235. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

153/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 16koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Mikel Bezunartea Pasquel jauna Kontrol eta Kalitate Bulegoko buru izendatzen duena bitarte baterako.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen duenez, ataletako eta bulegoetako burutzak bitarte baterako bete daitezke, organo eskudunak egindako izendapenaren bidez; burutza horiek betetzen dituztenek nahitaez Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak edo hari atxikiak izan beharko dute.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, kasuan kasuko unitate organikoa zein departamenturi dagoen atxikirik, departamentu horren titularrak eginen ditu bitarte baterako izendapenak, funtzio publikoaren arloan eskudun den departamentuak aldeko txostena eman ondoren.

2022ko azaroaren 10ean Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak aipatu txostena eman du; beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak baliatuz,

AGINTZEN DUT:

1. Mikel Bezunartea Pasquel jauna, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa, Kontrol eta Kalitate Bulegoko buru izendatzea bitarte baterako.

2. Foru agindu hau jakinaraztea interesdunari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, departamentuko Langileria Bulegoari eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 16an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2215301