233. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

353E/2022 EBAZPENA, urriaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita osagai metalikoak fabrikatzeko instalazio baten ingurumen baimen bateratua. Instalazio horren titularra Engineering Mechanical Systems SL da, eta Buñuelgo udal mugartean dago.

Egun martxan dagoen instalazio horrek badu lehendik ingurumen baimen bateratua, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen hirugarren xedapen iragankorra aplikatuz emana; izan ere, jarduera hori sarturik dago aipatutako foru lege horren 1. eranskineko 2.9 taldean.

Dena dela, ez dago ingurumen baimen bateratuaren dokumentu bat biltzen dituena instalazio horrek bere jarduera aurrera eramateko bete behar dituen ingurumen baldintzak. Badaude jarduera sailkatuaren udal lizentzia emateko edo aldatzeko hainbat ebazpen. Horien bidez joan dira ezartzen funtzionatzeko ingurumen-baldintzak, hurrenez hurren, denboran zehar.

Beharrezkotzat jo da jarduera sailkatuaren udal lizentziaren emakidetan eta aldaketetan oinarritzen den dokumentu bategin bat prestatzea, instalazioaren funtzionamenduak bete behar dituen ingurumen-baldintzak zein diren errazago ikusi ahal izateko.

Horregatik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 59. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak bere ekimenez hasi du prozedura hau.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei dagokienez; urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena; eta apirilaren 8ko 7/2022 Legea, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa eta ekonomia zirkularra bultzatzekoa.

Ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen bateratua eguneratzea, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoarekin.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen V. eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei egindako arrapostuekin.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Eguneratzea Engineering Mechanical Systems SLk osagai metalikoak fabrikatzeko Buñuelgo udal mugartean daukan instalazioaren ingurumen baimen bateratua. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinetan ezarritako baldintzak bete beharko baitituzte.

Bigarrena.–Jabari publiko hidraulikora hondakin-urak isurtzeko baimena ematea, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena.

Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile gisa, 15P01057007592022 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu ingurumen baimen bateratua emateko baldintzak, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 27. artikuluan jasotako inguruabarren bat gertatzen bada.

Bosgarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, eta arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa edo ez-funtsezkoa den, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak bete ezean, ingurumen arloko diziplina-neurriak hartuko dira, hain zuzen, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean biltzen direnak, deusetan galarazi gabe sektoreko legedian ezarritakoa, hori ere aplikatuko baita.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zortzigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Engineering Mechanical Systems SL enpresari, Buñuelgo Udalari eta NILSAri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko urriaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2214000