234. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

796/2022 EBAZPENA, urriaren 13koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean malgutasunen araubide iragankorra onesten duena, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko borondatezko araubideetarako (eko araubideak) aurreikusitako laguntzei dagokienez.

2022ko abuztuaren 31n, Europako Batzordeak Espainiako NPEren Plan Estrategikoa (NPEPE) onetsi zuen eta gaur egun Estatuko araudia izapidetzen ari da, 2023tik aurrera, zuzeneko ordainketa gisa egindako esku-hartzeen aplikazioa arautuko duena, baita NPEPEren esparruan baldintza komunak ezartzea ere. Araudi horretan, klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko borondatezko araubideetarako (eko araubideak) laguntzak arautuko dira, hemen aurreikusita daudenak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren, 2021eko abenduaren 2koaren, Europar Batasuneko estatuek, Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan (NPEaren plan estrategikoak), egin beharreko plan estrategikoetarako laguntzari buruzko arauak ezartzen dituenaren, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetzen dituenaren 31. artikulua. Aipatu laguntza Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kargura finantzatzen da.

NPEPEn aurreikusitakoarekin bat, eta Europako araudiaren garapenean, aipatu laguntzak zenbait jarduketari lotuko zaizkie, hala nola laboreak txandakatzeari eta labore lurretan zuzenean ereiteari; landare estaldurei eta geldoei, zurezko laboreen kasuan; sega jasangarriari; uharteak eta biodibertsitate ertzak ezartzeari; larreetan artzaintza estentsiboa egiteari; eta laborantza lurretan eta labore iraunkorretan biodibertsitate espazioak ezartzeari.

Aipatu plana aplikatuz, etorkizuneko araudiak zenbait malgutasun jasotzen ditu, eta, horiei esker, agintari eskudunek, kasu jakin batzuetan, salbuespenak ezartzen ahalko dituzte, eta, beraz, malgutasunez betetzen ahalko dituzte, hori beharrezkoa den inguruabar jakin batzuen arabera. Zehazki, malgutasun horiek Errege Dekretuaren proiektuan jasotzen dira, hots, 2023tik aurrera zuzeneko ordainketa gisa egindako esku-hartzeak aplikatzeari eta Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan baldintza komunak ezartzeari buruzko Errege Dekretuaren proiektuan, eta kudeaketa eta kontrol sistema integratuaren eskaera bakarraren arauketan, zeina 2022ko uztailaren 21etik abuztuaren 11ra entzunaldian eta jendaurrean jarri baitzen.

Nolanahi ere, aipatu arau esparrua indarrean sartu arte (urte amaierarako aurreikusten da), eta eko araubideei zuzendutako laguntzekin lortu nahi diren helburuak erabat lortu ahal izateko, eta haien berehalako aplikazioaren eraginkortasuna prestatzeko, NBEFek beharrezkotzat jo du autonomia erkidegoetako agintaritza eskudunek, lehenbailehen, zenbait malgutasun hartu ahal izatea aipatu laguntzen onuradun potentzialei eskatu beharreko betekizunetan, horretarako, dagozkien eskualdeen berezko beharrak eta errealitateak aintzat hartuta.

Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtsaren 2022ko urriaren 5eko Ebazpen bidez malgutasunen araubide iragankorra ezartzen da, autonomia erkidegoetako agintaritza eskudunek onetsi beharko dutena, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko borondatezko araubideetarako (eko araubideak) aurreikusitako laguntzei dagokienez.

Aintzat hartu behar da neurri horiek 2023ko martxoan adostuko direla modu osoan, une horretan araudia jada indarrean egonen baita, baina interesdunen ekoizpen erabakiak, kasu jakin batzuetan, aurretiaz hartu behar direla, urteko zikloko laboreetarako ereite edo landatze egutegiak kontuan hartuta. Horregatik, beharrezkoa da malgutasun horiek aldez aurretik ere adosteko aukera aurreratzea, onuradunek aukera hori ezagutzea eskatzen duten unera ekartzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean, ohiko plubiometriak baino askoz txikiagoak izatearen ondorioz aurtengo apiriletik izaten ari den muturreko lehorteak larre falta, labore batzuk ereiteko zailtasunak, beste batzuk ez ernetzea eta abar eragiten ditu nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sektorean. Egoera berezi hori dela-eta, beharrezkoa da sektoreak malgutasuna izatea laguntza jakin batzuk, hala nola eko araubideak, eskuratu ahal izateko bete beharreko baldintzetan.

Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan (13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa).

Adierazitakoarekin bat, Nekazaritza Zerbitzuaren proposamena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan aurreikusitako klimaren, ingurumenaren eta animalien ongizatearen aldeko borondatezko araubideetarako (eko araubideak) aurreikusitako laguntzei dagokienez, bete beharreko baldintzetan malgutasun araubide iragankorra onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. Zehazten diren malgutasunek behin-behineko izaera izanen dute eta 2023ko martxoan berretsi beharko dira, aipatu eko araubideak arautzen dituen errege dekretuan jasotzen diren epe eta betebeharren arabera.

3. Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

Malgutzeko neurriak

1.1. Karbono nekazaritzaren eta agroekologiaren eko araubideak: artzaintza estentsiboa, uzta eta larre azaleretako biodibertsitatea.

a) Artzaintza estentsiboan jardutea: 120 egunetik 90 egunera murrizten da ustiategiko animaliekin larreratzeko gutxieneko aldia.

b) Biodibertsitate uharteak ezartzen direnean bazkalekuetan edo uzta jasangarrian uzta jasangarriari loturiko laguntza jasotzeko, eta, batetik, lepidopteroen bizi zikloa eta, bestetik, bazkalekuen ziklo begetatiboa bultzatzeko, horietan ez da jarduerarik egiten ahalko ekainaren 15etik abuztuaren 15era bitartean.

1.2. Karbono nekazaritzaren eta agroekologiaren eko araubideak: laboreak txandakatzea eta labore lurretan zuzenean ereitea.

a) Laboreak espezie hobetuekin txandakatzean, neurriari atxikitako azalera % 25ean ezartzen da, urtero aurreko laborantzaz bestelako labore batek izan behar duen laborantza lurraren azalera.

b) Halaber, lugorria izaten ahal da, kasu guztietan, neurriari atxikitako azaleraren % 40, gehienez ere.

c) Zuzenean ereiten denean, laborantza bertikalak egiten ahalko dira muturreko trinkotzea dagoen lekuetan, hala nola ezarritako laboreetan esku hartzeko makineriaren errodatuetan (ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioak, eta zerrenda bateko lursail buruak ez dira izanen 8 metro zabal baino gehiago).

1.3. Karbono nekazaritzako eko araubideak: landare estaldurak eta estaldura geldoak labore zurkaretan.

a) Berezko landare estalduretan edo labore zurkaretan ereindakoetan, estaldurak mantentzeko baimenduko dira sakonera txikiko azaleko lanak (eskarifikatzailea, landatzailea, hesi maila eta abar), iraulketa lanik egiten ez dutenak. Inola ere ez da aldatuko lurzoruaren egitura, eta lurzorua ez da biluzik egonen urteko ezein unetan.

b) Salbuespenez, estalduraren gainean fitosanitarioak aplikatzea baimenduko da, Landare Osasunaren arloko agintaritza eskudunak hala zehazten duen kasuetan, izurrien prebentzio, kontrol edo desagerpenaren ondorioz.

c) Landare estaldurak bizirik egon behar duen nahitaezko aldia urtarrila eta otsaila hilabeteetan ezartzen da.

d) Inausketa hondarretako estaldura geldoak egiteko, estalduren gaineko mantentze lanak egiten ahalko dira, betiere ez badute inola ere lurzoruaren egitura aldatzen, ezta estaldura desagerrarazten edo estalduraren ingurumen onurak lortzea eragozten ere. Sakonera txikiko azaleko lanak baimenduko dira (eskarifikatzailea, landatzailea, hesi maila eta abar), iraulketa lanik egiten ez dutenak.

e) Landare osasunaren arloko agintaritza eskudunak adierazten badu izurri bat dagoela inausketa hondarren gainean, hondar horien kudeaketa dagoen izurri mota bakoitzerako dauden araudi edo gomendioekin bat eginen da. Horrela, agintaritza eskudunak hala zehazten duen kasuetarako honako egoera hauek jasoko dira:

1. Inausketa hondarretako estaldura geldoaren gainean fitosanitarioak aplikatzea baimenduko da.

2. Inausketa hondarrak kentzea baimenduko da.

3. Tratatu ondoren, inausketa hondarrak lurperatzea baimenduko da.

1.4. Agroekologiako eko araubidea: biodibertsitate espazioak.

a) Laborantza lurretako eta labore iraunkorretako biodibertsitate espazioen azaleren gainean, salbuespenez, fitosanitarioak aplikatzea baimenduko da, Landare Osasunaren arloko agintaritza eskudunak hala zehazten duen kasuetan, izurrien prebentzio, kontrol edo desagerpenaren ondorioz.

b) Landare osasunaren arloko urpeko laboreetako biodibertsitate espazioetan, agintaritza eskudunak baldintza zehatzak zehazten ahalko ditu ur lamina maneiatzeko, izurrien prebentzio, kontrol edo desagerpenaren arabera. Kasu horretan, zehaztuko da ur laminak zenbat denbora eman behar duen lurraren gainean, biodibertsitateari laguntzeko. Nolanahi ere, ur laminak hiru hilabete eman behar ditu lurrean, gutxienez, eta hori bat etortzen ahalko da laboreen presentziarekin.

Iragarkiaren kodea: F2214424