235. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

241/2022 EBAZPENA, azaroaren 3koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, 2+3 Talentu Planaren ezaugarri orokorrak eta Nafarroako Foru Komunitatean onartu eta matrikulatzeko prozeduraren jarraibideak ezartzen dituena.

2021eko azaroaren 5ean, Hezkuntza Departamentuak hitzarmen bana sinatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin, xede harturik, batetik, lotura bat ezartzea unibertsitate horietan ematen diren unibertsitateko tituluen eta Nafarroako Foru Komunitatean ematen diren goi mailako teknikariaren tituluen artean, eta, bestetik, aipatu titulu horien artean kredituak aitortzea.

Aipatu hitzarmen horrek berariaz jasotzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak erdietsi duten akordioa, zeinaren arabera, ECTS kreditu kopuru bat aitortuko baitzaie goi mailako heziketa ziklo bat eta, hala badagokie, heziketa ziklo eta unibertsitateko gradu bakoitzerako zehaztutako prestakuntza osagarri bat gainditzen duten ikasleei. Kreditu kopuru hori izanen da hitzarmenean lotzen den eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ematen den graduko ikasturte bateko ECTS kreditu guztiak adina.

2+3 Talentu Plan hori honako ikasketa bikote hauetarako zehaztu da: "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako heziketa zikloa eta "Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza" unibertsitateko gradua, eta "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako heziketa zikloa eta "Lan harremanak" unibertsitateko gradua. Bi kasuetarako prestakuntza osagarri bat ezarri da: "Marketina eta Publizitatea" goi mailako zikloaren bi lanbide modulu.

Horregatik guztiagatik, 2+3 Talentu Planaren araudia eta eskaintza ezarri behar dira ikasturte bakoitzerako, baita plan horretan eskaintzen diren plazen onarpen jarraibideak ere. Ondorioz, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren aldeko txostena ikusita, eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuan esleitutako ahalmenei jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

1. 2+3 Talentu Planaren prestakuntza osagarriaren ezaugarri orokorrak ezartzea, ebazpen honen 1. eranskinean ezartzen diren oinarriekin bat.

2. 2+3 Talentu Planaren prestakuntza osagarriko onarpen prozeduraren jarraibideak onestea, ebazpen honen 2. eranskinean ezarritakoaren arabera.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

5. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko azaroaren 3an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

2+3 Talentu Plana. Ezaugarri orokorrak

1.–Definizioa.

"2+3 Talentu Plana" Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren artean izenpetutako hitzarmenaren emaitza den prestakuntza ibilbidea da. Horretan, "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako heziketa zikloa eta prestakuntza osagarria ("Marketina eta Publizitatea" goi mailako heziketa zikloko bi modulu) Nafarroan bukatzen duten ikasleek, NUPen plaza lortzen badute "Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza" edo "Lan Harremanak" unibertsitateko gradua egiteko, 180 ECTS kreditu egin beharko dituzte bakarrik, eta ez graduak dituen 240 ECTS kredituak; izan ere, 60 ECTS kreditu aitortuko zaizkie.

2.–Hartzaileak.

"2+3 Talentu Plan" hau Nafarroako ikastetxe publiko edo itundu batean "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako heziketa zikloaren lehen eta bigarren ikasturteak egiten ari diren eta, amaitu ondoren, "Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza" edo "Lan Harremanak" unibertsitateko gradua Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin nahi duten ikasleei zuzentzen zaie.

3.–Egitura edo sekuentziazioa.

1. "2+3 Talentu Planak" honako osagai hauek ditu:

–"Administrazioa eta Finantzak" goi mailako heziketa zikloa.

–Eta prestakuntza osagarri bat, "Marketin eta Publizitatea" goi mailako heziketa zikloko bi lanbide moduluz osatua: "0930. Marketin politikak" eta "1109. Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea".

2. Osagarriaren sekuentziazioa honako hau da:

–"0930. Marketin politikak" lanbide modulua "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako heziketa zikloko lehen ikasturteko ikasleek eginen dute.

–"1109. Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea" lanbide modulua "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako heziketa zikloko bigarren ikasturteko ikasleek eginen dute.

4.–Modalitatea eta erreferentziazko lanbide heziketako ikastetxea.

1. Prestakuntza osagarriaren bi moduluak online modalitatean eginen dira, ikaskuntza plataforma birtual baten bidez. Plataforma hori Nafarroako LH online modalitatean erabiliko da.

Ikaskuntza plataforma birtual horretan, ikasle talde bakoitzak tutore bat edo ikasketa prozesua gidatuko duen irakasle-tutore bat izanen du.

2. Prestakuntza osagarriaren moduluak gaztelaniaz irakatsiko dira.

3. Prestakuntza osagarriaren bi modulu profesionalak online irakatsiko dira Iruñeko María Ana Sanz Ikastetxe Integratuan.

4. Ikasleak aldi berean egonen dira matrikulatuta "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako zikloa egiten ari diren lanbide heziketako ikastetxean eta prestakuntza osagarria egiten ari diren María Ana Sanz IBn.

5.–Titulazioa.

1. Lortzen den titulazioa egiten ari diren goi mailako zikloari dagokiona da, hau da, Administrazioa eta Finantzetako teknikari titulua.

2. Horrez gainera, María Ana Sanz IBk emandako ziurtagiri akademikoa eskuratuko da eta, horretan, gainditutako "Marketina eta Publizitatea" goi mailako zikloko lanbide moduluak agertuko dira: "0930. Marketin politikak" eta "1109. Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea".

6.–2+3 Talentu Plana gainditzeak Nafarroako Unibertsitate Publikoan plaza eskuratu ondoren dituen efektuak.

1. 2+3 Talentu Plana gainditzeak (Administrazioa eta Finantzetako goi mailako teknikaria eta gainditutako prestakuntza osagarriaren ziurtagiri akademikoa) ez du ondoriorik izanen Nafarroako Unibertsitate Publikoko onarpenerako prozedurari dagokionez.

2. 2+3 Talentu Plana gainditu duten eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren dagokion onarpen prozesuan parte hartu ondotik, "Enpresen Administrazioa" edo "Lan Harremanak" graduetan plaza eskuratu duten ikasleei graduko ikasturte akademiko baten kreditu kopuru baliokidea aintzatetsiko zaie, aipatutako bi titulazioetan, matrikula egiten duten graduaren arabera.

7.–Prestakuntza osagarria gauzatzea.

1. "0930. Marketin politikak" lanbide modulua gainditzeak "UC2185_3: marketin politikak eta planak zehazten eta jarraipena egiten laguntzea" gaitasun unitatea ziurtatzen du.

"UC2185_3: marketin politikak eta planak zehazten eta jarraipena egiten laguntzea" gaitasun unitateak prestakuntza modulu bat du loturik (MF2185_3: marketin politikak), 3. mailako "Marketin eta komunikazioaren kudeaketa" profesionaltasun ziurtagirian integratua; azken horrek 100 orduko iraupena du.

"0930. Marketin politikak" lanbide moduluaren garapena aipatu moduluaren oinarrizko edukietara moldatu behar da eta, irakaskuntzan eta ikasleen lan kargan, bat etorri behar du "MF2185_3" prestakuntza moduluko ordu kopuruarekin, bermatuz hura gainditzen duten ikasleek "UC2185_3: marketin politikak eta planak zehazten eta jarraipena egiten laguntzea" gaitasun unitatea ziurtatzen dutela.

2. "1109. Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea" lanbide modulua gainditzeak "UC2186_3: merkatuan produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea eta ezartzea kudeatzea" gaitasun unitatea ziurtatzen du.

"UC2186_3: merkatuan produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea eta ezartzea kudeatzea" gaitasun unitateak prestakuntza modulu bat du loturik (MF2186_3: produktu eta zerbitzuak merkaturatzea eta ezartzea), 3. mailako "Marketin eta komunikazioaren kudeaketa" profesionaltasun ziurtagirian integratua; azken horrek 90 orduko iraupena du.

"1109. Produktu eta zerbitzuak merkaturatzea" lanbide moduluaren garapena aipatu moduluaren oinarrizko edukietara moldatu behar da eta, irakaskuntzan eta ikasleen lan kargan, bat etorri behar du "MF2186_3" prestakuntza moduluko ordu kopuruarekin, bermatuz hura gainditzen duten ikasleek "UC2186_3: merkatuan produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea eta ezartzea kudeatzea" gaitasun unitatea ziurtatzen dutela.

8.–Prestakuntza osagarriaren ebaluazioa.

1. Ebaluazioa bat etorriko da 21/2019 Foru Aginduan, martxoaren 5ekoan, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautzen dituenean, ezarritakoarekin.

2. "0930. Marketin politikak" modulua egin duten eta gainditu ez duten ikasleak berriro matrikulatzen ahalko dira hurrengo ikasturtean, berriro egiteko, "Administrazioa eta Finantzak" zikloko lehen edo bigarren mailan matrikulatuta dauden axola izan gabe.

3. "1109. Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea" modulua egin duten eta gainditu ez duten ikasleak hurrengo ikasturtean matrikulatzen ahalko dira, eta berriro egin, "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako zikloko bigarren mailan matrikulatuta egon zein hori gaindituta izan (kasu honetan, ez du egon behar Nafarroako Unibertsitate Publikoko "Enpresen Administrazioa" graduan matrikulatuta, ezta "Lan Harremanak" graduan ere).

4. Ikasle batek "Administrazioa eta Finantzak" zikloa gainditzen badu eta ez badu gainditzen "2+3 Talentu Planeko" prestakuntza osagarriko lanbide modulu bat edo biak, ez da atxikitzen ahalko eranskin honen 3.2. Oinarrian xedatutako ondorioetara.

2. ERANSKINA

2+3 Talentu Plana. Onarpenerako prozedura

1.–Plaza kopurua.

Ikasturte bakoitzerako, oro har, 60 plaza berri eskaintzen dira, 30 ikasleko 2 taldetan antolatuta, gehi ikasle errepikatzaileak, "0930. Marketin politikak" lanbide modulurako, eta 60 plaza "1109. Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea" lanbide modulurako, 30 ikasleko 2 taldetan antolatuta, gehi ikasle errepikatzaileak.

2.–Onartzeko irizpideak.

1. "0930. Marketin politikak" lanbide modulurako eskaintzen diren 60 plazak honela banatzen dira:

a) A taldea: hiru plaza, "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako zikloa eskaintzen duten ikastetxe publiko zein itunduetako talde bakoitzerako.

b) B taldea: gainerako plazak "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako zikloa egiten ari diren eta A taldean plazarik eskuratu ez duten ikasle guztiei eskainiko zaizkie.

2. A taldeko plazetan onartzeko irizpideak:

"Administrazioa eta Finantzak" egiten ari den ikasle talde bakoitzeko, lehentasun zerrenda zikloko sarbide nota kontuan hartuta eratuko da (dagokion onarpen prozesuan erregistratua), sarbide nota altuenetik baxuenera antolatuta.

Sarbide notan berdinketarik egonez gero, dagokion ikasturteko onarpen prozesuan erabilitako zozketaren emaitza erabiliko da.

Talde bakoitzeko plazak lehentasun zerrendako lehen hiru postuetan dauden hiru pertsonei esleituko zaizkie.

Hiru plaza horietakoren bat ez bada estaltzen, honela jardunen da:

–Ikastetxean "Administrazioa eta Finantzak" egiten ari den beste talde bat badago, plaza hutsa (edo plaza hutsak) beste taldeko hiru plazei gehituko zaie.

–Ikastetxean ez badago "Administrazioa eta Finantzak" egiten ari den beste talderik, edo ezin bada plaza eman, B taldeko plazei gehituko zaie.

3. B taldeko plazetan onartzeko irizpideak:

Izena emanda dagoen eta A taldean plazarik lortu ez duten ikasle guztiek onarpen talde bakarra sortuko dute. Hori zikloko sarbide nota kontuan hartuta eratuko da (dagokion onarpen prozesuan erregistratua), sarbide nota altuenetik baxuenera antolatuta.

Sarbide notan berdinketarik egonez gero, dagokion ikasturteko onarpen prozesuan erabilitako zozketaren emaitza erabiliko da.

Plazak lehentasun zerrendako lehen postuetan ageri diren pertsonei esleituko zaizkie, B talde horretako plaza guztiak estali arte.

4. "1109. Produktuak eta zerbitzuak merkaturatzea" lanbide modulurako eskaintzen diren 60 plazak honela banatuko dira:

a) A taldea. "0930. Marketin politikak" lanbide modulua egin eta gainditu duten ikasleek betetzeko plazak.

b) B taldea. "0930. Marketin politikak" lanbide modulua egin eta gainditu ez duten ikasleek, "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako zikloko 2. mailan izena emanda daudenek, betetzeko plazak.

c) C taldea. Gainerako plazak. Onartzeko irizpideak oinarri honetako 3. apartatuan aipatutakoen berdinak izanen dira eta, lehentasun zerrenda ezartzeko notatzat, "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako zikloaren lehen mailan lortutako batez besteko nota erabiliko da, ziklora sartzeko nota erabili ordez.

3.–Eskabidea eta matrikula.

1. Izena emateko eskabidea ikaslea adierazten den ikasturte akademikorako izena emanda dagoen ikastetxeko administrazio bulegoetan entregatuko da, webgunean ageri den ereduarekin bat: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/formacion-profesional/plan-talento-2-3

Ikastetxeek Lanbide Heziketa Antolatzeko Atalera bidaliko dituzte "2+3 Talentu Planean" izena emateko eskabideak, helbide elektroniko honetara: ordenafp@navarra.es.

2. Onartutako pertsonen zerrendak osatzeko, ebazpen honetako 2. eranskineko 2. oinarriko irizpideak aplikatuko dira, aipatu webgunean argitaratuko dira eta ikastetxeei jakinaraziko zaizkie.

3. Onartutako pertsonak ofizioz matrikulatuko dira "2+3 Talentu Planari" dagozkien moduluetan Iruñeko María Ana Sanz IBn.

Iragarkiaren kodea: F2214610