233. ALDIZKARIA - 2022ko azaroaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

224/2022 EBAZPENA, urriaren 13koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira, 2022-2023 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitatean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloen antolaketa eta funtzionamendurako jarraibideak, eskola-egutegia eta ordutegi orokorra.

Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak 68.1 artikuluan ezartzen duenez, Lanbide Heziketako eskaintzak modalitate presentzial, erdipresentzial, birtual edo mistoan ematen ahalko dira; Nafarroan, modalitate birtuala urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatea (online LH) da.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 3.9 artikuluan ezartzen du urrutiko hezkuntzarako eskaintza egokia garatuko dela, eta 42. artikuluan, berriz, Lanbide Heziketako eskaintza antolatzeko aukera bat dela urrutiko Lanbide Heziketaren modalitatea; Nafarroan, urrutiko modalitatea urrutiko Lanbide Heziketaren lineako modalitatea da (online LH).

Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak, zeinak hizpide baitu Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzea, 5. artikuluan ezartzen du Lanbide Heziketa ikasteko urrutiko modalitate bat, eta 26. artikuluan, berriz, urrutiko Lanbide Heziketarako plataforma bat sortuko dela, berrikuntzaren ildo estrategikoen barrenean.

Uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduak Nafarroako hezkuntza sisteman urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatearen ezarpena eta antolaketa arautzen ditu.

Azkenik, azaroaren 2ko 121/2020 Ebazpenak martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren zenbait alderdi garatzen ditu, LHren online modalitateari dagokionez. 21/2019 Foru Aginduaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenaren bidez ezartzen dira, 2022-2023 ikasturterako, Nafarroako Foru Komunitatean urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko zikloen eskaintza eta onartua izateko eta hasteko prozeduraren egutegia.

Horrenbestez, ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela, ezar daitezen urrutiko Lanbide Heziketa online egiteko hezkuntza eskaintzaren onarpen prozeduraren jarraibideak bai eta egutegiari, ordutegiari, antolamenduari eta funtzionamenduari dagozkienak ere (eskaintza horren helburua da Lanbide Heziketako tituluak lortzea ikaskuntza-ingurune birtualen bidez, helduen ezaugarrietara egokituta).

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko berariazko jarraibideak onestea 2022-2023 ikasturtean urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatea emanen duten ikastetxeetarako. Ebazpen honen 1. eranskinean ageri dira.

2. Berariazko jarraibideak onestea antolamendua eta funtzionamendua arautzeko 2022-2023 ikasturtean urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatea emanen duten ikastetxeetarako. Ebazpen honen 2. eranskinean ageri dira.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

5. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2022ko urriaren 13an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Urrutiko LHren online modalitatearen eskola-egutegiari eta ordutegi orokorrari buruzko jarraibide berariazkoak 2022-2023 ikasturterako

1.–Ikasturteko egutegia.

1. Urrutiko LHren online modalitateko zikloak ematen dituzten ikastetxeetan, 2022-2023 ikasturtea hasiko da 2022ko irailaren 1ean, eta bukatuko da 2023ko ekainaren 30ean.

2. Egutegiak bete behar dituen ezaugarriak Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 107/2022 Ebazpenaren eranskineko 1. jarraibidean jasotakoak dira, salbu eta jarraian aipatzen diren hauek (aipatu ebazpenaren bidez, jarraibideak onetsi ziren 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola-egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko):

–3. klausularen a) baldintza: urrutiko LHren online modalitateko eskola-egunen kopurua: Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 5eko 97/2022 Ebazpenean eskolak hasteko adierazitako datatik, hau da, 2022ko urriaren 6tik, eskolak amaitzeko adierazitako datara artekoak, hau da, 2023ko maiatzaren 31ra artekoak.

Ikaslea soilik LP moduluan edo Proiektua moduluan matrikulatuta badago, eskola-egun kopurua aipatu moduluak egiteko beharrezkoa den kopurua izanen da.

–3. klausularen d) baldintza: 2022ko urriaren 6an hasiko dira eskolak, eta 2023ko maiatzaren 31n amaituko.

–3. klausularen e) baldintza: ebaluazio partziala eta azken ebaluazioa egiteko aurreikusitako datek baldintza hauek bete behar dituzte:

–Ebaluazio partzialeko azken saioko ebaluazio probak eta jarduerak eginen dira ebaluazio partzialeko azken saioa maiatzean egitea ahalbidetzen duten egunetan, kontuan hartuta 2023ko maiatzaren 18a dela azken eguna ikasleei jakinarazteko ebaluazio partzialeko azken saioan gainditu diren moduluen edo gainditu gabe gelditu diren moduluen berri.

–Gainditu diren eta gainditu ez diren moduluen berri emateko azken egunaren biharamunetik eskolak amaitzeko finkatutako azken egunera bitarteko egunak erabiliko dira berreskurapen programa eta jarduerak aurrera eramateko, hain zuzen, egun horietan ikasleek aukera izan dezaten "gainditu gabe" kalifikazioa lortu duten moduluetan izandako zailtasunak gainditzeko eta amaierako ebaluazioa egokiago prestatzeko.

Kasu horretan, azken ebaluazioari dagozkion ebaluazio probak eta jarduerak maiatzean eginen dira, kontuan izanda 2023ko maiatzaren 31 azken eguna dela ikasleei azken ebaluazioari dagozkion kalifikazioak emateko.

3. Urrutiko LHren online modalitatean irakasle dabiltzanek ikasturtea antolatzeko erabiliko dute irailaren 1etik eskolak hasi bitarteko denbora, ikasle sartu nahi duten helduen lan esperientzia aztertzen laguntzea barne, baita ikasturtean zehar emanen dituzten moduluen materialak berrikusi, akatsak zuzendu eta eguneratzeko ere. Material horiek Nafarroako LHren online modalitatearen Moodle plataforman daude.

4. Eskolak bukatzen direnetik 2023ko ekainaren 30era arte, honako hauek eginen dira: ikasturtearen berrikuspen eta ebaluazio lan berariazkoak, modulu bakoitzaren memoria didaktikoak, departamentuen memoriak, ikasturte bukaerako memoria, orientazioa, erreklamazioak eta ikasleei arreta ematea, eta moduluak eguneratzea ikasturtean atzemandako beharren arabera, baita beharrezkoak diren administrazio egintza guztiak eta hurrengo ikasturtearen antolamenduarekin lotutako jarduerak ere. Bereziki, irakasleek ikasleen zereginen entregen deskargak eta kalifikazioak egin eta artxibatu beharko dituzte, eta Nafarroako online LHren Moodle plataforman berriro hasi beharko dute ikasturtea, hori guztia Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalak adierazten duenaren arabera.

Urrutiko LHren online modalitatearen zikloetako koordinatzaileek ikasturte bukaerako memoriaren kopia bat igorriko dute Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura 2023ko uztailaren 1a baino lehen. Memoria horrek jaso beharko du, gutxienez, Hezkuntza Departamentuak koordinatzaileei emanen dien dokumentuan adierazitako informazioa.

5. Urrutiko LHren online modalitatean lantokiko prestakuntzaren modulua egiteko, malgutzeko neurriak hartu beharko dira moduari, epeei eta hasiera- eta amaiera-denborei dagokienez, Nafarroan irakaskuntza eta modalitate horiek egiten dituzten ikasle helduen egoera pertsonaletara egokitzeko.

2.–Ordutegi orokorra.

1. Ikaskuntza-ingurune birtualean ari diren irakasleen lanaldia, oro har, goizeko eta/edo arratsaldeko eskolaldietan eginen da, astelehenetik ostiralera.

2. LHren online modalitatean ematen diren zikloetako irakasle taldeak, kurtsoa ikasgela birtualean hasi baino lehen argitaratu beharko ditu, horretarako dagoen gunean, ikasturtean zehar eginen diren jarduera presentzial guztien programazioa eta egutegia. Egutegi hori, justifikatutako arrazoiengatik, programatutako datak baino hilabete lehenago ere, gehienez, aldatzen ahalko da; hilabete horren barruan, ezinbesteko arrazoiak daudenean soilik aldatzen ahalko da, datak ikasleen egoerara egokitzeko.

3. Egutegia eta ordutegi orokorra, behin onartu eta gero, nahitaez bete beharko dira. Ikastetxeko zuzendariaren ardura izanen da horiek betearaztea, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio betetzen diren ikuskatzea eta kontrolatzea.

4. Ikastetxe bakoitzaren egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki-taulan jarri beharko dira ikusgai, eta aldaezinak izanen dira, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimenik ematen.

5. Jarraibide hauetan finkatu gabeko alderdi guztietan, jarraituko zaio Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak maiatzaren 18an emandako 107/2022 Ebazpenean orokorrean xedatutakoari, haren bidez onetsi baitziren 2022-2023 ikasturtean eskola-egutegia prestatzeko jarraibideak.

3.–Salbuespenak.

Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark aztertu eta onar edo bazter ditzan.

4.–Tramitazioa.

Lanbide Heziketaren online modalitatearen egutegia ikastetxeak proposatutako eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onartutako egutegian sartuko da, bat etorriz Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 18ko 107/2022 Ebazpenaren eranskinaren 4. jarraibidean ezarritakoarekin (ebazpen horren bidez onesten dira 2022-2023 ikasturtean eskola-egutegia prestatzeko jarraibideak). Nolanahi ere, salbuespen hauek daude:

–Online LHren egutegiaren proposamena bidaltzeko azken eguna 2022ko urriaren 31 izanen da.

–2022ko azaroaren 10erako inolako jakinarazpenik jaso ez duten ikastetxeetako online LHren egutegiak eta ordutegiak onetsitzat joko dira.

2. ERANSKINA

Urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko zikloak ematen dituzten ikastetxeen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko jarraibide berariazkoak 2022-2023 ikasturterako

1.–Irakaskuntzak antolatzeko jarraibideak.

1.1. Antolaketaren eta funtzionamenduaren gaineko jarraibideak.

Urrutiko LHren zikloak online modalitatean ematen dituzten ikastetxeek, jarraibide hauetan jasota ez dauden alderdi guztiei dagokienez, men egin beharko diote Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren irailaren 7ko 203/2022 Ebazpenean orokorrean ezarritakoari. Ebazpen horren bidez onesten dira, 2022-2023 ikasturterako, Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolamendua eta funtzionamendua arautzeko jarraibideak.

1.2. Urrutiko LHren online modalitatearen ezaugarriak.

1. Urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitateko zikloak emateko, konbinatuko dira ikasleen eta irakasleen lan-saioak, ikaskuntza-ingurune birtual batean egindakoak, eta ikastetxean egindako eskola-saio presentzialak. Azken horietara joatea nahitaezkoa izatea ezartzen ahalko da, etengabeko ebaluazio sistema aplikatzeko, eta Etengabeko Ebaluazio Presentzialeko Jardueratzat (AECP) hartzen ahalko dira, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloen ebaluazioari buruzko foru agindua garatzen duen azaroaren 2ko 121/2020 Ebazpenean adierazten den bezala.

Modalitate honetan, lanbide moduluen garapena banakako eta taldekako tutoretza saioetan oinarritzen da. Saio horiek lanbide modulu bakoitzeko irakasleek gidatuko dituzte zuzenean.

2. Ikaskuntza-ingurune birtualean egiten diren lanak eta saioak, besteak beste, honako irakaskuntza lan hauekin bat etor daitezke:

–Banakako tutoretza lanak, non lanbide modulu bakoitzeko irakasleek ikaskuntza prozesuari buruzko orientazio eta dinamizazio lanak, galderak erantzun eta sostengu emateko lanak eginen baitituzte, ikasleak modu autonomoan ikasi ahal izan dezan ikaskuntza-ingurune birtualean eskuragarri dauden material didaktikoak erabiliz.

–Ikasleen arteko elkarlanerako interakzioak eta ikaskuntza kolaboratiboa sustatzeko eta bultzatzeko ekintzak.

–Taldekako tutoretza lanak, saio presentzialekin batera ikasleei aukera emateko modulu bakoitzaren ikaskuntza-helburuak lor ditzaten.

3. Ikastetxean egiten diren saio presentzialak, besteak beste, honako irakaskuntza lan hauekin bat etor daitezke:

–Metodologia aktiboen bidezko lan-saioak.

–Praktika presentzialak egiteko saioak: saio horien helburua da ikasleek kasuan kasuko lanbide moduluaren ikaskuntza-emaitzei lotutako lantegi praktiko bat egitea.

–Ikasleak egin beharreko ikaskuntza autonomoaren prozesuari sostengu emateko saioak, ikaslea gai izan dadin lanbide moduluaren heziketa helburuak bere kasa gainditzeko. Ikaskuntza-ingurune birtualean egiten diren taldekako tutoretza lanen osagarri dira.

–Ebaluazio-proba espezifikoen saioak.

4. Tutoretza lana prestakuntza prozesuaren osagai garrantzitsuenetako bat da, eta heziketa zikloan aritzen diren irakasle taldeko irakasle guztiek egin beharko dute. Tutoretza lan horren bidez, besteak beste, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena eginen da, eta ikaslearen motibazioa eta ikasleen arteko elkarlana sustatuko dira.

1.3. Urrutiko LHren online modalitatearen antolaketa eta curriculuma.

1. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren zikloen antolaketari esker, ikasleak bere prestakuntza ibilbidea eraikitzen ahalko du, eskaintza modularra egiten baita, kontuan harturik ziklo bakoitzerako izena emateko inprimakian adierazitako ibilbidea.

2. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren zikloen curriculumari dagokionez, kasuan kasuko heziketa zikloaren egitura eta curriculuma onesten dituen foru dekretuak Nafarroarako ezartzen duen berbera izanen da.

3. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren lanbide moduluen programazio didaktikoetan, behar diren egokitzapenak eginen dira eta alderdi pedagogiko egokiak finkatuko dira, eranskin honen 1.4 jarraibidean xedatutakoarekin bat. Moduluaren programazioan moduluaren ebaluazio partzialaren eta azken ebaluazioaren saioen datak ezarri behar dira. Data horiek ikasleei jakinarazi behar zaizkie ikasturtearen hasierako bileran.

1.4. Alderdi pedagogikoak.

1. Nafarroan, urrutiko LHren online modalitatean ematen diren zikloen antolaketaren eta garapenaren funtsean dagoen eredu pedagogikoa oinarritzen da ikaskuntza-ingurune birtualetan egiten den tutoretza lanean eta ikaslearen lan autonomoan, saio presentzialekin batera, uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Ikaskuntza-ingurune birtualean egiten diren lanetan eta saioetan eta ikastetxeetako saio presentzialetan eranskin honen 1.2 jarraibidean ezarritakoa bete beharko da.

3. Lanbide modulu batean matrikulatzen den ikasle bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du, modulu horren irakaskuntzaz eta tutoretza lanaz arduratuko dena. Gainera, ziklo bateko lanbide moduluetan matrikulatzen diren ikasleen talde bakoitzak zikloko irakasle koordinatzaile bat izanen du.

4. Irakasle-tutoreak modulu bakoitzerako programazio didaktikoa eginen du. Programazio horretan, besteak beste, lan-bloke bakoitzaren hasiera- eta amaiera-daten plangintza agertuko da, baita ikasleek egin beharreko jardueren entrega-datak ere, Etengabeko Ebaluazioko Jardueratzat hartzen direnak eta, hala badagokio, Azken Ebaluazioko Jardueratzat hartzen direnak zehaztuta. Informazio hori ikasleen eskura egon beharko da eskolak hasteko adierazitako egunerako.

Irakasle-tutoreak egiaztatu beharko du ikaskuntza birtualerako Moodle plataforman erabilgarri daudela, eta akatsik gabe, ikasleen eskura jarritako elementuak, lan multzo eta unitate guztietakoak. Irakasle-tutoreak akatsen bat atzemanez gero, berak zuzentzerik ez duena, haren berri emanen dio zikloko koordinatzaileari, hark Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren plataformaren administratzaileari jakinarazteko.

5. Erabakitzen bada modulu batean edo batzuetan saio presentzialak egin behar direla ikastetxean, modulu horietako irakasle-tutoreak antolatuko ditu saio presentzial horiek horretarako.

Saio presentzial horien programazioa eta egutegia moduluaren programazio didaktikoan islatuko dira, ikaskuntza-plataforma birtualean, eta bertan zehaztu beharko da saio presentzial horiek nahitaezkoak diren etengabeko ebaluazioaren sistema aplikatzeko. Etengabeko ebaluazioaren sistema aplikatzeko, saio presentzialak nahitaezkoak direla erabakitzen bada eta Etengabeko Ebaluazio Presentzialeko Jardueratzat hartzen badira, saioak bi txandatan programatu beharko dira, goizez eta arratsaldez, ikasle helduen laneko eta familiako betebeharrak bateragarri egitea errazteko.

Informazio hori ikasleen eskura egon beharko da eskolak hasteko adierazitako egunerako.

Saio presentzialen programazioan zerbait aldatuz gero, modulu bakoitzeko irakasle-tutoreak garaiz jakinarazi beharko die ikasleei ikaskuntzarako plataforma birtualaren bidez, gutxienez hilabete lehenago.

Ezin izanen dira bi lanbide modulutako saio presentzialak ordu berean programatu, non saio horiek ez dauden programatuta ukitutako moduluetako ikasleentzat. Salbuespen gisa, saio horiek ordu berean programatzen ahalko dira baldin eta moduluak elkarren osagarri badira, hau da, beharrezkoa bada bietako bat ikasi izana bestea ikasi ahal izateko.

6. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesu osoan zehar egin beharreko jarduera guztiak, hala ikaskuntza-ingurune birtualean nola modu presentzialean egindakoak, ebaluaziokoak barne, lanbide moduluaren programazioan jasota egon beharko dute, eta hura online LHren plataforman. Informazio hori kurtsoa hasteko adierazitako egunerako egon beharko da eskuragarri.

Informazio hori antolatuko da halako moduan non ikasleak aukera izanen duen ikusteko, besteak beste, bere ikaskuntza prozesuaren emaitzak, bere kalifikazioak, bidalitako lanak eta irakasle-tutoreak egin dizkion oharrak.

Lanak bidali eta zuzentzeko bitarteko gisa ez da inoiz erabiliko norberaren posta elektronikoa edo online LHren Moodle plataformatik kanpoko bestelako tresnarik; pisu handiko lanak entregatzeko, berriz, estekak igortzen ahalko dira artxiboak gordetzeko Drive zerbitzura, @educacion.navarra.es helbide elektronikoari lotutakoa.

7. Ikasleek ikasturtearen hasieratik izanen dituzte eskuragarri matrikulatuta dauden lanbide moduluko material guztiak. Jarduerak irakasle-tutore bakoitzak ezarritako datetan egin beharko dira.

1.5. Ebaluazioa.

1. Bi ebaluazio sistema daude online LHren modalitatean, modalitate presentzial orokorrean bezala: etengabeko ebaluazioaren sistema eta azken ebaluazioaren sistema. Online LHren modalitateko ebaluazioa etengabeko ebaluazioaren sistemaren bidez egituratzen da, eta azken ebaluazioaren sistema erabiliko da etengabeko ebaluazioaren sistema erabili ezin denean.

2. Urrutiko LHren online modalitateko ikasleen ebaluazioari, kalifikazioari, ziurtapenei eta titulazioari buruzko guztian, eta bereziki ebaluazio sistemei dagokien guztian, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren azaroaren 2ko 121/2020 Foru Aginduan online LHren modalitateari dagokionez xedatutakoari jarraikiko zaio, foru agindu horren bidez garatzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtapena arautzen duen martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren zenbait alderdi. Ebazpen horretan zehaztuta ez dagoen guztirako, Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloen ebaluazioa arautzen duen martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren irakaskuntzek ohiko modalitate orokorrean ematen diren irakaskuntzen ondorio akademiko berberak izanen dituzte.

3. Irakasle-tutorea arduratuko da ematen duen moduluari dagokion kalifikazio-liburua antolatzeaz eta kudeatzeaz ikasgela birtualean. Kalifikazio-liburuan zehaztuko dira ebaluazio elementuak, programazio didaktikoan planteatutako ponderazioaren arabera. Ikasleek kontsulta ditzakete urrutiko LHren plataforman elementu ebaluagarrietan lortutako kalifikazioak.

4. Urrian edo azaroan irakasle taldeak hasierako ebaluazio saio bat eginen du urrutiko Lanbide Heziketaren modalitatean matrikulatutako ikasleen jatorria aztertzeko, baita moduluak egin behar dituzten ikasleen kopurua eta onartutako eta baliozkotutako moduluak dituztenen kopurua ere jakiteko. Saio horretan, besteak beste, ikasturtearen hasieran atzemandako arazoak eta horien konponbideak bateratuko dira, eta plataforman komunikatzeko jarraibideak zehaztuko dira.

5. Horrez gainera, azaroaren 2ko 121/2020 Ebazpenean ezarritako ebaluazio partzialeko saioak egin beharko dira.

Lanbide modulu bakoitzean ikasleei jarritako kalifikazio partzialak urrutiko Lanbide Heziketaren plataforman erregistratu beharko dira, baita EDUCA kudeaketa akademikorako sisteman ere. Erregistroa eskuratu eta hurrengo 3 egunetan egin beharko da.

Horrez gain, ebaluazio partzialeko saio horietan, zikloa koordinatzeko zereginekin lotutako lanak eginen dira, hauei buruzkoak: ikasleen bilakaera aztertzea, baita kurtsoan zehar plataforman proposatutako materialekin eta jarduerekin gertatu diren arazoak ere, eta konponbideak proposatuko dira. Saio horien helburua da baloratzea proposatutako lan motak, prozedurak eta urrutiko LHren plataforman irakasleak eta ikasleak egiten ari diren jarduerak, hobetzeko irizpide komunak hartzeko asmoz.

6. Etengabeko ebaluazioaren sistema eta azken ebaluazioaren sistema zehazteari dagokionez, azaroaren 2ko 121/2020 Ebazpenean xedatutakoari jarraituko zaio, zeinak prestakuntza-aldi bakoitzean aplikatuko baitira (irakaskuntza eta ebaluazioa); adibidez, ebaluazio partzialeko bi saio programatzeak esan nahi du prestakuntza-aldi bakoitzerako (ebaluazio partzialeko saio bakoitzari dagokion aldirako) jarraitu beharreko eredua zehaztu beharko dela:

–Etengabeko ebaluazioaren sisteman: azaroaren 2ko 121/2020 Ebazpenaren eranskineko 5. jarraibidean ezarritako bi ereduetako bat.

–Azken ebaluazioaren sisteman: azaroaren 2ko 121/2020 Ebazpenaren eranskineko 10. jarraibidean ezarritako eredua.

1.6. Programazio didaktikoa. Irakaskuntza plana. Gida didaktikoak.

1. Lanbide Heziketaren online modalitatean irakasten duten irakasleek, ikasturtea hasi baino lehen, kasuan kasuko modulu(ar)en programazioa jarri beharko dute plataforman. Programazio horrek, aplikatu beharreko legerian ezarritako alderdiez gain, eranskin honetako jarraibideetan ebaluazio sistemak zehazteari buruz adierazitako alderdiak jaso beharko ditu.

2. Irakasleek lanbide moduluaren irakaskuntza plan bat jarri beharko dute ikasleen eskura, Moodle plataforman kurtsoaren amaierako saiorako ezarritako eguna baino lehen jarriz.

3. Irakaskuntza planak atal hauek jasoko ditu gutxienez:

–Lanbide moduluaren aurkezpena: lanbide moduluaren deskribapena eginen da, bai eta heziketa zikloko curriculumaren gainerako lanbide moduluekin duen harremanarena ere.

–Lanbide moduluari esker lortzen diren gaitasunak (profesionalak, pertsonalak eta sozialak) eta lanbide moduluarekin lotuta dauden gaitasun unitateak, baldin badaude.

–Lanbide moduluaren edukiak.

–Metodologia eta tutore lana.

–Ebaluazio-prozesua eta -sistemak. Etengabeko Ebaluazioko Jarduerak, Azken Ebaluazioko jarduerak...

–Irakaskuntza-ikaskuntza jardueren egutegia. Ikaskuntza-ingurune birtualeko jarduerak, Moodle plataforma. Jarduera presentzialak.

–Ikaskuntzarako baliabideak eta materiala. Gomendatutako webgrafia eta bibliografia.

Irakaskuntza plan hori Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak zehazten dituen jarraibideekin eta ereduarekin bat eginen da.

1.7. Material didaktikoak.

1. Modalitate honetan irakasten duten irakasleek Nafarroako online LHren Moodle plataforman dauden berariazko material didaktikoak eta jardueren proposamenak erabiliko dituzte.

2. Horiez gainera, irakasleek material lagungarria prestatzen ahalko dute curriculum-edukien alderdi jakin batzuk eguneratu, zabaldu edo hobetzeko. Irakasleek materiala prestatuz gero, irizpide hauek erabili beharko dira:

a) Kurtsoko egitura mantendu beharko da.

b) Materiala norberak sortutakoa izan beharko da, eta/edo hezkuntza helburuetarako libreki erabiltzeko lizentziarekin.

3. Hauxe da material lagungarri horiek online LHren plataforman dagokion moduluan argitaratzeko baimena lortzeko prozedura:

–Irakasleek materialen kopia bat eman beharko diote online heziketa zikloaren koordinatzaileari.

–Online heziketa zikloaren koordinatzaileak Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalera igorriko ditu materialak, hark azter ditzan, atal horrek ezartzen duenarekin bat.

–Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalak, materialak aztertu ondoren, erabakiko du ontzat hartzen duen ala ez online LHren plataforman argitaratzea. Erabakia online heziketa zikloaren koordinatzaileari jakinaraziko dio, horrek, bere aldetik, behar diren irakasleei jakinarazteko.

4. Lanbide moduluaren irakasleak zuzendu beharko ditu irakasleek plataformako materialean atzematen dituzten akatsak, hala nola ongi ez dabiltzan estekak, bideo zaharkituak, araudi aldatua eta abar.

Akatsak edukietan baldin badaude (scorm eta/edo inprimatzeko bertsioa), irakasleak koordinatzaileari jakinaraziko dio, eta horrek eskatuko dizkie iturburu-artxiboak (.elp) online LHren Moodle plataformaren administratzaileei. Ikastetxean artxibo horiek aldatu eta zuzendutako material berriak sortu ondoren, zikloaren koordinatzaileak online LHren Moodle plataformaren administratzaileei bidaliko dizkie, plataformara igo ditzaten eta bertan gordeta gera daitezen hurrengo kurtsoetarako.

5. Online heziketa zikloaren koordinatzailearen eginkizuna da, besteak beste, sustatzea online modalitateko irakasleek plataformarako material didaktiko berriak presta ditzatela, bai eta dauden edukiak egokitzea eta eguneratzea ere.

1.8. Hasierako saio presentziala.

1. Heziketa ziklo bakoitzerako, ikastetxe bakoitzak saio presentzial bat eginen du kurtsoko eskolak hasi aurretik; saio horretara joatea borondatezkoa da ikasleentzat, eta matrikula egiteko unean adieraziko da zer egunetan eta ordutan izanen den, baita ikastetxearen webgunearen bitartez ere. Saio hori telematika bidez edo modu mistoan egiten ahalko da (presentziala eta telematikoa).

2. Online heziketa zikloko koordinatzaileak gidatuko du saioa, online zikloan aritzen diren irakasle taldeko gainerako irakasleekin eta, gutxienez, zuzendaritza taldeko ordezkari batekin.

3. Hasierako saioaren helburua da ikasturtea hasi aurretik ikasleen zalantzak argitzea eta argibideak ematea alderdi hauen gainean: zikloaren egutegia, jarduera presentzialak, tutoretza orduak, proba presentzialak, metodologia, ebaluazioaren ezaugarriak, moduluen baliozkotze-aitorpenak eta salbuesteak egiteko aukerak eta, oro har, kurtsoaren funtzionamendu orokorra. Hasierako saio honen funtsezko zati bat ikaskuntza-plataforma birtualaren funtzionamenduari buruzko argibideak emateko izanen da.

1.9. LHren online modalitatearen kalitatea Nafarroan.

2021-2022 ikasturtean, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusia azterketa bat egiten hasi zen Nafarroako LHren online modalitatearen kalitate adierazle batzuk sustatu eta egokitzeko, online LH prestakuntza garatu, kudeatu eta emateko prozesu guztiak aintzat hartuz. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak zuzentzen du lan hori.

Kalitate-adierazleak hartzeko azterketa honako arlo hauetan hasi da:

–LHren online modalitatearen informazioa eta antolaketa.

–Online LHren ikasleentzako orientabideak.

–Edukien kalitatea.

–Online LHren metodologiaren diseinua.

–Ikaskuntza-ingurune birtualaren bitartekoen diseinua.

–Sistema teknologikoaren diseinua.

–LHren online modalitateko ebaluazio sistema.

2022-2023 ikasturtean zehar egiten diren LHren online modalitateko koordinazio-bileretan, Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluazio Atalak azterketa horren egoeraren berri emanen du.

1.10. Matrikula baliogabetzea eta ebaluazio deialdiari uko egitea LHren online modalitatean.

1. LHren online modalitatean matrikularen baliogabetzea martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 23. artikuluan ezarritakoaren arabera arautuko da, eta horrek berekin ekarriko du ikaslea matrikulatuta dagoen lanbide modulu guztien irakaskuntzarako, ebaluaziorako eta kalifikaziorako eskubidea galtzea.

Nafarroan urrutiko LHren online modalitatea arautzen duen uztailaren 19ko 122/2010 Foru Aginduaren 7.4 artikuluan ezarritakoa ondoren emandako martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren esparruan ulertu behar da. Ikasleek eskatuta matrikula baliogabetzea, 7.4 artikuluan adierazitakoa, bat dator martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 23. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan matrikula baliogabetzeko araututako egoerekin, eta haren erregulazioa aipatutako 23. artikuluan ezarritakoa da.

2. LHren online modalitateko ebaluazio deialdiari uko egitea martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera arautuko da, hurrengo xedapenetan izan ezik, xedapen horiek Nafarroako LHren online modalitateko ebaluazio deialdiari uko egitearen alderdi batzuk garatzen baitituzte.

a) Ebaluazio deialdiari uko egiteak lanbide modulu bat edo gehiago amaieran ez ebaluatzea dakar berarekin, baina matrikula baliogabetzeko beharrik gabe. Matrikulatuta dagoen modulu guztiak ebaluatzeko deialdiari uko egin nahi bazaio, matrikula baliogabetzeko eskatu beharko da.

b) LHren online modalitatean, oro har, eskatzen ahalko da ikasturte bakoitzeko 2 moduluren azken ebaluazio deialdiari uko egitea gehienez, salbu eta martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduaren 24.1 artikuluan adierazitako egoeraren batean dauden ikasleek, ez baitute mugaturik izanen uko egitea eskatzen duten moduluen kopurua.

Ebaluazio deialdiari uko egiteak berekin ekarriko du uko egiteko eskaerak hartzen dituen modulu edo lanbide modulu guztien irakaskuntzarako, ebaluaziorako eta kalifikaziorako eskubidea galtzea. Erabilitako ebaluazio deialdi arrunten kopuruaren ondorioetarako, ebaluazio deialdiari uko egitea eskatzen den dataren arabera zenbatuko dira:

–Ebaluazio deialdiari uko egitea eskatzen bada ikasturtea hasten den urteko abenduaren 31 baino lehen, uko egite hori ez da kontuan hartuko ukitutako modulu(et)an erabilitako ebaluazio deialdi arrunten ondorioetarako.

–Ebaluazio deialdiari uko egitea eskatzen bada aurreko atalean adierazitako dataren ondotik, uko egite hori kontuan hartuko da erabilitako ebaluazio deialdi arrunten ondorioetarako.

2.–Irakasleentzako jarraibideak.

2.1. Irakasleak.

1. Urrutiko LHren online modalitatean ematen diren zikloetan irakatsiko duten irakasleak kasuan kasuko heziketa zikloaren egitura eta curriculuma arautzen dituzten foru dekretuetan ezarritakoak izanen dira.

2. Lanbide modulu bakoitzean irakasleek urrutiko LHren online modalitateko ikasleei arreta emateko eta irakasle lanetan bete beharreko ordu kopurua modalitate presentzialerako orokorrean finkatutako bera izanen da, betiere kontuan hartuta, online modalitatean, oro har, 40 lagunek osatzen dutela modulu bakoitzeko ikasle taldea. Moduluren batean berrogei ikasle baino gutxiago matrikulatuz gero, Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du irakasleek esleiturik daukaten ordu kopurua egokitzea.

2.2. Irakasleen ordutegia.

1. Irakasleei urrutiko Lanbide Heziketaren online modalitatearen eremuan eginkizunak betetzeko esleitzen zaizkien orduak beren eskola-ordutegiaren parte izanen dira, eta, horrenbestez, nahitaezkoa izanen dute ordu horietan ikastetxean egotea, eta EDUCA hezkuntza kudeaketarako programan jasoko dira.

2. Irakasleek modulu bakoitzean dituzten eskola-orduak ikasgela birtualean zuzeneko irakaslana egiteko orduak eta modu presentzialean zuzeneko irakaslana egiteko orduak izanen dira, eta eranskin honen 1.2 jarraibidean adierazitako ekintzetan erabiliko dira. Saio presentzialetan egin beharreko ekintzetatik bat bederen ikasleentzako banakako tutore lanetarako erabiliko da. Saio horietara joatea borondatezkoa izanen da ikasleentzat. Saio horren ordutegia ikasgela birtualean argitaratu beharko da, eta kurtsoaren hasierako saioan ikasleei jakinarazi beharko zaie.

3. Hezkuntza Departamentuak erabakitzen badu gutxieneko matrikula kopurura (15 lagun) iritsi ez den modulu bat ematea, modulu horretaz arduratzen den irakasle taldeari esleituriko ordu kopurua egokitzen ahalko da matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera.

2.3. Ordutegi osagarria: koordinazio saioetarako erreserba.

Urrutiko LHren online modalitateko irakasleen lanaldian ordu batzuk erreserbatu beharko dira honako lan hauetarako:

–Irakasle taldeek koordinazio horizontaleko saioak egiteko, ebaluazio saioez gain.

Saio horietan, ikasleei arreta emateko eta haien jarraipena egiteko irizpideak zehaztu eta bateratuko dira, eta, orobat, materialak sortu eta hobetzeko, kurtsoen formatuaren gainean edo online zikloa garatu eta antolatzeko garrantzitsua den beste edozein alderdiri buruz. Saio horiek online heziketa zikloaren koordinatzaileak zuzenduko ditu, eta bilera horien akta eginen du, bai eta zikloaren amaierako memoria bat ere, Hezkuntza Departamentuko online LHren arduradunei bidali beharko zaiena 2023ko uztailaren 1a baino lehen.

–Irakasle taldeak koordinazio saioak egiteko, proiektuetan oinarrituriko ikaskuntzaren metodologia aplikatzearren.

Prestakuntza instituzionalaren planak hala eskatzen duenean, irakasle taldeak koordinatzeko saio horietarako orduak prestakuntza ordutzat hartzen ahalko dira, ikastetxeko zuzendariak horren berri izan ondoren oniritzia ematen badu.

2.4. Urrutiko LHren online modalitateko irakasleen jarduna kurtsoaren hasieratik eskolak hasi bitartean.

Ikasleek kurtsoa hasi arte, urrutiko LHren online modalitateko irakasleek murriztuta dituzten eskola-orduak lan hauetarako erabiliko dituzte, moduluko programazioa egiteaz gain:

–Ikasle izan nahi dutenek aurkeztutako lan esperientzia frogatzen duten agiriak eta beste edozein dokumentazio aztertzeaz arduratzen den batzordean parte hartzeko, eta onarpena kudeatzen duen aplikazio informatikoan hartutako erabakiak eta zehaztapenak erregistratzeko.

–Lanbide moduluaren irakaskuntza plana eta jardueren gida didaktikoak prestatzeko.

–Moduluko materialak, Nafarroako online LHren Moodle plataforman daudenak, berrikusi eta eguneratzeko.

2.5. Urrutiko LHren online modalitateko irakasleei sostengu emateko neurriak.

1. Hezkuntza Departamentuak irakasleentzako prestakuntza jardueren eskaintza bat eginen du, ikastetxeek egiten duten eskariaren araberakoa eta urrutiko LHren online modalitate honen beharren araberakoa.

2. Irakasleen etengabeko prestakuntzarako jarduera hauen helburua izanen da irakaslana hobetzea urrutiko LHren online modalitatean, betiere ikasleen errendimendua hobetzeko eta haien garapen pertsonalean eta sozialean laguntzeko.

3. Hezkuntza Departamentuak, gainera, hezkuntza arloko ikerketa, esperimentazioa eta berrikuntza bultzatuko ditu, batez ere urrutiko LHren online modalitatera egokitutako curriculum-materiala garatzeari dagokionez.

4. Hezkuntza Departamentuak, azkenik, curriculuma garatzeko materialak prestatzea sustatuko du, irakasleei laguntzekoak, bereziki LHren online modalitate honetarako direnak. Horretarako, online LHren plataformaren administratzaileek irakasleak matrikulatuko dituzte plataforma horretan egonen den ikastaro honetan: "Online LHko irakasleentzako laguntza ikastaroa". Ikastaro horretan edukien akatsak aldatzen laguntzeko materiala egonen da, eta online irakaskuntzarako prestakuntza.

2.6. Ikastetxeen eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuaren arteko koordinazioa.

1. Online heziketa zikloaren koordinatzaileari eta ikastetxeko zuzendariari edo hark eskuordetutako zuzendaritza taldeko kideari dagokie Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuarekin hitz egin eta komunikatzea, urrutiko LHren online modalitatean heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxe guztiak koordinatzearren.

2. Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Ataleko langileek eta kasuan kasuko online zikloetako koordinatzaileek osatuko dute urrutiko LHren online modalitatearen koordinazio taldea. Taldea zuzentzea Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalaren eskumena izanen da.

3. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak koordinazio taldearen aldian behingo bileretarako deiak eginen ditu, besteak beste, urrutiko LHren online modalitatearen antolaketarako eta funtzionamendurako irizpide orokorrak ezartzeko eta modalitate horren jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Iragarkiaren kodea: F2213909