234. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1115E/2022 EBAZPENA, urriaren 28koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen eraginaren adierazpena ematen duena Lezaungo Zarraldabe parajean kokatutako oilasko gizendegia 46.000 plazatik 123.000 plazara handitzeko proiekturako; Ion Díez de Ulzurrun Ochandorena da proiektuaren sustatzailea.

Proiektuaren ezaugarrien arabera, proiektua sartzen da Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinean, 1. taldeko a) 2 epigrafean. Beraz, xedapen horretan ezarritakoarekin bat, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete behar du proiektuak.

Era berean, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko testu bateratua onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskinean, 9.3.a) kategorian, sartzen direnetakoa da proiektua, eta, beraz, ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.

Ingurumen ebaluazioaren prozeduraren laburpena:

2020ko abuztuaren 20an, proiektuaren titularrak ingurumen baimen integratuaren eskaera aurkeztu zuen, eta ingurumen eraginaren azterketa eta eskatutako gainerako dokumentazioa aurkeztu zituen horrekin batera.

2020ko irailaren 14an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak jendaurrean jarri zituen ingurumen eraginaren azterketa eta ingurumen baimen integraturako aurkeztutako gainerako dokumentazioa 30 egunez (207. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta), eta eragindako administrazio publikoei kontsulta egin zien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Jendaurreko aldian ez da alegaziorik jaso.

Ukitutako administrazio publiko gisa, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Ingurumen Eraginaren Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Abere Ekoizpenaren Atalari (Abeltzaintza Zerbitzua), Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia) eta Lezaungo Udalari. Espedientean honako hauen erantzunak ageri dira: Ingurumen Eraginaren Atala, Lurraldearen Antolamenduaren Atala, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala eta Abere Ekoizpenaren Atala (Abeltzaintza Zerbitzua) eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala (Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia). Bidenabar, kontsulta egin zitzaien zazpi pertsona interesduni, eta ez da haien erantzunik jaso.

Ebazpen honen eranskinetan jaso dira ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten eta jendaurreko informazioko aldiaren emaitzen laburpenak.

2021eko maiatzaren 19an, proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zion titularrak Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. 2021eko maiatzaren 21ean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak Biodibertsitatearen Zerbitzuari bidali zion espedientea, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 19. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, azterketa teknikoa egin eta ingurumen eraginaren adierazpen arrunta eman zezan.

2021eko maiatzaren 31n Biodibertsitatearen Zerbitzuak errekerimendua bidali zion organo eskudunari, 21/2013 Legeak 40. artikuluaren 1. apartatuan ezartzen duenarekin bat etorriz, sustatzaileak ingurumen eraginaren azterketa zuzendu dezan, kontsulten eta jendaurreko informazioaren tramitean emandako txostenen edukia azterlanean jasotzea justifikatuz. 2021eko urriaren 26an titularrak eskatutako informazioa entregatu zuen.

2021eko azaroaren 26an, sustatzaileak justifikazio dokumentazio berria gehitu zuen, jarduera kontrolatzeko ingurumen jarraibideak eta neurri zuzentzaileak hartu izana justifikatzeko. 2022ko apirilaren 8an, sustatzaileak azken dokumentazio eranskina jaso zuen (III. eranskina). Horretan, proiektuaren zuzenketak jaso zituen, paisaia integraziorako eta instalazioa lurraren morfologiara egokitzeko eskatzen ziren hobekuntzak asetzeko.

Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa:

Gaur egungo nabea eta proiektatutako handitzea Lezaundik hurbil dago, NA-7330 errepidearen (Hiriberri Deierri-Lezaun) PK 29ren parean, eta herri horretara sartzeko aukera ematen du. Ustiategia barne ibarreko hondo txiki batean ezartzen da. Hori zerealez beteta eta artadiz estalitako hegalekin mugatuta dago, eremu karstikoan, Andia mendilerroaren hegoaldeko mendi-adarrean.

Ingurumenaren integrazioari dagokionez, ez da ukipen nabarmenik identifikatu natura ingurunearen edo habitaten balioetan. Lur-berdinketak labore lurrak okupatuko ditu, eta nabeen lerrokadurak lurzatiaren forma luzangari jarraitzen dio. Lur-berdinketak ezpondak sortuko ditu bi muturretan, okupazioa ekialderantz luzatuz, albo malda arinarekin, mutur horretan mailakatuta jarriko diren bi nabe berri egonen direlako.

Ustiategiak hornidura elektrikoa du, aireko linea baten deribazioaren bidez. Linea hori Nafarroak 1432/2008 Errege Dekretua betetzeko deklaratutako babes eremuen barruan dago. Dekretu hori berariaz baimendu zen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren urtarrilaren 3ko 4E/2019 Ebazpenaren bidez, ingurumen ukipenak baimentzeko, eta hegaztiak babesteko neurriak barne hartzen ditu. Halaber, ur hornidura du. Proiektuak pantaila bidezko paisaia integrazioko neurriak onartu ditu, ebazpen honen baldintzetan indartzen direnak.

Ingurumen eraginaren azterketaren berrikuspenetik ikusten da, baliabideen kontsumoari, usainak ekoiztearen kontrolari eta airearen kalitateari loturiko ondorioez gainera, eta lurzoru eta uren kutsadurari loturikoez gainera (alderdi horiek ingurumen baimen integratuaren espedienteak ebaluatzen dira), gauean argia igortzen dela zerurantz eta paisaia aldatu egiten dela.

Espedientearen ingurumen eraginaren azterketa teknikoaren ondoren (bertan ebaluatu dira proiektuaren ingurumen ondorioak), Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi du ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura zuzen gauzatu dela eta jarduerak edo obrek ez dutela inpaktu larririk sortuko ingurumenean, behin ingurumen eraginaren azterketako neurri zuzentzaileak, ingurumen ebaluazio honetatik ondorioztatzen diren neurriak eta baimen substantiboan (ingurumen baimen integratua) jasotzen diren neurriak aplikatzen direnean.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren aldeko adierazpena ematea Lezaungo Zabarralde parajean kokatutako oilasko gizendegia 46.000 plazatik 123.000 plazara handitzeko proiekturako; Ion Díez de Ulzurrun Ochandorena da proiektuaren sustatzailea.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, baita honako baldintza hauek betez ere:

–Instalazioaren integrazio estrategia gisa, instalazioko elementuak naturalizatzen edo ezkutatzen dituzten landaketak eginen dira, honako hauekin bat:

–Lehendik dagoen nabearen mendebaldeko alboko landaketa sendotu eginen da, eta instalazio berari atxikiko zaio. Horren hazkunde abiadurak eta tamainak NA-7330 Hiriberri Deierri-Lezaun eta NA-120 Lizarra-Beasain errepideetatik ezkutatzea erraztuko du, handik ongi ikusten baita.

–Landaketa horrek, aurreikusten den azken nabearen ekialdeko ezpondan errepikatuko denak, edo gauzatuko den zabaldegiaren ekialdeko ertzean, beharrezko ureztatzea eta zaintzak jasoko ditu, jardueraren bizitzan zehar behar bezalako ezarpena eta garapena bermatzeko. Sustatzaileak landare iraunkorrak hobesten dituenez, pantailetan gurbitza (Arbutus unedo) edo ereinotza (Laurus nobilis) jartzea proposatzen da, hots, inguruko baldintzetara egokitutako espezieak.

–Halaber, dokumentazioaren III. eranskinean aurreikusitakoarekin bat, maniobrako zabaldegiaren kanpoko aldean (hormigoitua) landaketa eginen da, linearen galiboan sartu gabe.

–Ur andela instalazioaren atzeko aldean kokatuz gero, ez da gaindituko nabeen behar-beharrezko garaiera, eta paisaian integratzeko berezko neurriak hartu beharko dira andela pantailatuko duten landaketen bidez.

–Argi kutsadura, argi arrotza eta faunaren gaineko ukipena murrizteko, bete beharko da Kanpo argiteriako instalazioetako eraginkortasun energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa, eta, zehazki, honako hau:

  • Goiko hemisferioaren gehieneko fluxuak, argi puntuek emandakoak, % 5 edo gutxiago izanen dira kanpoko argiteriako argi puntu guztietarako (EA-03 jarraibide tekniko osagarria, 1.1 apartatua. Argi emisioen mugak.
  • Proiektuan argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argien kasua, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhin luzeren erradiazioa iragaztea.

Bestalde, kanpoko argiztapena erabiliko da behar diren lanorduetan edo lanetan, eta gainerako denboran itzalita egon beharko da.

Obrak egitean hartu beharreko neurriak:

–Lur-berdinketan ezpondak integratzeko neurriak aplikatu beharko dira, 2022ko apirileko dokumentazioko III. eranskinean jasotakoarekin bat; hor, hain zuzen ere, nabeak mailaka antolatzea aurreikusten da, lurraren maldara egokitzeko eta horien atzeko aldean dagoen zabaldegia laburtzeko.

–Halaber, aurreikuspen horrekin bat etorriz, lur-berdinketako ezponda zuzenduko da lehendik dagoen nabearen atzealdean, eta lurzatiaren hego-ekialdeko hegaleko hondeaketa mugatu eginen da nabe berriak sar daitezen, eremu horretan zabaldegirako aurreikusitako murrizketa aintzat hartuta.

–Hondeaketa berrian, albait ezponda zabalera sortze aldera, hegalaren buruan dagoen material soltea taluzatu eginen da, egungo hondaketa kota gainditu gabe nabeen atzealdean. Mailakatze hori egiteko, halaber, lehendik dagoen nabeko zulo hondeatura lurrak ekarriko dira, profila berreskuratzeko. Proiektuan aurreikusitakoarekin bat, ebaketa eta lubetetako ezpondek 4 metrotik beheitikoak izan beharko dute, ez 3H:1V baino bertikalagoak, eta azkenean landare lurrez estaliak, landa lurrez ereintzarekin landareztatu aurretik.

–Egokitzapena egiteko edo betegarri gisa erabiltzeko eraikuntza edo eraispen lanetako hondakin geldoak obran erabiltzeko, aldez aurretik tratatu eta sailkatu egin beharko dira. Balorizazio eragiketa hori kudeatzaile baimendu baten bidez egin beharko da.

–Obretatik ateratako landare lurra (lurzoruaren azaleko horizonte emankorra) obrek ukitutako azalerak lehengoratzeko erabiliko da, landaketak errazteko. Landare lurren soberakinak lurzatitik kanpo eramanez gero, kokatzen diren lurrarekiko etenune nabarmenik ez sortzeko moduan banatuko eta profilatuko dira.

–Instalazio berean erabiltzen ez diren hondeaketa lur ez-emankorrak eta obra hondakinak baimendutako biltegi batera eraman beharko dira, edo kudeatzaile baten esku jarri, haien izaeraren arabera.

Ingurumen eraginaren adierazpenaren segimendu neurriak:

–Instalazioa abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu titularrak:

  • Ezarritako zuzenketak ziurtatzen dituzten lehengoratze jarduketei eta instalazioa paisaian integratzeko landaketen osaerari eta egoerari buruzko txostena, baimen honetan ezarritakoaren arabera.

Gauzatze datak direla eta, baimenean aurreikusitako landaketak ez badira egin irekiera egunerako, gauzatzeko konpromisoa eta egiaztagiriak aurkezteko epea hurrengo aldira eramanen ditu txostenak, data zehatzak ezarriz.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik paratzen ahalko, hargatik eragotzi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari eta basozainei jakinaraztea (Lizarra iparraldeko demarkazioa), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 28an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Lezaungo 3. poligonoko 16. lurzatian (307 eta 308. lurzati zaharrak elkartu zirenean sortu zen, lehen nabea baimendu zenean), oilasko gizendegia handitzea proiektatu da, 46.000 plazatik 123.000 plaza izatera igarotzeko, herri horretatik 500 bat metrora, mendebaldean. Horretarako, bi nabe berri eraikiko dira, egun dagoenarekiko lerrokatuta ekialdean; halaber, zabaldegia luzatuko da, itxitura eginen da eta zuzkidura zein hornidura elektrikoko zerbitzuak zabalduko dira instalazioaren zati berrira.

Behin zerbitzuan jarritakoan, jarduerak 3 nabe izanen ditu, 145, 140 eta 105 metrokoak, bi isurkiko estalkiaren gailurrerainoko 4,4 metroko altuerakoak, % 20ko maldarekin Nabeek 18 metroko zabalera izanen dute, lehen bien kasuan, eta 17 eta 13 metro bitarteko zabalera aldakorra, hirugarrenak, alakatuta izkinetako batean, lurzatiaren formara egokitzeko.

Nabeek halako instalazioen berezko ekipamendu teknologikoa dute: aireztapen behartua, eguraste panelen bidezko klimatizazioa fatxadan, gas naturaleko erregailuak, argiztapena eta pentsu zein ur hornidura automatizatua. Lehendik dagoen nabeak bi lokal tekniko ditu fatxada nagusian. Horietan, larrialdietarako sorgailua, kontrol elektrikoko koadroak, egongela eta aldagelak daude; beste bi nabeek lokal tekniko bana izanen dute.

Nabe berriak jartzeko, zabaldegia mendebaldetik eta hegoaldetik handituko da, eta 17.535 m²-ko azken okupazioa izatera iritsiko da; horietatik 14.737 m² zabaldegiari eta nabeei dagozkie, eta 1.300 m² ezpondek edo berdintzeko betelanek okupatutako azalerari; gainerakoa urbanizatu gabe geratuko da. Oro har, estalkipean eraikitako azalera 6.900 m² da eta zoladuraz iragazgaiztutako eremua, 2.500 m². Zabaldegien mailakako berdintze lanaren ondorioz, nabeak paraleloki lerrokatuta egonen dira, luzetarako ardatza ipar-ekialde hego-ekialde norabidean orientatuta. Puntu horietan ebaketa lubetak egonen dira, eta betegarrikoak, erdigunean, 18 eta 59 metro bitarteko banaketa distantziarekin, zabaldegia irekitzen den errepidetik. Lur soberakinak lurzatian bertan zabalduko dira.

Instalazioak Jurramendiko Mankomunitatearen ur sarearekiko loturaren bidez lortzen du hornidura. Sare hori errepidearekiko paralelo doa eta hornidura elektrikoa, berriz, airetiko deribazio baten bidez. Azken euskarriak trasformadorea du lurzatiaren barruan.

Jarduera oilaskoak 50 gramotik 2,5 kg-ra gizentzean datza; hiltegian sartu eta handik irteteko bidea dago, eta 45 eguneko gizentze ziklo bakoitzaren ondoren, nabeen huste sanitarioa eta garbiketa egiten da. Orduan, ohantzea eta simaurra kudeatzaile baimendu batek kentzen ditu. Urtean 5,75 ziklo inguru daude. Hilotzak kudeatzaile baimendu batek kudeatzen ditu.

II. ERANSKINA

Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidearen laburpena - Jendaurreko informazioa

Hona hemen izapide horretan kontsultatutako erakundeen eta jasotako erantzunen gaineko laburpena:

Kontsultatutako erakundeen eta interesdunen erantzunen zerrenda:

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala

X

Abeltzaintza Zerbitzuko Animalien Ekoizpenaren Atala

X

Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atala

X

Ingurumen Eraginaren Atala

X

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia

X

Lezaungo Udala

Lurra, lurraren defentsaren aldeko elkartea.

Ekologistak Martxan Iruña

Ecologistas en Acción

Gurelur

Sustrai Erakuntza fundazioa

Greenpeace Espainia

SEO/BirdLife

Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala, informazio soil gisa, hirigintza eta lurralde plangintzari buruzko gogoeta batzuk eman ditu; horien gainean, LAP4 "Erdialdeko Eremuak" lurralde antolamenduko planak, udalerria barnean hartzen duenak, murrizketa batzuk egiten ahal ditu, lurzoruaren sailkapenaren arabera, babes bereziko eremuetan eta arrisku naturalak izateagatik babestu beharreko lurzoruetan. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina aplikatzeak ezarriko lituzkeen betebeharrak ere jaso dira txostenean: instalazioa ingurunera egokitzeko betebeharra betetzea, eraikuntzaren gehieneko altuera eta bide publikoetarako distantziak. Txostenak dio, halaber, proiektuak kontuan hartu beharko duela udalez gaindiko plan eta/edo proiektu sektorialekin bat egitea. Ildo horretan, NA-7330 Hiriberri Deierri-Lezaun errepidearen ondoko lurzatia ustiapenerako sarbidea denez, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren txostena/baimena beharko da.

Lezaungo hirigintzako udal plangintzari dagokionez, adierazten da, ezen, nahiz eta 1981eko lurzorua lurzoru urbanizaezinean mugatzeko proiektua duen udalerriak baimengarritzat jotzen dituen finkaren izaerarekin eta xedearekin zerikusia duten nekazaritza edo abeltzaintza ustiategietarako eraikuntzak, aurreikusitako instalazioa baimengarritzat hartzen ahal dela.

Azkenik, proiektuak hirigintzako izapidetzean bete beharko dituen baldintzak aurreratu dira, baita beste baldintza batzuk ere, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginari eta lurraldearen antolamenduaren arloko araudiari lotuak; eta ukipen sektorialak direla eta titularrak egoki diren txostenak eskatu behar dituela adierazi da.

Abeltzaintza Zerbitzuak jarduerari aplikatzen zaion sektore araudia jakinarazi dio titularrari eta ondorioztatu du, kontsulta ezartzen den izapidetze faserako, arrisku epidemiologikoak aztertuz eta martxoaren 20ko 31/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluan aurreikusitako baldintzak baloratuz (abeltzaintzako ustiategien arteko distantziak malgutzea ahalbidetzen dute), zerbitzu honen txostena aldekoa dela, eta instalazioari % 7ko distantzia murrizketa aplikatzen ahalko zaiola, gehienez ere.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak baieztatu du proiektuak betetzen dituela ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituenean, ezarritako kokapen baldintzak. Halaber, jakinarazi du proiektuak justifikatu beharko duela betetzen direla etxeko hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako ezarritako Teknika Erabilgarri Onenak (TEO); horretarako, inprimaki bat eta azalpenen gida dokumentu bat eman ditu, eta titularrak inprimaki hori bete beharko du abeltzaintza sektoreko TEO horiek betetzen dituela justifikatzeko.

Ingurumen Eraginaren Atalak proposatzen du, eraginak ebaluatzearen ondorioetarako, azterlanak ezarpen berriko jardueratzat trata dezala proiektua, instalazioaren dimentsioa eta ezaugarriak osorik hartuta, eraikitako zatirako izan ezik, azken horretan, hartutako neurrien eraginkortasuna ebaluatu beharko baita. Halaber, adierazten du azterlanak kapitulu bat izan beharko duela nabeen kokapen eta dimentsioetarako alternatibak aztertzeko, kontuan hartuta Zabarralde parajean duen paisaia eragina aintzatetsi beharreko alderdi nagusietako bat dela.

Ezartzen du, dokumentu horretan, usainek Lezaungo biztanleengan duten eragina zehaztu behar dela, eta, ikuspegi formaletik, lehengaiak, ura, lurzorua eta energia kontsumitzeak eta jarduera ezartzeak klima aldaketan duen eragina aztertu behar direla, baita arriskuen azterketa egin ere. Jotzen du azterlanak kapitulu bat izan beharko duela lurren balantzearen zenbatespenarekin eta ebaketa ezponden deskribapen geometrikoa eta ebaketa eta lubeta ezpondak lehengoratzeko hartuko diren neurriak barne hartuta, eta hautatutako alternatibarako, instalazioak paisaian duen eragina aztertuko du. Analisi horretarako, ibar hondoaren gaineko korridore linealaren esparru eszenikoa, behaketa puntuak eta instalazioen dimentsioa hartuko dira kontuan.

Azkenik, jakinarazten du ingurumen gaiko kartografia berria eman beharko dela, azalera finkatuak beren azken erabileraren arabera identifikatuko dituena (eraikinak, zabaldegiak, errepideak, ezpondak, lorategiak eta ingurumen integraziorako tratamendua duten azalerak eta abar), baita euri urak husteko soluzioa eta landaketen diseinua ere; horien aurrekontua proiektuaren aurrekontu orokorrean sartuko da.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak jarduketaren aldeko txostena eman du, ez baitago jasota handitzeko proiektatu den eremuko lurzatietan katalogatutako aztarnategi arkeologikorik dagoenik. Hala ere, jakinarazi du lanak egin bitartean aztarna arkeologikorik aurkituz gero, ez ukitzeko eta agintaritzari komunikatzeko legezko betebeharrak daudela.

III. ERANSKINA

Ingurumen eraginaren azterketaren laburpena eta zaintza plana

Tramitazioan jaso da ingurumen eraginaren azterketa bat, handitze proiekturako ingurumen baimen integratuaren eskabidean aurkeztutako dokumentazioarekin koherentea, ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten izapidean emandako informazioa barne hartzen duena, eta ingurumenaren ikuspegitik aukera onuragarriagotzat jotzen duena lehendik dauden instalazioak handitzea.

Azterlanean alderdi garrantzitsuak jasotzen dira, eta proiektuak ezartzean eta funtzionamenduan jartzean izaten ahal dituen eraginak identifikatzen eta deskribatzen ditu, proiektuaren ingurumen integrazioa bermatzeko neurriak ezarriz. Neurriok, alde batetik, prebentziozkoak dira, obren ukipena proiektuaren esparru hertsira mugatzeko, eta abian egon bitartean ingurumen eragina txikiagotzeko teknika erabilgarri onenen aplikazioa ere jasotzen da; besteak beste, nagusiki landaketen bidez eginen den instalazioaren paisaia integrazioaren kapituluari buruzkoak.

Azterlanean, era berean, ingurumen zaintzako plan bat dago, eta bertan daude jasota proiektuaren inpaktu nagusien jarraipen eta kontrolerako betebeharrak, nagusiki, jardueraren funtzionamendu faseari eragiten dietenak.

Iragarkiaren kodea: F2214504