorioak ebazpen honen IV. eranskinean zehazten dira.
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehena.–Baimena ematea aldaketa ez-funtsezkoa eta garrantzirik gabekoa egiteko ardogintzaren hondakinak prozesatzeko instalazio batean, Lizarrako udal mugartean, elektrizitatea sortzeko instalazio fotovoltaiko bat, autokontsumorako, muntatu eta abian jartzeko proiektua gauzatzeko. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak berak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas - Agralco da.
Bigarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta kontuan hartuta ebazpen honen V. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Agrupación Alcoholera de Bodegas Cooperativas - Agralco sozietateari, Lizarrako Udalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2022ko urriaren 28an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2214505