234. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1050E/2022 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren aurkako adierazpena egiten baita proiektu honi buruz: ustiapen proiektua, A atalean, "Alberto meatzea" izeneko harrobian kareharriak aprobetxatzeko, Aldatzen (Larraun). Horgobisa SL da sustatzailea.

Proiektua sartua dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 3. Multzoaren h) letran, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua egin zitzaion. Prozedura horretan, ingurumen eraginaren txostena egin zen, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 509E/2020 Ebazpenaren bitartez, eta ezarri zen proiektuak efektu esanguratsuak izaten ahal zituela ingurumenaren gainean eta, hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zitzaiola, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluaren 2a apartatuarekin bat etorriz. Ebazpen honen I. eranskinean proiektuaren laburpen bat ageri da.

21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Horgobisa SL enpresak 2020ko urriaren 30ean aurkeztu zizkion proiektua, ingurumen eraginaren azterketa eta lehengoratze plana organo eskudunari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua), eta organo horrek jendaurrean jarri zituen 283. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2020ko abenduaren 4koan, argitaratutako iragarkiaren bidez, 30 egun balioduneko epean, honako hauetan ezarritako ondorioetarako: Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea eta Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretua. Jendaurreko informazioaren aldi horretan, ebazpen honen III. eranskinean laburbiltzen diren alegazioak jaso dira.

21/2013 Legearen 37. artikuluan ezarrita dagoen ukitutako administrazioen kontsultaren izapidean, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Larraungo Udalaren, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren txostenak jaso ditu, ebazpen honen II. eranskinean laburbiltzen direnak.

2021eko irailaren 2an, sustatzaileak, 21/2013 Legearen 39. artikuluari jarraikiz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari. Eskaera hori Biodibertsitatearen Zerbitzuari igorri zitzaion espedienteko dokumentazio osoarekin batera, 39.3 artikuluari jarraikiz.

Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura honekin batera, eta ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin bat etorriz, sustatzailea udal jardueraren lizentzia eskuratzeko espedientea izapidetzen hasi zen 2019ko martxoaren 19an. Espediente hori ebatzi aurretiko txosten teknikoa, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak eman zuena bere eskumeneko ingurumen alderdiei buruz, hala nola hondakinei, isurtzeei, zaratei eta emisioei buruz, ingurumen eraginaren ebaluazioko txosten honetan jaso da. Halaber, 2022ko urriaren 13an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak txostena eman du, ingurumen eraginaren ebaluazioaren espediente horrek planteatzen zituen zenbait alderdiri erantzuteko bere eskumenen esparruan.

Azterketa teknikoa:

Izapidetze honen aurretiko ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduran, ingurumen eraginaren txostena egin zen, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ekainaren 16ko 509E/2020 Ebazpenaren bitartez, eta ezarri zen proiektuak efektu esanguratsuak izaten ahal zituela ingurumenaren gainean eta, hortaz, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egin behar zitzaiola, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluaren 2a apartatuarekin bat etorriz. Aipatutako 509E/2020 Ebazpen horretan, halaber, ezartzen zen proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren izapidearekin jarraitzeko, sustatzaileak ingurumen eraginaren azterketaren testu berri bat egin beharko duela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 35. artikuluarekin bat; horretarako, kontuan hartuko ditu jasotako kontsulten emaitza, eta gehituko ditu jarduera sailkatuaren espedientean aurkeztutako dokumentazio teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren espedientean eskatutako alderdiak. Horiek puntu hauetan hobetuko beharko lirateke:

–Sarbideen alternatiben azterlanari dagokionez, lehentasunezkotzat jotzen da saihestea kamioien trafikoa jendea bizi den tokietatik eta, bereziki, Aldazko hirigunetik igarotzea.

–Ingurumen ebaluazioa egin behar zaio hautatutako sarbideari, baita lehengoratzeko/paisaian integratzeko neurriak hartu ere, proiektuko gainerakoen baldintza beretan.

–Aurkeztutako azterlanean ikusi denez, okil gibelnabarren bikote ugaltzaile bat dago harrobitik kilometro batera dagoen eremu batean, espezie hori hartzeko potentzial handia duen gune batean. Hori horrela, ingurumen eraginaren azterketan neurri zuzentzaileen plan bat sartu beharko da, harrobiaren jarduerak espezie horren gainean izaten ahal duen eragina zuzentzeko, arreta berezia jarriz ugalketarako eta habia egiteko aldietan.

Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura honi aurkeztutako proiektu definizioan, kamioien meategirako sarbidea Aldazko hirigunean zehar mantentzen da. Sustatzaileak azaldu duenez, hirigunetik kanpoko bideetatik sartzeko aukera ezin izan da proiektuan sartu, ukitutako lurren jabeekin adostasunik ez dagoelako. Sustatzailearen eta Aldazko Kontzejuaren arteko akordio baten arabera, gehienez ere astean 30 kamioi kargatuko dira (60 kamioi, kargarik gabeko iragateak barne hartuz).

Eragin horren eta bere ondorioen analisiak aintzat hartu beharko ditu honako hauek:

–Ustiapenaren bizitza osoan gertatzen den eragina da, Aldazko biztanleen bizi baldintzak etengabe aldatzen dituena, kamioien zirkulazioak eta oinezkoek eta ibilgailuek hiri bideak erabiltzeko ohitura aldatzeak eragindako eragozpenen ondorioz.

–Eragin hori guztiz ekiditen ahal da, proiektuan hiriguneaz kanpoko sarbideak jasotzen badira. Hain zuzen ere, hori eskatu da bai aurretiazko ebaluazio sinplifikatuaren prozeduran (Ingurumeneko zuzendari nagusiak ekainaren 16an emandako 509E/2020 Ebazpena), bai Biodibertsitate Zerbitzuak ukitutako administrazioei kontsultak egiteko emandako txostenean, 21/2013 Legearen 37. artikuluarekin bat. Aurkeztutako dokumentaziotik eta proiektuaren azterketa teknikotik ez da ondorioztatzen izaera teknikoa edo ingurumen izaera duen inolako eragozpenik sarbide horiek irekitzeko.

–Herritarrei eragindako eragozpenak ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozeduraren zati saihetsezina dira. Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak, 35. artikuluan eta VI. eranskinean, ezartzen du herritarren eta giza osasunaren gaineko eraginaren analisia eta balorazioa proiektu baten ingurumen eraginaren azterketaren derrigorrezko edukiak direla.

–Aldazko Kontzejuaren eta sustatzailearen artean hartutako erabakia, hau da, kamioi kopurua mugatzea eta konpentsazio ekonomikoa ezartzea, ezin da hartu ingurumen ebaluazioaren prozeduran kontuan hartzen ahal den neurri zuzentzailetzat, ez baitu inola ere aipatu eragina zuzentzen.

–Proiektu bideragarri bat ezartzeko behar diren finketarako sarbidea izatea proiektua definitu aurretiko baldintza da, batez ere, Meategiei buruzko Legearen A ataleko ustiapena izateagatik. Sustatzailearen ardura da ikuspegi teknikotik eta ingurumen ikuspegitik bideragarria den proiektu bat definitzeko beharrezko akordioak lortzea.

Ondorioz, aurretiazko ebaluazio sinplifikatuaren prozeduran eta kontsulta izapidean emandako txosten horretan adierazitako irizpidea mantenduz, eta eragin horri buruz III. eranskinean jasotako alegazioak aintzat hartuz, jotzen da ingurumenaren aldetik ezin dela proiektuaren aldeko txostenik eman, ez baita alderdi hori aldatu.

Landarediaren, habitaten, floraren, faunaren eta, bereziki, Natura 2000 Sarearen gaineko eraginari dagokionez, adierazi behar da proiektuak zuzenean ukitzen duen eremua, funtsean, marmolezko meatze ustiategi zahar batek aldez aurretik aldatutako lursaila dela. Proiektuak ukitutako guztizko azalera 5,16 ha da; horietatik, 0,53 ha zuhaiztiei dagozkie, eta gainerakoa, arroka biluzia duten ezponda eta fronte zaharrei. Zuzenean ukitutako zuhaiztia pagadi basofiloa da, ez dagoena intereseko edo lehentasunezko habitat gisa identifikatuta, ez duena zur hilik, ez pizido edo kiropteroen espezieak hartzen ahal duten zuhaitz zaharrik ere.

Ingurumen eraginaren azterketak faunaren honako azterketa espezifiko hauek barne hartzen ditu:

–Aldazko harrobiko kiropteroen jardueraren azterketa. Ondorioztatzen du harrobiak ez duela saguzarrentzako babesleku egokirik, haitz altuenetako zenbait arrail txiki izan ezik, non posible baita zenbait espezie fisurikola bizitzea, hala nola saguzar nanoa (Pipistrellus pipistrellus). Harrobiak ukitutako gainerako eremua ehizarako eremu gisa erabiltzen da, baina ez babesleku gisa. Ehizarako eremuak ukitzen dira, jarduerak zuhaiztia desagerraraztea ekartzen duelako, baina harrobia pagadi trinko baten barruan dagoenez, eremuak kiropteroak ehizatzeko egitura egokiak izaten jarraituko du, hala nola harrobiaren ertza, ziurrenik aipatu espezieek erabiltzen jarraituko baitute. Inguruko zuhaitzetan babes kutxak erabiltzea eta zuhaizti orlaren inguruan 2-5eko marjina errespetatzea gomendatzen da.

–Pagadiak okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos lifordi) hartzeko duen ahalmena aztertzea. Oro har ondorioztatzen den arren harrobiaren ingurunean dauden zur hilaren balioak oso baxuak direla, zenbait unada kokatu dira, kategoria baxu, ertain edo altukotzat kalifikatzen ahal direnak espezie horretarako. Ez da oso kategoria altuko unadarik aurkitzen.

–Espazioa okil gibelnabarraren (Dendrocopos leucotos lifordi) ugalketa lurralde gisa erabiltzearen azterketa. Ondorioztatzen da San Pablo mendiak-Irumuga deritzon eremuan okil gibelnabarraren bikote ugaltzaile bat dagoela, gutxienez, 2015az geroztik. Eremu hau zuzenean harrobiak ukitutako eremutik kanpo geratzen da, 1 km-ko distantziara.

Proiektuak ez du ukipen zuzenik sortuko Natura 2000 Sarean, ezta Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean ere. "Belate" Kontserbazio Bereziko Eremua ustiapenaren eremutik kilometro pasara geratzen da. KBE horretako elementuei zeharkako ukipena sortzen ahal zaie, hala nola jarduerak pizidoen komunitateari eragiten ahal dizkion eragozpenak (batez ere okil gibelnabarrari). Eragin hori Ingurumen eraginaren azterketan baloratzen da, eta neurri babesleak aplikagarri dira, hala nola leherketen egunak mugatzea, hazkuntzako eta habiak egiteko aldiarekin bat etortzea saihesteko.

Horiek horrela, Ingurumen Eraginaren Atalak proiektuari buruzko ingurumen eraginaren adierazpena egitea proposatu du, ingurumenaren ikuspegitik bakarrik, aintzat hartuta aurkeztutako proposamena Aldazko biztanleen bizi baldintzen gaineko eragin larria dela, eta teknikoki eta ingurumenaren aldetik bideragarria dela proiektuan alternatibak sartzea Aldazko hirigunean kamioien zirkulazioak ingurumenean duen eragina saihesteko.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, jendaurreko informazioaren aldian jasotako alegazioak zati batean aintzatetsiz, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura osatuta dagoela iritzita, eta azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren aurkako adierazpena egin da, Aldazko (Larraun) "Mina Alberto" harrobian kareharriak aprobetxatzeko A Atalean ustiatzeko Horgobisa SL enpresak sustatutako proiektuari dagokionez. Ez da onargarritzat jotzen Aldazko kamioiek hirigunean zehar zirkulatzeak biztanleengan sortzen duen eragina, ebazpen honen azalpen zatian aditzera ematen den bezala.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.4. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen eraginaren adierazpenaren aurka ez da errekurtsorik paratzen ahalko, hargatik eragotzi gabe administrazio bidean eta proiektua baimentzen duen egintzaren aurka bidezkoak direnak.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari eta Ingurumen Zaintzako Basozainak Zerbitzuari (Sakana-Mendialdea mugapea), dagozkion ondorioetarako.

Iruñean, 2022ko urriaren 25ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapena

Proiektu hau 17. poligonoko 124 D lurzatian kokatuta dagoen marmol ustiategi abandonatu zaharraren lurretan garatzen da, Aldazko herri-lurretan. Harrobi abandonatu horretan, egungo proiektuaren enpresa titularrak antzinako hondakindegietako B Atalaren aprobetxamendurako proiektua garatu du azken urteotan, eta ingurumen ondorioetarako, aldeko txostena eman zaio Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuaren abuztuaren 29ko 416/2008 Ebazpenaren bitartez.

Egungo proiektuaren xedea antzinako harrobiak lehenago ukitutako azalera ustiatzea da, harriaren tratamendua (ehotzea) eta sailkapena barne hartuz, agregakin gisa merkaturatzeko. Azken azalera uniformizatu eginen da kota baxuko plataforma batekin eta ondoko ezpondekin, egungo fronte irregularrak kenduz.

Lehendik dagoen hormigoizko pistatik sartzen da, Aldazko hirigunetik abiatuta, 1.900 m ingurura; horrek beste tokiko jarduera eta onibar batzuei ere ematen die zerbitzu.

Ustiapen metodo orokorra ateratzea izanen da, bankeoarekin, beheranzko ustiapenarekin eta iparraldeko frontea pixkanaka lehengoratuz; hor, arreta berezia jarriko da lurrak egonkortzen. Hegoaldeko frontean, aurrerapenezko erauzketa egiten da, zentzu beherakorrean, hori lehengoratzea ahalbidetzeko moduan. Leherketa bidezko ateratze sistema erabiliko da, 15 m-ko bankuekin eta karga horien oinetan jarriz (berun estraz zigilatutako eremuan izan ezik, hor 18 m-ra iristen ahalko baita leherketa zehatz batzuetan). Ustiapen ezpondak, izaera orokorrarekin, 15 m-ko altuerako bankuak eta 12 m inguruko zabalerako bermak (gutxienez, 7 m) izanen dira.

Ez dago ia landare lurrik, alegia, 100 m³ baino gutxiagoan baloratzen da. Geruza hori antzuekin batera kenduko da, ondoren, lehengoratzeko lanetan erabiltzeko.

Ukitutako azalera, guztira, 51.600,82 m² da, eta, horietatik, 5.394 m² baso lurrak dira. Material salgarriaren bolumena 453.474,69 m³ izanen da. Inausketaren bolumena 520.121,62 m³ izanen da. Bi zifren arteko aldea aurreikusitako antzu kopuruaren guztizkoa izanen da, lehengoratze lanetan erabiliko dena, hots, 66.646,93 m³.

Proiektuak ustiapen eta lehengoratze plan bat aurkezten du, 5 fasetan banatua, 4 urte ingururekin fase bakoitzeko; hori 20 urteko bizitza baliagarriari dagokio. Prozesuan zehar, 705 m-ko gutxieneko kotan plataforma bat eratzen da, eta instalazioak horra eramanen dira, behar adina espazio dagoen unean.

Iparraldeko azalera ezegonkorren gaineko jarduketak lehenetsi dira, eginen diren lehen ekintzak izateko moduan. Eremu horretan segurtasunez jarduteko beharrak 36.381,80 m³ inguruko material mugimendua ekarriko du. Mugimendu horiek iparraldeko frontean kokatzen dira, 735 kotaren gainetik. Beraz, ustiapenaren lehen faseetan eremu horretako arriskua desagerraraziko da eta lehengoratze lanak egiten ahalko dira. Iparraldeko material tupatsuak hondeatzeko azken ezponda 3H/2V-tan jarri da, 5 m-ko tarteko berma batekin. Horri esker, paisaian hobeki integratuko da eta landareztatze lanak errazago eginen dira.

Iparraldeko frontea egonkortzeko jarduketa egin ondoren, beheko kotetarako sarbidea egokituko da, iparraldeko frontearen beheranzko ustiapenarekin jarraitzeko. 705 kotako plaza irekiko da, eta mendebalderantz eta hegoalderantz handituko da pixkanaka.

Ondorengo ustiapen faseetan, Mendebaldeko eta Hegoaldeko mugetara iritsiko da, diseinatutako azken topografiara iritsi arte. Diseinatutako topografia horrek sortutako errefus guztia (16.260,85 m³ tupa eta 50.386,08 m³ kareharri) erabiltzea barne hartzen du, beraz ez da hondakindegirik sortuko. Errefusaren zati handiena azken lehengoratzerako azken topografia lortzeko erabiliko da, baina zati bat (13.814,80 m³), batez ere material tupatsuak, lurrak eta kalitate hobeko materialak, landareztatze lanak eginen diren azaleretara ekartzeko substratua sortzeko erabiliko da.

Instalazioek planta mugikor bat dute, honako hauez osatua:

–Lehen mailako birrintzea: birrintzeko eta bahetzeko talde autonomoa (baraila-birringailua).

–Bigarren mailako ehotzea: birrintzeko eta bahetzeko talde autonomoa (inpaktuzko errota).

–Sailkapena eta bahetzea: bahetzeko talde mugikorra.

Gainera, aldagelak, biltegi nabea, gasolio biltegia (hornidura) eta ekipo elektrogenoa daude.

Produktu salgarriak zenbait granulometriatan ekoitziko dira: 12/20 mm-ko legarra, 6/12 mm-ko legarra, 3/6 mm-ko legarra eta 0/3 mm-ko harea.

Harrobian ez dago ur aprobetxamendurik; hori dela eta, ura zisterna bidez eramanen da kanpotik. Urtean 280 m³ kontsumituko direla aurreikusten da, eta erabilera industrial bat (181 m³) bereiziko da hezetzeko eta etxeko erabilerarako (99 m³), komunetarako, aldageletarako eta aho uretarako.

Ingurumen eraginaren azterketan Aldazko Kontzejuarekin lortutako akordioa adierazten da. Horren arabera, 500.000 m³-ko bolumen salgarri maximoa ezartzen da (harrobitik ateratzen den produktua), baita astean 30 kamioiko zirkulazio maximoa ere (15 m³/kamioi). Horrek esan nahi du material salgarrien urteko ekoizpen bolumen maximoa 23.400 m³ izanen dela.

Lehengoratze plana:

Ustiapenaren diseinuan kontuan hartu da Aldazko Kontzejuaren lurretan marmolaren antzinako erauzketak ukitutako azaleraren % 100 lehengoratzea. Lanek aurrera egin ahala, azken topografia hartzen duten azalerak lehengoratzen ahalko dira. Eremu ezegonkorra lehenesten denez, iparraldeko frontea, goiko kotetan, lehengoratzen den lehen eremua izanen da, gaur egun sortzen den eragina gutxituz eta landareztatze lanak erraztuz.

Lehengoratze lanen artean daude hondeatutako materialetatik substratua ekartzea, baita landareztatze jarduketak ere. Ezponden gainean hidroereintza eginen da, ezponda bertikalenetan izan ezik. Eremu horizontaletan, hala nola bermetan, baso landaketak eginen dira. Azkenik, azalera horizontal zabalenetan (plaza eta instalazioen egungo eremuan) belar eta zuhaixka espezieak ereinen dira. Tupak hondeatzeko eremuko ezponda hedatu egin da, 1H/1V-etik 3H/2V-era igaroz, paisaian hobeki integratuta gera dadin.

Ezponda bertikalenak dira landareztatzen zailenak; hori dela eta, azken topografiaren ezarpenean, iparraldeko fronteko bankuen bikoizketa diseinatu da, halako moldez, non plataforma horizontalak sortzen baitira 7,50 m-ko kota areagotze bakoitzeko, eta gehienez ere 10 m-ko ezponda sortzen baita tupa eremuan. 7,50 metroan behin eremu horizontalak izanik, azalera horietan landaketak egiten ahalko dira, ezponda tarte bertikal horiek gehiago ezkutatzeko. Horrela, paisaia integrazio hobea eta bizkorragoa lortuko da.

II. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Ukitutako administrazioen kontsultaren izapidea:

–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak, 2021eko ekainaren 22ko txostenean, gogora ekarri du Landeder trikuharria (09-31-144-0039) eta ondasunean edozein motatako ukipenak saihesteko beharrezko babes neurriak (Kultura Intereseko Ondasuna, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 2005eko Legearen arabera).

Halaber, ondorioztatzen du Urdula 3 leizean ez dagoela arkeologia ondareko elementurik eta Urdula sistema karstikoa oso modu bizian aldatu dela meatzaritza jardueren ondorioz, eta, horregatik, gaur egun ezinezkoa dela ziurtatzea Berretako lezean halakorik ez zegoenik lehen.

–Biodibertsitate Zerbitzuak 2021eko urtarrilaren 18an egindako txostenean sustatzaileari gogorarazten zaio, proiektuaren ebaluazio sinplifikatuari buruzko ekainaren 16ko 509E/2020 Ebazpenaren 2. puntuan jasotzen den bezala, dokumentazioa alderdi hauetan hobetu behar dela:

  • Sarbideen alternatiben azterlanari dagokionez, lehentasunezkotzat jotzen da jendea bizi den tokietatik kamioien zirkulazioa saihestea eta, bereziki, Aldazko hirigunetik igarotzea.
  • Ingurumen ebaluazioa egin behar zaio hautatutako sarbideari, baita lehengoratzeko/paisaian integratzeko neurriak hartu ere, proiektuko gainerakoen baldintza beretan.
  • Aurkeztutako azterlanean ikusi denez, okil gibelnabarren bikote ugaltzaile bat dago harrobitik kilometro batera dagoen eremu batean, espezie hori hartzeko potentzial handia duen gune batean. Hori horrela, ingurumen eraginaren azterketan neurri zuzentzaileen plan bat sartu beharko da, harrobiaren jarduerak espezie horren gainean izaten ahal duen eragina zuzentzeko, arreta berezia jarriz ugalketarako eta habia egiteko aldietan.

–Larraungo Udalak 2021eko urtarrilaren 15ean egindako txostenean honako hau ondorioztatu da:

  • Harrobiaren ustiapena bateraezina da lurzoruaren ezaugarri geologiko eta topografikoekin, ez baititu betetzen kareharriaren ustiapen berria ezartzeko behar diren lurren egonkortasun baldintzak.
  • Aldazko hirigunetik sartzea ez da alternatiba bideragarria ingurumenaren aldetik, Aldatzen bizi diren eta bertatik pasatzen diren pertsonak ukitzen baitira.
  • Adierazi da gizarte oihartzuna eta ibarreko biztanleen eta eragile sozioekonomikoen kezka izanen direla, proiektuak izanen lukeen eraginaren ondorioz.
  • Proiektuan jasotzen den jarduketa onartezina da udalerrirako, ibarrerako nahi den garapen ereduarekin bateraezina delako.
  • Ildo horretan, Larraungo Udalak, 2020ko otsailaren 25eko osoko bilkuran, Larraungo bizilagun batek aurkeztutako mozioa onetsi zuen; horretan, kokapenaren natura aberastasuna baloratzen da eta berariaz arbuiatzen da kareharrien harrobia ustiatzeko proiektua.
  • Horrekin bat etorriz, Plangintzako arauak Ibarraren garapen eredua arautzeko tresnak izan dira, baldintzak ezarri baitizkie aipatu eredua oztopatzen ahal zuten jarduera jakin batzuei. Hala, Larraungo Udalak Larraungo Udal Plana aldatzea du aurreikusita, zehazki, "harrobiak eta meatzaritza jarduerak arautzea" deritzon artikulua. Udalerriak oso natura ondare garrantzitsua du, babestu beharrekoa, hain proiektu oldarkorren eragina saihestuz.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren txostenak:

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearekin bat etorriz, sustatzailea udal jardueraren lizentzia eskuratzeko espedientea izapidetzen hasi zen 2019ko martxoaren 14an. Espediente hori ebatzi aurretiko txosten teknikoa, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak eman zuena bere eskumeneko ingurumen alderdiei buruz, hala nola hondakinei, isurtzeei, zaratei eta emisioei buruz, ingurumen eraginaren ebaluazioko txosten honetan jaso da.

Aipatu txostenak tratamendu instalazioaren jarduera proiektua baloratzen du eskumenetako zenbait baldintza ezartzen ditu Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren eskumeneko zenbait alderdiri dagokionez. Zehazki, tratamendu instalazioaren neurri zuzentzaileak eta baldintza teknikoak adierazten dira, atmosferara egindako emisioei, uretara egindako emisioei, zaratei, bibrazioei eta lurzoruen kutsadurari dagokienez. Bestalde, emisioen muga balioak eta emisioen tratamendu eta kontrolerako prozedurak ezartzen dira. Azkenik, hondakinak kudeatzeko eta biltegiratzeko baldintzak eta prozedurak adierazten dira.

2022ko urriaren 13an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak txostena eman du, jardueraren lizentzia izapiderako emandako txostenean eskatutako baldintzak berretsiz; halaber, ingurumen eraginaren ebaluazioaren egungo prozeduran kutsadurari aurrea hartzeko aurkeztutako alegazioen aintzatespen eta erantzuna jasotzen dira.

III. ERANSKINA

Jendaurrean jarri izanaren emaitza

Jendaurreko informazioaren aldian, honako pertsona, erakunde eta elkarte hauen alegazioak jaso dira:

–Kalaxka elkartea.

–Ana María Sanz Cortés.

–Ekologistak Martxan.

–Sustrai Erakuntza.

–Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioa.

–Eapainiako Ornitologia Elkartea.

–Etxarriko Kontzejua.

–Lekunberriko Udala.

–Larraungo Udala.

–Miguel Murillo Sorabilla.

–Plazaola Partzuergo Turistikoa.

–Cristina Torres eta Idoia Olaskoaga.

Hurrengo alegazio multzoan Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren eskumenen barruan geratzen diren alderdiak aipatzen dira; hortaz, dagokionean, meatzaritza prozedura substantiboaren barruan aintzatestekoak dira:

–Meatzeei buruzko Legearen A ataleko errekurtsoen eskaera desegokiari eta meatzaritzako baimen substantiboarekin zerikusia duten bestelako alderdiei buruzko alegazioak.

–Meatzaritza proiektuko datu teknikoen anbiguotasun eta zehaztugabetasunari buruzko alegazioak.

–Meatzeei buruzko Legearen arabera lurren titularraren baimena behar bezala ez justifikatzeari buruzko alegazioak.

–Proiektuak lurraren ezaugarri geologiko eta topografikoekin duen bateraezintasunari eta ezegonkortasun egoerei buruzko alegazioak.

–Aukeren azterketa nahikoa ez izateari eta proiektuak ukitutako eremua balioetsiko duten beste aukera batzuk garatzeko aukerari buruzko alegazioak.

–Herri-lurren desafekziorik ezari eta publizitate eta lehia printzipioak ez betetzeari buruzko alegazioak.

–Enpresak hondakindegien aprobetxamenduaren indarreko Lehengoratze Plana ez betetzeari eta atzeratzeari buruzko alegazioak.

–Larraungo Hirigintzako udal plangintzarekiko bateraezintasunari buruzko alegazioak.

–Herri-lanen Departamentuaren baimenik ezari buruzko alegazioak.

–Ur baliabideen gaineko ukipenari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren baimenik ezari buruzko alegazioak.

–Abala gordailatzeko betebeharrari buruzko alegazioak.

–Proiektua ingurumenekoaz bestelako legediarekin bateraezina izateari loturiko alegazioak.

Jarraian, aurkeztutako ingurumen izaerako alegazioak laburbiltzen eta erantzuten dira:

Aldazko hirigunetik kamioiak sartzea eragotziko duen alternatibarik ezari eta horrek biztanleen bizi kalitatean, osasunean eta segurtasunean duen eragin handiari buruzko alegazioa.

Alegazio hau onartu egin da eta aintzat hartzen da ebazpen honetan.

Hautsak, kutsadurak, zaratak eta leherketek populazioan eta balio naturaletan duten eragina zuzentzeko neurririk ez egoteari eta ebaluazioa eskasa izateari buruzko alegazioa.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldeko txostena eman dio proiektuari bere eskumenen barruan aipatutako arloetan, eta beharrezko baldintza eta neurri zuzentzaileak jaso ditu. Proiektua onetsiz gero, Ingurumen Zaintzaren Planak neurri berriak jaso edo eguneratu ahalko ditu, egiaztatuz gero beharrezkoa dela. Meatzaritzako leherketei loturiko alderdiak Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren eskumenekoak dira. Proiektuaren eremutik 1 km-ra dagoen okil gibelnabarraren populazio hurbilenean leherketek izaten ahal dituzten ondorioei dagokienez, jotzen da zuzenduta geratuko liratekeela leherketak espezie horren habia eta hazkuntza alditik kanpoko hilabeteetara mugatuz gero.

Uren gaineko eraginaren azterlana nahikoa ez izateari eta gai honetan alderdi okerrak edo osatugabeak egoteari buruzko alegazioa.

Uren kutsadurari loturiko alderdien aldeko txostena eman du Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, bere eskumenen barruan, beharrezko baldintzak eta neurri zuzentzaileak jasota utziz. Gainazaleko edo lurpeko urei buruzko beste alderdi batzuk Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Arro Erakunde gisa dituen eskumenen barruan geratzen dira.

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 47/2017 Legean turismoak ustiatzen ez dituen haitzuloak Interes Komunitarioko Habitat gisa (8310) aintzatesteari buruzko alegazioa.

Eraginaren ebaluazioaren prozeduran, kiropteroen azterketa espezifikoa egin da, fauna multzo giltzarria baita haitzuloetako habitatetako faunaren balioa ebaluatzeko orduan. Azterlanak ondorioztatzen du harrobian ez dagoela saguzarrentzako babesleku egokirik, haitz altuenetan dauden zenbait arrail txiki izan ezik.

Azterlanak paisaiako eta orografiako eraginaren inguruan eta eremu horretan jendea ibiltzen den bidexketatiko ikusgaitasunaren inguruan dituen urritasunari loturiko alegazioa.

Proiektuak eragindako eremua ez da ikusten errepideetatik, herrietatik edo jendea ibili ohi den guneetatik. GR-12 bidexkaren ibilbidea proiektutik gertu igarotzen da (230 metro, puntu hurbilenean), proiektua ikustea eragozten duten zuhaizti lurretatik. Tarte ireki bakarra bidexka harrobira sartzeko pistarekin gurutzatzen den inguruan dago, 420 metro ingurura, eta ukipen eremua oso gutxi ikusten da hortik. Alderdi hori ezin da inola ere kritikotzat jo proiektuaren ingurumen ebaluazioa egiteko, aintzat hartuz gero, gainera, proiektuaren eremu gehiena meatzaritza ustiategi zahar batek ukitzen duela jada.

Kiropteroei buruz aurkeztutako azterlana nahikoa ez izateari buruzko alegazioa.

Proiektuak zuzenean ukitutako eremuan zenbait kiropterorentzat habitat egokiak izaten ahal diren zuloak daudenez, ingurumen eraginaren azterketak fauna multzo horretarako azterlan espezifikoa jasotzen du.

Azterlanaren helburuak izan dira: jakitea ea harrobian kiropteroak bizi diren babeslekurik dagoen; kiropteroek eremu horretan duten jarduera ezagutzea; eta jarduerak eremuan bizi diren edo eremutik maiz igarotzen diren espezieen gainean duen eragin posiblea ebaluatzea. Azterlan horren edukia eta erabilitako metodologia planteatutako helburuetarako egokiak direla jotzen da.

Azterlanak ondorioztatzen du harrobiak ez duela saguzarrentzako babesleku egokirik, haitz altuenetan dauden zenbait arrail txiki izan ezik, non posible baita zenbait espezie fisurikola bizitzea, hala nola saguzar nanoa (Pipistrellus pipistrellus). Harrobiak ukitutako gainerako eremua ehizarako eremu gisa erabiltzen da, baina ez babesleku gisa.

Ehizarako eremuak ukitzen dira, jarduerak zuhaiztia desagerraraztea ekartzen duelako, baina harrobia pagadi trinko baten barruan dagoenez, eremuak kiropteroak ehizatzeko egitura egokiak izaten jarraituko du, hala nola harrobiaren ertza, ziurrenik aipatu espezieek erabiltzen jarraituko baitute. Inguruko zuhaitzetan babes kutxak erabiltzea eta zuhaizti orlaren inguruan 2-5eko marjina errespetatzea gomendatzen da.

Okil gibelnabarrari buruz aurkeztutako azterlanak nahikoa ez izateari buruzko alegazioa.

Lehenik eta behin, argitu behar da proiektuak ez duela inolako ukipen zuzenik sortzen okil gibelnabarraren hazkuntza edo habia lurretan. Proiektuak ukitutako guztizko azalera 5,16 ha da; horietatik, 0,53 ha zuhaiztiei dagozkie, eta gainerakoa, arroka biluzia duten ezponda eta fronte zaharrei. Zuzenean ukitutako zuhaizti lurrak ez dira espezie horrentzako habitat egokia. Hala, espezie horren gainean izaten ahal den eragina zeharkako eragina da, gertuko lurren gainean jarduerak sortzen ahal dituen eragozpenei lotua.

Ingurumen eraginaren azterketan okil gibelnabarrari buruzko bi azterlan espezifiko daude, ingurumen ebaluazioaren prozedurara ezagutzak eta erabakitzeko elementuak ekartzeko xedea dutenak. Honako hauek dira: "Pagadiak okil gibelnabarra (Dendrocopos leucotos lifordi) hartzeko duen ahalmena aztertzea" eta "Espazioa okil gibelnabarraren ugalketarako lur gisa erabiltzeari buruzko azterlana". Azterlan horren edukia eta erabilitako metodologia planteatutako helbururako egokia dela jotzen da. Oro har ondorioztatzen den arren harrobiaren ingurunean dauden zur hilaren balioak oso baxuak direla (zuzeneko ukipen eremutik kanpo), zenbait unada kokatu dira, kategoria baxu, ertain edo altukotzat kalifikatzen ahal direnak espezie horretarako, baina ez da hazkuntza edo habiarik egiaztatu horietako bakar batean ere. Halaber, ondorioztatzen da San Pablo mendiak-Irumuga deritzon eremuan okil gibelnabarraren bikote ugaltzaile bat dagoela, gutxienez, 2015az geroztik. Eremu hau ere zuzenean harrobiak ukitutako eremutik kanpo geratzen da, 1 km-ko distantziara.

Datu horiek ikusita, jotzen da proiektua bateragarri izaten ahal dela espezie horren eremua kontserbatzearekin, betiere, hazkuntza eta habiak egiteko garaian leherketak murrizteko baldintzarekin; azken hori nahitaez bete beharreko prebentzio neurritzat hartzen du proiektuak. Proiektuaren zaintza planak neurri horren eraginkortasunaren segimendua barne hartzen du.

Proiektuak Natura 2000 Sarearen gainean duen ukipenari buruzko alegazioa.

Proiektuak zuzenean ukitutako eremua Natura 2000 Saretik kanpo geratzen da osoki, beraz, proiektuak ez du inolako eragin zuzenik, aipatu sareko espazioen okupazioen ondorioz.

Ingurumen eraginaren azterketak apartatu espezifiko bat du, Natura 2000 Sarean dituen ondorioak baloratzen dituena, eta, horren arabera, proiektuak ez dio kalterik egiten sarearen osotasunari.

Natura 2000 Sarean zeharkako eragina izaten ahal da pizidoen komunitatean eta, zehazki, okil gibelnabarrean, "Belate" Kontserbazio Bereziko Eremuaren elementu gakoa izaki, jarduerak inguruko lurretan sortzen ahal dituen eragozpenengatik.

Eragin posible horiek hobeki ezagutu eta ezaugarritu ahal izateko, ingurumen eraginaren azterketak berariazko azterlanak aurkeztu ditu arlo horretan, jada aipatu direnak. Ekarritako datuak ikusita, jotzen da proiektua bateragarri izaten ahal dela espezie horren eremua kontserbatzearekin, betiere, hazkuntza eta habiak egiteko garaian leherketak murrizteko baldintzarekin; azken hori proiektuak nahitaez bete beharreko prebentzio neurritzat hartzen du. Proiektuaren zaintza planak neurri horren eraginkortasunaren segimendua barne hartzen du.

Proiektuaren eta Onura Publikoko Mendiaren arteko bateraezintasunari buruzko alegazioa.

Proiektuaren eta Onura Publikoko Mendien arteko bateragarritasun adierazpena ez da ingurumen eraginaren ebaluazio prozedura honen helburua. Proiektua onetsiz gero, Basoak Kudeatzeko Atalak aldeko txostena eman beharko du, Onura Publikoko Mendiarekin bateragarri egiteko.

Iragarkiaren kodea: F2214342