234. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko urriaren 26an hartua, Tirapuko udalerriaren armarriaren aldaketa onesten duena.

2022ko irailaren 15ean sartu zen Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokor Elektronikoan Tirapuko Udalaren eskabide bat, zeinaren bidez, batetik, eskatzen baitu udalerri horretako armarria aldatzeko eta, bestetik, igortzen baitu gaiari buruz tramitatu den espedientea.

Espediente horretan jasota dago ziurtagiri bat, Tirapuko Udalaren Osoko Bilkurak, 2022ko irailaren 14an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean jendaurrean jarri ondoren, udalerriko armarriaren aldaketa behin betiko onesteko hartu zuen Erabakiarena.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 28. artikuluaren arabera, udalerrietako armarriak aldatzeko prozedura udalerrien izena aldatzeko prozedura bera da. Aplikatu beharreko prozedura, beraz, 22. artikuluan aurreikusitakoa da, hau da, udalerrien izenak aldatzeko, udalek hartutako erabakia beharko dela, aurretik, gutxienez hilabete batez jendaurrean egon ondoren. Udal erabakia Foru Komunitateko Administrazioari igorri beharko zaio, Nafarroako Gobernuak onespena eman diezaion, eta onetsitzat hartuko da hilabete baten barnean ebazpenik ematen ez bada.

Bestalde, Toki entitateen antolaketaren, funtzionamenduaren eta araubide juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duen azaroaren 28ko 2568/1986 Errege Dekretuak 186. artikuluan autonomia erkidegoko bakoitzeko gobernu organo eskudunari esleitzen dio udalerriari armarria emateko eskumena. Erregelamendu horren 187. artikuluak exijitzen duenez, berriz, udal armarri heraldikoa onartu ahal izateko, udalak hartutako erabaki baten bidez adierazi eta helarazi beharko dira hura justifikatzen duten arrazoiak, armarri berriaren marrazkia eta proiektua, Historiaren Errege Akademiaren txostena eta kasuan kasuko autonomia erkidegoko gobernu organo eskudunaren onespena. Tirapuko udalerriaren armarria aldatzeko exijitu beharreko baldintza horiek beteta daude udal erakundeak gauzatutako espediente administratiboan.

Historiaren Errege Akademiaren txostena udalerriaren armarri berriaren aldekoa da, eta onestearekin batera honela deskribatzen du: "Urrezko eremuan, enbor gorriko zuhaitz berde bat. Buru urdina, horzduna, eta urdinez eta zilarrezko kanpaina, xakeztatua. Goialdean, Espainiako errege koroa".

Orain, aldaketa ofiziala izan dadin, toki erakundeak onetsitako sinboloari behar bezalako publizitatea eman behar zaio Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 23. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. Estatuko Toki Erakundeen Erregistroa eta Nafarroako Toki Erakundeen Erregistroa arautzen duten erregelamenduetan ez dago aurreikusirik toki erakundeek onetsitako sinboloak inskribatzea.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez onestea Tirapuko udalerriaren armarriaren aldaketa, Historiaren Errege Akademiaren deskribapenaren araberakoa.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Tirapuko udalerriaren armarriaren aldaketa, Historiaren Errege Akademiaren deskribapenaren araberakoa.

2. Erabaki hau Estatuko Administrazio Orokorrera igortzea.

3. Erabaki hau argitaratzea Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

4. Ebazpen hau Tirapuko Udalari jakinaraztea eta aditzera ematea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko duela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du ukatzen Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko urriaren 26an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2214939